Aurreztutakoa inbertitzen jakiteko

Erretiro garairako inbertsio seguruak

Epe luzerako aurrezki-produktu batzuek errentagarritasun gutxiago ematen dute, baina arriskua ere txikiagoa izaten da, eta kapitala hobeto babesten dute
1 iraila de 2009
Img eco domestica listado 353

Erretiro garairako inbertsio seguruak

Erretiroan lasai bizi ahal izateko aurrezten du dirua hainbat jendek. Gero zer izango den ez dakigu, baina ezin uka orain baino lasaiago ibili dela jendea lehen. Egoera zaildu egin da, eta garai bateko aurreikuspenak baliorik gabe gelditu dira. Etekin onak nondik atera, hori zen oraintsu arteko jokoa, baina jokoa errenta ez den seinale, inbertitu den dirua ez galtzea da oraingo apustua; eusteko garaiak dira…

Jendeak segurutik jo nahi du, eta halakoxe produktuak hartzeko joera nagusitu da: ustezko maukak ahantzi, eta segurtasuna eskaintzen duten aurrezki-produktuak jo ditu begiz. Orain arte, nagusiki pentsio planak egin izan ditu jendeak erretiro sari publikoak diruz zertxobait osatzeko, baina mota horretako plan gehienek ez dute bermatzen kapital inbertitua, eta inbertsiogile asko berme horren bila hasiak dira, hau da, aurrezkia babestu eta, merkatuan gertatzen dena gorabehera, inbertitu duten guztia itzuliko dieten produktuen bila. Eta badira halakoak ere, jakina: Norbanakoek Sistematikoki Aurrezteko Planak (PIAS), Aurreikuspen Plan Bermatuak (PPA), variable annuities direlakoak, pentsio plan bermatuak… eskaintza ugaria da, eta askotarikoa. Eta zein da produkturik onena? Hainbat alderdi hartu behar dira kontuan galdera horri erantzuteko: zein adin dugun, zenbat daukagun aurreztuta, zenbateko arriskua hartu nahi dugun, zein esperientzia daukagun inbertsiogile moduan, zer prestakuntza finantzen arloan… Guk gidatxo bat eskainiko dugu, produktu bakoitzak zer ezaugarri dituen jakiteko, eta erretirorako bidean ez galtzeko.

Pentsio plan bermatuak

Pentsio planen ezaugarri guztiak dituzte, eta honako berezitasun hau eskaintzen dute: dirurik ez badugu ateratzen finantza erakundeak jarri duen epea baino lehen, kapital guztia bermatuko digute.

Abantailak

  • Aurrezki produktu bat da, erretiro garairako dirua aurreztu ahal izateko; zerga-abantailak ematen ditu, urtero egiten diren ekarpenak kendu egiten baitzaizkio inbertsiogilearen oinarri zergagarri nagusiari. Hau da, zerga gutxiago ordaindu behar izaten dira, edo Ogasunak dirua itzultzen du, hala egokitzen bada.
  • Kapital inbertitua babesten dute, mugaegunari eutsiz gero. Produktu hauen helburua da bezeroak azken eguna arte eduki dezan dirua han sartuta, eta hala eginez gero, ez du ezer galduko.
  • Gutxieneko inbertsio bat egitera behartzen dute erakundeek, baina kopuru txikiak dira. Urtean 300 eurokoa izan daiteke, eta hortik gora, nahi adina.
  • Aurrezkia beste pentsio plan batera edo Aurreikuspen Plan Bermatu batera eraman daiteke norberak nahi duenean.
  • Aukera asko ematen dituzte: errenta finkoko plan bermatuek kapitala babesten dute eta interes finkoa ematen dute urtean (% 2-3koa da egun). Errenta aldakorreko plan bermatuek aukera ematen dute dirua irabazteko, baldin eta burtsako balio edo adierazle batzuek emaitza ona ematen badute inbertsioak irauten duen aldian. Mugaeguna iritsi eta okerreko bilakaera eduki badu, inbertsiogileak ez du dirurik galduko, bana irabazi ere ez du egingo.

