Arriskudun inbertsioak

Hasberrientzako burtsa

Balio-merkatuan zortea tentatzeko interesa duten denek, arrisku txikiagoko erabakiak hartzen lagunduko dieten urrezko bost arauak ikasi behar dituzte
1 ekaina de 2007

Hasberrientzako burtsa

/imgs/20070601/img.ecodomestica.01.jpg Burtsa ez da dagoeneko dirutza handien barrutia. Bertarainoko jauzia egiteko beldurrak bizirik dirauen arren, aurrezkien parte bat akzioak erostera bideratzen duten espainiar familien kopurua goraka ari da etengabe, datuek frogatzen dutenez: egun, Burtsan kotizatzen duten akzioen %23 baino gehiago Espainiako familien eskuetan daude; Europako batez bestekoa, berriz, kopuru hori %14,7 da.

Etekin gozoak epe motzetan irabazteko eskaintzei nekez egin dakieke muzin. Dena den, fenomeno hori gerta daitekeen arren, hobe da interesa duen pertsonak gehiegi sinesten ez badu eta asko nahasten ez bada ere: Burtsa arriskudun merkatua da, ez da egokia edonorentzat; duen berariazko funtzionamendu hori, bertan inbertitzeko erabakia hartu aurretik ezagutzea komeni izaten da. Irabaziak erdiesten diren modu berean, galera latzak ere jaso daitezke bertatik. Horregatik, errenta aldakorrean inbertitzeko hobe izaten da gauza batzuk ezagutzea; honek, dena den, ez du bermatuko zehatzetik gutxi daukan zientzia horretan arrakasta izatea.

Burtsan inbertitzeko oinarrizko nozioak

/imgs/20070601/img.ecodomestica.02.jpg Inbertitzaile batzuek Burtsa zorizko jokotzat hartzen dute: akzio bat aukeratu eta denbora-epe batean indarrez birbalioztatzea espero dute. Kontuan izan, dena den, hau ez dela optimistei bakarrik erreserbaturiko merkatua: behera ere egiten dute akzioek. Esperientziak erakusten duenez, Burtsara jolastera doana galtzaile gertatzen da. Hortaz, Burtsa jolas edo jokotzat jotze hori baztertu beharko dugu: negozioa da, arau argi eta garbiak dituen negozioa.

Zirriborro gisa bada ere, azal dezagun nola funtzionatzen duen balio-merkatuak: hainbat aldakiren ?nolabaiteko zehaztasun eta logikaz baina, era berean, ustekabe eta ausazko elementuen eraginarekin? arabera gora edo behera egiten duten titulu mordoa biltzen da bertan. Beraz, Burtsaren funtzionamendua zientzia matematikoak bezala esplikatzerik ez dagoen arren, balio jakin baten gorako edo beherako bilakaera baldintza dezaketen hainbat alderdi kontuan har daitezke, behintzat. Inbertitzaileak, hasberria bada, hurrengo aholkuak gutxienez gorde beharko ditu:

