Beltzarantzeko produktuak

Eguzki gabe beltzaran egotea

1 uztaila de 2004

Eguzki gabe beltzaran egotea

Duela hogeita hamar urte sartu ziren merkatuan, arrakasta handirik gabe, egiari zor. Egun, formula berriei esker, ez dute usain txarrik, ez dute larruazala horixka uzten eta, areago, eguzki izpirik gabe (eta, hortaz, arriskurik gabe) azala beltzaran uzteko formula seguru bakarra dira. Dezente hobetu da, gainera, horien itxura -krema, gela, espraia, toailatxoa edo aparra- eta kolore tonuak, geroz eta naturalago baitira.

Nola koloreztatzen du beltzarantzeko produktuak?

  • Formula horiek daukaten DHA molekulek (dihidroxiazetona) epidermisa ukitzean oxidazio erreakzio kimikoa abiarazten da. Erreakzio horri esker, ezkatatze prozesu naturalari jarraituz, bizpahiru egunetan suntsitzekoak ziren larruazaleko kanpo-kanpoko zelula hilak tindatu egiten dira. Horregatik, lortu dugun tonua ez badugu atsegin, pare bat eguneko epe hori itxarotea aski dugu, bestelako bat bilatzeko.
  • Lorturiko kolorea bi faktoreren arabera aldatuko da: gure larruazala eta aplikatu dugun produktua. Frogatuta dagoenez, larruazal lehorrak koipetsuak baino errazkiago beltzarantzen dira. Produktuari dagokionez, formularen araberakoa izango da tonua. DHA %2 bakarrik baliatuta eguzkirik gabe larruazala beltzarantzea erdiesten bada ere, produktu horietako gehienek edukiaren %3 eta %6 bitarte daukate. Tonua laranja koloretik marroi xigorturaino doanez, aurpegian edo gorputz ataletan zabaldu aurretik, tanta bat hartu eta gutxi ikusten den zona batean aplikatzea komeni izaten da, hura zer izango den aurreikusteko.
  • Lehen eskua aplikatu ondoren tonuari argiegi baderitzogu, lehen dosi hori eman dugunetik hiru ordura bigarren eskua eman dezakegu. Nahi dugun kolorea erdietsitakoan, astean hiruzpalau dosi aplikatzea aski izaten da. Tonua erabat desager dadin, ordea, larrua berritzearekin batera pixkanaka ezabatzen eta ahultzen joan dadin itxarotea dugu irtenbidea. Horregatik du garrantzia tonua ondo aukeratzeak. Krema esfoliatzaile baten laguntzaz prozesua laburtu egin daiteke.
  • Eguzkia hartzeko eguzki babeslea duen produktua hautatu edo, bestela, lehendabizi beltzarantzeko gaia eta ondoren babesledun eguzki krema aplikatu behar dugu. Gogoan izan gai beltzarangarriek ez dutela melanina estimulatzen, hau da, berez ez dute kolorea sortzen (horixe da babesten gaituena). Beltzarantzeko produktuen babesa eguzki kremek daukatena baino ahulagoa denez, hobe da azken horietako kremaren bat baliatzea eguzkitan luzaro egoteko.
  • Beltzarantzeko produktuen usain nabarmena eta tonu artifizial samarrak iraganeko kontuak omen diren arren, hobe da horrela dela egiaztatzea, establezimenduan lagin bat eskatu eta gure larruan aplikatu ondoren.

Nola aplikatu beltzarantzeko produktua

  • Uniformeki eta orban arrastorik gabe beltzarantzeko, produktua aplikatu aurretik larruazala esfoliatu egin behar da, alderdi zimurtsuenetan behin eta berriro saiatuz (ukalondo, belaun eta orpoetan), zelula metaketa dela medio, horiek errazkiago belzten baitira.
  • Beltzarantzeko produktu gardena ala koloreztatua aukeran baduzu, hautatu bigarrena: produktua aplikatu den gunea oso-osorik kontrolatuko duzu horrela.
  • Beltzarantzeko produktuari etekin onena ateratzeko unea dutxatik irtetean da, orduan baitago larruazala leunen eta garbien.
  • Aplikatu produktua larruazala ondo lehortuta. Gorputz osoan ematekoa baduzu, hasi oinetatik; goialdetik ekiten badiozu, behealdea aplikatzeko makurtzen zarenean gairik ken dezakezu sabel edo gerrialdetik.
  • Ez baliatu beltzarantzeko produktua besaurre, esku ahur eta oin zoletan. Hanketan aplikatu ondoren egon zaitez tartetxo bat, eseri gabe. Aurpegian ematean, ez aplikatu begi ertz, bekain eta ile ertzean. Baselina zabalduta babes ditzakezu alderdi horiek.
  • Eskugainak beltzarantzeko gorde tanta bat ezker eskuturrean; garbitu eskuak uretan, lehortu eta, eskuin eskugainarekin zanpatuz, zabaldu produktua gaina gainarekin igurtziz, hatzak bereizi gabe.
  • Gaia aplikatu ondoren, garbitu esku eta azkazalak, ilun ez daitezen. Zaindu bereziki hatz tarteak. Itxaron hogei minutu edo ordu erdia jantzi aurretik eta ordubetea dutxatu aurretik.