Garapen Jasangarriari buruzko Mundu Gailurra

Helburua: haztea, baina hurrengo belaunaldiei kalterik eragiteke

Garapen jasangarriak aginduta, ingurumen alorraren agerpena areagotu behar da politika ekonomikoetan ez ezik gizakiaren jarduera osoan ere
1 iraila de 2002

Helburua: haztea, baina hurrengo belaunaldiei kalterik eragiteke

Johannesburg, Hego Afrika. 2002ko abuztuaren amaiera, irailaren hasiera: mundu osoko 179 herrialdetako estatuburu, diplomatiko, zientzialari, hedabideetako eta gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkariak Lurraren Gailurrean bat etorri zirenetik hamar urte igaro dira. Nazio Batuen magalean, lehen topaketa hura ezinbesteko erreferentzia izan zen garapen jasangarriari buruzko negoziazio globalari zegokionez. Zuzeneko, baterako eta berehalako ekintzak gauzatzea eskatzen zuen planeta osoak. Stockholm (Suedia) hiriak babestu zuen Ingurumenaren Lehen Konferentzia hartatik 20 urte baizik igaro ez diren honetan, egoera ez konpontzeaz gainera, okerrera egin du panoramak. XXI. mendean erabat sarturik, garapen ekonomiko eta soziala eta ingurumenaren babesaren arteko oreka bermatzeari aurre egin behar diote Estatuek ostera ere.

Hazi bai, baina era jasangarrian

Rio de Janeiron (Brasil) Lur osoko herrialdeek esku hartu zuten lehen Gailurretik hamar urte pasa dira: hortik oraingoaren izena (Rio + 10). Bilera hura gertakizun historikoa izan zen, garapen jasangarrian aurrera egiteko bestelako ulertze-sistema jarri baitzen indarrean planeta osoan, ingurumena babestea garapen-prozesuetatik bereiztezineko osagaitzat hartu zelako. Baliabide (mineral, energetiko) ez-biziak baina, batez ere, baliabide bizi ez-berriztagarriak (basoak, ura) geroz eta ugariago ez ezik, azkarrago ere erabiltzen ari direla konturaturik, batzuk eta besteak epe laburrean agortu egingo zirela iragarri zuten adituek; beraz, egungo bizitza-maila iraunkorki mantentzeko (areago, hobetzeko) bidea bilatzen hasteko premia nabarmendu zuten. Hitz batez, era jasangarrian haziz eta haziz segitzeko formula egokia aurkitu beharra zegoen. Premia horri erantzunez, Agenda 21 agiriari onespena eman zitzaion: aldarrikapen hori euskarritzat harturik gauzatu beharko zuten aurrerantzean garapena estatuek eta gainontzeko erakundeek, ingurumena biziki kontu eginez, mundu zabalean, estatuz estatu eta herriz herri.

Horretarako, nazioarte mailako hainbat lanabes garrantzitsu baliatzea onartu zen, hala nola Aniztasun Biologikoaren Konbentzioa eta Klima Aldaketari buruzko Marko-Konbentzioa: hauek onetsi izateak politika eta legeria alorreko neurriak hartzera behartu zituen estatuak, maila globaleko hainbat alderdi estrategikotan. Hona ideia behinena, funtsezkoena: beste inongo ingurumenean kalterik sortzeke, estatu bakoitzak bere baliabideak erabiltzeko eskubide subiranoa du. Horrekin batera, garapen jasangarria iristeko mundu osoko bizi-mailen arteko desoreka murriztu eta pobrezia suntsitu beharra dago: helburu horretara heltzeko, emakumeak eginkizun eragile eta behinena du.

Gizarte zibilaren agerpena

Hona Rio + 10 Gailurraren bereizgarrietako bat: mundu zabalean antolatu den sektore anitzen arteko lehen gailurra izatea. Politikariek ez ezik, ingurumen alorreko gaiez definizioak defendatu eta onesteko aukera duten gizataldeek ere esku hartzen dute bertan. Berrikuntza horri esker, gizartea geroz eta jabetuago eta inplikatuago dagoen mundu honetan maila handiko erabaki-hartzaileek aplikatzen dituzten ekintzak indartzea du xede. Testuinguru horretan, gobernuz kanpoko erakundeek eta beste sektore parte hartzaile zenbaitek hamaikatxo alorretan -ur gezak, basoak, elikagaien segurtasuna, ozeano eta itsas bazterrak, batetik eta zeharkako gaiak, bestetik: laguntzak, biodibertsitatea edota eskualde babestuak- jarduera jakinak eztabaidatu eta xedatzen dituzte.

