Amu kutsatuak

Espezie zaurgarrien mehatxurik handiena

Animaliekiko jokaera krudela izateaz gain, eragin kaltegarriak izan ditzakete gizakiengan ere, pozoia elikadura-kateetan sartzen baita
1 ekaina de 2002
Img listado medioambiente

Espezie zaurgarrien mehatxurik handiena

Erakunde ekologistek diotenez, desagertzeko arriskurik handieneko animalia-espezie iberikoentzako mehatxurik larriena amu pozoituak dira. Eguzki-arranoa -munduan bakarra-, sai zuria, sai beltza edo ugatza, eta ia desagerturik dauden beste ugaztun ugari, adibidez hartza (2000. urtean hiru hartz hil ziren Kantabrian pozoiturik) eta otsoa, etorkizun kezkagarri baten aurrean daude, jokaera primitiboak faktore erabakigarria baitira animalia horien kopurua murrizterakoan.

Antzina-antzinatik, gizakiak bizirik irauteko borrokan jarritako amu eta beita kutsatuz beterik izan dira baso eta landak, baina ekosistemaren orekatzeko ere balio zuten orduan. Gaur egun, harrapaketa metodo ez selektiboek -ilegalek- fauna atzeratu eta desagerraraztea eragiten dute eta betiko desagertzeko arrisku latzean dauden espezieak izaten dira kaltetuenak. Eta arrisku hitzak oraindik denbora badagoela esan nahi duen arren, desagerpena “itzulezin” hitzaren sinonimo da.

Zigor gutxi

Legeria -nazioartekoa zein tokian tokikoa- gogortu egiten da urtez urte eta zigortu egiten du naturaren heriotza eragiten duten ohitura erosoa, baina prozedurak zailak dira antzematen eta, zoritxarrez, erabiltzeko oso errazak eta merkeak. 1996az geroztik kode penalean delitu gisa jasota dago amu pozoituak erabiltzea eta sei hilabete eta bi urte arteko espetxe zigorra ezartzen da. Hala ere, borroka legala hasten dagoen arren, epaitegietan bost kondena baino ez dira eman. 1999ko urriaren 13an eman zen lehena, fention izeneko substantzia bat injektatu ondoren 6 galeper-arrautza basoan jarri zituztenen aurka. Konposatu kimiko hori harrapari kopurua kontrolatzeko helburuarekin amuak pozoitzeko erabiltzen da, baina horren efektuak elikadura-katean meta daitezke eta gizakiei kalte egitera iritsi. Autonomia erkidegoetako legeriek ere arau-hauste larri edo oso larritzat daukate pozoia baliatzea, baina estatuko jurisprudentzian bezala, ez dago ia zigorrik. Arrazoia: pertsona bat errudun dela frogatu egin behar da, eta hori ezinezko izaten da ia kasu guztietan.

Toxikotasun handia

Zaila da kutsatzaileen arrastoa jarraitzea. Substantzia toxikoak osagai ohiko dira nekazaritzan egunero erabiltzen diren produktuetan eta askatasun osoz eros daitezke. Fauna desagerrarazteko erabiltzen ari diren pozoiak organofosforatuak izaten dira batez ere, karbofuranoa edo aldicarb motako substantziak, kopuru txikitan ere oso kutsakorrak direnak. Miligramo bat aski da kilo bateko hegaztia hiltzeko. Zianuroa, animalia pozoituen analisietan aurkitu izan dena, arratoiak akabatzeko botiketan aurkitzen den osagaia da. Hala ere, produktu kutsagarriaren konposizioa edozein dela ere, gehienek heriotza luzea eta mingarria eragiten dute, itomen eta muskuluetako paralisi bidez.

Amuak

Normalean erabiltzen diren amuak haragi-pusketak izaten dira, oilaskoa edo untxia, eta galeper edo oiloaren arrautzak, eta gutxiago bada ere, baita uso eta eperrenak ere. Pozoiak erabiltzearen alderdi txarretako bat, bere erreakzioak eragiten duen heriotza krudela albora utzita, amuak aurkitzeko zailtasuna izaten da. Kasurik gehienetan halabeharrez aurkitzen dira, animaliak kutsatu ondoren, hau da, kaltea eginda dagoenean.

