Automobilaren matxurak garaiz antzematea

Zer ote du trastetzar honek...!

Motorreko hotsak matxura larriaren sintoma izan daitezke
1 otsaila de 2005
Img consejo listado

Zer ote du trastetzar honek...!

/imgs/20050201/consejos.01.jpg
Etxeko ibilgailuaren hots eta erreakzio arraroei arreta zuzentzeak dirua aurreztu eta denbora irabazteko aukera eman diezaguke. Bolantearen dardarizo txiki batek gurpila desorekatuta dagoela, pneumatikoak behar bezalako aire-presiorik ez duela edo motelgailuetako bat akastun dagoela esan nahi digu, agian. Arazorik hautematen duzunean jo berehala profesional batengana, zure segurtasuna eta zure ingurukoena auzitan dago eta.

Motorra

  • Ihes-hoditik irteten den kea beltza bada, automobilak behar baino erregai gehiago kontsumitzen du eta, hortaz, kutsadura gehiegi harrotzen du.
  • Ke horren kolorea zuri urdindua bada, ibilgailuak olio gehiegi irensten duen seinale.
  • Josteko makinaren tankerako soinua ateratzen badu, baliteke motorrak balbula eta take -espeka-ardatzaren egintza sarrera eta ihes-balbuletara eroarazten duten elementu mekanikoak- bat edo gehiagoren arteko lasaiera ohikoa baino handiagoa izatea.
  • Motorra abiatzen ez bada eta, giltza biratzean, “eztarri garbitzearen” antzeko hotsa antzematen baduzu, oso litekeena da abiarazteko motorraren eskuilak itsatsiak egotea.

Transmisioa eta enbragea

  • Lehen martxan ateratzen zarenean klok-klok-klok hots jarrai errepikatua aditzen baduzu, baliteke transmisio-muturrean (“juntura homozinetikoa” deritzote teknikariek) arazorik izatea.
  • Enbrageko pedala sakon kalkatu eta martxa bat sartzean hots metalikoa (“martxak zarrastatu egiten du”) entzuten baduzu, azter ezazu enbragea.
  • Enbrageko pedala libre dagoela, azeleragailukoa zanpatzen duzunean erreboluzio-kopurua ugaldu bai baina automobilak behar bezalako abiadura hartzen ez badu, enbragea labaindu egiten den edo pedaletik egintza eroanarazten duen haria hautsia dagoen seinale.

Pneumatikoak

  • Bolantea ohi baino zailtasun handiagoz biratzen baduzu, baliteke aurreko gurpilen behar baino aire-presio txikiagoa edukitzea, gidagailuaren koipeztaketa egokia ez izatea edo ibilgailuak karga handiegia eramatea.
  • Galtzada-harrizko zoladuraren gainean dardarizo gehiegi egiten badu, baliteke aurreko gurpilek behar besteko aire-presiorik ez izatea edo ibilgailuak karga handiegia eramatea.
  • Egokiro asfaltaturiko zoru gainean zoazela, bolanteak dardarizo txiki bat (metraileta antzera) agertzen badu, oso litekeena da aurre gurpiletako bat ongi orekatua ez egotea.
  • Ibilgailuak alde baterako joera agertzen badu, aurreko gurpiletako bat lasaiegi dago, pneumatikoak ez daude berdin higatuak edo, bestela, gurpila geldiarazita, karga gaizki banatua edo mangeta okertuta dago: horrelakoetan ardatzaren lerrokadura aztertzea komeni izaten da.

Galga edo balaztak

  • Pedala kalkatzean gogortasun-aldaketarik hautematen baduzu baliteke hodietan airea egotea; beraz, zirkuitua purgatzea komeni da.
  • Balaztari eraginez gelditzean ibilgailuak desbideratzeko joera agertzen badu edo gurpil batek besteak baino azkarrago galgatzen badu, pastillak eta zapatak zikin daude, edo koipez blaituak.
  • Balaztari eragitean igurztearen ordez labaintzea (eta, horrekin batera, txilio antzekoa eragiten duen dardarizoa) atzematen baduzu, pastillaren edo diskoaren azalera kristalizatua dago.

Gidagailua

  • Bolantea gogor hautematen baduzu, aurreko gurpilen behar bezainbesteko aire presiorik ez izatearen, aholkatzen den baino gurpil zabalagoak eramatearen, gidagailu mekanismoa higatua edukitzearen edo motelgailuak gaizki egotearen ondorio izan daiteke.
  • Automobilak direkzio lagundua baldin badauka eta txilio antzeko hotsa egiten badu, likidoa falta du.
  • Ibilgailuak albo batera desbideratzeko joera agertzen badu, aurreko gurpilek presio bera ez edukitzearen ondorio izan daiteke.

Motelgailuak

  • Azter itzazu motelgailuak baldin eta:
  • Automobila gelditzean, muturra gehiegi inklinatzen dela edo ibilgailuak lurzoruaren gorabeherak biolentzia handiegiz islatzen dituela hautematen baduzu.
  • Gauez lurzoru irregularrean zoazela, faroek dardarizo handia agertzen badute.
  • Haizeak albotik jotzen duela, automobila zabuka-zabuka badabil.
  • Pneumatikoak era irregularrean higatzen badira.
  • Bihurgunetan automobila mantsoaraztean bolanteak dar-dar egiten badu, baliteke biratu dugun alboko aurrealdeko motelgailua akastun egotea edo, bestela, balezta gaizki egotea.
  • Aurrealdean edo atzealdean hots bortitzak aditzen badituzu, hori izan daiteke motelgailua edo gertuko elementuren bat puskatu izanaren seinale edo silentblock izenekoak -metalezko bi piezaren arteko gomazko junturak- egoera txarrean egotearen ondorio.