Aurrezki produktuak

Krisi garaian aurrezteko, aho bakarreko itsulapikoa: gutxiago sartu, gutxiago atera

Zor publikoa, banku gordailuak eta diru funtsak aktibo seguruak dira: jendeak inbertitu duen kapitala babesten dute eta, gutxienez, % 3ko errentagarritasuna ematen dute urtean
1 azaroa de 2008
Img eco domestica listado 289

Krisi garaian aurrezteko, aho bakarreko itsulapikoa: gutxiago sartu, gutxiago atera

Inbertsioek haizea alde izan dute azken urteetan, baina giroa asko nahastu da. Haize alde, Espainiako burtsak % 30 egin izan du gora urtero, eta etxebizitzen balioa % 20 handitzera iritsi izan da urtebetean. Baina orain ez da lehengo konturik. Burtsa lur jota dabil, etxebizitzen prezioak gainbehera doaz, pentsio plan gehienak galera iturri dira… Krisi hotsak besterik ez dira entzuten Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan, dena da krisi bankuentzat eta ekonomiarentzat, eta inbertsiogileek ere ikusi dute zer datorkien: daukaten hori galtzeko arrisku galanta. Estrategia aldatu beharra daukate, beraz, lehengo helburu handinahiei eustea ezinezkoa baita. Baina, zein bide hartzea komeni da?

Jendeak badaki ezingo duela irabazi orain urtebete adina, baina inor ez dago etsitzeko prest. Sekula baino diru-joko gehiago dabil bazterretan, aurrezkiak nora eraman, non jarri eta nola babestu, hori da auzia, eta, ahal bada, nondik handitu. Inbertsio mota seguruak nahi ditu orain jendeak, eta hiru, behintzat, aurkitu ahal izango ditu merkatuan: zor publikoa, banku gordailuak eta errenta finkoa ematen duten diru funtsak, oso epe motzekoak. Aurrezkiak babesteko produktu onak dira hirurak ere, eta, gainera, urtean % 3 baino gehiago irabazteko aukera ematen dute.

Zor publikoa, ezin seguruagoa

Aktibo segururik bada, zor publikoa da hori. Galdetu bestela aitona-amonei; hantxe jartzen zituzten euren aurrezkiak, loa galtzeko beldurrik gabe, ongi baitzekiten jarritako dirua eskuratu ahal izango zutela, eta denbora baten buruan, interesak ere emango zizkiela. Mota bat baino gehiagoko produktuak eskaintzen ditu zor publikoak: Altxor Letrak (hiru, lau, sei, hamabi eta hemezortzi hilabeterako), bonuak (hiru eta bost urterako) eta obligazioak (hamar, hamabost eta hogeita hamar urterako). Espainiako Gobernuak jaulkitzen ditu aktibo horiek, eta irabaziak ere hark bermatzen ditu. Eta Espainiako Konstituzioak. Hantxe dago idatzia, herritarren lasaigarri, ziur ordainduko zaizkiela interesak eta irabaziak. Inork frogarik behar bazuen, hortxe dauka argiena: inbertsio ezin seguruagoak dira. Horrek erakarrita edo, gero eta inbertsiogile gehiagok jartzen du dirua zor publikoan. 2005. urte amaieran, jendeak 4.275 milioi euro hartuak zituen Altxor Letretan, eta 2008. urteko uztailean, 5.377 milioi eurokoa zen kopurua, % 26 handiagoa.

Aktibo seguru eta errentagarriak eskaintzen ditu zor publikoak, eta inbertsiogileei aukera ematen die haien zorroak berrantolatzeko. Guztien artean bat bereizi beharko bagenu, Altxor Letra bereiziko genuke, besteek baino epe motzagoan ematen duelako dirua, eta horrela, inbertsiogileak lehenago eskuratu dezake jarritakoa. Zor publikoan, hala ere, epe luzera egiten den inbertsioak gehiago ematen du, burtsan bezala, eta Altxor Letren aldean, errentagarriagoak dira bonuak eta obligazioak.

