Ahoko higienea

Osasunaren eskuila

Ahoa zuzen garbitzeko egunean bi aldiz, gutxienez, pare bat minutuz, hortz-hari eta eskuilez jardun behar dugu
1 maiatza de 2007

Osasunaren eskuila

/imgs/20070501/higienebucal.gifGeroz eta kezka handiagoa agertzen du jendeak ahoko higieneaz baina, halaz ere, zalantza asko dabiltza bizirik oraindik zelai horretan: nola, noiz, zein maiztasunez garbitu behar diren hortz-haginak kariesari saihets egiteko (gaitz hori, Espainiako Hortzen Fundazioaren azken txostenaren arabera, hamar haurretik lauk nozitzen dute; proportzioa lautik zazpira igarotzen da, gaztetxoek 12 urte betetzean).

Gurasoek sortarazi eta iraunarazi behar dituzten ahoko higiene-alorreko aztura egokiak hartzeko adin egokia haurtzaroa da, ohitura horietako bat urtean behin dentistari bisita egitea izaki, errebisioa egin dezan. Azukrearen kontsumoa mugatzeak ere garrantzi handia du, hortz-hagin naturalen iraupena luzarazteko, horiek baliatuz errazago egin baititzakegu murtxikapena eta digestioa. Hortzak egunero eskuilatzea aztura ona baino hobea da eta, gainera, modu soil eta azkarrean egin dezakegu denok: pieza guztiak garbitzeko, eginkizun hau hiru etapatan banatuz (eskuilatzea, hortz-haria eta urez garbitzea), bi minutu hartu behar ditugu.

Aho-hortzen gaixotasunak

  • Plaka. Hortz azalera eta hobietan dautzan bakterioek osaturiko geruza kolorge eta itsaskor hau karies eta hobien gaitzen kausa behinena da.
  • Sarroa. Bakterio-plaka gogortua da. Hortzaren oinean dagoenean dentistak bakarrik suntsi dezake. Hobien ertzean eta azpian ere osa daiteke sarro horikara edo marroia, hobi-ehuna narritatuz.
  • Kariesa. Ahoko higiene eskasak bide ematen du ahoan elikagaien hondakinak -azukrea, batik bat, haginen egitura ahulduari erasotzen dioten mikrobio zenbaiten hazkurri- meta daitezen; hauek sortarazten dituzten azidoek esmaltea suntsitu egiten dute.
  • Gaitz periodontala. Plakak eraginiko patologia kroniko honek hortzen euskarri periodontalaren (oinarri duten hezurra, alegia) galera ohi dakar. Eritasun hau areagotu egiten du tabakoak.
  • Hatsa (halitosia). Populazioaren %40k nozitu edo nozitzen du halitosia, okerreko higienearen edo hobien gaitzaren ondorioz, besteak beste. Arazoa dezente arintzen du hortzak ongi eskuilatu, haria sakon iragan eta ahoa urez betetzeak.

Hortzak bizitza osoan zainzea

  • Sei hilabetetik aurrera. Haurrak sei hilabete duela, aurreneko pieza galtzean hasten da hortzen zaintza. Adin horretan haria edo eskuila erabiltzea ez da beharrezkoa baina hortzak eta hobiak gaza heze batekin xahutu behar dira, biberoia edo bestelako elikagaiak hartu ondoren. Bi urte betetzean egin beharko zaio dentistari estreinako bisita, hark hortz-haginen garapen zuzena egiazta dezan eta, bide batez, haurra higiene-aztura onen bidetik ohi dadin.
  • Sei urtetik aurrera. Adin horretara arte, esne-hortzak erortzen hasten direnean, fluor gutxi daukan hortz-orea eta ile leuneko eskuila baliatu behar dira. Ahora behar bezala garbitzeko zer egin behar den irakatsi behar diete haurrei gurasoek, hortz-haginak egunero garbitzearen garrantziaren kontzientzia harraraziz.
  • Nerabezaroan. Adin horretarako hartuak dira higiene-azturak; hortzak egunean bitan, goizean eta gauean, gutxienez, eskuilatu behar dira. Hortz-oreak fluor gehiago eduki behar du eta haria baliatzea ezinbestekoa da, hortz tarteetan pilaturiko plaka ezabatzeko.
  • Helduaroan. Harturiko aztura onei bizi gareino heldu behar diegu, dentistari aldian behin bisita eginez; are eta garrantzi handiagoa du horrek pertsona edadetsuen kasuan. Etapa honetan, ahoko pH faktorea (azidotasun-maila) egonkortzea, plakaren agerpena kontrolatzea eta kaltzio eta fluorra ekartzea helburu dituen listuaren sekrezioa urritu egiten da etapa honetan.

