Oinak

Gorputzeko atal ahaztuak

Arretaz tratatu ezean, hezurretan, hanketan eta bizkarrezurrean arazoak sor daitezke.
1 apirila de 2003

Gorputzeko atal ahaztuak

Biztanleen %80k baino gehiagok oinetan arazoren bat dauka. Izan ere, egun osoan gorputzaren zama bereganatzen duten arren eta, eskuekin batera, mekanikari dagokionez giza gorputzeko elementurik konplexuenak diren arren, aldi berean atalik ahaztuenetakoa dira. Guztira 26 hezur, 19 muskulu, 33 artikulazio eta 100 tendoi baino gehiago dira gure euste puntu nagusia, baina oso pertsona gutxik eskaintzen diete merezi duten arreta eta zaintza.

Ezeren aurretik, higienea

  • Garbitu oinak egunero eta ondo lehortu, batez ere behatz artean. Astean behin ur berotan sartu, xaboiarekin eta gatzarekin. Bainua ez da 10 minutu baino luzeagoa izan behar, ur beroak azala biguntzen duelako eta, ondorioz, onddoak ager daitezkeelako. Bainua amaitzeko, tartekatu ur hotza eta beroa, odolaren zirkulazioa estimulatzeko.
  • Aprobetxa ezazu apar harriz edo lima zabal batez kailuak eta maskurrak berdintzeko. Azal lehorra eta kailu txikiak gel esfoliatzaile batez kendu.
  • Oinetako azazkalak horiek mozteko tresna edo guraize berezi batzuez moztu. Zuzen moztu, orbain ez daitezen, eta ez oso motz. Diabetesa edo zirkulazioko arazoak baldin badituzu, arreta handiz jardun, infektatzeko jora handiagoa baita.
  • Oinak eta azazkaletako kutikulak hezetzeko krema batez hezetu. Nahi izanez gero, talko hautsez hautseztatu (erabil ezazu hauts antiseptikoa).

Eskaini minutu batzuk egunero

  • Azter itzazu zure oinak erregularki. Errepara egiezu kolorearen aldaketei eta tenperaturari. Azazkalak loditu edo mehetu eta kolorez aldatu duten aztertu (onddoak dauden seinale izan daiteke). Oinen azpiko aldean edo behatz artean azala joatea edota erortzea onddoak daudelako seinale izan daiteke (atleta oina esaten zaio).
  • Ez egin muzin oinetako minari, ez da gauza normala. Minak jarraitzen baldin badu, podologoarengana edo medikuarengana joan.
  • Saiatu oinutsik ez ibiltzen, zure hankek lesionatzeko eta infektatzeko arrisku handiagoa izango dute eta. Hondartzan edo eguzkitan zaudenean, gorputzeko gainerako ataletan bezala, oinetan ere eguzkitarako krema erabili.
  • Garatxoak, kailuak, juanikoteak edo azazkaletako gaitza baldin badaukazu, espezialistaren esku jarri. Ez erabili loziorik, ukendurik edo etxeko erremediorik.
  • Bernaren atzeko aldean, hau da, muskulu bikian, egunero masajea egin. Inguruko zainetako joan-etorria hobetu egingo da eta, ondorioz, zure hankek odol ekarpen hobea izango dute.

Oinetako egokiak aukeratu

  • Gorputzaren pisua modu orekatuan banatu behar da, eta takoi altuegik galarazi egiten dute hori eta Akilesen tendoian lesio sor dezakete, alde horrek jasaten baitu pisurik handiena. Hori saihesteko, gehienez ere bi edo hiru zentimetroko takoiak erabili. Punta estuak ere ez dira komeni, juanikoteetan mina azaltzearen errudunak baitira.
  • Kiroletako oinetakoak ez gehiegi erabili, bere izenak adierazten duenez, kirola egiteko baitira. Oinetakoak egin behar duzun jardueraren arabera aukeratu (lan egin, ibili, dantza egin , korrika egin…).
  • Zolak erresistenteak eta malguak izan behar dira, azalera zurgatzaile egokiaren, eta barrubigunak, lur gogorraren gainean ibiltzean sortzen den inpaktua bereganatzeko.
  • Ez egon oinetakoak erabilerarekin noiz ematen duten zain. Oinetakoak erostera arratsaldean azken orduan joan, oinak hazita daudenean. Aurrerantzean kailuak eta azal latzak sortuko dizkizuten oinetako estuegiak erostea ekidingo duzu.
  • Oinetakoak behar bezala egokitu behar zaizkie behatzei eta orpoei. Orpoak ez du oinetakoaren atzeko aldetik inoiz irten behar, eta hankak ere ez du barruan solteegi geratu behar, ondorioz urradurak eta babak sor daitezkeelako.
  • Bi oinak ez dira inoiz neurri berekoak izaten eta, beraz, erosi beti bientzat egokiena dena. Batetik bestera alde handia baldin badago, biak berdintzearren, zabalen geratzen den oinetakoan plantilla bat jarri.
  • Material sintetikoek izerdi gehiegi botarazten dute, baita usain txarra sortzen duten bakterioak agerrarazten ere.
  • Oinetako pare bat baino gehiago erabili eta txandakatu, ez erabili berberak egunero. Horrela urradurak, kailuak edo babak irtetea galaraziko duzu.
  • Oinetakoak baztertu erabiliegi daudenean, batez ere hankak bertatik irteteko joera baldin badauka.