Azkena egin den enkantean, irailaren 22koan, urtebeterako Altxor Letrak % 4,29ko interesarekin jaulki zituzten, batez beste, eta hori bada zerbait, are gehiago burtsa nola dabilen ikusten badugu (% 30 baino gehiago galdua zuen irail bukaeran). Altxor Letrak beti ez dira hain goitik ibili, baina une honetan, aspaldian ez bezain errentagarriagoak dira (azken zortzi urteetan ez dute eman hainbesteko irabazirik). Bonuek eta obligazioek gehixeago ematen dute, baina ez askoz gehiago: hiru eta bost urterako bonuak % 4,34ko eta % 4,8ko interesarekin jaulki zituzten azken enkantean, eta hamar eta hogeita hamar urterako obligazioak, % 4,61 eta % 4,9ko interesarekin, hurrenez hurren. Batzuen eta besteen artean zein alde dagoen ikusita, gaur-gaurkoz, egokiagoa da epe motzerako inbertsioak egitea.

Inbertsio mota bat edo bestea hautatu, erosleak edozein unetan saldu ahal izango ditu aktibo horiek. Aurrez ezin da esan zenbat aterako duen horiek salduta, ikusi egin behar baita une horretan merkatuan zer prezio egiten duten letrek, bonuek eta obligazioek. Gehienetan, merkatuko interes tasen araberako izaten da aktibo horien errentagarritasuna. Interes tasak igotzen badira, jaulkipen berrien errentagarritasuna ere igo egiten da. Lehendik jaulkitako tituluek, ordea, balioa galtzen dute. Beraz, dirua ez galtzeko, norbaitek epea bete baino lehen saldu beharra badauka, jaulkipen berrien tasak jaistean egitea komeni izango zaio.

Zergatik da interesgarria zor publikoan inbertitzea (letrak, bonuak, obligazioak)?

Finantza produktu oso erakargarriak dira Altxor Letrak, bonuak eta obligazioak, hainbat arrazoirengatik, gainera:

  • Errentagarritasuna: azken enkantean, hamabi hilabeterako Letrak % 4,29ko interesarekin jaulki zituzten, bonuak % 4,6koarekin, batez beste, eta obligazioak, % 4,8koarekin.
  • Altxor Publikoak segurtasuna ematen du: nazioarteko kreditu kalifikazio gorena eskuratua du.
  • Zerga sistema erraza dute: aurrezki produktu guztiekin gertatzen den bezala, irabazien % 18 ordaindu beharra dago zergetan.
  • Gutxienez egin beharreko inbertsioa ez da izugarria: inbertsiogile guztiei interesa sortzeko moduko produktua da. Letretan, adibidez, 1.000 eurotik has daiteke inbertitzen, eta hortik gora ez dago mugarik.
  • Inbertsioa egiteko modu asko daude: Espainiako Bankuan kontu bat irekiz egin daiteke inbertsioa, Internet bidez Altxor Publikoan sartuta, edo finantza bitartekari batzuen bitartez (aurrezki kutxa eta banku batzuek eskaintzen dute inbertsio horiek egiteko aukera).

Banku gordailuak: % 6ko interesa urtebetera

Zor publikoak baino eskabide handiagoa dute, eta ia-ia hura bezain seguruak dira. Aurreztu zale direnek oso begiko dituzte produktu hauek, eta datuei begiratzea besterik ez dago horretaz jabetzeko: finantza ondarearen % 50 gordailu horietan jarrita dauzkate Espainiako inbertsiogileek. Lehen seihilekoa amaituta, 700.000 milioi euroko inbertsioa egina zegoen banku gordailuetan. Horiek nola funtzionatzen duten ulertzea oso erraza da: banku eta aurrezki kutxek interes tasa jakin bat ezartzen dute aurrez, eta horixe agintzen diote denbora baterako dirua han sartzen duen bezeroari.

Une honetan, finantza erakundeek kapitala behar dute handik edo hemendik, eta bezeroak harrapatzeko eskaintza ausartez bete dute merkatua. Epe finkora dirua jarriz gero, zenbait produktuk % 7ko UTB ematen dute urtebetera (finantza erakundeak eskaintzen dituen beste produktu batzuk ere hartu beharra dago horretarako). Bederatzi eta sei hilabetera, berriz, % 6ko UTB interesa ematen duenik ere bada. Hiru hilabetera, % 7. Hilabetera, % 11…

Egungo egoera nolakoa den ikusita, gordailu klasiko bat hartzea da egokiena, bestelako baldintzarik jarriko ez duena. Erakunde asko elkarren lehian ari dira, merkatua gudu zelai bihurtuta, bezeroak nondik ekarriko; tasa erakargarriak eskaintzen dituzte, baina horiek eskuratzeko, beste produktu batzuk ere hartu beharra dago: pentsio planak, txartelak eta abar.

Zergatik dira interesgarri gordailuak?

