Etxearen segurtasuna

Helburua, lapurren bisitak ahalik eta gehien oztopatzea

1 ekaina de 2001

Helburua, lapurren bisitak ahalik eta gehien oztopatzea

Tenperatura hobetzearen ondorioz eta oporrak iristen direnean, sarriago eta ohikoa baino denbora gehiagorako alde egiten dugu etxetik. Une horiek urrezko aukera bihurtzen dira gure etxeak husteko, eta beraz, lapurren bisitak eragotzi eta zailtzeko neurri guztiak hartzea komeni izaten da. Garrantzitsua da argi uztea etxeko lapurretak ez direla beti opor garaian gertatzen; taberna batean arratsaldea pasa eta etxera itzultzean ere izan dezakegu sorpresa desatseginik.

Horregatik, arreta osoa jarri beharra dago, oporretara goazenean zein berehala itzultzeko irteten dugunean.

Hobe da prebenitzea…

  • Zaindu etxeko ataria. Eragotzi ezezagunak sartzea.
  • Ez erakutsi aberastasunik. Ez eman lapurrei zure etxea helburu ona dela pentsatzeko arrazoirik.
  • Kontu izan etxeko zerbitzua kontratatzean. Eskatu erreferentziak eta zaindu langilearen portaera lehen egunetan.
  • Bakarrik bizi bazara ere, jarri izen bat baino gehiago buzoiko txartelean.
  • Itxi leihoak etxetik irteten duzun bakoitzean, ordu erdiz alde egin behar baduzu ere.
  • Beheko solairu batean bizi bazara, jarri burdin-hesiak kalera edo alboko eraikinetara ematen duten leihoetan. Gogorrak izan behar dute eta 12 zentimetro baino tarte txikiagokoak. Familia bakarreko etxe batean bizi bazara, hartu neurri horiek zulo guztietan (aireztatzeko zuloetan etab….).
  • Giltzetan ez jarri inolako daturik, eta kontuz ibili kopiak ateratzen dituzunean.
  • Aldatu sarraila honako kasu hauetan: etxebizitza berri batean bizi izaten jartzean, aurrez alokaturik egon den etxe bat alokairuan hartzean, etxea berritu baduzu eta langileren batek giltzak eskura izan baditu, eta giltzak galtzen dituzun guztietan.
  • Jarri atean behatxulo panoramikoa, atea jotzen duen pertsona osorik ikusi ahal izateko.
  • Etxeko atea blindatua baldin bada, egiaztatu markoari eusten dioten patillak horman ongi sartuta daudela. Blindatua ez baldin bada, gutxienez ixteko bi puntu izan behar ditu, ez du tarterik egon behar atetik lurrera eta giltzarriek altzairuzko pibotez eta metalezko angeluz indarturik egon behar dute.

Oporretan, aparteko neurriak

  • Ez esan jende aurrean oporretara zoazenik.
  • Ez utzi etxea hutsik dagoela adierazten duen aztarnarik. Eskatu bizilagunen bati gutunak jaso ditzala. Utzi norbaiti telefono zenbaki bat, zerbait gertatuz gero lokaliza zaitzaten.
  • Egiaztatu etxerako sarrera guztiak itxita geratzen direla, patioetara ematen duten leihoak barne.
  • Ez utzi giltza-jokorik inon ezkutatuta, ez eta noiz itzuliko zaren dioen oharrik ere.
  • Jarri tenporizadore bat ordu desberdinetan argia edo irratia piztu eta itzali ditzan, etxean norbait dagoen itxura emateko.
  • Desbideratu deiak. Etxean inor ez dagoela egiaztatzeko deitzen baldin badute ere, beti erantzungo du norbaitek.
  • Jokatu elkartasunez eta deitu poliziari bizilagunen baten etxean gauza arrarorik sumatzen baduzu.
  • Markatu gauza baliotsuak, lapurtzen badizkizute ezagutu ahal izateko. Idatzi marka, modeloa eta serie zenbakia eta atera argazkiak. Dirua eta gauza baliotsu txikienak (bitxiak) gorde banketxeko segurtasun kutxan.
  • Alarmako zentral batekin konektaturiko segurtasun sistema bat kontratatzen baduzu, egiaztatu enpresa hori Poliziakoren Zuzendaritzako Enpresen Erregistroan izena emanda dagoela.
  • Jakin ezazu zigor legalak daudela beharrezkoa ez denean segurtasun indarrak mugitzea eragiten duten alarma faltsuentzat eta zigor horiek ordaintzea segurtasun sistemak instalatuta duten pertsonen kontu izaten dela.
Segurtasun sistemak
  • Alarma sinpleak. Sistema akustiko soila, balizko lapurrak beldurtzea helburu duena. Ez dago beste inora konektaturik. Eragozpenak: zarata atera besterik ez du egiten eta oso erraz neutraliza daitezke, agerian egoten dira eta.
  • Detektagailu bolumetrikoak. Uhin luzerak zehazturiko eremuaren barruan gertatzen den edozein gorputz edo objekturen mugimendua antzematen dute. Eragozpenak: oso erraz salto egiten dutenez, alarma faltsuak eragiten dituzte.
  • Infragorri bidezko detektagailuak. Inguruan gertatzen diren aldaketa termikoak aztertzen dituzte. Gorputzeko 37 graduek salatzen dute kanpotarra. Tresnarik modernoenek aparailu bakarrean biltzen dituzte detektagailu bolumetrikoak eta infragorriak.
  • Ultrasoinu bidezko detektagailuak. Soinu arraroak antzematen dituzte, adibidez kristalak hausten direnekoa eta antzekoak, eta leihoetan jartzen dira. Eragozpenak: sarritan huts egiten dute eta haur baten negarrarekin ere salto egiten dute.
  • Kontaktu magnetikoak. Ate eta leihoetarako. Eremu magnetiko bat sortzen duten plaka imantatuak dira, norbait leihoa irekitzen saiatzen denean salto egiten dutenak. Eragozpenak: zati bien artean ezer sartzea ezinezkoa denean bakarrik dira eraginkorrak.