Beroa ere, segurantziaz

Gas instalazio seguru eta gaurkotuak

Gas instalazioak lau edo bost urtean behin (gas motaren arabera) aztertu behar dira, Legeak agindurik
1 iraila de 2002
Img consejo del mes listado

Gas instalazio seguru eta gaurkotuak

Gas instalazioen segurtasuna hainbat faktorek baldintzatzen dutenez -hala nola behar bezalako erabilera eta mantenu hobezina-, aldian behin dagozkion azterketak egin behar izaten dira. Horrenbestez, gasarekin loturiko etxeko istripuen prebentzioaren protagonista nagusia erabiltzailea bera da, hein handi batean, eta bere esku dago ezbehar horietako asko ez gertatzea.

Gas instalazioen azterketak

  • Etxeko energia butano edo propano gasek hornitzen badizute, bost urtean behin instalazioen azterketa egin eta, ondorioz, iraungi data heldua duten elementuak (gomazko hodiak) ordezkatu beharko dizkizu horretarako legez gaiturik dagoen enpresa instalatzaile batek.
  • Iraungi data zehatzik ez duten arren, erregulatzailea eta bridak ere hondatu egiten dira: matxuratu edo endekatutakoan, jarri berriak, zalantzan ibili gabe.
  • Gas naturaleko instalazioen azterketa lau urtean behin egin behar izaten du berariaz baimenduriko enpresa instalatzaile batek. Gogoan izan enpresa dela eraikinaren kanpo aldean dagoen hartuneraino gas hoditerien kontserbazioaren arduraduna eta mantentze zerbitzu horiek zuretzat doanekoak direla.
  • Erabiltzailearen konturakoa da, berriz, eraikin barneko instalazioa lau urtean behin aztertzea. Kasu horretan erabiltzaileak ordaindu behar ditu gastuak. Zerbitzu hori enpresa instalatzaileek eskaintzen dute, eskuarki. Erabiltzaileak, beste aldetik, kontadoretik aparatuetaraino, bere etxebizitzako instalazio partikular osoa egoera hobezinean mantendu behar du.

Sasi inspektoreak

  • Gas instalazioak egiten dituzten enpresa batzuek, bertako pertsonala erabiltzaileen etxebizitzetara igortzen dute, enpresaren zerbitzuak eskaintzera, nahiz eta erabiltzaileak horrelakorik eskatu ez duen: horrelakoetan erabiltzaileak ez du zerbitzu horiek onartzeko inongo obligaziorik baina, halaz ere, onartuko balu, delako inspektore horri bere burua identifika dezan eskatu beharko lioke (baimendutako gas instalatzailearen agiria erakutsiz). Teknikoaren janzkera aintzat harturiko enpresa batekoa izatea ez da behar bezalako bermea eta ez da aski baimenduriko inspektorea dela egiaztatzeko.
  • Eskatu aurretik aurrekontua eta gogoan izan hori onartzeko obligaziorik ez duzula. Zalantzarik baduzu edo azterketan gorabehera arraroak hautematen baldin badituzu, ez sinatu inongo agiririk eta ez ordaindu dirurik.
  • Hodiak, bridak edo erregulatzaileak aztertu edo aldatze hutsak ez du esan nahi instalazio osoa goitik behera aztertu denik: eragiketa hori askoz konplexuagoa da, inondik ere.
  • Azterketa egin ondoren, eska ezazu Egokitasun Agiria: horixe da gas instalazioen azterketari balioa ematen dion agiri bakarra. Aldatutako piezak zureak dira orain; eska ezazu zure esku utz ditzaten, beharrezkoa balitz, erreklamazioak egiteko edo.
  • Gogoan izan hodi malguak edo gomak zerorrek alda ditzakezula. Dendan 1,80 euro inguru kostatzen dira. Ez ahantzi erregulatzaileak ez duela iraungitze datarik. Erregulatzailea aldatzea akatsik duenean bakarrik onartu.

Mantendu instalazioa egoera hobezinean

  • Errekuntzaren kalitatea garrak erakusten du: ona izanez gero, bizia, egonkorra eta urdinkara izango da sua. Zaratatsua, gorabeheratsua bada eta mutur horixkak baditu, dei ezazu fabrikatzailearen zerbitzu teknikora, aparatua azter dezaten.
  • Ke-aterabidea funtsezkoa da, horren premia duten aparatuek ondo funtzionatuko badute. Langile espezializatuak instalatu beharko du, indarreko arauteriaren arabera.
  • Hodietan endekapenik (herdoila, deformazioak, bridak hautsirik, etab.) hautematen baduzu, dei egiozu enpresa instalatzaileari. Utzi albo batean brikolajeak eta.
  • Ez erabili gas hodiak bestelakoak eskegitzeko. Ahal dela ez jarri hari elektrikoekin ukituz eta ez erabili aparatu elektrikoentzako lur-hartune gisa.
  • Gas instalazioa dagoen tokiak aireztapen ona izatea ezinbestekoa da, ihesik gertatzekotan gasa kanpo aldera irten dadin. Gas naturala airea baino arinagoa denez, ihesik gertatzekotan gorantz egiten du: horrenbestez, aireztatze-zuloak ate-leihoen goialdean egin behar izaten dira. Propano eta butanoa, aitzitik, airea baino astunagoak direnez, aireztapena behe aldeetan kokatu behar da.
  • Egiaztatu etxeko instalazioa seguru dagoela eta ihesik ez duela. Egin, aldian behin, hurrengo proba:
  • Itxi gas-aparatu guztiak eta ikusi kontadoreak zenbat markatzen duen.
  • Egon zaitez horrela ordu laurden bat eta ikusi berriz kontadorea. Zenbakia aurreko bera ez bada, itxi gaseko giltza nagusia eta deitu baimendutako tekniko bati.