Abiadura gidatzean

Zenbat eta azkarrago orduan eta segurtasun urriago

Gehiegizko abiadurak trafiko ezbeharren maiztasun eta larritasuna areagotzen ditu
1 maiatza de 2008
Img listado motor

Zenbat eta azkarrago orduan eta segurtasun urriago

Hizkuntza denetan aldarrikatu da, era guztietako euskailuak baliatuz, baita mehatxuzko -puntuak galtzea- edo pertsuasiozko -gizarteko ordezkari nabarmenenen adierazpenez- metodoez ere: gehiegizko abiadurak hil egiten du. Mezua behin eta berriro errepikatzeak, ordea ez du eragin onik izan gidarien artean. Aste Santuan bertan, Espainiako errepideetan 63 pertsona hil ziren, istripu horien arrazoi nagusia, berriro ere, abiadura izanik. Abiadura egokia zein den denok omen dakizun arren, azkarregi ibiltzearen ondoriozko ezbeharrak goraka doaz etengabe. Horregatik, segurantziaz zirkulatuko badugu, finkaturiko mugak errespetatu, azeleragailutik oina altxatu eta abiadura bidearen ezaugarrien arabera eta egoera meteorologikoaren arabera egokitu beharra dagoela izan behar dugu gogoan. Kontua iristea baita, ez azkarren ibiltzea.

Abiaduran eragina duten faktoreak

  • Gidariaren jokaera
    • Gidari gazte gehientsuenak batez bestekoak baino azkarrago doaz, Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren (ETZN) arabera.
    • Ibilbide luzea egiten duten gidariek, normalean, lekualdaketa laburra egiten dutenek baino azkarrago joateko joera dute.
    • Azterlan batzuek erakutsi omen dutenez, gidaria errepidearekin ohitua egotearen arabera aldatzen da abiadura: bidea zenbat eta hobeto ezagutu, hainbat eta azkarrago doa.
  • Errepidearen ezaugarriak
    • Abiadura gehien mugatzen duen faktorea peralteak konpentsatua ez dagoen oinplanoko kurbatura da, horrek gidariarengan sortarazten duen azelerazio zentrifugoaren (barnetik kanporantz) sentsazioagatik,.
    • Bide konbentzionaletan eta hirigunean gertatzen dira abiadura-mugak gainditzeagatiko ezbehar gehienak.
    • Bihurgune irekiak dira tarterik arriskutsuenak gehiegizko abiaduraz doan ibilgailuarentzat, gidariarengan konfiantza gehiegi sortarazten dutelako.
  • Egoera meteorologikoa
    • Lainoak ikusgarritasuna moteldu eta, batzuetan, abiadura-murrizketa bortitzegiak eginarazten ditu. ETZN-ek jakinarazi duenez, kazkabarra ari duenean gertatzen diren istripuetan inplikaturiko gidarien %52 gehiegizko abiadura doa.
    • Euria ari duenean, istripuen %24renkausa abiadura desegokia da.
  • Egokiera arriskutsuak
    • Ezbeharra izateko arriskua, bihurgunea abiadura desegokian hartzean, hirukoiztu egiten da.
    • Terrenoaren gorabeherek, gauez joateak, keak, landarediak, argiengatiko itsutzeek, etab.ek, gehiegizko abiaduran, istripua nozitzeko arriskua 1,5ez biderkatzen dute.
  • Abiadura eta ezbeharren larritasuna
    • Istripuan hiltzeko arriskua, abiadura desegokian, 1,6 aldiz handiagoa da.
    • Gehiegizko abiadurak errepideko ezbeharretako hildakoen kopurua bikoiztu egiten du eta lesio larriagoak noziarazten ditu.

