Emisioen borondatezko konpentsazioa

CO2-a zorretan

Kiotoko Protokoloko erabaki batek gobernu, enpresa eta partikularrei, kutsatutakoaren kontura, garapen bidean dabiltzan herrialdeetan emisioak murrizteko proiektuetara dirua bideratzeko aukera ematen die
1 martxoa de 2008
Img medioambiente listado 531

CO2-a zorretan

Etiketa zein publizitate bitartez, emititzen duten edo ekoiztean sortarazi duten CO2a konpentsatzen dutela jakinarazten duten produktuen zerrenda ezagutzea geroz eta errazagoa du herritarrak. Horietako gehienak, emisioen borondatezko konpentsazio-mekanismoa onartu duten enpresak dira. Europa eta Amerikako estatu batzuek, gobernuz kanpoko erakundeek sustaturik, ematen dituzten zigiluak emisioen konpentsazio hori ziurtatu egiten dute. Espainiak oraino ez dauka horrelako zigilurik baina Ingurumeneko Ministerioak sortuko duen erregistroan kasuan kasuko emisioen konpentsazioa zehatz-mehatz ezagutu ahal izango du kontsumitzaileak.

Garapen garbiko mekanismoa

Emisioen borondatezko konpentsazio horren funtzionamendua, funtsez, soila da: Kiotoko Protokoloan datzan erabaki horrek gobernu, enpresa eta partikularrei, kutsatutakoaren kontura, garapen bidean dabiltzan herrialdeetan emisioak murrizteko proiektuetara dirua bideratzeko aukera ematen die. Kioton “Garapen Garbiko Mekanismo”tzat (GGM) definitu zelarik, GGM proiektuak era askotakoak dira: baso-berritze kanpainak, Indian kerosenozko erregailu zaharkituak ordezkatzeko eguzki-energia ezartzea, Indonesian zentral hidroelektrikoak eraikitzea, etab. Izaerak gorabehera, GGM horren araudiaren helburuetako bat, beraren arabera egiten diren proiektuek egiazko emisio-murrizketa gehigarri eta egiaztagarriak sortarazten dituztela bermatzea da.

Proiektu horretan emisioen konpentsazioan artekari lanetan diharduten erakunde batzuek ere hartzen dute parte. Espainiako aitzindarietako batek, Ekologia eta Garapena Fundazioak, 2007an ia 8.000 tona CO2 konpentsatzen lagundu zuen 75.000 euroren truk. Web eta telefonoaren bitartez zenbat tona CO2 emititu dituzten kalkulatzen laguntzen diete partikularrei eta enpresei eta, GGM proiektuei eman nahi dieten diruaren arabera, zenbat tona konpentsatzen diren zehazten dute (tonako 10 euro inguru ordaintzen da).

Zer konpentsatzen da, ordea? Denetik: hegazkineko bidaiak, kalefakzioa, argindarretan gastatu dena, autoan eginiko joan-etorriak? Aldez edo moldez CO2ren emisioa sortarazi duen oro. Ondoren, Fundazioak enpresari edo partikularrari entregatuko dion egiaztagirian agertuko da konpentsazio hori. Indonesian zentral hidroelektriko txiki bat eraikitzea edo Indian biomasatik abiatuta energia erdiestea dira Fundazio horrek bideratzen diruaren bi helmuga, adibidez.

Sistema hori, dena den, ez da denen gustukoa. Kontrakoen iritziz, dirua baliabide, kutsadura legitimatzen du eta, hori gutxi balitz, irudi oneko publizitatea ematen dio kutsatzaileari baina, jakina, neurririk hoberena kutsatzeari uztea da. Argudio horren aurrean, aldekoek bestela diote: planetako iparraldeko emisioak konpentsatzeko hegoaldean energia berriztagarriak ezartzeko balio duen sistemaren alde daude, CO2ren kutsadura mehatxu globala dela dioen printzipioarekin bat.

