Kalitate berdina prezio txikiagoan

Beherapenak

Erosketak planifikatzea eta erosteari uzten asmatzea
1 urtarrila de 2003
Img consejos listado 101

Beherapenak

Beherapenen tentazioan ez jaustea ez da samurra, eros dezagun zernahik dei egiten digun une kritiko honetan, batez ere. Kontrol gabeko kontsumoari saihets egin behar diogu: bestela, patrikak nozituko ditu ondorioak etxeko ekonomiarentzat okerrenetako bat den hil honetan. Beherapenak, baina, ondo antolatzen baditugu, bestela eskura ezinak liratekeen produktuak -deskontu handiekin- erosteko balia ditzakegu. Amildegian ez erortzeko, hobe dugu erosketak xehetasunez antolatu eta erosteari uzteko unea zein den zorrozki erabakitzea.

Erosketa planifikatzea

  • Egin zerrenda, benetan premiazkoak dituzun produktuak bertan idatziz; finka ezazu gehienez ere gastatu nahi duzun diru-kopurua. Izan kontuan etxebizitzako (tresneria, etxetresna elektrikoak, etab.), norberaren eta familiaren (arropa, oinetakoak, osagarriak, e.a.) premiak. Horrela, behar baino gehiago gastatzeari eta aurki erabiliko ez zenituzkeen gauzak erosteari saihets egingo diozu.
  • Ez zaitez presarekin larritu. Beherapenetako lehen egunetako itoaldi eta bulkadek agian modu inpultsiboan erostera eraman zaitzakete. Konparatu prezioak denda bat baino gehiagotan.
  • Gogoan izan beherapenek gutxienez hamabost egun eta gehienez bi hilabete iraun dezaketela, eta beherapenetan eskaintzen diren produktuek gutxienez hilabetea eman behar dute agerian dendan. Mesfidatu beherapenak datozenean erakusleihoko artikuluak aldatzen dituzten dendekin.

Produktu berak, berme berak

  • Beherapenetako produktuek, lehenago erositakoek bezalako berme eta aldaketa- nahiz itzulketa-politika berberak izango dituzte (produktua erabili ez bada, behintzat).
  • Prezioz beheratutako produktuek kalitate bera kostu txikiagoan. eskaini behar dute. Sasoiko artikuluak direla, baldintza egokietan agertuko dira. Ez erosi behar bezalako egoera sanitarioan ez dauden produktuak, gaizki daudenak edota segurtasun neurriak betetzen ez dituztenak.
  • Etiketan aurreko prezioa eta oraingo beheratua edo beheratutako portzentajea agertu behar dira, derrigorrez. Gutxienez %20ko deskontua aplikatzen da goi-sasoiko prezioaren gainean eta, eskuarki, deskontua areagotu egiten da, egunak joan ahala.
  • Ziurta ezazu etiketa zuzen eta gaztelaniaz. (edo Espainiako beste hizkuntza ofizialetako batean) irakurtzeko moduan dagoela. Arropa denean, bera lisatu eta ikuzteko argibideak erakutsi behar ditu etiketak eta, era berean, osaketan sarturiko materialak eta enpresa fabrikatzailearen (herrialdea berariaz adierazita) datuak.

Itzulketak, konponketak, txartelak…

  • Establezimendu batek urte guztian zehar itzulketak onartzen baditu. beherapenetan ere beste horrenbeste egin beharko du. Bestela, kontu hori berariaz jakinarazi beharko du (kartelen bidez, esate baterako).
  • Jantziei konponketak egitea. dela eta (mahukak luzatu edo laburtzea, gerrialdea estutzea, etab) gauza bera gertatuko da. Sasoian dohainik egin baina beherapenetan kobratu nahi badira, establezimenduak horrela gaztigatu beharko du.
  • Urte osoan ordaintzeko kreditu txartela onartzen duten establezimenduek beherapenetan ere txartel hori onartu beharra dute, prezioa inola ere garestitzeke.

Eskubide berdinak

  • Gorde beti erosketako txartela. Zeinahi aldaketa edo itzulketa egin ahal izateko, agiri hori ezinbestez aurkeztu behar da.
  • Etxetresna elektrikoa erosten baduzu, exiji ezazu bermeak iraunaldi bera izan dezan orain eta prezio normala duenean. Egiazta ezazu agiri guztiak zigilaturik eta legez daudela.
  • Beherapenetan, kontsumitzaileok beti bezalako eskubideak ditugu. Kontsumitzaile zaren aldetik, komertzioren batek zure eskubideak urratu dituela uste baduzu, exiji ezazu erreklamazio orria eta saia zaitez arazoa adiskidantzaz konpontzen. Kontsumitzailea Informatzeko Udal Bulegora, Autonomi Erkidegoko Kontsumo Zerbitzura edo kontsumitzaileen elkarteetara jo dezakezu, era berean.