Etxetresna elektrikoen konponketa

Berme osoz

Faktura iristean ustekabe mingotsik ez nozitzeko, eskatu aurretiaz aurrekontua konponketa-lantegian
1 ekaina de 2005
Img consejos

Berme osoz

/imgs/20050601/consejos01.jpg
Etxetresna elektrikoen matxurak etxe guztietan suertatzen dira lehen edo geroago. Emaitza bikain-bikainekoak, azken belaunaldiko aparatu sofistikatuenak ere ez daude arrisku horretatik salbu. Horrelakoak gertatzean asistentzia teknikoko zerbitzura (ATZ) jotzea izaten da ohikoena. Batzuetan, dena den, teknikariaren lekualdatzea, hondatutako piezen prezioa eta eskulanaren kostua, denak batera, faktura ikaragarri altxatzen duten faktoreak direnez, aparatua konpontzea ez du merezi izaten. Hona hemen arazoari irtenbide egokia emateko klabe batzuk.

Bermean dagoela konpontzea

  • Gogoan izan, produktu bat erostearren, hondatzen denean konpon dezaten exijitzeko eskubidea duzula, aparatua behar ez bezala erabili ez baduzu, bederen.
  • /imgs/20050601/documento.jpgZiurta ezazu marka horrek asistentzia teknikoko zerbitzu egokia eskaintzen duela. Mesfida zaitez tarifatze gehigarriko telefonoa (hots, garestienak: 803, 806, 807 eta antzeko hasiera dutenak) edo mugikorra baizik adierazten ez dutenak: ez helbiderik, ez telefono finkorik…
  • Erosten dituzun aparatuen argibide-liburuarekin batera, gorde berme-txartela eta faktura edo erosketa-agiria.
  • Produktu berri batek lehendabiziko sei hilabeteetan ager dezakeen matxura edo kaltea fabrikatik etorritakotzat jotzen denez, konponketako gastuek (piezak, tokiz aldatzea, eskulana, etc.) saltzailearen konturakoak izan behar dute. Sei hilabete horiek igaro ondoren, akatsa fabrikakoa dela eta berak gaizki erabiltzearren eragin ez diola kontsumitzaileak frogatu behar du (saltzaileak horrela eskatzekotan).
  • Ez maneiatu aparatua, erreklamazioa egiteko eskubidea galdu egingo duzu-eta, akatsa fabrikakoa bada ere.
  • Etxetresna elektrikoa konpontzen ari den bitartean berme-aldia eten egiten da.
  • Fabrikatzaileak bi urteko lege-bermea eman behar du. Berme komertziala (hots, fabrikatzaileak, saltzaileak, etc., legezkoari nahita eransten diona) interesgarria da, bi urteko epe hori luzatu egiten duelako. Ez ahaztu, dena den, berme komertzial horrek legezkoaren aldean mugatuagoa izan daitekeela eta, zenbaitetan, hainbat baldintza betetzearen arabera aldatzen dela. Horrelako berme-aldietan ohiko kontua da, adibidez, lekualdatzeak edo piezak ordaindu beharrekotzat jotzea.
  • Gogoan izan, era berean, enpresari edo profesional bati erositako bigarren eskuko ondasunek ere bermea dutela: urtebetekoa, gutxienez.
  • Matxuraren eta konpontzean emaniko epearen ondoriozko kalteengatik indemnizazioa eska dezakezu; adibidez, hozkailua erosi eta handik astebetera hondatu baldin bazaizu, bermea egikaritzea ez ezik, etxetresna elektrikoaren okerreko funtzionamenduagatik hondatu diren elikagaiengatiko indemnizazioa eskatu ahal izango duzu.

Bermerik ezean, eskatu aurrekontua

  • Bermea agortu baldin bada, eskatu aurrekontua konponketa lantegi bat baino gehiagotan eta asistentzia teknikoko zerbitzuan.
  • Galdetu telefonoz konponketa egitea merezi duen, zenbat kosta dakizukeen, zenbat kobratzen duten bidaia eta eskulana… Hala ere interesatzen bazaizu, eskatu aurrekontua idatziz. Agiri horretan konponketaren azken prezioa xehetasunez agertu behar da: eskulana, aldatu beharreko piezak, teknikarien lekualdatzeko gastuak, etc. BEZ bertan agertzen ez bada eta “BEZ gabe” berariaz adierazten ez bada, azken prezioa BEZ eta guzti kalkulatua dagoela ulertzen da.
  • Gogoan izan aurrekontua ordaindu behar duzula baldin eta, eskatu duzunean, onartzen ez baldin baduzu.
  • Aurrekontua egitearren hurrengo kopuruak kobra dakizkizuke:
  • Etxean erabiltzeko aparatu txikiak: hamabost minutuko eskulana.
  • Lerro zurikoak: ordu erdiko eskulana.
  • Lerro marroi eta elektronika: ordubeteko eskulana.
  • Aurrekontua onartzen ez baduzu, zuk entregatu zenuen egoeran itzuli behar dizute aparatua.
  • Entregatu zaizun aurrekontuak baliodun izan behar du hurrengo 30 egunetan ere.

Lantegian

  • Gogoan izan berme-aldian ezin kobra dakizkizukeela langileen lekualdatzea, eskulana, piezak eta zergak.
  • Berme-aldian ez dagoenean, hobe duzu lantegira zerorrek eramatea, gastuak murriztuko dituzulako horrela.
  • Zure etxera joatearren bidaia bat bakarrik kobra diezazukete. Ez dio axola behin baino gehiagotan joan diren, zu bertan ez zinela joan diren, etc.
  • Konponketa etxean egiten bada, konponketa-tarifez aurretiaz informazioa jasotzeko eskubidea duzu.
  • Bermean izan edo ez izan, eska ezazu aparatua entregatu duzula frogatuko duen gordailu-agiria: bertan agertuko dira aparatuaren ezaugarriak (marka, linea, seriea, etc.)
  • Aparatua etxera eraman edo teknikoak alde egin aurretik, egiazta ezazu aparatua ondo dabilela.
  • Konponketa egindakoan, jaso ezazu lehenbailehen: bestela, jasotzeko esan zizun egunetik hilabetea igaro ondoren, kontsigna kontzeptuagatik gastuak kobra dakizkizuke. Eska ezazu, baita aparatua bermean dagoela ere, faktura zehaztua: bertan, enpresaren IFK, eginiko konponketa, eskulana, lanorduaren prezioa, aldatutako piezak, BEZ eta konponketa horren bermea agertuko dira.
  • Jakin ezazu lantegiek konpontze lanen orduko prezioak eta lekualdatze gastuak argi eta garbi erakutsi behar dituztela.
  • Egiazta ezazu aldaturiko piezak berriak direla. Zaharrak jasotzeko eskubidea daukazu.
  • Konponketaren gutxieneko bermea hiru hilabetekoa da eta konpondu edo aldaturiko piezak ez ezik, teknikariaren lekualdatzeak ere sartzen dira bertan: horregatik du berebiziko garrantzia berme-aldi horretan faktura edukitzeak.