Horrez gainera, badu horrek ezin eztabaidatuzko ontasuna ere, garatzen ari diren herrialdeak teknologia garbiekin aurrera egin dezaten laguntzen baitu: egintza horri esker emisioak eragotzi egiten dira herrialde horien garapena galarazi gabe. Txinak, aspaldi honetan hazkunde-tasarik handienetako bat izan duen erraldoiak, GGM proiektuak gorpuzteko karbono-kredituen merkatuaren %60 jasotzen du.

Zigilu berme-emaileak

Iragartzen diren emisioen konpentsazio guztiak, ordea, ez dira GGM proiektu gisa gauzatzen. Automobil marka batek, esate baterako, saltzen duen auto bakoitzeko Albaceten 17 arbola aldatuko dituela esan berri du: horrek, autoak lehen 50.000 kilometroetan emitituko duen CO2 hori konpentsatuko du. Beste enpresa batek, bertako gazta ekoiztean emititu den CO2a energia eolikoko parkeekin konpentsatu dela jakinarazi du.

CO2a konpentsatzeko erak asko ?zorrotz edo lasaiagoak? izanik eta berariazko arautegirik ez dagoenez, konpentsazio horiek egiaztatzeko moduak sortzen hasi dira han-hemen. Horietako bat, enpresa hori climate neutral (hots, klima edo ingurumen aldetik, neutroa) dela ziurtatzen duen zigilua da. Honelako bermeak Europa eta Estatu Batuetako erakunde zenbaitek sustatuak dira eta enpresa jakin horrek bere karbono-emisioak konpentsatzen dituela segurtatzen dute. Climate neutral zigilua daukaten erakundeak Britainia Handiko Carbon Neutral Company, Alemaniako Klima-Partner, Suitzako My Climate, Holandako Clima Neutral Group eta Estatu Batuetako Standard Carbon dira.

Espainian ez dago horrelako zigilurik baina Ingurumeneko Ministerioak iragarri du erregistro bat osatuko dela, herritarrak jakin ahal izan dezan zein emisio murritz daitezkeen eta nola. Bien bitartean, arautegirik ezean, emisioen konpentsazioa ez du inongo zigiluk bermatzen eta, jakina, enpresaren borondate onaren arabera agertzen da, hori, Ekologia eta Garapenaren Fundaziokoek diotenez, “erantzukizun sozialeko” kontua baita.

Kontsumitzaileak ere konpentsa dezake bere CO2

Klima-Aldaketaren Gobernuen arteko Panelaren (KAGP) adierazpenen arabera negutegi efektudun gasen emisioen %40 murrizteko planetako biztanle bakoitzaren urteko CO2ren emisio-tasak 1,4 tonakoa izan behar du, gehienez. Halaz ere, Kiotoko Protokoloa sinatu duten herrialdeek, I. Eranskinean (herrialde industrializatuak eta merkatu-ekonomiarako trantsizioa bizi duten herrialdeak) biztanleko batez beste 12,8 tonako emisioa dute, hots, baimendutakoaren bederatzi halako.

Areago, azpitik kalkulatuz eta gehiegikeriak alboan utzita, aholkaturiko tasa hori (1,4 TM) gainditu ohi du kontsumoak Ingurumeneko Ministerioaren datuen arabera, familiako argindarraren batez besteko kontsumoa, hilean, 363,5 Kw/orduko da, hots, urtean 1,4 tona CO2. Horri eransten bazaio beti ibilbide laburrak egiten dituen eta urtean 12.000 kilometro baino gehiago egiten ez duen potentzia ertaineko autoa, beste 1,9 tona gehitu behar zaizkio: guztira, 3,3 tona. Argindarrari eta autoari Madril ? Londres joan-etorriko hegaldi bakarra gaineratuz gero, beste 0,8 tona CO2 erantsi behar zaio. Guztira, beraz, lau bat tona.

Kontsumitzaileak autoaren eta hegaldiaren emisioak konpentsatu nahi balitu (2,7 tona inguru), 27,74 euro inguru ordainduz gero egin lezake, www.ceroco2.org web orriaren bitartez. Horren truk, zenbat diru eman duen eta kopuru hori zein proiektutara bideratu den egiaztagiri zenbakitua jasoko luke erabiltzaileak.