Hegazkineko bidai luzeak

Bizirik irauteko gidaliburua

Turista klaseko sindromea, jet lag... bidaiariaren eragozpenak arin daitezke, behar bezalako neurriak hartuz gero
1 uztaila de 2006
Img consejo 02 listado

Bizirik irauteko gidaliburua

Gure antipodetakoei egin beharreko bisitek edo urruti-urrutiko herrialde exotikoetarako bidaiek makina bat pizgarri ez ezik, oztoporen bat ere sortarazten dute: hauetan latzenetako bat, 10.000 metroko altueran bidaiari ausartaren izerdi hotzak eta ondoeza sortarazten dituena, hegazkinaren espazio ezin eskasago horretan eman behar izaten dituen ordu luzeak dira. Airearen presio aldaketak, oxigeno proportzioa urritzea, turbulentziak, geure organismoak ohikoak dituen erritmo biologikoaren (zirkadianoaren) gorabeherak, estres psikologiko edota fisikoa… Eragozpenen zerrenda luzea ohi da baina horiei ere saihets egin diezaiekegu bidaia arretaz planifikatu eta neurri soil batzuk hartzen baditugu, hegaldiaren aurretik, bitartean eta ondoren aplikatzeko.

Turista klasekoen sindromea

Horrela deritzo hanketan odolbilduen formazioa eragiten duen Sakoneko Zain-Tronbosiari (SZT). “Turista klasekoen sindrome” izenak lehen klaseko bidaiariak gaitzetik salbu daudela adierazten badigu ere, patologia hori espazio txikian hainbat ordutan mugitu gabe -hegazkinetan, bidaia luzeetan batik bat gertatu ohi bezala- dagoen pertsona orok nozi dezake. Sintomak (mina, edema, azalaren ezohiko kolorazioa, azaleko zainen hanpadura) hegaldian bertan, lurrartzean edo helmugara iritsi eta handik egun batzuetara nozitzen ditu pazienteak. Emakume haurdunek, pertsona zaharrek, erretzaileek, odol-zirkulazioko arazoak pairatzen dituztenek eta Gaitz Buxagarri Kronikorik (GBK) eta gutxiegitasun kardiakoa nozitzen dutenek osatzen dute SZT pairatzeko arrisku gehien duen populazioa. Pertsona horiek, bidaia egin aurretik, sendagilearekin kontsulta egin behar dute, beraz. Nolanahi ere, arriskurik saihestu nahi baduzu:

  • Kontraindikaziorik ez badago, hegan hasi aurretik aspirina har dezakezu, odol koagulazioaren eta plaketen elkartzeen kontrako baliagarri eraginkorra da.
  • Ez hartu botika hipnotikorik, ez hartu lo egiteko pilularik.
  • Hegaldian, jantzi zuntz naturalezko arropa lasaia, azalean presio gutxiago eragin eta aireztapena errazteko.
  • Ez jarri eserleku azpian hankak luzatzea eragotz dezakeen bultorik. /imgs/20060701/img.consejo.02.jpg
  • Edan ura tarteka, deshidratazioari saihets egiteko. Likido gabeziak odola loditu eta odolbilduak osatzeko arriskua areagotzen du. Ahal dela, ez hartu kaferik, ezta alkoholik ere.
  • Eserita zaudela, ez eduki hankak gurutzaturik.
  • Eserlekuan bertan besoak eta hankak luza ditzakezu, lokar ez daitezen.
  • Egin ariketa fisiko soilen bat, hala nola oin punta kementsu altxa eta segundo batzuetan behatzak mugitzea, orpoa lurrean irmoki edukita.
  • Ordu oro edo bi orduz behin, hegaldiaren gorabeherek errazten dutenean, egin osteratxo bat hegazkinean barrena.
  • Ibiliz gero hanketan ezohiko hanpadurak irauten duela atzematen baduzu, bularrean mina edo aire falta nozitzen baduzu edo arnas hartzea kostatzen bazaizu, zoaz berehala ospitalera.

Jet lag edo ordu-desfasea

Jet lag hori gure sistema zirkadianoaren (ohiko erritmo biologikoaren) desinkronizazioa da eta, jatorriarekiko, helmuga gutxienez sei ordutara dagoenean gertatzen da. Horren eraginak arintzeko:

  • Bidaian abiatu aurretik, oheratu ohi baino lehenago, ekialderantz baldin bazoaz; mendebaldera joatekotan, oheratu ohi baino geroago, pare bat egunez.
  • Lo egiteko egintza laburreko pilulak lagungarri izan dakizkiguke hegaldian goazela lokartzeko baina, dena den, sendagilearen aholkuaren arabera bakarrik hartu behar ditugu; ez ditugu hegaldietan ohituraz hartu behar, horiek gelditasuna eta, horrenbestez, sakoneko zain-tronbosia nozitzeko arriskua ere areagotu egin dezaketelako.
  • Saia zaitez 24 ordu oro lo egiten ohiz lotan ematen duzun tarte bera. Lotan gutxienez lau ordu eman behar dira segidan (“euskarri-loa” deritzo horri) tokiko gauean, zure gorputzeko barne-erlojua ordutegi berriari egoki dakion pixkanaka.
  • Gorputzeko barne-erlojua finkatzeko faktorerik behinenetako bat argitasun/iluntasun zikloa da. Helmugan eguneko argitan egoteak eskuarki egokitzen laguntzen du.
  • Mendebalderako hegaldia egin ondoren hobe da eguzki argirik dagoen bitartean esna mantentzea eta gaua heltzean lo egiten saiatzea. Ekialderako hegaldia eginikoan esna egotea aholkatzen dute baina goiz parteko eguzki-argi distiratsuari saihets eginez eta arratsaldez etxe barruan ahalik eta denbora gehien geratuz (argiari itzurtzeko, hain zuzen).
Arazoak belarrietan
  • Lur hartze eta aireratze faseak dira denetan arazotsuenak: une horietan gertatzen diren presio-aldaketek belarrian ixte-sentsazioa eragiten dute. Molestia horiek arintzeko konponbide soil bat “Valsalva maniobra” da: sudurra eta ahoa itxita, arnasbotatze motz baina indartsua egitea da kontua. Ariketa horretan ez erabili bular edo sabeleko indarra, presio altuegia sor zenezake eta.
  • Haur txikiek ezin dute maniobra hori egin baina belarrietako molestia horiek arintzen saia zaitezke, hegazkina beherantz doala elikagaiak emanez eta lokartzea galaraziz. Haurtxoen kasuan, irenste-egintza estimulatzeko txupetea emateak sintomak moteldu egin ditzake.
  • Txiklea edo karamelua ere baliagarri gerta daitezke: murtxikatze eta zupatze egintzek Eustakioren tronpa irekitzeko ardura duten muskuluak aktibatzen dituzte, belarriaren buxadura galaraziz.
  • Belarri, sudur edo sinuetako infekzioa nozitzen dutenek berariazko arreta jarri behar dute: baliteke presio-aldeak berdintzeko zailtasunak izatea eta, ondorioz, mina nozitzea. Hobe da sendagileari hegazkina hartzea komeni den kontsultatzea eta hegaldia ez egitea ezinezkoa bada, hobe da hegazkinean sartu aurretik eta jaitsiera hasi baino lehenago sudurraren kongestioa arintzeko tantak hartzea.