ANIMALIEN ETXALDEAN, ADI!

LEGEEK ETA ABELTZAINEK BABESTU EGIN NAHI DITUZTE HEGAZTIAK, TXERRIAK ETA ABELGORRIAK, ONGI BIZI DAITEZEN. BAINA EZ HORIEK BAKARRIK: ESTATUKO KONTSUMITZAILEEN %94RI ERE GARRANTZITSUA IRUDITZEN ZAIE JATEKO HAZTEN DIREN ANIMALIEI TRATU ONA EMATEA. JOERA ETIKO HORREK GERO ETA PISU HANDIAGOA DAUKA EROSKETEN INGURUKO ERABAKIETAN, ETA ZIURTAGIRIAK ERE SORTU DIRA HORRETARAKO.
1 apirila de 2019

ANIMALIEN ETXALDEAN, ADI!

Animalia bat baldintza onetan egongo da osasuntsu dagoenean, eroso, ongi elikatuta, seguru sentitzen denean, berezkoak dituen jokabideak adierazi ditzakeenean eta ez duenean sentipen desatseginik pairatzen, adibidez mina, beldurra edo urduritasuna”. Animalien Osasunerako Mundu Erakundeak horrela definitzen du abere ustiategietako tratu duina.

Ez da kontzeptu berria. XXI. mendearen hasieratik, Espainiako legediak kontuan hartzen du animalien ongizatea, zeinak neurri jakinak ezartzen dizkien instalazioei, bizigarritasunari, elikadurari, tratuari, garraioari eta hiltzeko moduari. Albaitari Elkargoen Kontseilu Nagusiaren arabera, Europan gai horretan aurreratuenak dauden herrialdeen pare dago Estatuko legedia. Mezu horrek badu bere pisua, zeren erakunde espezialistek diotenez, Europa da munduko eskualderik aurreratuena animalien ongizateari eta elikadura arloko segurtasunari dagokionez. Halaxe diote, besteak beste, Nekazaritzako Elikagaiak Ikertzeko Institutuak (IRTA) eta NEIKER-Tecnaliak.

Araudia, dena den, gizartean zabaldu den kontzientziaren atzetik doa; jendeak, izan ere, gero eta sentiberatasun handiagoa du, eta argi dauka animaliek eskubidea dutela bizimodu duina edukitzeko. Zifra batzuk ahobatezkoak dira ia: azken Eurobarometroan ageri denez (2016), Espainiako herritarren %94ri garrantzitsua edo oso garrantzitsua iruditzen zaie etxaldeko espezieen ongizatea; orain dela hamar urte, adibidez, %71 ziren iritzi horretakoak. Zenbait ikerketaren arabera, produktu etikoen eskaria handitzen ari da mundu osoan; Mintel Global Food and Drinks Trends ikerlanak dioenez, esaterako, animalien ongizatea kontuan hartzen duten produktuen eskaria %1ekoa zen 2007an, eta %22ra iritsi da hamarkada bat geroago.

Testuinguru horretan, Europako Batasunak zenbait proiektu landu ditu, adibidez Welfare Quality (WQ) eta Animal Welfare Indicators (AWIN), batetik ongizateari buruzko ikerketak sustatzeko (40 unibertsitate eta laborategi baino gehiago ari dira horietan), eta bestetik legeditik harago doazen neurriak sustatzeko elikadura kate osoan. Gero eta enpresa gehiagok bat egiten du joera horrekin, eta ziurtagiriak ere badituzte horretarako, adibidez Certicar eta AENOR. “Zigiluak egiaztatu egiten du abeltzain batek baduela ardura eta kezka animalien ongizatea eta jardunbide egokiak zaintzeko, egun gizartean dauden balioen ildoan”, azaldu du David Veranok (Nekazaritzako elikagaien industriako eta Banaketa arloko zuzendaria da AENORen).

BEHI BAT HORRELA EGONGO AL LITZATEKE LARREAN?

WQ, AWIN eta gisako protokoloen oinarrian, Espainiako eta Europako Batasuneko legedietan biltzen den printzipio bera dago: animaliek elikadura egokia izango dutela bermatzea, osasun ona, behar bezalako egoitza eta bidezko jokabidea emango zaiela. Baina azken horretan jartzen du arreta gehien beste guztiak bermatzeko neurri gisa.

Hau da, instalazioak eta horien bizi baldintzak aztertzeaz gain, zehatz-mehatz gainbegiratzen du animaliek nolako egoera fisikoa eta emozionala daukaten, eta baita elkarrekin interakzioan nola aritzen diren ere, horrek erakusten baitu instalazio horiek egiaz bermatzen dutela bizi kalitate ona edukitzea. NEIKER-Tecnalia, IRTA eta gisako beste espezialista batzuen iritziz, neurri horiek ezartzen dituzten etxaldeek sendagai gutxiago erabili behar izaten dituzte gaixotasunei aurrea hartzeko eta horiek sendatzeko. Animalien artean urduritasun gutxiago dagoenean, hobetu egiten da horien immunitate sistema eta egoera fisiko orokorra.

