Finantza-produktuak alderatzeko guneak

Preziorik onena denborarik laburrenean

Finantza-produktuetan aukerarik eta eskaintzarik onenak non dauden erakusten dute: kontu korronteak, hipotekak, gordailuak, aseguruak...
1 urtarrila de 2010
Img economia listado

Preziorik onena denborarik laburrenean

Krisia bezalakorik ez dago jendearen begia zorrozteko. Askorik begiratu gabe erostera ohituta geunden, zer ikusi hura erosi, baina orain aurreztu beharra dago, eta denbora eta ahalegin gehixeago jarri ohi dugu prezioak alderatzen. Bai ohiko gastuetan, eta zer esanik ez aseguruak edo hipotekak kontratatzerakoan. Internet bihurtu da horretarako tresna, eta kolpe batean erakusten ditu zein finantza-produktu diren onenak, zeinek eskaintzen dituen zerbitzu, estaldura eta komisio egokienak. Doakoak izaten dira (horixe dute alderik erakargarriena), eta segundo gutxiren buruan erakusten dute zer dagoen non: kontu korronteak, gordailuak, maileguak, era guztietako aseguruak… koadro batean jartzen dituzte guztiak, bakoitza bere prezioarekin, erabiltzaileak aldera ditzan. Gida moduan erabiltzekoak dira, baina ez da ahaztu behar honako hau: horietan ez dira agertzen merkatuko erakunde guztien datuak, eta emaitzak, beraz, mugatuak izateaz gain, alde batera lerratuak ere izan daitezke.

Zein dira?

Bankimia.com, elsuperdeldinero.es, iahorro.com edo elcomparador.com dira bilatzaile horietako batzuk, eta kontu korronteak alderatzen dituzte, epekako gordailuak, maileguak, eta abar. Aseguruan arloan, berriz, Segurosbroker, lapoliza.com, Arpem, Asesorseguros eta Rastreator dira ezagunenetakoak.

Merkatuan dauden aurrezki-tresna nagusien informazioa ematen dute, eta doakoak izateaz gain, azkarrak eta erraz erabiltzekoak ere badira. Horiexek dituzte ezaugarri nabarmenenak. Iparrorratz erabilgarriak izan daitezke, une honetan lehia handia baitago finantza-erakundeen artean (nork zer merkeago eskaini ari dira).


Gerta daiteke gune hauek eskaintzen
dutenetik kanpo produktu
erakargarriak egotea

Erabiltzaileak aukeratu egin behar du zer sailetako datuak ikusi nahi dituen, eta sailkapen bat agertuko zaio segidan, etekin gehien edo preziorik onena eskaintzen duten produktuen araberakoa. Horrez gain, bestelako informazioa ere ematen dute: zer-nolako lotura eskatzen duten, zer betekizun ezartzen dituzten, zer komisio dauzkaten…

Aseguruen sailean ere zerrendak erakusten dituzte, eta gerta daiteke poliza bera % 50 garestiagoa izatea erakunde batetik bestera. Finantza-produktuetan, berriz, kontu korronteen sailean, adibidez, % 1eko etekina ematen dutenak aurki daitezke, eta % 3,5ekoa ematen dutenak ere bai. Aldea ez da nolanahikoa, beraz.

Finantza-produktuak alderatzeko izan, edo aseguruak alderatzeko izan, aldatu egiten dira guneen berezitasunak eta funtzionatzeko era.

1. Finantza-produktuak alderatzeko guneak

Zer eskaintzen dute eta nola funtzionatzen dute?

Bankimia edo elsuperdeldinero.es guneak produktu jakin batzuetan espezializatuak daude: bankuek eskaintzen dituzten tresnei buruzko informazioa ematen dute, kontu korronteei, gordailuei edo hipotekei buruzkoa, hain zuzen ere. Norberak zer sail nahi duen hautatu behar du, eta berehala agertuko zaio zerrenda, merkatuko produktu erakargarriak sailkatuta dituela.

