Lehen ordenagailua erosteko

Zertarako erabiliko den, halako prestazioak

Ikasle batentzat lehen ordenagailua erosteak gastu handia eragiten du eta, kontuan izanik programa informatikoek gero eta memoria handiago behar dutelako ordenagailuek gero eta bizitza laburragoa izaten dutela, ongi aztertu beharko da zertarako eta nork erabiliko duen
1 urria de 2000
Img consejo listado

Zertarako erabiliko den, halako prestazioak

  • Ordenagailua erosi aurretik, ongi pentsatu zertarako erabiliko duzun. Ez da tresneria berbera behar idatzi eta programa errazak exekutatzeko edo hiru dimentsiotako jokoekin etengabe aritzeko.
  • Ikasleentzako ekipo egokiena multimedia sistema izaten da; ikasleentzat pentsaturiko ia programa guztiak kolorean, animazioan eta soinuan oinarritzen baitira.
  • Txikienak kolorearen eta musikaren bitartez eta handixeagoak bideoarekin erakarriko ditugu. Ordenagailuak erabilerraza izan behar du, ikasleek abantailez baliatzen ikas dezaten. Ez da beharrezkoa gaitasun handia izatea.
  • Erraz lan egiteko aukera emango dien tresneria behar izaten dute ikasleek. Erabilgarria izan behar du lanak egiteko, liburuetako testuak sarearen bitartez osatzeko, dokumentuak gordetzeko…
  • Familia guztiarentzako izango den ordenagailuak ez du oso konplexua izan behar, etxeko txikienek ere erabili ahal izan dezaten; baina nagusiek erabiltzeko adina gaitasun ere izan beharko du eta baita jarduera erdi-profesionalak egiteko behar den guztia ere.
  • Potentzia eta abiadura dira ekipoa erosterakoan kontuan izan beharreko beste bi kontzeptu. Aplikazioek leku eta memoria asko hartzen dute. Ordenagailu egokirik eduki ezean, irudiak amaigabe bihurtzen dira eta erabiltzailea aspertu egin daiteke.
  • Gutxienez 400-450 Mhz-eko prozesagailua duen ordenagailua erosi. RAM memoriari dagokionez, 64 Mb izan behar ditu. Disko gogorrak gutxienez 6 Gbkoa izan beharko du aplikazioekin arazorik ez izateko eta CD-ROM irakurgailuak 24x gutxienez. Eta ez ahaztu modem-a, Internetera konektatzeko.
  • Inprimagailua, tinta-injekziozkoa erosi. Kalitatezko inprimaketa eta abiadura eskaintzen ditu aldi berean, ez du zarata handirik ateratzen eta modu onean aurkituko duzu. Hala ere, galdetu kontsumigarrien prezioaz: baliteke inprimagailu merke batek tinta-kartutxo garestiak behar izatea.
  • Bozgorailuak, mikrofonoak eta soinu txartela ere kontuan hartzekoak dira.
  • Seme-alaben ikasketak errazteko, sartu ordenagailuko programen artean entziklopedia bat (ohikoak baino askoz erabilerrazagoa da eta kontsulta azkarrak egin eta lortutako datuak norbere testuan sartzeko aukera eskaintzen du) eta baita hiztegia ere (elebidunak eta eleanitzak daude, hizkuntza jakin batzuen arteko itzulpen automatikoak egin eta hizkuntzak ikasteko programak dituztenak).

Erosketa ona egiteko…

  • Ordenagailua erosterakoan kontuan izan beharrekoak: ekipoaren ezaugarriak, kalitate-prezio erlazio ona, salmenta osteko zerbitzua eta marka.
  • Ez erosi lehen eskaintzan. Galdetu leku bat baino gehiagotan gehien komeni zaizunaren berri. Begiratu non eskaintzen dizuten garantia gehiago, zerbitzurik onena eta ordaintzeko erraztasunik ematen duten. Aldea izaten da batetik bestera.
  • Erosi aurretik, galdetu saldu osteko zerbitzuez. Marka eta banatzaile batzuek etengabeko zerbitzua izaten dute sortzen diren arazoak konpontzen laguntzeko.
  • Markei dagokienez, markarik ezagunenek garantia osoa eskaintzen duten arren, klonikoak ere kontuan hartu beharreko aukera dira, merkeagoak izaten baitira (aldea lehen baino txikiagoa den arren). Konparatu saldu osteko zerbitzuak eta ordenagailu mota bakoitzaren garantiak eta erabaki zein komeni zaizun.
  • Galdetu etxera eramatea eta instalazioa prezioaren barruan dauden. Denda eta banatzaile batzuek instalazioan laguntzeko zerbitzua eskaintzen dute. Dendan emandako oharrak jarraituz ez da zaila izaten laguntzarik gabe egitea, baina informatikan hasi berria bazara, baliteke zailtasunak aurkitzea.