Burtsako inbertsio-jokoan

Burtsan diru gutxirekin eta gai honetaz dakitena partekatzeko prest dauden beste bazkide batzuen sostenguarekin sartzeko aukera ematen dute Burtsa klubek
1 apirila de 2008
Img eco domestica listado 255

Burtsako inbertsio-jokoan

Espainian milaka familiaren aurrezkiak doaz Burtsara: dagoeneko zortzi milioi espainiar dira beren kapitalaren parte bat balore-merkatuan inbertitu dutenak. 2007 urtean Espainiako Burtsan akzioen kontratazio munta 1,8 bilioi euro baino handiagoa izan zen, hots, marka historikoa. Baloreen merkatuan sartzeko aukeretako bat, goraka doana, inbertsio kluba sortzea da. Klub horiek, kapital txikiekin Burtsan eragiketak egin nahi duten inbertitzaile afizionatuek osatuak ohi daude: erretiratu, ikasle, unibertsitario edota etxekoandreek baloreen merkatuan aukera honetaz baliatuz eman dute aurreneko pausoa. Klubak are eta erakargarriago bihurtzen dira oraingo uneotan, adibidez, ziurgabetasuna eta Burtsaren ezegonkortasuna nagusi direnean. Ekonomia eta enpresaren berri hainbat bazkidek ezagutzea, nolako akzioak salerosi behar diren asmatzeko eta metaturiko aurrezkiei zukuak ateratzeko arras baliagarria gerta daiteke.

Klubaren estreinako pausoak

Merkatuan barrena inoren laguntzarik gabe sartzen ausartzen ez diren aurreztaile askorentzat egiazko hastapenetako eskolak dira inbertsio klubak. Bertan, bazkide denen artean aukeratu eta finantzaturiko balore zorroa partekatuko dute. Irabaziak banatzean kide bakoitzak, klubaren ondarera egin duen ekarpenaren araberako kopurua jasoko du (ez du zertan berdin-berdina izan, noski).

Bete beharreko lehen baldintza, klubeko bazkideek Burtsan aritzeko pasioa sentitu eta merkatuko bazter-zokoak ikasteko gogoa izatea da. Ez da ezinbestekoa, inondik ere, errenta aldakorreko merkatuan aditua izatea. Areago, horrelako elkarteen helburuetako bat, bertako kideen finantza-prestakuntza sustatzea da. Inbertsio klub bat osatzeko beharrezkoa den bakarra, kapital txiki bat eduki eta ikasteko prest dauden lagun batzuekin harremanetan jartzea da.


Tramiteak

Inbertsio klub horrek balio juridikoa izan dezan, hainbat tramite beharko ditu. Denetan lehena, klubaren helbide sozialari dagokion Ogasun Delegazioan alta ematea; horren truk dagokion IFK zenbakia emango zaio. Klubek beren ondarearekin egiten dituzte eragiketak, juridikoki ondasun komunitate gisa osaturik eta, izan ere, klubeko bazkideek idatziko duten Sorrera Aktan horrela agertu beharko da, bertan denen izen-abizenak, nortasun agirien zenbakia, kapitalean duten partaidetza-kuota, klubaren izena, helburua, helbide soziala eta antzeko datuak adierazita eta bazkide guzti-guztiek sinatuta.

Klubeko bazkideek, beste aldetik, estatutuak idatzi beharko dituzte -kluba arautuko duten xedapen, itun edo klausulak, alegia- eta bertan baloreen salerosketan artekari lanak egingo dituen pertsona, elkarte edo balore-agentziaren izena agertuko da: honakoa izango da bazkideek nahi dituzten akzioak horien izenean saldu eta erosiko dituena. Kontuan izan dezagun akzioen salerosketa zuzenean egiteko baimena ez dutela artekari horiek soilik.