Kontuentzat eta gordailuentzat, aski lagungarriak dira alderatzeko guneak, interes handiena zer erakundek ematen duen erakusten baitute. Gainera, multzo bat baino gehiago bistaratzen dituzte: kontu korronteak, lansari-kontuak eta aurrezki-kontuak. Informazio osagarria ere ematen dute, bankuek zer komisio dituzten eta zer lotura eskatzen duten, eta hori ere oso aintzat hartzekoa izaten da.

Hipoteken sailean, interes tasa erabiltzen dute irizpide moduan. Horri esker, hipotekarik lehiakorrenak non dauden jakin dezake erabiltzaileak, eta kuotarik txikienak non ordaindu beharko dituen. Zenbait gunek aukera osatuagoak aztertzeko modua ere ematen dute; Bankimiak, adibidez: gazteentzako hipotekak ikus litezke; zubi-hipotekak, % 100 finantzatzen dutenak, baina hasieran gutxiago ordainduz eta gero gehiago; interes finkokoak; 40 urterako hipotekak; 50 urterakoak; gabezialdiarekin; subrogazioarekin…

Erabiltzaileak burtsako agenterik merkeena bilatu nahi badu, horretarako ere erabilgarriak dira gune horiek. iahorro.com, guneak, adibidez, balioak saltzen eta erosten dituzten burtsa-bitartekarien berri ematen du, eta komisiorik txikienak nork kobratzen dituen jakin liteke.

Abantailak

  • Azkarrak dira: azkartasuna da, zalantzarik gabe, gune horien abantailarik onena, eta denbora galtzen ibili beharrik ez izatea.
  • Doakoak: doan begiratu daiteke. Finantza-erakundeek iragarkiak jartzen dituzte atari horietan, eta hortik eskuratzen dituzte diru sarrerak.
  • Eskaintza zabala dute: produktuen zerrendetan informazio ugari agertzen da. Gordailuen sailean, esaterako, 1.000 produkturen berri ematen dute. Kontu korronteen sailean, 300 kontu mota ere aurki daitezke zenbait ataritan. Hipoteken sailean, berriz, 600 mailegu mota ageri dira…

Eragozpenak

  • Lagina ez da osoa: atari horiek etekina bilatzen dute, jakina, eta finantza-erakundeen iragarkietatik lortzen dute. Eta pentsatzekoa da, zerrendetan ere, finantza-erakunde horiek agertuko direla, iragarkiak jartzen dituztenak, alegia. Merkatuan dauden erakunde guztien berri ematea dute helburu, baina oraingoz, % 60ren berri baino ez dute ematen. Zenbait banku, aurrezki kutxa eta bestelako finantza-erakunde batzuk, beraz, ez dira ageri gune horiek ematen dituzten zerrendetan. Handienak ia guztietan ageri dira, merkatuko kuotarik handiena dutenak, alegia. Gerta liteke, hala ere, gune horiek erakusten dutenetik kanpo produktu erakargarriak izatea, are baldintza hobeak eskaintzen dituztenak.
  • Interes ekonomikoa daukate: esan bezala, finantza-erakundeek jartzen dituzten iragarkietatik ateratzen dituzte irabaziak, eta, beraz, erakunde batek iragarkia jarri izana eta beste batek ez, horrek ere eragin dezake emaitzetan eta produktuen sailkapenean.
  • Mendekotasuna sor liteke: garrantzitsua izaten da bilatzailea independentea izatea, hau da, ez dezala finantza-erakunde batek finantzatu, haren produktuak zerrendaren buruan jartzeko. Bankimia, iahorro.com eta el superdeldinero ez daude finantza-erakunde jakin baten mende, baina elcomparador.com, aldiz, Bankinter-ek sortua da. Erabiltzaileak tentuz begiratu behar du erakunde jakinen mende dauden guneetan, joera izaten baitute beren produktuak jartzeko onenen lekuan, eta ez dituzte aintzat hartzen merkatuan egon litezkeen eskaintza hobeak.
  • Informazio-gidak baino ez dira: produktuak erosteko orduan, finantza-erakundeetara jo beharra dago. Bezeroak produktu jakin bat hartu nahi badu, hori eskaintzen duen erakundearen bulegoren batera joan beharko du.
  • Beti ez daude eguneratuta: Bankimiak ziurtatzen du erakundeen webguneetatik ateratzen dituela datuak, eta bezeroari arreta emateko zerbitzura deituz ere bai. Merkatua maiz-maiz aztertzen dute, eta erakundeek produktuei egiten dizkieten aldaketak txertatzen dituzte euren atarietan. Dena dela, alderaketa-guneek eurek onartzen dute datuak beti ez direla egoten eguneratuta.

