Badator 2000. urtea eta efektu informatiko beldurgarria

1 iraila de 1999

Badator 2000. urtea eta efektu informatiko beldurgarria

Hiru hilabete barru, 30.000 milioi zirkuito elektronikok 2000 efektua deitu dena gainditu beharko dute. Jakinekoa denez, eta sinesgaitza badirudi ere, produktu informatikoen ikertzaile eta sortzaileen inteligentziak ez zuen kontuan izan xehetasun bat: ordenadore programek prestakuntza berezia behar zutela 99. urtera arteko bi digituetatik datorren mendeko 00ra pasatu ahal izateko. Izan ere, 2000. urtera pasako gara, eta ez 1900era, aldaketarik egin ezean ordenadore askok ulertuko lukeen bezala. Dagoeneko hasi da atzera-kontatzea eta 99tik 00rako aldaketak ez dio enpresa munduari bakarrik eragingo. 2000 efektu beldugarriak eragina izan dezake kontsumitzaile eta erabiltzaileen artean ere, eta ez enpresa-azpiegitura edo -jardueren azken hartzaile direlako bakarrik; etxean edo lanpostuan dituzten produktu informatikoen bidez ere jasan dezakete kaltea.

Lan munduan…

  • Egiaztatu erosten dituzun produktu eta zerbitzuek betetzen dituztela 2000. urterako baldintzak.
  • Ohar zaitez 2000 efektuaren arriskuez eta zure enpresarentzat eta bezeroentzat izan ditzakeen eragin larriez.
  • Izenda ezazu urte berrirako egokitzapenaren arlo guztiak koordinatuko dituen arduradun bat.
  • Egizu zure sistema informatikoen inbentarioa: ekipoak, oinarriko softwarea, pakete estandarra, komunikazio sistemak… Ez ahaztu mikroprozesadoreetan oinarritutako sistema elektronikoak, horiek ere izan baitezakete efektuaren eragina.
  • Egiozu kontsulta produktu informatikoen zure hornitzaile edo fabrikatzaileari. Zuzenean edo Web orrialdeen bidez egin dezakezu. Orrialde horietan aurkituko duzu 2000 efektuari buruzko informazioa eta kasu batzuetan, hainbat produktutarako froga-tresnak ere bai.
  • Ezarri ekintza-plana, zure jardueraren sistema kritikoei lehentasuna emanez.
  • Egokitu edo ordezkatu afektaturik dauden sistema guztiak, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuz.
  • Egiaztatu konfigurazio berriaren funtzionamendua. Egiaztapen-aldi hau erabakigarria izango da.
  • Egaiztatu zeure aplikazioen arteko harremanak eta horien eta hornitzaile, bezero eta kanpoko beste erakunde batzuekikoak ere bai.
  • Prestatu arrisku-plana, 2000. urteko urtarrilaren 1ean zure sistemek ongi ez funtzionatzea gertatzen bada ere.

Etxean…

Ordenadore pertsonalak 2000. urtera egokitzea nahiko prozesu erraza da eta bi mailatan eragiten du: hardwarea (ordenadorea bera) eta softwarea, edo programak (sistema operatiboa eta aplikazioak).

Hardwareari dagokionez

  • PCa itzalita eduki 1999ko abenduaren 31ko gauerdian.
  • 2000. urtean ekipoa lehen aldiz pizten duzunean eta beste eragiketarik egin edo programarik abiarazi aurretik, erabil ezazu sistemako DATE komandoa urte berriari dagokion data zuzena sartzeko.
  • Itzali ekipoa. Berriz pizten duzunean ongi funtzionatu behar du.

Softwareari dagokionez

  • Egizu software-aplikazio guztien inbentarioa. Bildu aplikazio horien jatorrizko diskoak.
  • Kontsultatu hornitzaileari zure aplikazioak 2000. urterako prestatuta dauden eta zer alternatiba dagoen.
  • Informazio garrantzitsua gordetzen duten fitxategi guztien babes kopiak egin.