Lurrikarak

Ezin aurreikus daitekeen fenomeno suntsitzailea

1 urria de 2004
Img medioambiente listado 265

Ezin aurreikus daitekeen fenomeno suntsitzailea

Lurrikarez ari garenean gure ingurunetik urrutiko fenomenoak imajinatzeko joera izaten dugu. Noski, hedabideetako titularretara azaltzen diren katastrofe sismiko izugarri horiek guregandik urrutiko eskualdeetan jazo ohi dira. Halaz ere, ez ahaztu Penintsula Iberikoa plaka euroasiatikoaren ertzean dagoela, plaka afrikarrarekin egiten duen kolisio-gunean. Bi kontinenteen arteko lekualdatze tektonikoak eskualde mediterraneoan jarduera sismikoa eragiten du eta Grezia, Turkia eta inguru horietako lurrikara eskergen kausa da. Espainian, urte osoan 1.200 eta 1.400 bitarte lurrikara hautematen direlarik, horietatik 870 inguru ez dira 4. gradura iristen, Richter eskalan.

Nola sortzen dira?

/imgs/20041001/img.medioambiente.01.jpg

Plakak

Lurraren azala 70 kilometroko lodieradun dozena bat plakak osatzen dute. Plaka tektoniko horiek duela milioi urte asko etengabe ari zaizkio bata besteari egokitzen eta pixkanaka egun ezagutzen dugun planetako azalera moldatu dute, baina prozesua ez da gelditu, ez da amaitu. Fenomeno horren ondorioz moldatu dira kontinenteak eta erliebe geografikoak. Kasu batzuetan plaka horiek magmazko ozeano baten gainean elkarren kontra egiten dute talka, batak bestearen aurrerabidea eragotziz. Hori gertatzean plaka bat aurrekoaren gainetik edo azpitik mugitzen hasten da, topografian aldaketak eraginez. Mugimendua galarazten denean tentsiozko energia metatzen delarik, halako batean energia hori askatu eta plaka batek bestea bortizki jo eta hautsi egingo du: une horretan liberatzen den energiak sortarazten du lurrikara. Hitz gutxitan laburtzeko, lurrikara da Lurraren geruza edo azaleran metaturiko energiaren bat-bateko liberazioa, norabide guztietara uhin gisa hedatzen dena.

Failak

Plakek elkarren kontrako indar hori eragiten duten zonak dira eta, seguruenik, fenomeno sismikoak jazoko diren tokia. Plaka horien mugetatik urrun lurrikaren %10 baizik ez dira gertatzen.

Hipozentro edo fokua

Lurrikararen energia Lurraren sakoneko -azaleratik kilometro askotara egon baitaiteke- gune horretantxe askatzen da.

Epizentroa

Hipozentroaren gain-gainean dago, Lurraren azaleran, eta berton lurrikararen intentsitate handiena hautematen den gunea da.

Nola neurtzen dira lurrikarak?

/imgs/20041001/img.medioambiente.02.jpgSismografo izeneko aparatuak Lurraren bibrazioa paperean erregistratzen du, bi uhin mota ezagutzen dituelarik: azalekoa -Lurraren azalean zehar doana, planetaren bibrazio nagusia (eta, seguru aski, kalte handiena) eraginez- eta erdialdeko edo gorputzekoa -Lurrean zehar doana, sakoneratik abiatuta-.

Richter eskala

Lurrikaran liberatzen den energia sismikoa irudikatzen du. Eskala era potentzial edo erdilogaritmikoan doa behetik gora; beraz, gorako gradu bakoitzak (gutxienez) hamar aldiz energia gehiagoren areagopena adierazten du. Adibidez, 4 magnitudea ez da 2 magnitudearen bikoa, ehun bider gehiago baizik.

Lurrikararen efektuak

  • 3,5era arte: eskuarki ez da hautematen baina erregistratu egiten da
  • 3,5 – 5,4: maiz hauteman egiten da baina kalte txikiak bakarrik sortarazten ditu
  • 5,5 – 6,0: eraikinetan kalte arinak eragiten ditu
  • 6,1 – 6,9: populazio handiko areetan kalte larriak eragin ditzake
  • 7,0 – 7,9 : lurrikara handia, kalte larriak eragiten ditu
  • 8tik gora: lurrikara eskerga, gertuko komunitateetan erabateko suntsipena.

