Pentsio eta etxebizitza plana, desgrabatzeko bide

Pentsio planak, etxebizitza kontuak eta hipotekak, zergak kentzeko zerrendaren hasieran agertzen dira, PFEZ-en lege berriak ekarritako nobedadeak gorabehera
1 abendua de 2007
Img eco domestica listado 225

Pentsio eta etxebizitza plana, desgrabatzeko bide

“Dena azken egunean” sindromearen biktima, desgrabazio hoberenak eskuratzeko interesa duten aurreztaile asko urte amaierara arte ez dira gogoratzen finantza-aukerak kontsultatzeaz. Horrelako trenak baliatzea bereziki interesgarria da orain, fiskalitatea aurreko urteekiko aldatu egin delako, 2007ko urtarrilaren 1ean PFEZ-i buruzko lege berria indarrean sartu delako. Aldaketak aldaketa, pentsio planak, etxebizitza kontuak eta hipotekak zergak kentzeko lanabesik hoberenak ditu aurreztaileak oraino. Halaz ere, ekitaldi honetan sartu diren berrikuntzak gogoan hartu behar dira, maiatzean zergapekoak aurkeztuko duen errenta aitorpenean eragin praktikoak estreinakoz izango baitituzte.

Pentsio planak

Norbaitek zerbait aurrezteko suertea eta aukera baldin badu, bere pentsio planean ekarpenak egitea komeni zaio, oso: horixe da, gaurkoz, onura fiskal ukaezineko praktika polita. Pentsio plan batean eginiko ekarpenek errenta zerga-oinarria murriztu egiten dute, hots, diru-sarreretatik kentzen dira. Hortaz, ordaindu behar izatekotan, zergapekoak ordaindu behar dituen zerga-kopurua murrizten dute edo, bestela, Ogasunak itzuli beharreko kopurua handitu egiten dute. Nolanahi ere, PFEZ-ren zerga-oinarria murrizteko horrelako produktu bati egin dakizkiokeen ekarpenei goiko muga ezarria zaiela izan behar da kontuan.

2007ko urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen erreforma fiskalak Estatu espainiarreko lurralde orokorrean, 56 urte arteko aurreztaileek egin ditzaketen ekarpenen muga aldatu egin zuen: 2006ra arte, ekarpenen muga orokorra urteko 8.000 eurotan zegoen eta, 53 urtetik aurrera, urte bakoitzeko, 1.250 eurotan gehitzen zen, 24.250 euroetaraino iritsi arte. 2007ko urtarrilaren 1etik, berriz, 50 urteak arte, ekarpenak 10.000 eurokoak izan daitezke eta, adin horretatik aurrera, berriz, 12.500 eurokoak ere.

PFEZ-ren zerga-oinarra murrizteko pentsio planetara egin daitezkeen gehieneko ekarpenak
Parte-hartzailearen adina (urte) Epe-muga (2006 arte) Epe-muga (2007tik)
50 arte 8000 10000
51 8000 12500
52 8000 12500
53 9500 12500
54 10500 12500
55 11750 12500
Más de 65 0 (1) 12500

(1) 2006ko abenduaren 31ra arte ezin egin daiteke, norberaren erretiratze- edo menpekotasun-sariaren ekarpena

Pertsona Fisikoen gaineko Zergaren azken erreforman sartu den nobedadeetako bat: 65 urtetik gorako parte-hartzaileei -erretirodunei orobat- beren erretirorako ekarpenak (12.500 euro artekoak) egiteko aukera ematen zaie, dagoeneko prestazioa kobratzen hasiak ez badira. Iaz arte erretiratuek ekarpenak herederoen alde bakar-bakarrik egin zitzaketen baina ez beraiek baliatzeko, orain gertatzen den legez.

Hobe dugu jakitea, edonola ere, 10.000 euroko muga hori ezingo dela izan lan-mozkinen eta jarduera ekonomikoen %30 baino handiagorik izan eta, era berean, 50 urtetik gorakoen kasuan, 12.500 euroko kopuru hori ezingo da izan aipatutako kontzeptuen %50 baino handiagorik.

Kontuan izan dezagun, era berean, Euskadiko Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan arautegiak ez direla berdin-berdinak. Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban ekarpenen gehieneko muga 8.000 euro da 52 urtera arte eta beste 1.250 euro gehiago, 52 urtetik gorako urte bakoitzeko 24.250 euroak osatu arte. Nafarroan, ekarpenen gehieneko muga 8.000 euro da (kopuru hori lanagatik erdietsitako mozkinen %30 baino handiagorik ez bada) eta 12.500 euro (edo lanagatiko mozkinen %50), berriz, 50 urtetik gorakoentzat. Pentsio planean urterik urte eginiko ekarpenak zenbat eta handiagoak izan, orduan eta handiagoa izango da kenkari fiskala. Adiera horretan zergapekoak egiten duen ahalegina, beraz, hurrengo errenta aitorpenean saritua izango da.