Eragozpenak

  • Likidotasunik ez dute, eta, beraz, salbuespen egoeratan baino ezin izaten da atera dirua: bezeroa luzaroan langabezian dagoelako, gaixotu delako, mendekotasun egoera larrian dagoelako, ezinduta geratu delako edo erretiroa hartu duelako (azken hori izaten da ohikoena). Inbertsiogileak ezin badu frogatu egoera horietako batean dagoela, ez diote utziko dirua ateratzen.
  • Oro har, inbertsio-epe jakin bat edukitzen dute. Inbertsiogileak kalkuluak egin behar ditu, eta erretiroa hartu aurreko bost, zazpi, hamar… urteetan plan bermatu bat bere beharretara moldatzen asmatu. 55 urte baditu eta 65ekin hartuko badu erretiroa, 10 urterako plan bermatu bat hartu beharko du. 60 urte baditu, bost urterako plana izan beharko du… Garrantzitsuena zera da, planak ez dezala iraun erretiroa hartzeko geratzen zaion denbora baino gehiago. Pentsio funtsak arautzen dituen legeak aukera ematen du aurrezkiak produktu batetik bestera eramateko, ezertxo ere ordaindu gabe. Plan bermatuetan, ordea, inbertsiogilea ez badago gustura eta dirua beste produktu batera eraman nahi badu edo atera egin nahi badu epea bete aurretik (legeak ezartzen dituen baldintzetako bat betetzen delako), orduan bermea galduko du. Egoera horretan, funtsaren balioa erabat egongo da merkatuko aktiboen bilakaeraren mende. Hau da, gerta daiteke inbertsiogileak dirua galtzea.

Aurreikuspen Plan Bermatuak (PPA)

Aurreikuspen Plan Bermatuak aurrezki-aseguruak dira, eta pentsio planek bezalako zerga-abantailak izaten dituzte, eta dirua ateratzeko ere baldintza berak bete behar dira: inbertsiogileak erretiroa hartzea, langabezian geratzea, gaixotzea…

Abantailak

  • Kapital inbertitua bermatzen dute, eta interes jakinak ematen dituzte urtean, horixe du alderdirik erakargarriena. Pentsio plan bermatuetan ez bezala, aurreikuspen plan hauetan ez da bermerik galtzen aurrezkiak beste produktu batera eramandakoan.
  • Aurrezki Plan Bermatuek irabaziak ematen dituzte. Agindutako interesak ordaintzen dituzte urtero, eta bezeroak ez du galtzen diru hori.
  • Nahi denean eraman daitezke aurrezkiak beste Aurrezki Plan Bermatu batera edo pentsio plan batera.
  • Gutxieneko inbertsioak txikiak dira produktu hauetan ere. Urtean 300 eta 600 euroren artean dabiltza.
  • Produktu hauek aukera ematen dute heriotzagatik estaldura berezi bat edukitzeko, eta aski ezaugarri aipagarria da hori.
  • Pentsio planek bezalako zerga-abantailak dituzte.

Eragozpenak

  • Ez dute errentagarritasun handi-handirik ematen. Egun, % 2,5 eta 3 artean ematen dute urtean.
  • Komisio handi samarrak jartzen dituzte. Produktua kontratatzen denean, aseguru etxeek komisio bat kobratu ohi dute asegurua egiteagatik eta beste bat bermea sortzeagatik.

Norbanakoek Sistematikoki Aurrezteko Planak (PIAS)

2007ko urtarrilean indarrean sartu zen zerga erreformak arautzen ditu Norbanakoek Sistematikoki Aurrezteko Planak. Urtean 8.000 euroraino inbertitu daitezke, eta produktuak irauten duen epe guztia aintzat hartuta, 240.000 euroko inbertsioa egin daiteke, gehienez ere.

Abantailak

  • Aseguru-aurrezkiak dira hauek ere, eta, oro har, kapital inbertitua bermatzen dute eta interes finko bat ematen (egun % 2,5 eta 3 artean dabil urteko interesa).
  • Likidezia daukate. Inbertsiogileak nahi duenean atera dezake dirua (pentsio planekin edo Aurreikuspen Plan Bermatuekin ezin da egin halakorik).
  • Produktu hauek bereziki interesgarriak izan daitezke aurrezkiak bizisari moduan erabili nahi dituenarentzat, hau da, aurreztu duen dirua poliki-poliki atera nahi duenarentzat, eta ez dena aldi berean. Produktu hauetatik lortzen diren irabaziei ez diete zergarik ezartzen, baldin eta gutxienez hamar urtean aritu bagara inbertsioa egiten eta bizisari moduan ateratzen badugu. Berezitasun horixe daukate.
  • Zergei dagokienez, hilabetean lortzen den errenta berehalako bizisari moduan hartzen da PFEZean, era zerga-kenkari handiak izaten dituzte, bezeroak duen adinaren arabera. Adibidez, 70 urtetik gorakoek, lortu duten errentaren % 8ari dagozkion zergak soilik ordainduko dituzte, eta 66 eta 69 urte artean dituztenek, berriz, hileko errentaren % 20ari dagozkion zergak.
  • Beste abantaila bat ere badute: pentsio planetan dirua sartuagatik ere, bezeroak berdin-berdin har dezake PIAS hauetako bat eta hor ere dirua sartu (pentsio plan batean dirua jarri eta 10.000 euro arteko kenkariak eduki ditzake, eta urtean beste 8.000 euro inbertitu PIAS batean).

