Home Cinema

Irudi eta soinu kalitaterik onena, etxetik irten gabe

Gastu hauetarako diru kopurua mugatzea ezinbestekoa da, eta horixe izango da modelo batzuen eta besteen artean aukeraketa egiten lehen irizpidea
1 otsaila de 2004
Img consejos listado 141

Irudi eta soinu kalitaterik onena, etxetik irten gabe

Home Cinema (etxeko zinema) modan dago, eta goitik behera aldatu ditu aisialdia eta etxeko kontsumo elektronika. DVDak, A/B (audio/bideo) anplifikadoreak eta bozgorailuek osatzen duten irudi eta soinu sistema da Home Cinema esaten zaiona, zinea etxera ekartzeko sistema: paregabeko audio eta bideo kalitatea izango dugu gure egongelan bertan. Gustu eta patrika guztietarako moduko modeloak egiten dituzte fabrikatzaileek. Hona hemen zenbait gako etxeko zinema sistemari ahalik eta probetxu gehien ateratzeko.

Prezioak asko esan nahi du

  • Sistema erosi aurretik, pentsatu zenbat gastatzeko prest zauden. Izan ere, Home Cinema sistemetan izugarrizko aldea dago prezioan, eta zenbat gastatu finkatuta, jada irizpide bat izango dugu modelo bat edo bestea aukeratzeko. Beraz, gastua erabakita duzunean, bilatu konfiantzazko denda bat eta esan oinarrizko kontzeptuak azaltzeko, adibidez, Home Cinema sistema behar bezala instalatu eta erabiltzeko zer egin behar den, sistemari ahalik eta probetxu gehien ateratzeko.
  • Home Cinema telebistari konektatu ahal izateko, telebistak gutxienez eurokonektatzaile bat izan behar du (10 urte baino gutxiagoko aparatuek badakarte), eta are eta hobe RGB sistema badu (hiru kolore basikoak bereizten dituen kalitate handiko bideo konexioa). Tamainari dagokionez, komeni da pantaila 25 hazbetekoa edo handiagoa izatea. Egokiena, dena den, 32 hazbete edo gehiagoko telebista litzateke, formatu panoramikoa duena.
  • Duela urte batzuk, Home Cinema sistemak osagaika erosten ziren: DVDa erosten zen lehenik, eta gero gainerako elementuak (anplifikadoreak eta bozgorailuak) sistema osatu arte. Azkeneko emaitza hobea da Home Cinema horrela, osagaika, erosten bada: marka batzuek DVD hobeak egiten dituzte, beste batzuek primerako bozgorailuak egiten dituzte eta abar, eta, horregatik, etxe bakoitzeko onena eros daiteke elementu bakoitza bere aldetik erosiz gero; baina, noski, hala eginez gero, gastuak ere gora egiten du nabarmen.

Combo, dena batean

  • Gaur egun merkatuan aukera dago multzoa osoa, combo esaten zaiona, erosteko; hau da, anplifikadorea, DVD eta bozgorailuak. Dena batean sistemak aukerarik egokiena dira Home Cinema sisteman lehen urratsak eman nahi dituztenentzat, kalitaterik onena eskatzen ez dutenentzat eta sistema handitzen joateko asmorik ez dutenentzat, alegia. Osagaiak banaka-banaka erosita baino askoz merkeago ateratzeaz gain, combo sistemek estetika erakargarria eta prestazio egokiak dituzte, eta osagaiak gero eta txikiagoak egiten dituzte, gainera. Dena den, badute alde txarrik: konexioari, potentziari edo soinuaren kalitateari dagokienez, nahikoa mugatuta daude oraindik; halere, hori ez da oztopo izango hasiberrientzat. Combo ona lortzeko, ez zaitzatela gangekin itsutu, prestazio asko dituzten ekipo merkeek askotan osagai eskasak izaten dituzte eta.

Kaxak nola jarri

  • Erdiko kaxa. Telebistaren pantailaren gainean edo azpian jarri behar da. Blindaje magnetikoa izan behar du, bozgorailuaren imanak ez dezan irudia alteratu, batez ere hodi bidezko telebista bada. Erdiko kaxa jarritako aldean telebistan kolorezko mantxak agertzen direla ikusiz gero, urrundu kaxa telebistatik, eta jarri gutxienez, 30 edo 40 zentimetrora.
  • Aurreko kaxak. Agudoen bozgorailuak (tweeter) belarrien altueran jarri behar dira, entzulearengana begira. Pantailaren alde banatan jarri behar dira, 60 zentimetrora, eta erdiko kaxaren sakontasun berdinean.
  • Atzeko kaxak. Sortzen duten soinu inguratzailea gozatu ahal izateko, entzuteko puntuaren atzean jarri beharko dira; gutxienez, metro bat atzerago. Ezin bada, jarri entzulearen alde banatan. Edozein kasutan, eserita dagoela, entzulearen burutik gora jarri behar dira beti, 30 zentimetrora gutxi gorabehera, eta harengana begira.
  • Subwoofer. Ez denez soinu baxu direkzionala, ez da beharrezkoa kaxa hau jartzea. Probatu han eta hemen, eta jarri frekuentzia baxuak, distortsionatu gabe, ondoen indartzen dituen lekuan. Gehienetan, leku onena aurreko pareta izaten da, izkina batean jartzeko.

