Ondo lo egingo banu...

Mendebaldeko kulturako bizilagunen %30ek, gehienak emakumezkoak, begirik bildu gabe pasatzen du gaua, lorik egin ezinda
1 martxoa de 2000
Img consejo del mes listado

Ondo lo egingo banu...

Lorik egin ezina lau bizilagunetik baten arazoa da eta pertsona horien bizitza kalitateak galera handia izaten du. Ondo lo egitea, plazerra ezezik ezinbestekoa ere bada giza-organismoa fisikoki eta buruz ongi errekupera dadin.

Gaua esna pasatzeak egunez nekatu eta haserrekor egotea eragiten du, arreta maila eta memoria gutxitu egiten da eta burmuinaren aktibitatea %20ra arte ere gutxi daiteke. Insomnioa zerk eragiten duen aurkitu eta ohitura txarrei aurre egitea da tratamendurik onena.

  • Giro egokia: Logela, etxeko lekurik lasaienean. Isola ezazu gela zaratetatik gortina eta alfonbren bidez, soinua moteldu egiten baitute.
  • Hotz edo bero handiegiak zailago egiten du atsedena. Zaindu logelako tenperatura 18 eta 20 gradu bitartean. Hezetasunik ezak ere arnasbideak kaltetu egiten ditu eta ahoa eta sudur-zuloak lehortzea eragiten du, loa galaraziz. Jar ezazu logelan hezagailu bat edo ontzi batean ura.
  • Koltxoiak erosoa izan behar du; ez biguna, ez gogorra. Burkoak, berriz, gogortasun eta altuera egokikoak. Izarek, leunak. Ehun sintetikoek ez dute arnasa ondo hartzen eta satenezkoak, adibidez, oso labainkorrak dira.
  • Oheratu aurretik ur berotan bainatu, infusioa bat edo basokada esne epela hartzea oso lagungarri izaten da loa erakartzeko.
  • Aparkatu arazoak ohera joan aurretik. Ez utzi laneko eta familiako gorabeherei eta arazo pertsonalei loa kentzen. Oso zaila da, baina saiatu egin behar dugu.
  • Ezarri gaueroko errituala: irakurri liburu arin baten orrialde batzuk eta kontzentratu pentsamendu atseginetan. Esnatzen bazara, ez begiratu erlojuari. Aldatu postura, itxi begiak eta ahalegindu lasaitzen. Bihar ere argituko du egunak.
  • Loak hartzerik lortzen ez baduzu, ez geratu ohean bueltaka. Jaiki eta egin gauza lasaigarriren bat, musika lasaia entzun edo liburu aspergarri samarren bat irakurri, adibidez. Laster agertuko da logurea.
  • Ez egin siestarik.Horixe da okerrena loaren oreka berreskuratzeko.
  • Ohea lo egiteko da. Ez irakurri, telebista ikusi edo jan ohean.
  • Zaindu bizitzako erritmo erregularra. Saiatu egunero ordu kopuru bera lo egin eta beti ordu berean oheratu eta jaikitzen.
  • Neurriz afaldu eta itxoin gutxienez bi ordu oheratu arte. errefluxu gastroesofagikoa (gauetan bihotzerrea) baduzu, ez jan jaki min edo astunik. Gosez oheratzea ere ez da gomendagarria.
  • Ez edan alkoholdun edaririk. Hasiera batean logurea eman arren, lo arinagoa eragiten du alkoholak.
  • Ez hartu kafe, te, txokolate edo beste edari estimulagarririk, batez ere arratsaldez eta gauez.
  • Botika batzuek eragina izaten dute loarengan: kortikoideek eta hainbat diuretiko, antidepresibok eta antikantzerigenok adibidez.
  • Erretzailea bazara: nikotina estimulatzailea da eta lorik eza eragin dezake. Goizaldera esnatzen bazara, ez piztu zigarrorik: lasaitu beharrean, urduritu egingo zaitu.
  • Ez hartu botika lasaigarririk medikuaren agindurik gabe. Somniferoek menpekotasuna eragiten dute eta areagotu egiten dute nerbioetako desoreka. Horren ordez, har itzazu belarrak: pasio-lorea, valeriana edo lupulua, osasunari kalterik egin gabe lasaitzen lagunduko dizute eta.