Turismo iraunkorra

Eguzkia, piña colada eta ekologia

Beste lurralde batzuetara joan, bertako jendea ezagutu, bidezidor eta kaleetan barrena paseatu, debekatutakoa dastatu eta gastatzea... udak horretarako eta beste askotarako ematen du bide eta beta.
1 uztaila de 1999

Eguzkia, piña colada eta ekologia

Urtebetez lanean etengabe jardun ondoren, etxeko ekonomiaren araberako bidaia bat antolatzeko tentazioan ez erortzea ez da kontu samurra; are zailagoa, duela urte gutxi bertako biztanleek ezagutzen zituzten toki zoragarrietan ustiakuntza turistikoak sustraitu diren honetan.
Hala eta guztiz, turismoaren iraultza ez da beti liluragarria, toki horietako askotxotan eragindako ondorioak ikusita: gehienean gertatutako aldakuntza erabatekoa izan denez, herri eta eskualde horiek ez dute zerikusirik orain dela urte gutxi ziren harekin, orain tropelka, samaldan datozelako bisitariak, atseden-egarriz. Turismoa bertako oinarri ekonomiko bihurtu da baina, horren ordainetan, sekulako prezioa pagatu behar izan dute: kontrolik gabeko ustiakuntza, itsas bazterrak hormigoizko bihurtzea, nortasun eta kulturaren galera gaitza eta turismo-sektorearen menpeko izatea, horixe izaten baita askotan baliabide-iturri bakarra. Panorama horren aurrean bestelako kontzeptua sortu da: ekoturismo edo turismo iraunkorra.

Sektorearen definizio berri horrek, ingurugiro-alorrean sustraiak izanik, bidaiak egin eta area naturalak bisitatzera animatzen gaitu, tokian tokiko alderdi erakargarriak (paisajea eta basa fauna eta flora) eta gainontzeko agerpen kulturalak dastatu, gozatu eta ikertzearren. Garapen eta Ingurugiroaz Rio de Janeiroko Adierazpenean aldarrikaturiko printzipioetan eta Agenda 21 izenekoak eginiko aholkuetan oinarritua dagoen alternatiba hau, bisitatzen diren lurraldeak kontserbatu eta inguruan eta kulturan ahalik eta eragin apalena izatearen aldeko formularen sustagarria da; gainera, bidezkoa denez, ekonomiaren ikuspuntutik, lekuan lekuko herritarren partaidetza ahalbideratzen du. Gaurregun, mundu oso-osoan hedaturiko fenomenoa izateaz gain, ekonomian gehien hazi den eta hazten ari den sektoreetako bat da turismoa. Atzerrirako bidai-kopuruak hirukoiztu egin dira Estatu espainiarrean 1971 urteaz geroztik (179 milioi pezetatik 613 milioiraino) eta Turismoaren Mundu Erakundeak (WTO-TME), bere aldetik, urteko %4,3ko hazkuntza-indizea iragarria du, hemendik 2020 bitartean.

Distantzia luzeko bidaiak dezente ugaldu badira ere, nazioarteko turismoa bereziki sustatzen duten guneak iparraldeko herrialde izenekoak dira. Hori horrela den seinale, datu esanguratsu hau erakutsi besterik ez dago: Europak -pasajeen %59a duela- eta Ipar Amerikak -horien %14a- nazioarteko bidaien %75a inguru biltzen dute. Joan den urtean turismoagatik diru-sarrerarik handienak erdietsi zituzten herrialdeak EEBB, Italia, Espainia, Frantzia eta Britainia Handia izan ziren. Txina zerrenda horretako zortzigarren postuan agertzen da egun.

Turismoaren ustegabeko eraginak

Turismoak dituen ondorioak bi era desberdinetan uler daitezke. Alderdi onuragarritik begira, herrialde askotxoren garapen sozioekonomikoan eginkizun garrantzitsua du, kulturen trukearen faktore lagungarria da eta herrien arteko bakea eta harremanak sustatzen dituenez, herrialdeetako bizitza-pleguak eta kultur aukeraren aniztasuna sakonetik errespetatzeko giro aproposagoa sortzea ahalbideratzen duela aitortu beharra dago. Halaz ere, garapen ekonomikoaren eragile den aldetik, turismoak sortarazitako itxaropenak ez dira denetan bete. Herrialde askok eta askok, Hegoaldekoek batik bat, dibisetan diru-sarrerak erdiesteko, lanpostu berriak (baita beste sektoretan ere) sortzeko eta eskualde guztien arteko oreka sozioekonomikoa berreskuratzeko itxaropentsu egin dute sektore turistikoaren aldeko apustua.

