Elikagaiak hozkailuan kontserbatzea

Gauza bakoitza bere toki eta tenperaturan

Eguberrietako erosketek hozkailu eta izozkailuak lepo betetzen dituzte. Etxetresna horiei sekulako emaitzak aterako dizkiegu, aholku soil batzuk ondo betez gero
1 abendua de 2006
Img consejos listado 177

Gauza bakoitza bere toki eta tenperaturan

Mendebaldeko hozkailua egun hauetan elikagaiz lepo betetzen da, ospakizun, oturuntza eta gainerakoak aitzakia. Aspalditik, geroz eta kontsumitzaile gehiagok elikagai horiek aurretiaz eskuratzea,erabaki du prezioen zurrunbilo kezkagarri hori ihes egiteko. Zuhur ibiltzea nahiago duen erostunarentzat, baita gainerakoentzat ere, jangaiak behar bezala bildu edo metatzea funtsezkoa da, bai elikagaien bidezko toxikazioei saihets egiteko, baina poltsikoan berebiziko zuloa eragin duten “altxor” gastronomiko horiek zakarrontzira bota behar ez izateko ere. Ondoko lerroetan ikusiko dugu nola antolatu janak egoera onean kontserbatzeko.

Hozkailuan

  • /imgs/20061201/img.consejo-del-mes-3.01.jpgHozkailuko tenperatura 2º – 4ºC izango da. Hortik behera, baliteke elikagaiak partzialki izoztea; lau gradutik gora, berriz, bakterioak ugaltzen hasten dira.
  • Ez nahasi apal berean elikagai gordinak eta prestatuak, ezta multzo desberdinetakoak (haragia, arraina, esnekiak, fruta…) ere: kutsadura gurutzatua gerta liteke-eta.
  • Ipini prestatu edo kuzinatuak goiko apaletan eta gordinak behekoetan (tantaka hasten badira…).
  • Ez bete gehiegi hozkailua; antola itzazu jangaiak aire hotza tartean ibil dadin moduz.
  • Gorde jangaiak ontzi garbi, lehor eta ongi itxietan. Horrela ez duzu nozitu beharko usainik, hezetasun-galerarik, kutsadurarik edo bazterretan lizunik.
  • Izan gogoan hozkailuko atea dela tenperatura-gorabehera latzenak izaten dituena. Ez gorde bertan jangai delikatuak.

Elikagaiak, banan-banan

  • /imgs/20061201/img.consejo-del-mes-3.03.jpgHaragi eta arrain freskoak elikagairik ustelkorrenak direnez, izozkailutik gertueneko apalean ipini behar dira: bertako tenperatura 1º – 2ºC izan ohi da. Gorde horrelakoak azpialdean sarexka bat daukaten ontzi itxietan, jangaia eta zukua kontaktuan egon ez daitezen.
  • Arrain fresko garbiak bere propietate guztiak 24 orduz mantenduko ditu hozkailuan; haragia, berriz, lau eguneraino (segun-eta zein atal den) kontserba dezakegu egoera on-onean.
  • Ezarri hestekiak, esnea eta esnekiak erdialde eta goialdeko apaletan: bertako tenperatura 4º – 8ºC izaten da.
  • Gorde hestekiak ontzi itxietan edo bildu aluminiozko paperean edo film gardenean.
  • Eduki esnea isolaturik, ontzi itxian: irekiz gero, gainerako elikagaiei darizkien usainak berehala hartzen ditu-eta.
  • Gazta hasita badago, bildu ebakitako aldea film gardenean, onddoen ugalpena galarazteko. Gorde gazta-mota bakoitza bere ontzian, bereiz.
  • Oso litekeena da fruta eta barazki freskoak tenperatura hotzetan hondatzea. Gorde hamar gradutaraino egon daitezkeen hozkailuaren behealdeko kutxetan. Bertan sartu aurretik, garbitu ur ugaritan eta kendu jangarri ez diren parteak.
  • Arrautzak -uda partean izan ezik, orduan berotasunak mikroorganismoen ugaltzea laguntzen baitu- hozkailutik kanpo gorde daitezke baina hotzak iraupena luzatu egingo die. Gorde itzazu mutur zorrotzena behera daudela, barne-egitura endeka ez dadin eta hobeki kontserbatuko direla bermatzeko. Oskola hautsi edo zartaturik dutenak ez gorde.