  • Enpresak ezagutzea: Burtsan inbertitu aurretik inbertsio hori egin nahi den konpainiaren zifrak ikastea komeni da. Ezagutu beharrekoa da enpresak zer ekoizten duen, zenbat fakturatzen duen, dibidendurik sortarazten duen, zein dituen lehiakideak, ingurune makroekonomikoak nolako eragina duen enpresa horretan, etab. Espainiako Burtsako porrotik ozenenetako bat, adibidez, Terra enpresak nozitu zuena izan zen: bere akzioen balioa 130 eurotaraino iritsi zelarik, bost eurora jaitsi zen. Burtsako analisten iritziz, akzioen igoera espekulazioak bakarrik bultzatu zuelako eta, gainera, orduan Internetekin zerikusia zuten enpresetan inbertitzea modan zegoelako gertatu zen amiltze ikaragarri hura. Konpainiako kontuak, ordea, ez zetozen bat “apustua titulu kaudimendunen alde bakarrik egin daiteke” dioen teoriarekin. Izan ere, Terra galeradun enpresa zen, behin ere mozkinik izan ez zuena, negozio hark ez zuen iragartzen bideragarritasunik epe motzean. Hortaz, urrezko lehen araua: “modan” dauden sektoreetako akzioen alde ez egitea. Funtsezkoa da kaudimena ez ezik, diru-sarrera egonkor eta errepikakorrak dituzten firmetan inbertitzea. Esan dezagun, orokorki, burtsa-indize jakin bat igo egiten dela kotizatzen duten enpresen osasuna islatzen duelako; enpresa horiek, jakina, herrialde baten ekonomiaren osasunaren adierazleetako bat dira.
  • Epe laburrera eskuratu beharko den dirua ez inbertitzea. Hona hemen finantza-aholkulariek ematen duten kontseilua: hurrengo hilabeteetan ukitu beharko ez den dirua bakarrik baliatzea. Burtsa, beraz, zama astunegirik gabeko familientzako, finantza-konpromiso handiegirik ez baina aurrezkia egiteko gaitasuna duten gazteentzako, herentzia jaso edo loteriako saria hartu dutenentzako aukera interesgarria da. Baliteke merkatuan gerta daitekeena aurreikusteko ezintasunak akzioak beherantz bultzatu eta inbertsiogileak azkenean galerak jasotzea, inbertsio-epea laburregia ezartzen badu. Burtsan inbertitu ahal izateko aurrezkiak erabilgarri eduki behar dira, diru hori beste hainbat premia asetzeko behar izan gabe.
  • Inbertitzaileari inor ezin berma diezaioke dirua irabaziko duela. Pertsona interesatuak suertea dastatu eta inbertsioa hilabete batzuetan soilik egin nahi badu ere, merkatuaren gainetik ziurgabetasuna hegan ibiliko dela jakin behar du. Burtsa aldakorra da, gorabehera asko nozitzen ditu: gaur igo dena bihar bertan jaitsiko da, agian. Ingurune ekonomikoa aldeko badugu ere, baliteke espero ez dugun gertakizun batek (halabehar natural batek, adibidez) akzioa amildegian behera jaurtitzea. Horrelako gertakizunek, oro har, ekonomiak eragina jasango duela iragartzen dutela diote inbertsiogileek. Aurreikus ezin daitezkeen gertakari horien eragin kaltegarrienak enpresa jakin batzuek “hala nola turistikoak, aire-lineak eta petrolio sektorekoak” jasaten dituzte. Gogoan izan behar da Burtsa arriskudun merkatua dela; egiari zor, bestetik, arriskua zenbat eta larriagoa izan, orduan eta handiagoak izan daitezke irabaziak.
  • Hobe epe luzerako inbertitzea. Burtsan inbertitzean hobe da epe laburregiak ez ezartzea. Inbertitu den diru hori hortik hiruzpalau hilabetera eskuratu behar bada, hobe inbertsio-aukera horren alde ez egitea. Txosten askok diote Burtsa epe luzerako aukerarik errentagarriena dela (banku-gordailuak, herri-zorra, inbertsio-fondoak edo, areago, etxebizitza bera baino askozaz ere gehiago). Azterlan askok adierazten dutenez, hamar urtetik gorako epeetan, inbertsio-aktiborik errentagarriena Burtsa da.
  • Kontuz akzioekin goreneko mailetan. Hona hemen inbertsiogile hasberrien ohiko akatsetako bat: birbalioztatze latzak eginak dituztelarik, goreneko mailan dauden tituluei erreparatzea. Kontuz ibili beharra dago: igoera ikusgarrietan segada egon daiteke. Horren adibide argi-emailea Astroc enpresarekin aspaldi honetan gertatu dena. Eraikuntza-konpainia hamar hilabetetan %1.000 baino gehiago igo zen: hasieran 6,4 eurotan kotizatzen bazen ere, 70 euroraino heldu zen. Igoera bezain ikusgarria izan zen amiltzea.

Oinarriko hiztegitxoa

Akzioa:

/imgs/20070601/img.ecodomestica.04.jpgelkarte edo enpresa bateko kapital sozialaren zati edo partea. Burtsan, zati horrek ordezten duen titulu edo balio negoziagarria da.

Burtsa-agentzia:

burtsa-eragiketetan artekari-lanak betetzen dituen elkartea. Eskuarki, bertako bezeroen zorroak administratu eta aholkularitza-zerbitzua emateaz gainera, kokapen pribatu eta publikoak egiten ditu. Agentzia hauek BMBN-n erregistratuak egon behar dute. Burtsa-sozietatea ez bezalakoa da, honek eragiketak bere izenean ere egin ditzakeelako.