Halakotzat sortzeko, klubek gutxienez bost bazkidek osatuak izan behar dute baina, dena den, ez da komeni 50 baino gehiago izatea ere. Ekarpenei dagokiela, bai hasierakoak, baita gerora egiten direnak ere, Estatutuek mugatu beharko dituzte. Baloreen Merkatuko Batzorde Nazional espainiarrak (CNMV, hots, Burtsaren jarduera zuzena zaintzen duen organismoa) iradoki duenez, ez da komeni ekarpen indibidualen muntak 12.000 euro baino handiagorik izatea.

Nondik hasi inbertitzen?

Kluba sortuta, hasierako inbertsio eragiketak egin behar dituzte bazkideek. Printzipioz, behintzat, klubek akzioetan inbertitzen duten arren, segun-eta nolako espezializazioa eta ezagutzak dituzten, bestelako finantza-produktu konplexuagoekin (hala nola eratorriekin: aukerak, etorkizunekoak, warrant, etab.) ere egin ditzakete eragiketak. Helburua argia da: pixkanaka-pixkanaka balio-zorro bat osatzea, nahi bezain maiz aldarazi ahalko dena. Egiari zor, inbertsio fondo txiki baten modura funtzionatzen dute. Zein baloretan inbertitu behar den erabakitzeko, klubeko kideek tartean behin elkartu behar dute, burtsen, sektoreen eta balore interesgarrienen egoeraz iritziak jorratzeko.

Eskarmenturik ez badute ere, klubeko bazkideek ekonomiaren martxan interesa izaten dute, ekonomiari buruzko prentsa eta publikazio espezializatuak irakurtzen dute, mintegietara joaten dira… Klubeko bilerak, horri esker, informazioa trukatzeko foro aberatsak gertatzen dira. Era berean, klubaren aginduz eragiketak egiten dituen elkarte edo balore-agentziako adituren baten testigantza eta eskarmentuaz baliatzea ere biziki interesgarria da; pertsona horrek, alorreko espezialista den aldetik, inbertsioa gidatzeko argudio pisudunak eman ditzake-eta. Bileraren amaiera, bazkideek zein baloretan inbertitu, zeinetan atzera jo eta zeini eutsi erabaki beharko dute.

Printzipioz, bazkide guztientzako ikaskuntza-eskola gisa dihardu klubak eta, halakotzat, irabaziak denen adostasunez kitatzea omen da egokiena. Kitapena klubaren deuseztapenarekin bat gertatuko litzateke. Dena den, estatutuek horrela adierazten badute, bazkideek etekinen parte bat (beti ere, haietako bakoitzak eginiko ekarpenen proportzioz) banatzea noiznahi erabaki ahal izan dezakete.

Nori interesatzen zaion inbertsio kluba sortzea

Inbertsio klub bateko bazkide izatea, hasteko, bere kabuz inbertitzen ausartzen ez direnez, beste batzuen laguntzaz erosoago sentituko liratekeen burtsazale guztiei interesatzen zaie. Izan ere, erabakiak taldean hartzeak irizpide bat baino gehiago izateko aukera ematen du eta, aldi berean, balore jakin batean inbertitzera jo aurretik komeni den informazio ekonomikoa bilatzeko lana arindu egiten du.

Klub horiek negozio munduarekin lotura duten karreretako -enpresa-zientziak edo ekonomia, adibidez- ikasleek osatuta egotea da ohikoena: gazteek, aulan bildutako teoria praktikan jartzeko eta, bide batez, aurrezkiei estra bat ateratzeko helburuz elkartzen dira horrelakoetan baina, halaz ere, lagun-talde, enpresari, etxekoandre edota erretiratuek osatzen dituzte, oro har.

Eragiketen fiskalitatea

Inbertsio klubek eginiko eragiketek ez dute berariazko zergarik ordaindu behar. 2007ko urtarrilean indarrean sartu zen PFEZen azken erreformaren arabera, klub baten bitartez erositako balioengatiko galera-irabaziek inbertsio indibidualek bezainbesteko zergak dituzte, hots, sorturiko irabazien %18ko zerga ordaindu behar da. Ordainketa proportzioz banatuko da, klubean norberak daukan partaidetzaren arabera.

