Eguberri zoriontsu eta ekologikoak

Elikagaiak eta energia ez alferrik xahutzea eta hondakin guztiak birziklatzen saiatzea lagungarria da Eguberriak modu iraunkorragoan igarotzeko
1 abendua de 2013
Img medioambiente listado 780

Eguberri zoriontsu eta ekologikoak

Eguberrietan gehiago kontsumitu ohi dugu eta, gainera, ingurumenean eragin handiagoa izaten dugu (eragin kaltegarria, nola ez). Iaz %4 murriztu zen Eguberrietako gastua, baina, hala ere, Espainiako Estatuko familia bakoitzak 680 euro gastatu zituen. Eguberrietan ez bada modu arduratsuan kontsumitzen, horrek nabarmen eragiten dio gure inguruari. Datuak aski adierazgarriak dira (Ekologistak Martxan erakundeak emanak): elikagaien %40 bota egiten dira, egunean bi kilo zabor sortzen dira etxe bakoitzean, eta horien erdiak bilgarriak izaten dira. Guztion esku dago halakoak saihestea.

Opari ekologikoak egin

Eguberriak eta opariak elkarren eskutik doaz, eta horretan ere badugu aukera berdeak izateko. Olentzerok, Aita Noelek edo Errege Magoek opari ekologikoak ekar ditzakete haurrentzat: gero eta opari gehiago egiten dituzte ingurumena errespetatuz. Ohiko jostailuetara jotzen bada, balio hezitzaileak lantzen dituztenak hautatzea komeni da, bilgarri gehiegi ez dutenak, pilarik gabeak eta material egokiz eginak (kutsatzen ez dutenak eta birzikla daitezkeenak). Eta beti oroitu behar da, haur batentzat, ingurukoen eta lagunen maitasuna eta hurbiltasuna dela oparirik onena, eta irudimena erabiltzea ere izugarri gustatzen zaiela. Helduentzako opariak ere izan daitezke ekologikoak: ziurtagiri berdea duten elikagaiak, bizikletak, kolonia eta kosmetiko ekologikoak, elektronika eta teknologia ekologikoak, ingurumenari buruzko liburu, film eta aldizkariak…

Apaingarriak bai, baina ingurumena hondatu gabe

Eguberriak heldu direla eta, etxea apaintzeko joera izaten dute askok. Zuhaitza jarri, apaingarriak, jaiotza, hainbat pertsonaiaren irudiak… Baina gure etxea girotzeko eta polita jartzeko, ez dago ingurumena hondatu beharrik. Goroldioa eta gorostia, adibidez, espezie babestuak dira, eta galarazia dago horiek menditik hartzea, aurreko hamarkadetan gehiegikeria handiak egin direlako. Isunak ere jartzen dituzte horiek hartzeagatik (60.000 euro arterainokoak ere bai), eta kartzela zigorrak ere bai txikizio handia eginez gero. Pinua jartzeko ohitura ere oso hedatua dago. Batzuek naturala jartzen dute eta beste batzuek artifiziala, eta, egia esan, biek dauzkate alde onak eta txarrak ingurumenarentzat. Hori dela eta, modu arduratsuan jokatzea komeni da. Naturala hautatzen bada, sustrai ugarikoa izatea komeni da, eta lurra ere ugari izan dezala sustraien inguruan; ureztatu egin behar da eta berogailutik urruti eduki, hartara egoera onean iraungo baitu eta berriz ere landatzeko moduan egongo da pinu horiek biltzen dituzten gunera eramanda. Eta artifiziala erabiltzen bada, kalitate onekoa izatea komeni da, luzaro iraun dezan. Eguberrietan erabiltzen diren gainerako sinboloak ere izan daitezke ekologikoagoak: berrerabiltzen diren apaingarriak jar daitezke, zoriontzeko txartelak material birziklagarriekin egin, kontsumo txikiko argiak erabili eta tenporizadorea jarri…