Pentsio planetan kontuan izan beharreko aholkuak:

  • Sartu ahal duzun guztia pentsio planean, epe luzerako produktua dela eta, premian bazaude ere, zeure dirua berreskuratzerik ezingo duzula kontuan izanik. Egin itzazu ahalik eta ekarpenik handienak baldin eta esku-diru gehiegi badaukazu eta, gainera, horren beharra epe ertainean izango ez baduzu.
  • Zaindu zure pentsio planaren errentagarritasuna: horrekin konforme ez bazaude, baduzu produktuz aldatzea, are erakunde bereko beste bat aukeratzea ere, horregatik Ogasunari ezer ordaindu beharrik izan gabe.
  • Pentsio plana sinatu aurretik, konpara itzazu kudeaketagatiko komisioak: 30 urtean, erakunde bateko komisioetatik bestekoetarako aldeak dirutza izan daitezke.
  • Pentsio planean metaturiko kapitala bakar-bakarrik eskura daiteke titularrak erretiroa hartutakoan edo salbuespenezko egokieretan (langabezia, baliaezintasuna edo heriotza: azken honetan herederoek eskuratuko lukete kapitala).

Etxebizitza kontuak

Aurrezki kontua da, berriro ere, nomina kobratzen duten eta epe labur edo ertainean etxebizitza hartzeko asmoa duten gazteei gehien interesatzen zaien produktua. Kontu horien xedea dirua metatzen joatea da; gero, zergapekoaren estreinako etxea erostera edo ohiko etxebizitzaren lehendabiziko zaharberritzera bideratuko da. Printzipioz, behintzat, zeinahi kontu edo gordailu etxebizitza kontu gisa balia daiteke, bera kontratatu den erakundean horrela adierazten bada eta Ogasunean horrela adierazita geratzen bada.

Kontu horien erakarpenik biziena pizgarri fiskala da, dudarik gabe, lurralde orokorretik EAE eta Nafarroara aldeak badira ere. Lurralde orokorrean (hots, Estatuan, Nafarroa eta Euskal Autonomi Erkidegoan izan ezik), kontu horretan sartzen dugun diruaren %15 kentzea onartzen du Ogasunak, gehieneko muga, urteko, 9.015 euro izaki. Hala ere, abantaila horretaz baliatu ahal izateko, kontuaren titularrak lau urteko epean, gehienez ere, etxebizitza erosteko konpromisoa hartu behar du. Errenta aitorpenean desgrabazioak egiteko aukera ematen duen zerga-ordaintze horretaz baliatzeko baldintza bakarra dago: kontu horretan sartutako dirua, gehienez ere lau urteko epean, etxebizitza erostera edo ohiko etxebizitzan aharberritze-lanak egitera bideratzea.

Nafarroan, kenkari fiskala ekarritako kopuruen %15 da, orokorki, (9.015 euroko muga izaki) baina badira salbuespenak: bi seme-alaba edo gehiago dituzten familiek %18ko kenketa dute eta familia ugariek %30ekoa. Horrelako kontuetan sartutako dirua, kontu irekieraren zerga-epea amaitzetik gehienez ere zortzi urte igaro aurretik etxebizitza erostera edo ohiko etxebizitzan zaharberritze-lanak egitera bideratu beharra dago.

Beste aldetik, baterako aitorpenak direla eta, Nafarroan urteko ekarpen kengarriaren muga 21.035 euro da. Horrez gainera, kenkaria aplikatzen den ekitaldi denetan etxebizitzagatiko kenketen batura ezingo da izan 90.150 euro baino handiagorik, aitorpena indibiduala denean eta 210.350 euro, bi ezkontideek batera egiten dutenean.

EAE-n lanabes hori lurralde orokorrean baino erakargarriagoa da, kenketa fiskal handiagoak lor daitezkeelako. Urtean eginiko aurrezkiaren %18ren gainetik aplikatzen da kenkaria eta, gehienez ere, 2.160 euroko kenkaria egin daiteke, urteko. Muga hori aitorpen bakoitzeko aplikatzen da (indibiduala izan, bateratua izan) eta ohiko etxebizitza erosi edota zaharberritzean (etxebizitza kontuan inbertiturikoez gainera) sartu den kopuruari dagokio. Erkidego horretan, kenketa egiteko eskubidea ematen duten etxebizitza kontuko aurrezki-kopuruak ere, kontu irekieraren zerga-epea amaitzetik gehienez ere sei urte igaro aurretik, etxebizitza erostera edo ohiko etxebizitzan zaharberritze-lanak egitera bideratu beharra dago. Epe barruan horrelakorik egin ez balitz, kenkariari aplikaturiko kopuruak gehi atzerapen interesak huts egin den urte horretako PFEZ aitorpenean sartu beharko dira.