Egongelaren akustika

  • Hobetu etxeko zinema sistema instalatuko duzun gelako akustika. Jakin ezazu kristalak eta pladurra izango dituzula etsairik gogorrenak soinu argia eta naturala lortu nahi baduzu. Egur naturaleko zoruak ere, dena den, soinuari oihartzuna egiten dio. Bozgorailutik irteten den soinua ez distortsionatzeko edo oihartzunik ez izateko, jarri alfonbrak eta gortinak, soinua xurgatu egiten dute eta, islatu ordez.
  • Tapizeria duten altzariak, adibidez, sofak eta besaulkiak, eta paretetako koadro txikiak, telak edo tapizak oso onak dira akustika hobetzeko.
  • Ez jarri kaxa akustikorik kristalezko ateak edo apalak dituzten altzarietan. Oro har, saiatu kristaleria duten altzariak baztertzen.
  • Soinuak ez burrunbatzeko, ez jarri kaxak paretari joka, utzi, gutxienez, 50 zentimetroko tartea.
Osagaiz osagai
  • DVD irakurlea
  • Ezinbestekoa da audio digitalaren irteera anplifikadorearen mota berdinekoa izatea.
  • Irakurketa formatuanitza egiteko aukera eman behar du: DVD-Bideo, CD-Bideo, CD-audio, bai eta CD-R eta CD-RW ere. Azkeneko modeloek DVD-Audio eta SACD (Super Audio CD) irakurketa egiteko prestatuta daude.
  • Gutxienez, bi Dolby Digital dekodetzaile eta DTSa (soinua konprimitzeko sistema) izan behar ditu.
  • Komeni da bi eurokonektatzaile eta RGBa irteera izatea.
  • Anplifikadorea edo A/B errezeptorea. DVDaren unitate zentrala da, eta iturriak aukeratzeko eta bolumena kontrolatzeko balio du.
  • Ongi aztertu non jarriko duzun. 20 metro koadro arteko geletan jartzeko, nahikoa izango da gama ertaineko edo baxuko edozein anplifikadore. Onena kanal bakoitzeko 50-100W bitarteko errezeptoreak jartzea litzateke. Gela handiagoetan jartzeko, berriz, potentzia handiagoko anplifikadoreak hobe.
  • Dolby Digital dekodetzaileak eta DTS izan behar ditu.
  • Aukeratu gutxienez bi eurokonektatzaile, RGB, sarrera optikoa eta koaxial digitalak dituen modelo bat.
  • Argi izan behar duzu zer jar dezakezun egongelan. Dirua eta lekua soberan ez badituzu, ahaztu 6 bozgorailu jartzea, are gehiago, 7 jartzea. Horregatik, alferrikakoa izango da anplifikadoreak Dolby Digital EX, DTS ES 6.1 izatea, edo 5.1 baino handiagoko formatu kanalanitzekoak izatea. Formatu kanalanitzak soinu inguratzailea dute, sei kanalen bidez: ezkerrekoa, eskuinekoa, erdikoa, atzeko ezkerrekoa, atzeko eskuinekoa eta banda mugatuko kanal bat, frekuentzia baxuko soinuentzat.
  • Kaxak edo bozgorailuak. Sistema basikoek bost kaxa izaten dituzte: erdikoa, aurreko bi eta atzeko bi. Erdikoak elkarrizketak erreproduzitzen ditu, aurrekoek soinu banda eta elkarrizketan zati batzuk eta atzekoek (efektuenek) inguruko soinuak (zaratak, musika eta abar). Kontzeptu honetan sartzen da, baita ere, baxuen kaxa (subwoofer).
  • Exijitu bozgorailuak irmoak izatea eta bibraziorik ez eragitea barruko soinuarekin, distortsiorik sor ez dezaten.
  • Beharrezkoa da bozgorailuek frekuentzia guztiak hartzea, eta sistema ondo dimentsionatuta egotea.
  • Erdiko kanalak blindaje antimagnetikoa izan behar du.