Lapurretak: sakelekoa

Zer egin esku telefonoa lapurtu digutenean?

Esku telefonoa galdu badugu edo lapurtu badigute, berehala jakinarazi behar zaio telefono konpainiari, linea baliogabetu dezan eta terminala blokeatu
1 iraila de 2009
Img derechos listado 173

Zer egin esku telefonoa lapurtu digutenean?

Egungo gizarte- eta kontsumo-ohiturek ia ezinbesteko bihurtu dute esku telefonoa, eta jendea kezkatu eta estutu egiten da telefonoa galtzen duenean edo lapurtzen diotenean. Eta ez diruagatik soilik. Esku telefonoan hainbat zenbaki, helbide eta hitzordu bildu ohi ditu jendeak, eta horiek guztiak ere galdu egiten dira telefonoarekin batera.

Telefonoak objektu txikiak dira, oro har, eta nahi baino errazago galtzen dira; lapurrek ere begiz jota edukitzen dituzte, diru zorroak bezala. Hori dela eta, gomendioa egin die herritarrei Telekomunikazioen Espainiako Estatu Idazkaritzak: kreditu txartelekin edo diru zorroarekin jokatzen duten bezala ibili behar dute esku telefonoarekin ere, zuhurtasunez erabili behar da eta ez da toki agerian utzi behar. Telefonoa lapurtuz gero edo galtzen badugu, azkar hartu behar dira neurriak hura blokeatzeko.

Zer egin behar da esku telefonoa lapurtu badigute edo galdu badugu?

SIM txartela eta terminal mugikorra baliogabetu behar dira. Salaketa jarriz gero, balioa galduko dute eta ezingo dira erabili, kreditu txartelekin gertatzen den bezala.

Nola egiten da hori?

Erabiltzaileek, izan kontratudunak edo aurrez ordaintzen dutenak, eskubidea dute eskatzeko telefonoa blokea diezaieten. Horregatik jakinarazi behar zaio lehenbailehen operadoreari zer gertatu den, eta hark datuak eskatuko dizkigu terminal mugikorra eta SIM txartela blokeatu ahal izateko: telefono zenbakia eman beharko diogu eta terminal mugikorraren (IMEI) kodea. Era horretan, konpainiak berehala baliogabetuko du linea eta terminala blokeatzeko prozesua hasiko du, inork ez dezan iruzurrik egin ez terminalarekin ez SIM txartelarekin.

Zer da IMEI delako hori eta non aurki dezaket?

Ibilgailu baten xasis zenbakiaren antzeko zerbait da. Esku telefonoa identifikatzen duen zenbakia da IMEI (International Mobile Equipment Identity esan nahi du, Tresna Mugikorren Nazioarteko Identitatea). Esku telefonoarekin etorri ohi diren dokumentuen artean egoten da, edo ordainagirian. Baterian ere idatzita egoten da, eta modelorik gehienetan *#06# sakatuz lor liteke.

Polizia etxean jarri behar izaten da salaketa?

Telefonoa lapurtu badigute edo ebatsi (bortxarik gabe eraman badigute, alegia), polizia etxean jarri behar da salaketa, eta telefono zenbakia eta IMEI kodea eman behar zaizkie. Zigor Kodeak sei hilabetetik bi urte arteko kartzela zigorra eta isuna ezartzen die dirua irabazi asmoz telekomunikazio tresnen identifikazio zenbakia aldatu edo bikoizten dutenei, edo iruzurrezko aldaketaren bat jasan duten tresnak saltzen dituztenei.

Eta telefonoa galdu bazaigu?

Galdu egin badugu, SIM txartela blokeatzea izan liteke aukera bat. Hori egin ahal izateko, telefono operadoreari deitu eta behin zenbakia emanda, txartel horrekin ezingo da deirik egin telefonotik. Gero agertuko balitz eta erabili nahiko bagenu, beste txartel bat jar dezakegu edo operadoreari eska diezaiokegu telefonoa desblokeatzeko. Komeni da leku seguruan idatzita edukitzea SIM zenbakia eta telefonoaren IMEI kodea.

Eta gero, zer?