Erkidego horretan, dena den, etxebizitza kontuko aurrezkiari esker eskuratutako kopuruak beste xede batzuetara bideratzen badira ere, kenketaz baliatzeko eskubidea ez da galtzen, urtea bukatu aurretik kopuru hori bere tokian jartzen baldin bada. Kopuruaren parte bat bestelako helburuak betetzera bideratzen bada eta kontura ostera itzultzen ez bada, bideratutako kopuruak gorde diren aurrenak direla ulertuko da.

Etxebizitza kontuetan gogoan izan beharreko aholkuak:

  • Etxebizitza aurki erosteko asmotan bazabiltza, kontu edo gordailu arrunt batean baino hobe duzu etxebizitza kontuan aurreztea: produktu hauen errentagarritasuna oso antzekoa da baina etekin fiskala askoz handiagoa da etxebizitza kontuetan.
  • Errentagarritasun handiko kontua balia dezakezu (Interneten bidez iragartzen direnetako bat, adibidez, %4tik gorako errentagarritasunekoa) etxebizitza kontutzat, zeure erakundeari hala jakinarazten badiozu. Zerga eta errentagarritasun ikuspegietatik aurrezkiari zukuak ateratzeko modurik egokiena izango duzu horixe.

Hipotekak

Hipoteka kreditua kontratatzeak duen alderdi onuragarri bakarra, hain zuzen, faktura fiskala murrizteko balio izatean datza (ohiko etxebizitzaren gaineko hipoteka baldin bada eta ez, ordea, bigarren egoitzen gainekoa). Hipoteka kitatzeko, urtearen buruan ordaindu diren kuotak ere (hilekoak, orokorki) PFEZ-en zerga-oinarritik zuzenki murrizten dira. Hipoteka baten kapitala amortizatzeak ere balio du desgrabatzeko.

PFEZ-en aitorpenean zergapekoak ezarritako 9.015 euro bakoitzetik %15eko kenketa egin dezake (1.352 euro, alegia). Horrelakoetan, 2007ko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Legea indarrean sartzean, hipotekengatiko kenkariak murriztu egin dira, besteren finantzaketaren bidez etxebizitza erosi ondorengo lehen bi urteetan orain arte indarrean zeuden portzentaje handiak desagertu baitira (2006ra arte 1.803 eurorainoko kenketa egin zitekeen baina orain gehienez ere 1.352 euro ken daitezke).

Ohi denez, EAE-k bestelako fiskalitatea du: hipoteka duten zergapekoek urtean 12.000 eurorainoko kenketa egin ahal dezakete. Nafarroan, honetan, lurralde orokorrean dagoen muga dago indarrean, 9.015 euro alegia.

Zere egin daiteke, ordea, hipoteka bat dela medio, kenketa hori izateko… Hilean 751 euro baino munta handiagoko letrak ordaintzen dituztenek PFEZ-tik ken daitezkeen 9.015 euroen kupoa estalia dutenez, ez dute besterik egin behar, fiskalitate hoberenaz onuragarri izateko gehieneko mugak baliatu ahal izango dituztelako. Halaz ere, hipoteka bi pertsonaren artean ordaintzen bada edo hileko kuotak 751 euro baino txikiagoak badira, aurretiaz kapitalik amortiza daiteke, horrela kenkari handiagoak izateko. Hipoteka biren artean ordaintzen bada, adibidez, EAE-n beste 9.015 edo 12.000 euro ere amortiza daitezke, zergapeko bakoitzak bere partea ken baitezake.

Hipoteka indibidualki ordaintzen duten parte-hartzaileek, beren kuota 751 euro baino txikiagoa bada, urte osoan (hamabi kuota, alegia) ordaindu dutena eta 9.015 euro (edo, EAE-n, 12.000 euro) horietaraino iristeko geratzen dena kalkula dezakete. Batetik besterako aldea bankuari amortizazio partzial baten bitartez ordain dakioke, ahalik eta zerga gehien saihesteko.

Hipotekari ahalik eta etekin fiskal handiena ateratzeko aholkuak:

  • Kapitala aurretiaz amortizatzea, baldin eta, urte osoan, hileko kuotak ordainduz, 9.015 euro edo 12.000 eurora iristen ez bada (maileguaren titular bakoitzeko).
  • Kontuan izatea oinarri zergatik ken daitezkeen 9.015 edo 12.000 euro (EAE-n) horiek maileguaren titular bakoitzeko direla.
  • Hipoteka kontratatu zenetik urtebetea igaro ez bada, PFEZ-etik etxebizitza hartzeari dagozkion gastu guztiak (notarioaren lansaria, eskriturak, aseguruak, etab.) kentzeko modukoak direla jakitea komeni da.