Oraino ere indarrean eta garatuz doala, agiri estrategiko horixe da, dudarik gabe, egungo ingurumen alorreko politiken ardatzetako bat. Mundu osoko maila goreneko erakundeek elkar harturik hitz emandako konpromiso hori XX. mendearen kondarreko eta XXI. lehen parte honetarako ekintza-plan nagusia da eta, beste adiera batean, gizateria osoaren ingurumen eta garapeneko -hau da, garapen jasangarria bideratzeko- aliantza global antzekoa da. Agiri luze hori 40 ataletan egituratu eta ekintza-plan gisa idatzia dago. Jarduera-proiektu horren funtsa, gizarte, ekonomia eta ingurumen alorretan garapena jasangarri eginaraztea da, bi baldintza nagusitan oin harturik: garapen jasangarria, aukera ez ezik, agindua ere bada, ingurumen zein ekonomia gaietan; bestetik, garapen jasangarrirako trantsizioa bide zaila izan daiteke, agian, baina guztiz egiteko modukoa. Gobernuen eta pertsonen lehentasunak bestelakoak izatea eskatzen du, politika ekonomikoen barrutian eta jarduerako alor guztietan erabakiak hartzean ingurumena erabat aintzat hartu beharra ez ezik, estatu barne zein nazioartean sekulako giza eta diru baliabideak bideratzea ere agintzen duelako.

Herri indigenek milaka urteko herentzian jasoriko jakinduriak gizakia ingurumenaren osagaitzat jotzen zuen. Natura kaltetzen duen orok Lurreko biztanleak kaltetzen dituela predikatzen zuten chamanek. Huraxe izan zen -egun ere halaxe da, oraino desagertu ez diren hainbat tributan- biziraupenaren kodea: Lurra herentzian jaso dugu, utz diezaiegun hurrengoei ahalik eta egoera egokienean. Printzipio horien formulazio mendebaldarra, garapen jasangarriaren kontzeptua euskarri, 1987 urtean egin zen estreinakoz: Norvegiako Lehen Ministro zen Gro Harlem Brundtland andreak Nazio Batuen eskaria betez, Gure etorkizun komuna(“Brundtland Txostena”) agiria orduan idatzi baitzuen. Bertan, honela definitzen da garapen jasangarria: “Etorkizuneko belaunaldien premiak asetzeaz beraien gaitasuna eragotzi gabe, orainaldikoen premiak asetzen dituena”. Kontzeptua nazioarteko komunitateak aho batez onetsi zuelarik, luze gabe txertatu zen plangintza-lanabes nagusietan.

Johannesburgeko Gailurra

Garapen Jasangarriari buruzko Hirugarren Gailurraren helburuetako bat, Rion gertatu modura, 2002 urtea beste aurrerapauso bat izatea, bai konpromisoetan, bai jardueretan ere. Hona hemen lortu beharrekoak:

  • Planetaren etorkizunera begira, Ipar eta Hegoaldea elkarlanean, berdintasunean eta ardura-kidetasunean aritzea.
  • Gizakiaren garapenari globalizazioaren eragin kaltegarriek, pobreziak eta kontsumoak ezarritako mugapenei konponbide praktikoak bilatzea.
  • Ingurumen alorreko alde anitzeko itunak eta teknologia jasangarrien transferentziak bitarte, ingurumenean eta klima aldaketan nazioarteko elkarlana sustatzea.
  • Dagoeneko sinatu eta onetsirik dauden ingurumen alorreko itunak -epe jakin baten barnean- berretsi eta praktikan jartzea, eta horiek gauzatu ahal izateko finantza-mekanismoak indartu eta aktibatzea.
  • Hazkuntzaren aldeko politika makroekonomiko sendoak, aberastasunen banaketa zuzenagoa eta gobernuen aldetik administrazio egokia gorpuztea, garapen jasangarriaren aldeko nazioarteko elkarlanean sektore pribatuak ere esku hartuko badu, aurretiazko betebeharrekotzat.
  • Energia, ura, ozeanoak, biodibertsitatea eta antzeko baliabide eta zerbitzuen erabilpen jasangarria lortzeko, jarduera zehatz eta neurgarriei buruzko aholkuak.