  • Errentagarritasun finkoa ematen dute, eta, gainera, aurrez badakigu zenbatekoa den. Egun, badira urtebetera % 6ko UTB ematen duten eskaintzak, bezeroari bestelako loturarik eskatzen ez diotenak.
  • Inbertitu den kapitala babesten dute. Bezeroak garaia baino lehen diru atera nahi badu ere, beti izango du bermatua hasieran jarri duen diru kopurua. Gerta liteke erakundeak zigorren bat jartzea, eta bezeroaren irabazia gutxitzea, baina dirua epe finkora jarriz gero, produktu klasiko batekin, bezeroak sekula ez du galduko dirurik.
  • Gutxienez egin beharreko inbertsioa txikia da. Badira merkatuan errentagarritasun handia ematen duten produktuak, 600 eurotik aurrera.
  • Inflazioaren aurka egiten du. Finantza produktu gutxirekin lortzen da inflazioari aurre egitea, baina gordailuek, behintzat, balio dute horretarako.

Diru funtsak: profesionalek kudeatzen dituzte

Inbertsiogilerik mugituenek, merkatuari begira bizi direnek eta dirua produktu batetik bestera mugitzeko gertu daudenek, beti aukerarik onenaren bila, diru funtsen alde egin dezakete orain. Inbertsio funtsen alorrekoak dira diru funtsak, taldean egiten diren inbertsioen alorrekoak (Espainian 6.000 produktu baino gehiago daude mota horretakoak), eta, besteek ez bezala, taldeko hauek badute abantaila handi bat: dirua funts batetik bestera alda daiteke, Ogasunari konturik ematen ibili beharrik gabe. Une hauetan, aurrezkiak diru funtsetan sartzea da egokiena, hau da, oso epe motzera errenta finkoa ematen duten aktiboetan.

Azken hamabi hilabeteetan, inbertsio funts guztien artetik, diru funtsek eman dute irabazi gehien, % 2,66. Ez da inor harritzeko moduko kopurua, baina askoz okerrago dabiltza beste zenbait produktu: errenta aldakorreko nazioarteko funtsek % 30 baino gehiago galdu dute, Espainiakoek % 25, errenta finko mistoko funtsek, berriz, % 5. Diru funtsek ez dute bermatzen beti irabaziak izango ditugula ?txikiak izaten dira betiere-, baina dirua zor publikoan sartzen dutenez edo repos izeneko aktiboetan (Espainiako Altxor Publikoak jaulkitzen ditu edo autonomia erkidegoek, berrerosteko hitzarmenak eginda), interes batzuk ematen dizkiete bezerori.

Produktu horietan, kudeatzaile batek erabiltzen du inbertsio zorroa, eta dirua batetik bestera eramateaz arduratzen da, merkatuaren gorabeherei erreparatuz. Kudeatzailea profesional prestatua izaten da, eta ia beti irabaziak lortzen ditu bezeroentzat. Inbertsio funtsik seguruenak diru funtsak dira, baina horietan ere bat baino gehiago daude. Onen-onenak Europako gobernuen zor publikoan inbertitzen dutenak dira (eurotan jaulkitzen dituzte), eta egun, Alemaniara begira jarri beharra dago, aski aukera onak ematen baititu. Baina, non har daitezke produktu horiek? Finantza erakunde guztiek izaten dute sail honetako produkturen bat, edo, bestela, inbertsio funtsak kudeatzeko agentzia batera jo daiteke.

Zergatik dira interesgarri diru funtsak?

  • Aktibo seguruetan inbertitzeko dira, repos izenekoetan edo gobernuen zor publikoan: aukera aski ona da Europako zenbait gobernuk jaulkitzen dituzten produktuei etekina ateratzeko (errenta finkoa izaten dute gehienek). Egun, Alemaniak eskaintzen ditu aukerarik erakargarrienak.
  • Merkeagoak dira: merkeagoa da diru funtsetan inbertitzea, Europako beste herrialdeen zor aktiboetan egitea baino, nahiz eta horiek ere aukera onak eskaintzen dituzten.
  • Errentagarritasuna: funts sailen artean, diru funtsak izan dira aurten errentagarrienak (% 2,66ko interesak iritsi dituzte irail bukaeran).
  • Zergetatik libre daude: dirua funts batetik bestera eraman daiteke, nahi denean edo merkatuko baldintzak hobetzen direnean, eta ez da zergarik ordaindu beharrik hori egiteagatik.
  • Likidezia erabatekoa dute: nahi denean atera daiteke dirua.