Alferrik xahutu gabe

FAOk egindako kalkuluen arabera (Nazio Batuen Erakundeak Elikadura eta Nekazaritzarako duen erakundea da), munduan ekoizten diren elikagaien heren bat galdu edo bota egiten da; hau da, urtean 1,3 bilioi tona. Baten batek pentsatuko du elikagai horiek soberan geratu direlako galtzen direla, baina zazpi lagunetatik bat goseak dago munduan, eta bost urtez azpiko 20.000 haur hiltzen ditu goseak egunero. Janaria alferrik galtzea, gainera, ingurumen-arazo larria da, elikagai-ekoizpenak kalte nabarmenak egiten dizkiolako tokian tokiko bioaniztasunari eta aldaketa handiak eragiten dituelako lurzoruaren erabileran.

Zenbait elikagai kontsumitzeak kalte handia egiten dio ingurumenari, baina ez kontsumitzen den lekuan, elikagai horien jatorrizko eremuetan baizik. Horixe gertatzen da, adibidez, otarrainxka tropikalarekin, Eguberrietan bereziki estimatua den elikagaiarekin. Zenbait elkarte ekologistak ohartarazi dutenez, kontsumoa areagotu izanak arriskuan jarri ditu mangladietako ekosistemak (mareak urpean hartzen dituen itsasertzeko lur zatiak dira), eta galtzeko arriskuan daude. Ingurumenean sortzen diren arazoak eta arazo ekonomiko eta sozialak areagotu egiten dira Eguberrietan. Baina kontua ez da elikagai batzuei uko egitea, modu arduratsuan kontsumitzea baizik: gauza gehiegi ez erostea, elikagaiak etxean ongi antolatzea deus alferrik gal ez dadin, produktu galkorrak izoztea….

Elikagaiekin bezalaxe, energiarekin ere ardura handirik gabe jokatzen dugu maiz, eta neurrigabe xahutzen dugu, batez ere Eguberrietan: kalkuluek diotenez, garai horretan %20 gehiago kontsumitzen da, batez ere berogailutan eta argitan. Dena den, gastu hori ere murriztu daiteke eta, bidenabar, ingurumenari kalte gutxiago egin. Nola? Aholku batzuk kontuan hartuta: kontsumo txikiko bonbillak erabiliz, energia berriztagarriak darabiltzaten sistemak, etxetresna eraginkorrak, garraio publikoan edo bizikletan eginez joan-etorriak…

Produktu ekologikoak, tokikoak eta sasoikoak hautatu

Tokian-tokian ekoizten diren produktu fresko eta sasoikoek aztarna ekologiko txikiagoa izaten dute, eta merkeagoak eta zapore hobekoak izaten dira. Ziurtagiri ekologikoak dituzten produktuak, berriz, ingurumena errespetatzen duten metodoak erabiliz ekoizten dituzte. Horrexegatik, oso aintzat hartzekoak dira Eguberrietan ere.

Hondakin gutxiago sortu eta guztia birziklatu

Eguberrietan zaborrak gainezka egiten du: egunean bi kilo zabor sortzen ditugu, eta bilgarriak izaten dira horien erdiak (Ekologistak Martxan erakundeak emandako datua da). Hori dela eta, ekologiaren 3 arau nagusiek are eta garrantzi gehiago hartzen dute Eguberrietan (murriztu, berrerabili eta birziklatu): egiaz behar duguna baino ez dugu kontsumitu behar eta bilgarri gehiegi dakartzaten produktuak baztertu, “erabili eta botatzekoak” diren horiek (murriztu); egoera onean baina ahaztu samar dauzkagun produktuak eta materialak berrerabili egin behar ditugu, bizi luzeagoa izan dezaten; eta hondakinak egoki birziklatu.

Eta Eguberrien ondotik ere, ekologikoak

Kontzientzia ekologikoa ez dugu mugatu behar Eguberri garaira. Hortik aurrera ere ahaleginak egin behar ditugu hondakin gutxiago sortzeko, opariak egoki hautatzeko, elikagairik soberan ez geratzeko eta energia arduraz kontsumitzeko. Ongi antolatzea da kontua.