Banku aldaketa: erosoa ez, merkea bai

Gero eta konpetentzia handiagoa dago bankuen artean, eta bezero asko ari dira dirua batetik atera eta bestera eramaten, baldintza hobeak lortu nahi dituzte: errentagarritasun gehiago eta komisio gutxiago
1 uztaila de 2008
Img economia listado

Banku aldaketa: erosoa ez, merkea bai

Zer sentitzen da etxe bat utzi eta beste batera joatean? Hasieran ez du gogo handirik ematen. Dirua banku batetik bestera eramaterakoan ere antzera gertatzen da. Internet bidez egiten dira egun bankuko zeregin asko -gero eta gehiago-, banketxera bertara joan beharrik gabe, baina zenbait jendek oraindik ere nahiago du bulegoko harremana, erosoago ibiltzen baitira, nonbait, zuzendaria edo langileak ezagututa. Hurbiltasun horrek lotzen du bezeroa, eta tratu atsegin eta berezia ematen badiote, nekez joango da beste banku batera, nahiz eta hori ere gero eta maizago gertatzen den. Konpetentzia gogorrean ari dira banketxeak, eta elkarren lehia horretan, gerta daiteke beste banku batek baldintza hobeak eskaintzea gureak baino, dirua aurrezteko, inbertsioak egiteko eta abar. Opariak ere ez dira falta izaten, eta bestelako pizgarriak ere ez: adibidez, ez dute komisiorik kobratzen kontu korrontea beste banku batetik eramateagatik, ezta ere balio-zorroak, ezarpen funtsak edo pentsio funtsak eramateagatik. Komeni da, ordea, ongi aztertzea zer ekarriko digun banku batetik bestera joateak, ea mesede egingo digun edo ez.

Kontu korrontea

Edozeinek alda dezake kontu korrontea banku batetik bestera, eta, gehienetan, ez du ezer ordaindu beharrik izango. Lehenago, duela urte batzuk, banketxeek komisioa kentzen zuten kontua ixteagatik, baina egun ia inork ez du egiten. Ezer mugitzen hasi orduko ziurtatzea komeni da, hala ere. Bankuak komisioa eskatzen badigu, irtenbide erraza dugu: diru guztia atera eta gera daitezela kontuarekin. Gerta daiteke, denbora baten buruan, bankua komisio galdezka etortzea, kontua mantentzeko gastuak direla eta. Egin dezake, baina Espainiako Bankuak behin baino gehiagotan salatu du hori egiten duten bankuak ez direla ari ongi jokatzen; haren esanetan, dirurik ez duten kontuei ez zaie komisiorik kobratu behar.

Noiz egin aldaketa: Gure diruari errentagarritasun gehiago ateratzeko modua ikusten badugu, ez da arrazoi txarra bankua aldatzeko. Orain ez badigute ia ezertxo ere ematen gure diruagatik (% 0,1eko kontu interesa dute banku askok), bila dezakegu gehiago emango digunen bat. Kontu onenak Interneten daude, eta % 5,5 UTB ere eskaintzen dute batzuek.

Nola egin aldaketa: Kontu korrontea banku batetik bestera aldatzea oso erraza da. Bankura joan eta kontu berria ireki, horixe egin behar dugu. Erakunde berriaren ardura izango da ordainagiriak helbideratzea. Guk, berriz, lantokian jakinarazi beharko dugu kontu korrontea aldatu dugula, eta aurrerantzean soldata han sartzea nahi dugula.

Ezarpen funtsak

Espainian, zazpi milioi lagunek baino gehiagok egin dituzte ezarpen funtsak. Ezarpen funtsa, dirua inbertitzeko zorroa da, denbora batez ahalik eta etekin gehien eman dezan. Asko eta asko, ordea, ez dira baliatu horiek eskaintzen duten aukera berezi-berezi batez: ezarpen funtsa aldatu egin daiteke, eta ez da zergarik ordaindu behar. 2003. urteaz gero, finantza legeak aukera ematen du ezarpen funts batean daukagun dirua beste batera aldatzeko, baita beste erakunde batera ere, Ogasunari ezertxo ordaindu gabe (dirua funtsetik ateratzen dugunean soilik kitatu beharko ditugu kontuak, baina ez funts batetik bestera mugitzerakoan). Orduz geroztik, funts horietan ezarritako 15.000 milioi euro inguru dabiltza batetik bestera, produktu bat utzi eta bestea hartu.

Ezarpen funtsa aldatzekotan, beste batek etekin gehiago ematen digulako izan behar du, edo zergak ordaintzetik libratzen gaituelako. Era askotako ezarpen funtsak daude, eta askotariko produktuak eskaintzen dituzte: diru burtsan ezartzen dute batzuek, mozkin finkoa bilatzen dute beste batzuek, errentagarritasun bermatua besteek? Guk hautatu dugun produktua etekin gutxitxo ematen ari zaigula uste badugu, hori da une egokia aldatzeko, edo maila bereko funtsen batez bestekoak baino gutxiago ematen digula ohartzen bagara, edo merkatuak eskatzen badu ezarpen esparru bat utzi eta beste batera joateko, edo jartzen dizkiguten komisioak askoz handiagoak badira sail berekoen batez bestekoa baino. Eta gure funtsa dirua galtzen ari bada, eta sail bereko beste batzuk irabazten ari badira, batez beste, zer esanik ez, orduan ere egoki da aldatzea. Adibide bat eman dezagun: burtsak goranzko joera duenean, komeni da mozkin finkoa ematen duten funtsak utzi eta mozkin aldakorra ematen duena hartzea.