Nahi baino sarriago, ordea, saiakera horiek alferrikako jazotzen dira, sasoi jakin bateko ekonomi jarduera den aldetik, turismoak azkar asko erreakzionatzen baitu aurreikusigabeen aitzinean: egongaiztasun politikoa, hondamen naturalak, epidemiak, kriminalitatea, etab. Faktore hauek, batetik, eta beste herrialdeekiko lehia gorriak, bestetik, iristoki turistiko baten eskakizuna egun batetik bestera blaust amiltzea eragin dezakete, beste ezein herrialde edo eskualderen mesedetan. Horrekin batera beste kontu bat, ekonomiko huts-hutsa, izan behar dugu gogoan: turismoak utziriko dibisazko diru-sarrerei (herrialde askoren diru-iturri funtsezko edo behinena) sekulako kenketak egin behar zaizkio, “kalitatedun turismoa” sustatzeko premiazkoak diren gauza ugariak inportatu ahal izan daitezen.

Gastu hori, ia ustiatu gabe dauden eskualderik urrun-urrunetan, dibisen %90eraino iristen da batzuetan. Gora-behera hauek herrialde txiki, txiro eta industria urrikoetan dute berebiziko eragin latza: Karibeko eta Pazifikoko Uharteetan, adibidez. Bertan, eta ez txiripaz, atzerriko kateak dira hotel gehientsuenen jabeak. Nazioarteko turismoak, beste aldetik, azturazko bizimodu tradizionalaren kaltetan, estilo mendebaldar edo estandarizatuago baterako jauzi edo iragatean ere sekulako eragina du, ez dezagun ahantz.

Naturaren baitako eragina

Ingurugiroa babestea dela eta, turismoak berebiziko garrantzia izan dezakeela nabarmentzen ari da, bertatik erdiesten diren diru-sarrerek –erabilera alternatibo kaltegarrien ezarpena dela medio– ekologikoki eraginik gerta daitezkeen eskualdeen eta parke naturalen zaintza finantzatzen laguntzeko balio dutelako. Horiez gainera eta ekologia aldera bideratzen baldin bada, kanpoko bisitariaren inguru-heziketa ez ezik, bertako biztanleriarena ere aberasteko lagungarri gerta daiteke horrelako turismoa. Honetaraz gero, badago beste kontu bat gogoan izatekoa: trafikoaren gehikuntzan berealdiko eragina du turismoak.

Helmuga turistikoetarako bidaiak, oro har, automobil, autobus, hegazkin edo trenez egiten dira eta, harrigarria bada ere, ibilbideak oso luzeak direnean, baliteke oporraldietan kontsumitzen den lehen energiaren %90a joan-etorriko bideetan gastatzea: horrela, errekinen erabileragatiko igorpena turismo-sektorearen arazo larrienetako bat bilakatzen da; airezko garraioan (turistikoa, hein handi batez) xahutzen dena da denetan bereziki kezkagarriena. Azkenik, ur-eskasia nozitzen duten eskualdeetan natur-baliabide horren kontsumo handia arazo larri-larria bihurtzen zaio bertako biztanleriari maiz askotan, turismo-gunearentzako ur-hornidura, bertako herritarrentzako ur-kenketak egiteari esker lortzen delako.

Turismo iraunkorra, geroaldiko erronka

Turismoaren eragin kaltegarria arindu edo ezabatzeko, alderdi etiko, sozial eta kulturalak errespetatzea ez ezik, ingurugiroaren egiazko zaintza eta emaitza ekonomiko onak bermatuko zituen turismo iraunkorra sustatzea jomugaz lan-egitarau bat aurkez zezan eskatu zion 1997 urtean egin zen Nazio Batuen Batzarrak Garapen Iraunkorraren Batzordeari (GIB). Turismo iraunkorraren kontzeptuak osotoro aitortzen dio gizakiari “atseden hartzeko eta jolasteko, lan-orduak bidez mugatzeko, maiztasun jakin batez oporraldi ordainduak gozatzeko eskubidea eta, legeek xedaturik duten barrutietan, bidaiatzeko askatasuna”. Horren guztiaren oinarrian, herrien arteko bake eta harreman onak arriskutan ezartzeke, gune turistikoetan ekonomiaren garapena, naturarenganako errespetua, bertako herritarren nortasun eta izaera eta justizia soziala sustatzea datza.