Helburu horrekin, protokoloen ikuskaritza egiten dutenek zenbait parametro aztertzen dituzte: bazkaren, pentsuen eta uraren kalitatea eta atseden gunetik kanpo dagoen animalia portzentajea (horrek adieraziko luke gune horrek ez duela betetzen bere funtzioa); zikinkeria maila; animaliek zauririk baduten, hanturarik, beherakorik, eztulik edo jariorik; eta inguruan baden parasitorik edo harraparirik.

Pentsatzekoa da milaka urte ekoizpenari emanak egon ondoren eta bereizketa genetikoa gertatu ondoren, espezie horiek jarrera otzana azalduko dutela, baina, egiaz, aske daudela izango luketen jarrera berbera izaten dute. Hori dela eta, protokoloak aztertu egiten ditu banakoen arteko hierarkia keinuak, elkarri traba egiten dioten edo borrokan aritzen diren, oilo baten senak nola erantzuten duen zarata ezezagunen aurrean eta baita animalia batek zenbat denbora behar duen ere etzateko: behi batek sei segundo baino gehiago behar dituenean, zerbait gertatzen den seinale izaten da.

PUBLIZITATEA ETA ONTZIAK

Animaliei ematen dizkieten tratu txarren inguruan gero eta sentiberatasun handiagoa dute herritarrek, eta hori ikusita, marka asko gai horren inguruko leloak sartzen hasi dira beren ontzi eta iragarkietan. Mezu horietako askok ziurtagirien eta kontrol erakundeen bermea daukate, baina beste batzuk, ordea, marketin estrategiak baino ez dira. “Ez zaizkit gustatzen animalia zoriontsuez mintzo direnak, berdin dit olioak diren edo koalak, zeren lehenbizi zehaztu egin beharko baikenuke zer den zoriontasuna eta gero modu objektiboan ebaluatu, eta hori gizakiekin ere ez dugu lortu oraindik”, adierazi du Antoni Dalmauk, Albaitaritzako doktore eta Nekazaritzako Elikagaiak Ikertzeko Institutuko ikertzaileak.

BILA EZAZU ETIKETAN

Erosten dituzun produktuek animalien ongizate protokoloak errespetatzen ote dituzten jakin nahi baduzu, aski duzu etiketari begiratu bat ematea. Bi logotipo hauek dira garrantzitsuenetakoak:

  • AENOR. Espainiako Estatuko egiaztatzaile garrantzitsuena da. Orain arte Welfare Quality protokoloko 4.200 egiaztagiri eman dizkie Estatuko txerri, abelgorri eta hegazti ustiategiei.
  • Certicar. Europako protokolorik berrienetakoa ezartzen du, AWIN delakoa, zeinetan 10 herrialdetako unibertsitateek eta ikerketa zentroek parte hartzen duten.
JENDEARI INTERESATZEN AL ZAIO ANIMALIEN ONGIZATEA? HERRITARREN IRITZIAK

2016ko Eurobarometroak galdera egin zien herritarrei aziendari ematen zaion tratuaren inguruan

Zenbateraino da garrantzitsua etxaldeko animalien ongizatea babestea?

  • Oso garrantzitsua: Espainia, 55% // EB, 57%
  • Nahiko garrantzitsua: Espainia, 39% // EB, 37%
  • Ez oso garrantzitsua: Espainia, 4% // EB, 3%
  • Ez daki: Espainia, 2% // EB, 2%
  • Ez batere garrantzitsua: Espainia, – // EB, 1%

Nahi al zenuke informazio gehiago eduki gure herrialdean etxaldeko animaliak hazteko baldintzen inguruan?

  • Guztira BAI: Espainia, 71% // EB, 64%
  • Guztira Ez: Espainia, 27% // EB, 33%
  • Ez daki: Espainia, 2% // EB, 3%

Europarren %59k onartzen dute prest egongo liratekeela gehiago ordaintzera gisa horretako produktuen truke, baina gehienek nahiago lukete prezioa ez garestitzea %5 baino gehiago. Espainian, zifra hori %51ra jaisten da, baina %3k bakarrik onartuko lukete %20 gehiago ordaintzea animalien ongizatea zaintzen duten produktuen truke.

ADITUA

ADITUA: Inma Estevez, Etologian doktorea eta animalien ongizatean aditua NEIKERTecnalian (Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Institutu Publikoa da). Ikerbasque-ko senior ikertzailea: “Ongizatea hobetzeak beti ez dakar kostuak igotzea”

Noiz esan dezakegu animaliak baduela ongizatea?