Nola jarri martxan klub bat

Inbertsio klub bat sortzeak duen atalik aspergarriena, agian, behar bezala inskribatzeko bete behar diren tramite burokratiko eta administratibo aldrebesak egitea izan daiteke. Hemen, behar-beharrezkoak direnak bakarrik jasoko ditugu:

Sorrera Akta (orijinala eta kopiak) sinatuta eta bazkideen IFZen eta estatutuen kopiak hartuta klubeko kide batek klub horri dagokion Zerga Agentziako delegazioetako batean ?Errolda Adierazpena. 036 Eredua” izeneko inprimakia erosi beharko du. Hori behar bezala betetakoan, Zerga Agentzian aurkeztu beharko da berriro, Errolda Sekzioan eta bertan kideari behin-behineko IFZ emango diote, sei hilabetetarako.

Ondoren, aurreko dokumentazio hori Zergen Zuzendaritza Nagusian aurkeztu eta “Sozietate Eragiketak. 660 Eredua” izeneko inprimakia bete beharko da. Agiri horiek guztiak zigilatu eta etiketa ipinita, Zerga Agentziako Errolda Sekziora jo beharko da ostera, Inbertsio Klubaren behin betirako IFZ eskuratzeko.

Klubeko kideek, horrez gainera, Espainiako lau Burtsetako baten (Madril, Valentzia, Bartzelona edo Bilbo) Elkarte Nagusira joan beharko dute, komunitate hori kluben datu-basean sartua izan dadin eskatzera. Horrek, erakunde horientzat xedaturiko onura guztiez baliatzeko aukera emango die.

Inbertsio klub bateko kide izatearen abantailak

Baloreen merkatuaz ezagutzak partekatzeko eta gehiago ikasteko aukeraz gainera, horrelako klub bateko kide izateak beste hainbat abantaila ohi dakartzanez, norberaren inbertsioa baino erakargarriago bihurtzen da jende askoren ustez. Hona hemen horietako batzuk:

  • Artekaritza-komisioak, merkeago: klubeko kidea izateari esker, baloreen salerosketan tarifa txikiagoak ordaindu behar izaten da. Klubekin lanean diharduten brokerrek klubei pertsona indibidualei baino lansari apalagoak kobratzen dizkiete, eragiketa asko egiten dituztenean, batik bat.
  • Aholkularitza doan: askotan, finantza artekariek inbertsio klubetara Burtsari buruzko txostenak dohain igortzen dizkiete, baloreen gaineko aholkuak emanez.
  • Ikastaro eta mintegiak: finantza artekariek eta burtsa-plazek (Madril, Bartzelona, Valentzia edo Bilboko Burtsa) bertan klubei erregistratzeko eta, bat ere ordaindu gabe, ikastaro eta mintegietara joateko aukera ematen diete.
Dirua galduz gero, ordea?

Inbertsio klub baten bitartez egiten diren eragiketetan galdu edo irabazi egin daiteke. Burtsa ez da matematika eta, hortaz, inork ezin dezake igarri halako epean zein izango diren akzio irabaztunak. Zorroa galeretan dagoela, kluba desegingo balitz bazkideek dirua galdu egingo lukete (norberak, eginiko ekarpenen araberako proportzioan, jakina).

Halaz ere, kluba sortzean asmoa izan behar du epe luzerako inbertsioak egitea, galerari saihets egiteko. Egokiena, klubean denbora asko irautea da (epe luzera, estatistikoki frogatua dagoenez, Burtsa da inbertsio-aktiborik errentagarriena). Hala eta guztiz, bazkideak galerak izan ditzakeela ere jakin behar du baina, neurriak hartuz gero (dibertsifikatzea, balio handien alde egitea, errentagarritasun handia dibidenduko), arriskua arintzea errazago gerta daiteke.