Ikuspegi horretatik, turismo iraunkorraren sustatzaileek dei egin diete nazioarteko komunitateari, sektoreko enpresei eta gobernuei, neurri globalagoak hartu eta aplika ditzaten hainbat alorretan: besteak beste, giza eskubideak errespetatzea, prostituzioa eta haurren lana suntsitzea, tokian tokiko bizitza politikoan bertako biztanleek esku hartzea eta turismo-sektoreko langileek lan-baldintza zuzen eta egokiagoak izatea bilduko lituzkeen iraunkortasun etiko, sozial eta kulturalaren aldekoa, esate baterako.

Turismo iraunkor edo ekoturismoaren aldekoek igorririko eskakizunetik atera gabe, ingurugiroaren oreka koherentearen babesean oinarriturik, prezio egokiak izango lituzkeen garraio turistikoaren iraunkortasun ekologikoa ere erdietsi nahi da, halaber. Azkenean, tokian tokiko biztanleriaren diru-sarrerak gehitu, atzerriko kapitalaren eskuetan dauden jabetza turistikoen kopurua mugatu eta, nola ez, bertako talde sozialen -emakumeak eta gazteak batik bat, hauek ere sorturiko aberastasunaz onuradun izan daitezen- parte hartzea ahalbideratuko lukeen iraunkortasun ekonomikoa ezar dadin eskatu dute.

Ekoturistentzako aholkuak
  • Planifika itzazu zeure oporraldiak irizpide ekoturisten arabera. Aukera itzazu ingurugiroaren hondamendia oraino arinagoa duten tokiak, bertako kulturen suntsiketaren mesedetan jardungo ez baduzu.
  • Jaso informazioa egin beharreko ibilbideaz. Irakurri bisitatu nahi dituzun herrialde eta eskualdeei buruzko gida eta liburuak, behar bezala prestaturiko oporraldiak aberasgarriak izango zaizkizu eta.
  • Ez kendu ezer naturari; saia zaitez ingurunea hobetzen.
  • Egiezu uko, ahal den neurrian, garraiobide kontaminatzaileei. Hobe duzu paisajearen zoragarriaz gozatzeaz gain, gorputza zailtzea ahalbideratuko dizun abiaduran ibiltzea. Naturarengana gerturatu eta beraz onura ateratzeko hoberena bizikletazko edo oinezko txangoak dira.
  • Lagundu ezazu lekuan lekuko fauna eta flora zaintzen eta eskualde landatarrak mantentzen.
  • Zuk sortzen dituzun zaborrak zerorrek jaso beharko dituzu.
  • Kanpin egiten baduzu, euri-urak dendan sar ez daitezen, aski izango duzu eroritako enborrekin edo lur-piloekin eragozpenak ezarrita (zanga egiteak lurra desegin egiten baitu).
  • Sukaldeko tresneria eta arropa ikuzteko garbikari ekologikoak (errautsa edota hondarra, alegia) erabili beharko lirateke, limoia eta ozpina deskoizpeztatzaile gisa baliatuz.
  • Ez egin zuzeneko erasorik naturari: ez josi iltzeak arboletan, ez moztu adarrak, ez eragotzi ubiderik, ez txikitu habiak. Paisajeak, florak eta faunak lehenago zeuden bezala iraun behar dute guk alde egindakoan ere.
  • Ez utzi hondakin edo zaramarik hondartzan. Jabe gaitezen, behingoz, hondartzan uzten den edo itsasora jaurtitzen den zaborraren eragin kaltegarriaz: batez ere, gauza ber-bera egin dezaketen milioi pertsonaz biderkatuz konturatuko gara hondamendiaz. Hondakin arruntenak botatzeko edukigailuak hondartza guztietan daude. Itsas faunak biziki arriskutsuak ditu izozkien bildukiak eta edari laten eraztunak: horrelakoak segada hilgarria dituzte hegaztiek eta arrainek.
  • Oporraldietan zehar, turismoak eragindako presioaren erruz berebiziko hondamena nozitzen duen ekosistemetako bat hondartza da. Eguzkiaren aurkako babes-kremaren erabilera dela medio, itsas azaleran halako gantz-geruza mehe-mehea sortzen da, uraren oxigenazioa oztopatzen duena eta, gainera, uretako izaki bizidunenganaino argia -elementu behinenetako bat- iristea galarazten duena. Honek ez du esan nahi eguzkiaren kontrako babeskariak erabili behar ez direnik: itsasoko uretan murgildu aurretik dutxatzea nahikoa izango duzu, eragin kaltegarriak dezente ahultzeko.