Abiadura eta gorabehera bereziak

  • Abiadura-mugak errespetatzea ez da aski. Abiadura egokia bidearen ezaugarriek eta meteorologiak, besteak beste, determinatzen dute: ager dakiokeen zeinahi ustekabekoren aurrean gidariak ibilgailua dominatu behar du abiada horretan.
  • Gauez bazabiltza gurutze-argiarekin, ez gainditu 90 kilometro orduko abiadura.
  • Intentsitate ertaineko euria ari duenean gutxitu abiadura orduko 10 – 20 kilometroz.
  • Bihurgunean, gurutze-argiarekin bazabiltza, murriztu agindutako abiadura %10ez; euria ari badu, %30ez; izotz arriskua dagoenean, %60z.
  • ez da komeni izozturiko errepideetan ibiltzea baina beste erremediorik ez baduzu, murriztu abiadura %60z.
  • Norabide-panelek, gidariari bihurgunearen traiektoria adierazteaz gainera, baimenduriko gehieneko abiadura zenbat murriztu behar den erakusten dute: 15 – 30 km/h, 40 – 45 km/h edo 45 baino gehiago.

Gehiegizko abiaduraren ondorioak

  • Hiru istriputik bat baino gehiagotan abiadura desegokia da eta, horren ondorioz, hildakoen kopurua 1,5ez biderkatzen da.
  • Hildakoak izan diren trafiko istripuen %37ren kausa abiadura da: ezarritako muga gainditu delako, era desegokian zirkulatzearren edo mantsoegi joatearren.
  • Gidariak maneiatzeko modua inguruko baldintzen arabera ez egokitzearren gertatzen dira abiadura handiegiagatiko istripuen %83.
  • Abiadura zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gidariaren ikus-eremua murritzagoa da, 30º angelura iritsi arte, 130 – 150 kilometro orduko abiadan dabilenean. Geldirik dagoela, berriz, pertsona normal baten ikuspen binokularra 180ºtan zabaltzen da.
  • Bihurgunera zenbat eta abiadura azkarragoan iritsi, orduan eta tarte horren balizko segurantzi eza handiagoa da.
  • Intersekzio batean, larrialdiz iheseko maniobrak egiteko aukerak urriagoak dira abiadura handiagoa bada.
  • Ibilgailuak oztopo finko edo mugikorraren aurka (edo zoruaren kontra, ibilgailua iraultzen denean) talka egiteko abiadura zenbat eta handiagoa, istripua hainbat eta larriagoa da. Segurtasun-uhala ipinita ez duten bidaiariak hiltzeko kausa nagusiak 25 kilometro orduko azken abiaduratik aurrera agertzen dira eta 40 kilometro orduko abiaduratik aitzina, berriz, segurtasun-uhala jarrita daukatenentzat.. Lehen kasuan, 50-55 km/h-ko abiaduran hiltzeko probabilitatea %50ekoa da; bigarrenean, 65 km/h-ko abiaduran. Orduko 120 kilometroko abiaduran gertaturiko talka 54 metrotik erortzearen pareko da.

Abiadura-erregulatzaile eta mugatzaileak

Dispositibo elektroniko horien bitartez ibilbide luzean erabiltzaileak mantendu nahi duen (erregulatzailea) edo behin ere gainditu nahi ez duen (mugatzailea) abiadura jakin bat finkatzen du.

Erregulatzaileak abiadura jakin bat automatikoki finkatzen dio ibilgailuari, pedalari etengabe eragin beharrik izan gabe, motorra maldan gora azeleratuz eta aldapaz behera pittin bat geldiaraziz, abiadurak gorabehera latzak nozi ez ditzan. Sistema automatikoki desaktibatzen da, gidariak frenoa edo azeleragailua ukitzean; horri esker, ustekabeko baten aurrean dispositibo horrek ez du traba egingo.

Mugatzaileak, adierazitako abiadura gainditzera doala, gidaria abisatzen du. Ez dio kentzen oina azeleragailuan eramateko lana, beraz. Ohartarazpena azeleragailuan “gune gogor” gisa agertzen da: horri esker gidariak badaki abiadura-mugatik hurbil dabilela. Baina azeleragailua indarrez zanpatzean mugatzaileak funtzionatzeari uzten dio.

  • Ez erabili abiadura erregulatzailerik errepide bihurgunetsuetan, trafiko handikoetan, lainoa dagoenean, euri jasa ari duenean, eta azalera labainkorretan.
  • Mugatzailea biziki baliagarria da hiri barneko zirkulazioan eta abiadura mugatuko tarteetan (errepideko obrak, etc.).
  • Sistema funtzionatzen ari den arren, zabiltza erne trafikora so, zaude prestaturik ibilgailuko aginteetan noiznahi, dispositibo horiek ez baitira inola ere gidariaren ordezko.