2. Aseguruak alderatzeko guneak

Zer eskaintzen dute eta nola funtzionatzen dute?

Aseguruei dagokienez, bi taldetan bana daitezken alderaketa-guneak. Batetik, aseguru-artekaritza moduan ari direnak daude, Segurosbroker eta lapoliza.com, esaterako. Alderaketa egiteko zerbitzua emateaz gain, hautatzen duen poliza on-line kontratatzeko aukera ere ematen diote bezeroari. Bestetik, aseguru etxeen datuak ematera mugatzen diren guneak daude (prezioak, estaldura…); horiek ez dute aukerarik ematen euren web orrialdeetatik asegururik kontratatzeko.

Lehen motako bilatzaileak autoen polizei buruz aritzeko soilik sortu ziren, ibilgailu mota horrentzako polizak alderatzeko. Baina eskaintza ugaritu egin da poliki-poliki. Egun, autoen polizei buruzko prezioak ez ezik, beste hainbat aseguru motarenak ere aurki daitezke: motorren aseguruak, etxekoak, bizi-aseguruk, osasun-aseguruak, nekazaritzako makinenak, etxejabe elkarteenak, heriotza-aseguruak eta etxe-animalienak ere bai.

Abantailak:

  • Aurreztu egiten da: aseguru berak % 50eko aldea ere eduki dezake erakunde batetik bestera. Osasun-aseguruetan, % 30ekoa izan daiteke aldea.
  • Mugarik gabe begiratu daiteke: izenik eman gabe ibil daiteke erabiltzailea web orri guztietan begira; aseguru etxe nagusiek dituzten produktuen eta prezioen berri ematen dute on-line, estaldurak eta prezioak alderatu daitezke, eta egin dituzten aurrekontuak gorde litezke.
  • Zerbitzu osagarriak ematen dituzte: on-line aritzen diren artekaritzen bidez aseguru bat kontratatuz gero, erabiltzaileak lege- eta administrazio-aholkularitza izango du istripu bat izaten duenean.
  • Informazio fidagarria da: erakundeen zerbitzari nagusietatik ateratzen dituzte datuak alderaketa-guneek, eta horiexek jartzen dituzte jendearen eskura.

Eragozpenak:

  • Mendekotasun ekonomikoa dute: ez dute ematen merkatuan dagoen guztiaren berri. Artekaritza-zerbitzua ematen duten guneetan, eurek lan egiten duten konpainien produktuak soilik eskaintzen dituzte. Hau da, euren finantza-bazkideen informazioa baino ez dute ematen. Agertzen direnek, hala ere, merkatuko kuotaren % 80 daukate. Artekaritzan aritzen ez diren guneak independenteagoak dira.
  • Salerosketa baldintzatua izaten da: artekaritza-zerbitzua ematen dutenen prezioak bereziak izan daitezke, haiek baino eskaini ezin dituztenak. Hau da, erabiltzailea zuzenean erakundearekin harremanetan jartzen bada, agian ez du lortuko halako preziorik. Eskaintza artekari edo bulego jakin batek egiten du, eta gerta daiteke erabiltzailearentzat ez izatea egokiena, urrun geratzen zaiolako edo.