Kapital-zabalkuntza:

finantza-eragiketa hau enpresa baten kapital sozialaren munta nominala areagotzea da. Kapitala zabaltzeko badira bide batzuk: bazkideek ekarpenak egitea, balio-merkatuan titulu edo akzioak saltzea, etab. Kapital-zabalkuntzak egitea (beste hainbat akzio jalgi eta hauek Burtsan saltzeari esker) elkarteak finantzatzeko moduetako bat da eta, aldi berean, merkatu-ekonomietan aurrezki pribatua inbertsiorantz bideratzen dute.

Burtsaren analisia:

balio-merkatuaz erabakiak hartzeko oinarri izango diren teknika-multzoa. Helburua: merkatu horren edo bertako balio jakin baten funtzionamenduaz hipotesiak formulatzea.

Bi analisi mota daude:

  • 1.- Analisi teknikoa: jokabide-ereduen arabera eta estatistika aplikatuz, balio jakin baten prezioa azaltzea du xedea; horretarako, lanabes gisa, burtsa-indizeak, kontratazio-bolumenak, grafikoak eta bestelakoak baliatzen ditu.
  • 2.- Funtsezko analisia: honek, funtsean, akzioen kotizazioa enpresaren errealitate sozio-ekonomikoaren arabera aldatzen dela dio.

Mozkina akzioko:

finantza-analisiaren adierazleetako bat da eta erraz kalkulatzen da: konpainiako mozkin garbia zati akzio-kopurua.

Burtsa:

broker izeneko finantza-artekarien bidez, akzioak, obligazioa, bonoak eta bestelako finantza-aktiboak salerosten diren finantza-merkatua da.

CNMV (espainieraz):

Espainiako Balioen Merkatuaren Batzorde Nazionalaren akronimoa da. Erakunde honen ardura da Burtsaren funtzionamendu egokia eta bertan indarrean dauden arautegi guztiak bete daitezen zaintzea.

Dibidendua:

sozietateak akziodunei (normalean, dirutan) ordaintzen dien kopurua; beraz, Administrazio Kontseiluak banatzea erabaki duen mozkinen zatian akziodunen duten partaidetza islatzen du.

Ibex 35:

Espainiako Burtsako indize behinena da eta merkatu jarraituko burtsa-kapitalizazio handieneko 35 tituluek osatzen dute; osaketa hori sei hilean behin aztertzen da.

Non den espainiako familien aurrezkia % Milioi euro millones de euros
Gordailuetan eta esku-dirutan 38,50 673,181
Inbertsio kolektiboko erakundeetan (inbertsio-fondo eta elkarteetan) 13,5 235,808
Pentsio-fondoetan 5,7 99,143
ERRENTA ALDAKORREKO INBERTSIOA (BURTSA) 24,9 435,347
Aseguruetan 8 139,322
Errenta finkoko inbertsioan (zor publiko eta pribatuan) 2,5 43,047
Bestelakoetan 6,9 124,77

Iturriak: Inverco eta Espainiako Bankua

Iturriak: Inverco eta Espainiako Bankua

Nola inbertitu eta nola egin horren jarraipen zuzena

/imgs/20070601/img.ecodomestica.04.jpg Burtsan inbertitzeko unean ohikoena da banku edo aurrezki kutxara joan eta bertan balio-kontua irekitzea. Hori eginez gero aski izango da bankuari konpainia jakin baten horrenbeste akzio erosteko agindua ematea. Burtsan badira operatzeko beste modu batzuk: balio-agentzia edo elkarte baten bitartez, norberak bere kasa, on-line motako broker (Interneten bidez balioak salerosteko zerbitzua eskaintzen duen konpainia) baten bitartez, etab.

Burtsan inbertsioa egiteko erabakia hartutakoan, egokiena izaten da akzioen eguneroko bilakaera gertutik jarraitzea eta, batez ere, inbertsioa eginiko konpainia horrekin zerikusia duen guztiaz informaturik egotea. Analisi-elkarte eta erakundeen aholkuak irakurtzea, konpainiak agertu dituen emaitzak ezagutzea eta, orokorki, operatzen ari den enpresa edo sektore horrekin zerikusia izan dezakeen albisteak irakurtzea komeni izaten da. Espainiako Burtsan konpainiek hiru hilean behin emaitzen kontua aurkeztu behar dute. Horrez gainera, erosketa, bategite, kapital-zabalkuntza eta antzekoekin lotura izan dezakeen beste zeinahi gertakari garrantzitsu Espainiako Balioen Merkatuaren Batzorde Nazionalean (BMBN) erregistratu beharra dago (www.cnmv.es). Erakunde horren web orrian aurki daitezke kasuan kasuko enpresari buruzko albisteak.