Arazoa berriro dator

Mendian jartzen diren pozoiek animalia harrapariak hiltzea izaten dute helburu, otso, azeri eta zakur basatiak bereziki. Zergatia: haragijale horiek ganaduari edo ehizarako espezieei egiten dieten kaltea; hala ere, beste zenbaitek pozoia botatzen du landetan zehar, basurdeak pozoia jan eta bere larre eta soroak hondatzeari utziko diolakoan. Zakur basatiak eta jaberik gabe basoan ugaltzen diren animaliak ere arazo-iturri dira eta aitzakia egokia amu pozoituak erabiltzeko. Eta horrela, herrietako eta artzainen zenbait zakurrek egiten die kalte abelburuei, basoan libre dabiltzanean, baina errua otsoek ordaintzen dute azkenean. Beste espezie batzuek, azeria eta beste haragijale txiki batzuek esate baterako, jazarpena sufritzen dute ehiza-animaliengan eragiten duten presioa dela eta; korbido eta marraskariek, uztetan eragiten duten kalteagatik. Jokaera ilegal horrek iraganeko amesgaiztoa zirudien. Amu pozoituak erabiltzeko ohitura XIX. mendearen amaieratik ezagutzen du gutxienez Espainian, baina 60ko hamarkadan eguzki-arrano kopurua 30 bikotetara murriztu zenean, alarma piztu zen. Gizarteko sentsibilitateak bilakaera izan zuen hogei urtean eta 1983an ilegal deklaratu zen harrapariak kontrolatzeko amu pozoituak erabiltzea. Hala ere, arazoak gainditurik zirudienean, 80ko hamarkadaren amaiera eta 90ekoaren hasieran sarraskijale asko aurkitu zen amu horiekin hilik.

Pozoitzea ez da konponbidea

Sistemak, ilegala izateaz gain, urratu egiten du ekosistemen antolaketa eta okerragoa dena, ez ditu biktimak hautatzen. Haragiz elikatzen den edozein animalia amu pozoituen biktima izan daiteke, eta ez lehen eskutik bakarrik: sustantzia toxikoek organismoan iraun egiten dute eta transmititu egiten dira sare trofikoen bitartez. Otso kutsatua hil egingo da lehenago edo beranduago eta gero, edozein kasutan ere haren haragia bazka izango da sarraskijaleentzat: korbido, sai, azeri, basurde, beste otso eta abarrentzat eta haiek ere akabatu egingo dira; eta haien haragia ere jan egingo du beste sarraskijaleren batek, eta horrela, kontzentrazioak hilgarri izateari utzi arte. Bizirik irauten dutenek, berriz, ondorioak jasango dituzte ugalkortasunerako. Kate horrek ez du kanpo uzten gizakia. Metodoa ez da selektiboa eta haragijale guztietara hedatzen du heriotza. Eraso bereizi gabearen arazoari aurre egiteko alternatiba bat harrapaketa selektiboak egitea da eta administrazioak baimena eman behar du horretarako, ohiko jarduna ez den arren.

Zer egin animalia edo amu pozoituak aurkituz gero?

Animaliak pozoitzen dituztenak zigortzeko eragozpen nagusia froga egokirik eza izaten da. Horregatik, oso garrantzitsua da animalia baten gorpua edo amu ustez pozoitu bat aurkitzen badugu, formazko ez izateko moduan jokatzea komeni da.

  • Ezinbestekoa da Agintaritza Judizialari jakinaraztea (SEPRONA edo Basozainei).
  • Gorpua ez da ukitu edo mugitu behar agintariak bertaratu arte.
  • Gorpuari eta inguruari argazkiak atera behar zaizkio.
  • Ingurua miatu egin behar da, beste gorpurik, etxeko animaliarik edo amu gehiago dagoen ikusteko.
  • Funtsezkoa da gertakariak berehala Autonomia Erkidegoko arduradunei jakinaraztea.
Gogoetarako zifrak

Vida Silvestre Laborategi Forensetik aditzera ematen zaigunez, arazoa larriagotu egin da desagertu beharrean. Laborategi horrek emandako datuak adierazgarriak dira: 1990az geroztik 5.623 animalia kutsatu pasa da erakunde horren egoitzatik. Txakur basatiak daude estatistikaren buruan (1.510) eta atzetik sai arrea (627), miru gorria (489), sai beltza (404) eta azeria (335). Lehen kasuan, kopuruak argi adierazten du horrelako zenbat animalia dagoen. Miru gorriaren eta sai beltzaren kasuan espezie-galera katastrofikoa da. Baina egoerarik larriena eguzki-arranoarena da, hamarkada batean 69 animalia galdu baitira 150 bikote eskasetik. Espezie horien gaur egungo egoera zein den argi erakusteko, gogorarazi beharra dago sai beltzaren Espainiako kopurua 1.000 bikote inguruan dagoela -1.127 ziren 1998an-; sai zuriarena, berriz, kontinenteko guztien bi heren baino gehiago da. Ugatzari dagokionez, eguzki-arranoa bezala desagertzeko arriskuan dagoen espeziea izanik, pozoia da gaur egun heriotza arrazoi nagusia. Europan bizi diren ugalketarako 117 bikoteetatik %82 Pirinioetan bizi dira.