Baina ezer aldatzen hasi aurretik, jakin behar dugu ea lehendik daukagun produktuak komisioren bat eskatuko digun dirua mugitzeagatik. Errentagarritasun jakin bat bermatzen duten funtsek izaten dute komisio hori, eta, zenbaitetan, ezarri dugun diruaren % 5 ere itzuli behar izaten da; ondorioz, agian ez zaigu komeni ezer aldatzen hastea. Horixe da funts mota honen eragozpenik handiena, komisio handiak itzuli behar izaten direla dirua mugitu nahi izanez gero. Halakoetan, hobe da dirua hantxe uztea, errentagarritasunari bermea bukatzen zaion arte.

Aitzitik, ez da komeni dirua beste funts batera eramatea, baldin eta funts horrek galerak baditu. Egokiagoa da diru guztia ateratzea, eta galera horiek berdintzeko, beste produktu batzuetako irabaziak erabiltzea (akzioak edo beste ezarpen funts batzuk).

Nola egin aldaketa. Lehen-lehenik, produktu berria eskaintzen duen erakundera jo behar dugu, eta dokumentu bat bete gure datuekin. Hortik aurrerako guztia erakundeak egingo du. Guk bete dugun inprimakia hartu, eta gure dirua duen erakundeari zuzenduko zaio: kontu berriaren datuak emango dizkio, eta eskatuko dio han sar dezala gure dirua eta sortu dituen interesak. Hori guztia egiteko, lanegun bat besterik ez du izango.

Lehengo erakundeak zerbait egiaztatu nahi badu, hurrengo bi lanegunak izango ditu. Beranduenez, hiru egunen buruan egon beharko du diruak kontu berrian. Funts batetik bestera aldatzeko prozesua erraza da, eta nahikoa izango dugu erakunde berrira joan eta inprimakia betetzea. Erakunde berriak hartuko du aldaketa egiteko ardura, eta guri ez digu sortuko inolako eragozpenik.

Pentsio planak

Edozeinek alda dezake pentsio plan bat, nahi duenean eta ezer ordaindu gabe, ez zergarik ez komisiorik. Ezarpen funtsena baino motelagoa da prozesua, ezarpen funtsek likidotasuna baitute, eta pentsio planek ez. Alegia, pentsio planak ez bezala, ezarpen funtsak saldu egin daitezke eta dirua atera. Beraz, pentsio plana batetik bestera aldatzeak ez gintuzke presatu behar. Araudiak dioenez, hamabost egun igaroko dira gehienez ere aldaketa gauzatzeko.

Edozein aldaketa egin aurretik, oso ongi aztertu behar da zein plan aukeratuko dugun. Zenbait produktuk opariak egiten dituzte, baina horrek, behintzat, ez gaitzala itsutu. Beste zerbait gehiago ere hartu behar genuke kontuan: kudeatzaileek nola egiten duten lana, funtsak zer emaitza ematen duen luzera? Eta oso aintzat hartu behar genuke, halaber, zein egokitzen zaion ongien gutako bakoitzaren adinari eta hartu nahi dugun arriskuari. Espainian, finantza erakunde guztiek eskaintzen dituzte pentsio planak, bai bankuek, bai kutxek eta aseguru etxeek ere bai. 900 produktu baino gehiago daude araututa, sei mailatakoak (bakoitzaren zorroa mota jakin bateko ondasun-hartzekoek osatzen dute): epe motzeko mozkin finkoa, luzerako mozkin finkoa, mozkin finko mistoa, mozkin aldakorra, mozkin aldakor mistoa eta mozkin bermatua). Erretiroa hartzeko edo erretiro laguntza jasotzeko zenbat denbora geratzen zaigun, bat edo beste komeniko zaigu gehien.

Luzera begira egiten dira plan hauek, eta batetik bestera aldatzea oso aukera ona izaten da arriskuari etekina ateratzeko: dirua jasotzeko zenbat denbora geratzen zaigun, arrisku gehiago edo gutxiago hartzea komeni izaten da. 35 urteko gazte batek, adibidez, mozkin aldakorrak eskaintzen dituen plan batean ezarri behar luke dirua, baina 65 urteen mugara hurbildu ahala, seguruagotik jo behar luke, eta arrisku gutxiagoko produktuetan ezarri behar luke dirua. Helburua beti da bera: dirua irabaztea.

2008ko urtarriletik aurrera, gainera, aukera ematen dute pentsio plan bateko dirua Aurreikuspen Plan Bermatu batera mugitzeko, eta alderantziz ere bai. Segurutik jo zaleak direnentzat dator ongi plan mota hori; beti ematen ditu gutxieneko interes batzuk, eta, pentsio planetan bezala, ez da zergarik ordaindu behar. Une hauetan, merkatua dabilen bezala ibilita, ez da txarrena gure dirua halako batean sartzea, pentsio planetik aterata. Funtsetan gertatzen den bezala, pentsio planetan edo Aurreikuspen Plan Bermatuetan ere, nahi adina alditan mugi daiteke dirua hara eta hona. Eta komisiorik ordaindu gabe.

Nola egin aldaketa: Aldaketa gauzatzeko, erakunde berrira joan behar du bezeroak, eta inprimaki bat bete (gure datuak eskatuko dizkigute, eta orain arte zein kudeatzailerekin aritu garen eta zein plan daukagun ere jakinarazi beharko diegu). Erakunde berean jarraituko badugu baina beste produktu batekin, azkar samar egingo dute aldaketa. Internetez egiteko aukera ere ematen dute, gainera, eta astebete igaro baino lehenago egina egoten da. Erakunde batetik bestera joatekoa asmoa badugu, gehixeago luzatzen dira kontuak.