Izozkailuan

  • Izozturiko elikagaiak mantentzeko tenperatura egokia -18ºC da.
  • Beterik eta elikagaien artean tarterik gabe daudenean hobeki funtzionatzen dute izozkailuek.
  • Babes itzazu jangaiak izoztearen ondoriozko erredurak nozi ez dezaten: erabil itzazu zorro bereziak eta plastikozko ontziak. Horrela ez egiteak jangaiaren berehalako deshidratazioa ekar lezake. Idatzi etiketan noiz izoztu duzun.
  • Ez izoztu ostera desizoztu duzun elikagairik.

Aurretiazko prestakuntza

  • Haragiak eta arrainak ez du propietaterik galtzen, praktikan, izozte prozesuak ez duelako eraginik izaten ez proteinetan, ez A eta D bitaminetan ezta mineraletan ere. Jangai horiek desizoztean galtzen diren likidoetan bitamina hidrosoluble eta mineral gatzak doaz (produktua sutan prestatzean ere galduko diren modu berean).
  • Arraina izoztekoa baldin baduzu, eska arrandegian izozteko presta dezatela. Etxean prestatzea nahiago baduzu, lehendabizi kendu ezkatak, erraiak, burua, hegatzak; ondoren, garbitu uretan eta lehortu, izoztu aurretik.
  • Haragiari kendu hezurrak, gehiegizko gantza eta zurdak.
  • Garbitu barazkiak ur ugaritan eta kendu jangarri ez diren atal eta zatiak; galdarraztatu barazkiak minutu batez ur irakinetan eta sartu berehala ur hotzetan. Horri esker, bakterioen ugalpena galaraziko duzu eta produktua zuzen kontserbatzea erraztuko duzu; dena den, C bitaminaren galerarik gerta daiteke horrela (%15 – %20). Izozkailuan sartu aurretik, utzi ondo epeldu arte.
  • Arrautzak izoztu nahi baduzu, lehendabizi irabiatu behar dituzu. Bestela, gorringoak eta zuringoak bereizi behar dira eta kristalezko flaskoetan gorde.
  • Era guztietako plater prestatuak izotz ditzakezu. Gorde horrelakoak mikrouhin labean sar daitekeen ontzi egokian: horrela desizoztu eta ondoren berotuko dituzu ontzi berean, besterik erabili gabe.
  • Ez izoztu patatak, pasta, entsaladatarako barazkiak, txanpinoiak, esnegaina eta gantz asko duten saltsak. Denek galtzen dituzte propietateak eta batzuk hondatu ere egin daitezke.

Kondarrak, beti fresko

  • Gorde kondarrak (aurreko janaritik sobratutakoa) estalkia duen ontzi garbi, sakonera txikikoan. Ez utzi prestatu edo zerbitzatu dituzun ontzian (paderan, eltzean).
  • /imgs/20061201/img.consejo-del-mes-3.02.jpgElikagai edo plater kuzinatuak hortik bi ordutara izoztu behar dira. Sukaldeko tenperaturan luzaroago mantentzen badituzu (aita bi ordu baino gutxiago ere, tenperatura beroa bada), kaltegarri bihurtzeraino ugal daitezke bakterioak; hortaz, horrelako elikagaiak kontsumitzea arriskugarri jazo daiteke gure osasunarentzat.
  • Kontsumi itzazu kondarrak bi eguneko epean.
  • Elikagaiak hozkailuan sartu aurretik, egon zaitez, ondo epeldu arte. Bero daudela ez sartu inola ere hozkailuan.
  • Irekitako latak (ontziak) bota zakarrontzira, ontzi horien barnealdea berehala herdoiltzen baita. Gorde itzazu elikagaiaren tamainako plastiko edo beirazko ontzi egokietan eta eduki beren saldarekin estalita.
  • Berriro berotutako elikagaiak ez kontserbatu ostera.