Mercalli eskalako intentsitatea

Giusseppe Mercalli italiar sismologoak 1902 urtean sortu zuen hamabi graduz osaturiko eskala hau ez da oinarritzen erregistro sismografikoetan, horiek estrukturetan sortarazitako efektu edo kalteetan eta jendeak hautemaniko sentsazioan baizik.

Lurrikarak aurreikus al daitezke?

Lurrikara bat zein toki eta unetan gertatuko den eta zein magnitudetakoa izango den aurreikus dezakeen metodorik ez dago oraino. Mugimendu sismikoak, egiari zor, jokabide kaotiko samarra agertzen dute gehienetan. Hori baino postura errealistagoa da lurrikara-arriskua dagoela adieraztea: zona jakin batean magnitude aldagarri ezezaguneko gertakizun sismikoa erregistratzeko probabilitate estatistiko bat dagoela esatea baino ziurtasun sendoagorik ez baitago bermatzerik egun.

Lurrikara jazotzekotan, nola jardun?

Lurrikara ari duenean

  • Izan zaitez konstruktibo, zaude bare, hau larrialdia da eta.
  • Lurrikara bortitza ez bada, ez kezkatu; aurki amaituko da dena.
  • Lurrikara bortitza bada, funtsezkoa da lasai egotea. Saia zaitez gainerakoak ere bare egon daitezen. Izan itzazu gogoan egin dezakezun edozeren ondorioak.

Eraikinaren barrualdean

  • Egoteko toki segurua aurkitzen baldin baduzu, ez irten eraikinetik: oso litekeena da irteerak eta eskailerak itxita egotea.
  • Sar zaitez eror dakizkizukeen gauzetatik babestuko zaituzten estrukturen azpian: mahaiaren edo ateburuaren azpian, etc. Hitz batez, babes ezazu burua.
  • Ez erabili igogailua, baliteke elektrizitatea eten eta hor, zintzilik, ez gora ez behera geratzea.
  • Itzali era guztietako suak eta ez piztu bat bera ere (pospoloa, metxeroa, kandela, etc.).

Eraikinaren kanpoaldean

  • Zaude eraikin, horma, poste eta eror daitezkeen gainerako elementuetatik urrun. Zoaz toki irekietara. Kalean ez ibili korrika, horrek jendearengan ikara sortaraz dezake eta.
  • Ibilgailuan baldin bazaude, geldi ezazu ahalik eta toki seguruenean, ez irten bertatik eta urrundu zaitez zubi, poste elektriko eta jaus daitekeen edozertatik.
Zein dira arrisku sismikoko areak?
  • Iraganean zona batek intentsitate handiko lurrikara ugari nozitu baldin baditu, etorkizunean ere seguruenik beste horrenbeste gerta daiteke, hori den-denetan gertatzen ez den arren. Arrisku txikiko zonetan ere magnitude handiko lurrikarak izan dira, adibidez.
  • Sateliteek igorritako datuetan oinarrituriko azterketa batzuek Lurraren azalerako zein gune mugitzen ari den (azelerazioa) edo nolabaiteko tentsioa metatzen ari den “erakuts” diezagukete.
  • Lurrikara gehientsuenak (%81) “Suzko Gerriko” izenekoan gertatzen dira (Ozeano Barea eta ertzak; Txiletik hasita, iparralderantz Hegoamerikako kostaldetik igo eta Ertamerikara iritsi arte: Mexiko, AEBko Mendebaldeko Kostaldea, Alaska, Japonia, Filipinak, Ginea Berria, Ozeano Bareko Hegoaldeko Uharteak, Zeelanda Berriraino).
  • Beste askotxo ere (%17) Alpideetan jazotzen dira: Javatik abiatuta, Sumatra, Himalaia eta Mediterraneo aldera hedatu eta Atlantikoan galtzen dira. Zona horretantxe daude Turkia eta Iran.
  • Lurrikaretatik erabat libre toki bakar bat dagoenik ezin esan daiteke (dena den, Antartidan gutxi erregistratzen dira, eta denak magnitude apalekoak).