Eskuila, orea eta haria

Horra hor ahoko higienearen hiru aliatuak, non eta gizakiaren hortz-ezaugarrietara egokitzen diren.

  • Eskuila. Esmaltea kaltetu gabe, elikagai-hondakinak eta bakterioak desagertu behar ditu lanabes honek: ergonomikoa izan behar du, kirten ez labaingarriduna, zurda leun eta buru txikikoa, haginetara ez ezik, aho bazter guztietara ongi iristeko. Eskuilatzeko eragozpenik daukanak eskuila elektrikora jotzeko aukera du. Zurdak hondatutakoan edo, bestela, hiru hilean behin, ordezko pieza berria jarri behar da.
  • Hortz-orea. Plaka desagertze lanetan, eskuilaren laguntzaile. Oreak, fluorra ez ezik, hainbat urragarri (silika edo antzekoak) ere eduki behar ditu, orbanak errazago kentzeko.
  • Hortz-hari edo zeta. Hortz tarteak garbitu eta bertan eta hobi azpian metaturiko plaka kentzeko balio du. Honen egintza osatzeko, ahoa elixirrekin eta likido antiseptikoekin garbitzen da baina ez da, inola ere, eskuilatzearen ordezko.

/imgs/20070501/img.higienebucal.jpg

Nola eskuilatu hortzak, urratsez urrats

Egokiena, hortzak otordu bakoitzaren ostean eskuilatzea da, afari ondoan, batez ere. Lo gautzala, guruinek listu gutxiago ekoizten dute eta hortzek babes ahulagoa daukate, mikrobioen aurrean. Mugimendu labur eta leunez osatuko da eskuilatze zuzena, hobi-ertzak, atzealdeko hagin urrunak eta buxadura, koroa eta bestelako konpontze-lanen inguruko aldeak bereziki artatuz. Egin ditzagun urrats hauek:

  • 1. Goi eta behealdeko hortzen kanpoaldeko azalerak garbitu behar dira, lehenik, eskuila gora eta behera eraginez. Horretarako, eskuila hobi-ertzaren kontra 45º okertu eta ertz horretatik aurrerantz ekarri behar da, presio txikia eraginez.
  • 2. Goi eta behealdeko hortzen barnealdeko azalerak garbitu behar dira ondoren, aurreko urratsean baliaturiko mugimendu eta angelu berberak errepikatuz. Hauxe da gehien baztertu ohi den garbiketa eta garrantzi handienekoa, beraz.
  • 3. Eskuila atzeraka labur-labur higituz, hortz eta haginen murtxikatze-azalerak igurtzi behar dira, hurrena.
  • 4. Igurtzi haginak mugimendu biribiletan, bertan legokeen zeinahi elikagai edo mikrobioren arrastoak askatzeko. Bai murtxikatzeko azalera, bai barne zein kanpoaldeak eskuilatu behar dira.
  • 5. Hortz tarteetan legokeen elikagai hondakin oro bertatik erauzteko hortz-haria baliatu behar da, bertaraino eskuila heltzen ez bada. Ebaki hari mutur bat, bildu muturrak hatz banatan eta sartu, tenk, hortz tarteetan. Jarraiki hortzen kurbei, zeta gora eta behera higituz, hobiraino iritsi arte. Ibili kontuz, hobia ez kaltetzeko.
  • 6. Igurtzi mingaina goxo-goxo eskuilarekin, bakterioak bertatik suntsitzeko eta arnas freskoagoa izateko.
  • 7. Elixir batekin amaituz gero, garbitze lana harik eta zorrotzagoa izango da.