Txakur txiki batzuk aurrezteko

Gastuak ongi planifikatzeak eta albaitaritza-kliniken eskaintzei adi egoteak lagundu egiten du etxeko maskotarekin diru gutxiago gastatzen
1 apirila de 2013
Img mascotas listado

Txakur txiki batzuk aurrezteko

Krisi ekonomiko latz honen ondorioz, Espainiako Estatuko familien %12k arazo handiak dituzte hilabete bukaerara heltzeko, halaxe adierazi du Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak (INE), eta hor sartzen dira txakur batekin bizi diren familiak ere. Estutasun ekonomikoek maskotei ere eragiten diete, nola ez, jabe askok arazoak baitituzte albaitariaren kontsultak ordaintzeko edo kalitate oneko elikagaiak erosteko. Gainera, abandonatzen dituzten katuen eta txakurren %27 arrazoi ekonomikoengatik uzten dituzte, Affinity Fundazioaren arabera. Zorionez, badago modua txakurraren gastuak murrizteko haren osasuna eta arreta alboratu gabe. Hona hemen zenbait aholku:

  • Ongi planifikatu txakurraren gastuak. Espainiako Estatuko herritar batek, batez beste, 9.321 euroko diru sarrerak izan zituen 2012. urtean, INEren datuen arabera. Eta zenbaitek are soldata txikiagoa izan zuten. Aurrekontu murritz horrekin ez daiteke gauza handirik egin, eta beste deusetan hasi aurretik, planifikatu egin behar da zertan gastatuko den eta zenbat, hori baita etxeko kontuak orekatzeko bide bakarra. Eta txakurrarentzat ere balio du horrek, jakina. Lehenik eta behin, orri batean jarri behar dira maskotaren gastuak. Hor sartu behar dira txertoak, albaitariaren azterketak, elikadurako gastuak, ile-apaindegikoak eta beste gastu finko batzuk. Informazioa hilabeteka eta gastu motaren arabera antola daiteke. Gauzak ongi eta txukun egiteko, kalkulu-orri bat erabil daiteke, edo paperezko koaderno batek ere balioko luke.

  • Albaitariarenganako bisitak antolatu. Albaitariaren azterketak eta gainerako zerbitzuak, batez beste, 200 euro kostatzen dira urtean, Madrilgo Albaitarien Elkargo Ofizialak emandako datuen arabera. Hor sartzen dira txertoak, maskotari egin beharreko azterketak, aho-garbitzeak eta ustekabean sortzen diren bisitak, istripuren bat gertatu delako edo gaixotu egin delako. Ba ote dago modurik albaitariaren gastuetan aurrezteko txakurraren osasuna arriskuan jarri gabe? Adituek baietz diote. Burua erabiliz banatu behar dira albaitariarenganako bisitak. Albaitariek gomendatzen dute urtean bitan eramatea txakurra. Aurrezte aldera, bisita berean elkartu behar dira azterketak eta txertoak jartzeko eta bizkarroiak kentzeko hitzorduak. Era horretan, saihestu egiten da alferreko kontsultengatik ordaintzea. Eta bitxia dirudien arren, gastuak murrizteko beste arau bat da albaitariak egin beharreko azterketak ez atzeratzea edo egin gabe ez uztea. Azterketa horiek unean bertan ordaindu behar dira, baina beste eritasun batzuei aurre hartzeko balio dute, eta diru asko joan liteke halakorik agertuz gero.

  • Albaitariek txakurrentzat egiten dituzten eskaintzak. Tarifa lauak ez dira Interneterako konexioetara mugatzen. Albaitari askok aukera ematen dute hilero kopuru finko bat jarri eta hainbat zerbitzu erabili ahal izateko. Tarifa lau horien prezioa 20 euro ingurukoa izaten da hilean, eta hainbat aukera eskaintzen dituzte: azterketak, txertoak, garbiketak, larrialdiak… Prezioa igo egin daiteke txakurrak gaixotasunen bat badu edo zaharra bada. Albaitaritza-kliniketan gero eta ohikoagoa da beste beherapen bat ere: animalien familia ugariari egiten zaiona. Hiru maskota (edo gehiago) dituen jabeak izaten du horretaz baliatzeko aukera. Kasu horretan, merkeago jartzen dituzte kontsulten prezioak eta beherapenak egiten dituzte txakurrentzako elikagai eta osagarrietan. Norberak erabiltzen duen klinikan galdetzea da egokiena, tarifak aldatu egiten dira-eta klinikaren arabera eta eskaintzen dituzten zerbitzuen arabera.

  • Beherapenak txakurraren janarian. Pentsuak, latak, txakurrarentzako litxarreriak… Urtero 284.199 tona saltzen dira Espainiako Estatuan (datu hori eman du Etxeko Animalientzako Elikagaien Ekoizleen Elkarte Nazionalak). Kalitate goreneko elikagai baten kiloa sei eta zazpi euro artean dabil. Ez da komeni animaliari ematen zaion janariaren kalitatea murriztea, baina bada modua janaritan aurrezteko: kopuru handiagoak erosiz gero, 15 edo 20 kiloko zakuak adibidez, ia prezio erdian ateratzen da. Txakurraren janaritan aurrezteko beste modu bat, produktuaren kalitatea apaldu gabe betiere, Internetez erostea da. Prezioak alderatu eta eskaintzarik onena eskuratzeko aukera ematen du horrek (Internetez egindako erosketentzat soilik balio izaten du).

  • Luzaro iraungo duten osagarriak hautatu. Maskotarentzako osagarri bat erosi aurretik, epe luzeko ikuspegiz jokatzea komeni da. Txakurkume batek ohe bat behar badu, kontuan hartu behar da hazi egingo dela. Lastaira edo koltxoneta txiki bat erosten bazaio, beste baten beharra izango du handik denbora batera. Hobe da hasieratik handia erostea.

  • Etxean egindako berokiak. Hotzaren aurkako berokiak, uraren aurkakoak… Txakurrak behar dituen jantzi asko etxean bertan egin daitezke, erraz samar eta merke. Aukera erosoa izaten da familiako kideek erabiltzen ez dituzten arropak hartu (euritakoak, jertseak, kamisetak) eta maskotarentzat moldatzea.

  • Etxean egindako jostailuak. Txakurrek jostailuak behar izaten dituzte burua lanean edukitzeko. Haiek erabiltzeko diren trepeta eta osagarri asko etxean egin daitezke, doan edo oso diru gutxirekin. Mendian ibilalditxoak egitea eta aire zabalean jolastea edo etxean bertan jardutea ere oso ona da txakurrek beren adimena eta gizarte-harremanak landu ditzaten dirurik gastatu gabe.

  • Familiako kideekin utzi txakurra. Egun batzuetako bidaia egin behar denean, lanegun luzeak izaten direnean… gerta daiteke txakurra norbaitekin utzi behar izatea une jakin horietan. Aurreztu nahi bada, inguruko norbaitengana jo beharko da (familia edo lagunak), profesional batek dirua kobratzen du eta.

  • Etxean ez dezala deus hondatu. Txakurkumeek hondatu egin ditzakete etxeko zapatak, landareak eta altzariak, eta gastu gehigarriak izaten dira horiek. Baina txakurra ongi hezia badago, ez du halakorik egingo eta ez da dirurik joango horretan. Txakurrak hezten dituen profesional batek kobratu egingo du harekin lan egiteagatik, baina inbertsio ona izan daiteke.