Osasun ona edukitzeaz gain, bere beharrizan fisiologikoak aseta dituenean (elikadura, ugalketa…) eta jokabide naturala ager dezakeenean, adibidez bere espezieko beste banako batzuekin harreman sozial onak esploratu edo eduki ditzakeenean. Jardunbideetan beste aukera batzuk bilatzen ditugu, estres egoerak eta egoera mingarriak saihesteko. Batzuetan, irtenbideak errazak izan daitezke: adibidez, oiloei bazkatzeko materiala eman dakieke okupatuta egon daitezen edo esekigailuak edo kotak jar daitezke eroso egon daitezen. Beste batzuetan, arazoak konplexuagoak dira.

Gizarteak zergatik balioesten ditu gero eta gehiago alderdi horiek?

Gure balio etikoen bilakaeraren ondorio da eta animaliek sentitzeko daukaten gaitasunaren inguruko ezagutza handiagoaren ondorio. Pertsonak saiatzen dira modu kontziente eta arduratsuan kontsumitzen, eta erosketak egiteko garaian, gero eta garrantzi handiagoa ematen diete animaliek izaten dituzten baldintzei eta haien ongizateari. Gure ustez, kontsumitzaile guztiek aukera berdina izan behar lukete produktu horiek eskuratzeko, beren maila ekonomikoa bat edo bestea izan.

Zer-nolako ondorioa dauka produktibitatean eta errentagarritasunean?

Animaliek ongizate gehiago edukitzeak beti ez dakar kostuak nabarmen handitzea. Batzuetan oso gutxi igotzen dira, eta aski izaten da jakitea zer-nolako neurriak ezartzea komeni den eta zeinek eragiten duen estresik gehien animalietan. Hobekuntzak lor daitezke, halaber, instalazioen diseinuan aldaketak eginda edo espezieei erraztasunak emanda jokabide naturala ager dezaten. Ongizateak hobetu egiten du produktibitatea, eta, horregatik, inbertsio handiagoak eginda ere, ekonomikoki merezi lezake.

Elikadura arloko industria aurrera egiten ari al da?

Enpresa handiak oso inplikatuta daude. Global Coalition for Animal Welfare plataforma sortu da ekoizpen katean ongizate estandarrak ezartzeko. Dinamika hori geldiezina da eta ongizatea oso kontuan hartu beharko dute merkatuan jarraitu nahi duten enpresek.

Aski al dira Espainiako eta Europako araudiak?

Europa buruburuan dago; arazoa da nola ezarri eta nola egiaztatu araudia betetzen dela. Heziketa gehiago behar dugu eta balioa eman behar zaio abeltzain onen lanari. Sortzen ari garen ezagutza berrien transferentziak lagundu egingo du animalien erabilerari eta osasunari lotuta dauden alderdi asko hobetzen.

ETXALDEKO ZORIONA, MAHAIKO OSASUNA

Animaliek osasun hobea edukitzeak badu bere ondorioa pertsonen ongizatean. Antoni Dalmauk dioenez (albaitaria da eta IRTAko ikertzailea), animalien estresak baldintzatu egiten du haien osasuna eta, ondorioz, haietatik lortzen diren produktuen kalitatea ere bai. “Estrespean daudenean, adibidez tenperatura handiegia dagoelako, energia asko kontsumitu behar izaten dute egoera horri erantzuteko, eta energia hori kendu egiten zaio organismoaren beste funtzio batzuei; adibidez, immunitate sistemari. Egoera hori luzatu eta arazoa kroniko bihurtzen denean, baliteke immunodepresio bat gertatzea eta, ondorioz, joera handiagoa izatea infekzioak harrapatzeko eta sendagaiak hartu behar izateko”, azaldu du. Egoera horiek eragin egiten diete animalia jatorriko produktuen nutrizio kalitateari eta kalitate organoleptikoari. Dalmauk adibide batzuk eman dizkigu: “Animalia jatorriko produktu baten gantz edo proteina kopurua haren egoera orokorraren araberakoa izango da (nutrizio kalitatea). Gizentze garaiko azken fasean estres termikoa jasaten ari den txerri batek freskatu egin nahiko du eta etxaldeko lekurik hezeenak bilatuko ditu. Bainatzeko gunerik ez badu, berak eraikiko du bere gernu eta gorozkiekin. Gizentzeko azken fasean zikina dagoen etxalde batean handitu egiten da haragiak eskatol usain desatsegina hartzeko arriskua, eta kontsumitzaileek baztertu egingo dute. Beste kasu bat. Txahal batek energia asko gastatu behar izaten duenean garraio luzeak eginarazi dizkiotelako, hiltegian denbora gehiegi itxaron behar izan duelako edo hil aurreko orduetan estrespean egon delako, txahal jorrek DFD esaten zaion haragia emango du (Dark, Firm, Dry). Haragi hori ez da izaten hain hezea, ilunagoa izaten da eta pH handiagoa eduki ohi du; ondorioz, errazago hondatzen da.