Zaila izaten da esku telefono lapurtuak berriz eskuratzea, eta, beraz, telefonoarentzako asegururik egin badugu, lehenbailehen jakinarazi behar diogu aseguru konpainiari zer gertatu den. Telefonoa lapurtu egin badigute, polizia etxean jarri dugun salaketaren kopia bat aurkeztu behar diogu konpainiari, eta jarraian, polizak zein klausula dituen ikusi beharko da. Aseguru hori egiteko orduan, ongi begiratu behar izaten da zein estaldura dauzkan eta zein arrisku uzten dituen kanpo, eta egiaztatu egin behar izaten da barne hartzen dituela bai lapurreta eta bai ebasketa.

Aseguruak ez al du erantzuten, lapurtu beharrean, ebatsi egin badigute?

Lapurreta kontzeptua ez dute berdin-berdin ulertzen zigor legediak eta Aseguruak Kontratatzeko Legeak; azken horrek zabalxeago jokatzen du, eta barne hartzen du ebastea edo bortxarik gabe eramatea ere. Auzitegien epai gehienek esaten dute lapurreta-polizek erantzun egin behar diotela, lehen batean, bai lapurretari eta bai ebasketari, salbu eta ez badute berariaz esaten ebasketa kanpo geratzen dela eta aseguru-hartzaileak hori onartu badu.

Eta konpainiak uko egiten badio kaltearen ordaina emateari?

Aseguru polizarekin edozein arazo sortzen bazaigu, lehen-lehenik saiatu behar dugu konpainiarekin berarekin ados jartzen. Poliza aztertu beharko da, zer hartzen duen barne eta zer uzten duen kanpo, eta egiaztatu beharko da hartzaileak onartu eta sinatu egin dituela klausula guztiak. Eta hala komeni balitz, pausoak emango genituzke erreklamazio bat jartzeko, aseguruen alorrean erabili ohi diren bideetatik: erakunde horrek izango du Bezeroak Babesteko Bulegoa, eta hara jo behar genuke konpainiarekin ados jarri ezean. Bulego horrek bi hilabeteko epea izaten du kontsumitzaileari erantzuteko. Ez badu erantzuten edo erantzuna ez bazaigu egokia iruditzen, Aseguruduna Babesteko Ordezkariarengana jo beharko dugu. Egiten ditugun urrats guztiak idatzizko dokumentuetan bildu behar dira.

Pertsona bati esku telefonoa lapurtu diote autotik, aparkaleku pribatu batean zeukala. Aparkalekuaren jabe den enpresak badu erantzukizunik?

40/2002 Legea mintzo da horretaz; azaroaren 14koa da, eta ibilgailuentzako aparkalekuen kontratua arautzen du. Han esaten denez, erabiltzailearen ardura da osagarri ez-finkoak eta lekutik atera daitezkeenak gordetzea (irratikaseteak eta esku telefonoak, esaterako), eta ez dagokio aparkalekuaren jabeari horien ordaina ematea.

Eta jatetxe batean edo tabernan gertatzen bada? Jabeek badute erantzukizunik han barruen gertatzen diren ebasketen inguruan? Tabernei eta jatetxeei berez dagozkien eta eskatzen ahal zaizkien zerbitzuen artean, ez da ageri besteren ondasunak zaintzea inork eraman ez ditzan (esku telefonoak, poltsak edo arropa). Objektu horiek harreragunean utziko bagenitu edo jantzitegian, propio horiek gordetzeko lekuan, alegia, orduan bai, zerbitzuaren jabeak erantzun behar luke.

Aholkuak

  1. PINa aktibatuta eduki behar dugu eta leku seguruan gorde behar dugu IMEI edo terminalaren identifikazio kodea.
  2. Esku telefonoa erabili behar ez dugunean, ez dugu edukiko agerian. Saltoki publikoetan, ez dugu utziko telefonoa mahai gainean, aulkietan, salmahaietan edo poltsa agerikoetan. Ibilgailuetan, berriz, ez da utzi behar aginte-panelaren gainean edo ondoko eserlekuan.
  3. Lapurtzen badigute, salaketa jarri behar da hurbilen daukagun polizia etxean: telefonoaren zenbakia eta IMEI kodea eman beharko ditugu. Operadorea jakinaren gainean jarri behar da linea eten dezan; horiei ere IMEI kodea eman beharko diegu. Ondoren, asegururik baldin badugu, konpainiari jakinarazi beharko diogu zer gertatu den.
  4. Poliza arretaz irakurri behar dugu eta kontratuak zeri erantzuten dion galdetu. Ahoz esaten digutena ez da aski: idatziz dagoena soilik bete behar dute derrigorrez alde guztiek. Polizaren kopia bat gorde behar dugu beti, eta ordainagiriak ere bai.