Oroimena trebatzea

"Gogoan izan: ez ahaztu oroitzen"

Aztura osasungarri eta ariketa soilei esker, oroimenen biltegiak hobeki funtzionatuko digu
1 abendua de 2004
Img consejo listado

"Gogoan izan: ez ahaztu oroitzen"

/imgs/20041201/consejos01.jpg
Oroimenen biltegi horren funtzionamendua, batzuetan, harrigarria gertatzen da. Oraintxe sekulako trebezia eta abiadura erakutsiko digu, oraintxe nabarmen utziko gaitu, tontakeria bat burura etortzen ez zaigulako. Buru on edo txarra izatea faktore askoren arabera izan daiteke: kontzentratzeko gaitasuna, estres gradua, dieta, adina, joera genetikoa, loaren kalitatea, azturak, jarduera intelektuala… hamaika kontu, hitz batez. Oroimenaren garapena eta irudiak atxikitzeko ahalmena aldatu egiten dira 30 urtetik aurrera, orduantxe hasten baita gaitasun intelektualen gainbehera (zahartzaroan areagotuko dena). Ohitura osasuntsuak, ariketa soilak eta trukuren bat funtsezkoak izango dira berebiziko oroimena izaten jarraitzeko.

  • Egin buruko gimnasia. Garunak jardueran aritu behar du, bere ahalbideen araberako etekina emango badu. Jardun ezean, garunaren pentsatzeko eta gogoratzeko ahalmena urritu egiten da.
  • Trebatu oroimena gauza soilak egiten. Egin gurutzegramak, ikasi buruz erosteko gauzen zerrenda, eduki itzazu gogoan pelikula baten edo liburu baten xehetasunak, gogora zaitez gosaldu duzunaz, jantzi duzun arropaz, etc.
  • Adituen arabera, gauza urrunen oroimenaren %80 ikusmenezko irudi gisa gordetzen da, hitzetan baino areago. Automobileko giltzak galtzen badituzu, esate baterako, begira zeure buruaren irudia automobila ixten ari zarela eta saia zaitez hortik aurrera egin duzunari jarraitzen: nora joan zaren, etab.
  • Apunta ezazu informazioa. Datuak, idatziz gero, errazkiago atxikitzen dira.
  • Antola ezazu kortxo edo agenda batean egutegia, gogoan izan beharreko gauza guztiak bertan ikus ditzazun.
  • Gogoan eduki nahi duzun informazioa errepasa ezazu, jaso bezain laster. Hortik 24 ordura saia zaitez informazio hori gogora ekartzen eta ahalegin zaitez, berriro, handik astebetera.
  • Egintza pentsamendua baino eraginkorragoa da.

Mnemonika, aliatu baliagarria

  • Balia zaitez mnemonikaz (memoriaren arteaz). Gorde itzazu gogoan gauzak irudimenaren laguntzaz eta objektu finkoei atxikiz. Saia zaitez hitz arraroak edo bakanak gogoratzen, gauza soilekiko asoziazioz, hala nola: sulfuroso-sulfito eta sulfuriko-sulfato – eroso ez zen ito, Periko ondoan zahato.
  • Eraman gogoratu nahi duzuna neurriz gainera, are absurdu, barregarri edo zakar bihurtzeraino.
  • Erabili koloreak zure irudimena indartzeko. Kontzeptu abstraktuak lotzeko kodea denok dugu ezagun: berdea esperantza, gorria maitasuna…
  • “Jarri” irudiak mugimenduan. Badakizu mugitzen diren objektuak gogoangarriagoak direla geldirik daudenak baino. Balia ezazu umorea, sartu ukitu komikoak. Kontu barregarriekin oroitzea errazagoa dugu beti.

Helburua: ondo elikatutako garuna

  • Zaindu odol zirkulazioa. Garuneko kapilaretatik igarotzen den odolak aski oxigeno eta nutriente ez baldin badarama, etekina ez da inondik ere egokia. Zirkulazio txarra dutenek eta zaintzen ez direnek epe luzera pentsatzeko arazoak nozituko dituzte, are jarduera pizgarriak eginez ere.
  • Saihestu itzazu kolesterol kaltegarria duten elikagaiak (gantz saturatuak): arteriak itxi eta, ondorioz, oxigenoa garuneraino heltzea galarazten dute. Kontsumitu barazki eta fruta freskoak (zitrikoak, batik bat). Fruitu lehorrak, orea, lekaleak eta magnesio, iodo eta fosforoa daukaten elikagaiak ere lagungarriak dira.
  • Ez ahaztu bitaminekin: zelulen mintza egoera onean mantentzen duen fosfatidil serina (FS) izeneko substantzia ekoizten du garunak. Gai hori egokiro sortzeko hainbat bitamina hartu behar ditugu, hala nola B12 (erraiak, sardinak, urdaiazpiko ondua) eta azido folikoa (galorratza, lekaleak, eskarola).

Saihestu beharreko etsaiak

  • Ez kontsumitu alkohol, tabako edo beste drogarik: erradikal askeen ugalketa laguntzen dute eta, batez ere, neurotransmisoreen sintesian interferentziak sortarazten dituzte, garuneko jardueraren kaltetarako.
  • Alkohola. Astean hiru kopa ardo baino gehiago hartzeak oroimena ahuldu eta garuna zaharrarazten digu.
  • Tabakoa. Nikotinak odol zirkulazioan eragin kaltegarria izateaz gainera, arreta jartzeko eta gogoratzeko ahalmena urritzen digu.
  • Atseden falta. Egunean zehar ikasi dugunaren asimilazioa eta memorizazioa loaldian finkatzen dira.

Oroimen jokoak

  • Ipini mahai gainean hainbat gauza eta estali oihal batekin. Kendu zapi hori hiru minutuz; estali berriro eta saia zaitez gauza guztiak gogoan izaten, kolore jakin batekoak, etc.
  • Mahai jokoak biziki baliagarriak dira. Horietako bat, bikoteena: hainbat karta bikoitzez osaturiko multzoa buruz behera jarri behar da; txanda bakoitzean jokalariak bi karta altxatu eta bikoteak osatzen saiatu beharko du.
  • Maleta jokoa. Zer sartuko zenuke maletan zerera joango bazina? Jokalari bakoitzak gauza bana aipatzen du; hurrengoak aurreko gauza guztiak errepikatu eta beste bat erantsi behar du.