Ekono miaren atzerakadarekin
jendeak jarritako dirua Bermatuko
duten inbertsioak nahi ditu,
jubilazioari begira

Eragozpenak:

  • PIAS hauetara egiten diren ekarpenek ez dute gutxitzen Errenta Adierazpeneko oinarri zergagarria.
  • Nahiko errentagarritasun txikia ematen dute. Zenbaitetan, komisioak ordaintzeko behar izaten dira irabazien erdiak.
  • PIAS bakarra egin daiteke (pentsio planak, aldiz, nahi adina egin daitezke).
  • Finantza erakundeek, gehienetan, behartu egiten dute ekarpenak maiztasun jakinarekin egitera, eta, beraz, bezeroak argi eduki behar du zein konpromiso hartu duen. Egiaz, aurrezki-plan batek bezala funtzionatzen dute. Ezohiko diru ekarpenak egiteko aukera ere ematen dute, baldin eta ezarritako mugak errespetatzen badira.

Variable annuities

PIAS direlakoak bezala, produktu hauek ere berri samarrak dira Espainian (2007an iritsi ziren). Errenta aldakorreko aurrezki-aseguruak dira Variable annuities direlakoak, eta kapital inbertitu guztia bermatzen dute, baldin eta mugaeguna iritsi arte edukitzen bada dirua han sartuta. Horrez gain, burtsan eta inbertsio-funtsetan inbertitzeko aukera ematen dute, eta errentagarritasun handiagoa lor daiteke; Aurreikuspen Plan Bermatuek eta PIAS izenekoek ez dute eskaintzen halako aukerarik (errenta finkoko produktuak dira).

Abantailak

Espainian merkaturatzen diren variable annuities guztiek kapital inbertitua bermatzen dute, eta errentagarritasun gehigarri bat ere bai (bi aukeraren artean onena dena ematen diote bezeroari):

  • Urtean % 2 eta 3 arteko interes bermatua izan daiteke, edo bezeroak hautatu duen inbertsio-saski batek eduki dezakeen errebalorizazioa (burtsan edo inbertsio-funtsetan inbertitu ohi du).
  • Erakundeek hainbat inbertsio-saski jartzen dituzte bezeroaren aukeran (kontserbadoreenetatik arrisku gehien dutenetara), nahiz eta inoiz ez duten galduko kapital inbertitua. Bezeroak ez du bere gain hartzen inbertsio-arriskurik.Inbertsio-aukera nahi denean alda daiteke, eta nahi adina aldiz (inbertsiogileak erabaki dezake noiz utziko dion burtsan inbertitzeari eta noiz pasatuko den errenta finkora, edo alderantziz), eta beti bermatuta edukiko du kapitala.
  • Gutxieneko inbertsio-epea bost urtekoa izaten da, baina dirua denbora gehiagoz edukita (15 eta 20 urte artean), are abantaila hobeak lortuko ditu inbertsiogileak.
  • Likidezia daukate, eta edozein unetan atera daiteke dirua.

Eragozpenak

Pentsio plan bermatuek bezala, variable annuities direlakoek ere inbertsio-epe bat eduki ohi dute. Epea bete aurretik atera nahi badu dirua, inbertsiogileak galdu egingo du kapitalaren bermea, eta, ondorioz, dirua gal dezake.

  • Ez dute ematen zerga-abantailarik.
  • Komisio asko izaten dituzte: inbertsioak kudeatzeagatik, asegurua bera egiteagatik, bermea sortzeagatik, dirua ateratzeagatik (% 5 ingurukoa izan ohi da azken hori)…