Haurrekin bidaian joateko

Arreta osoa ere gutxi da

Haurrekin bidaian joan behar baduzu, jokatu aurreikuspenez eta haurrengan pentsatuta antolatu bidaia
1 uztaila de 2002
Img listado consejo

Arreta osoa ere gutxi da

Oporren nondik norakoa erabat baldintzatzen dute haurrek. Bidaiek ohitura aldaketa eta gorabeherak sortzen dizkiete, ez daude horretara eginak eta, beraz, erne ibili beharra dago, arreta galtzeak endredoak eragin baititzake. Funtsezkoa da joan-etorrietan zehar arreta areagotzea, bidaia luzea zein laburra izan. Jokaera-arau oinarrizko batzuk bete besterik ez da egin behar eta bidaiari txikienentzako segurtasun sistema egokiak erabili.

Bidaia antolatzean, kontuan izan haurrak

  • Joan-etorria prestatzeko kontuan izan haurren adina, bidaia-era, alojamendua eta oporretarako aukeraturiko lekua.
  • Utzi haurrei ere parte hartzen bidaia antolatzean. Hobeto barneratuko dituzte oporrak eta bidaia.
  • Adierazi non egon behar duten eta distantziaren berri, eurek ulertzeko moduan (adibidez, etxetik eskolarako bidea sei bider).
  • Erabaki kontu handiz ibilbidea, familiako kide guztientzako interesgarri izango diren ekintzak sartuta. Txikienentzat, etxeko ohitura berbera zaintzea komeni da jatordu eta loari dagokionez.
  • Ez egin bidaia programaturik. Haurrekin joanez gero, jarraitzeko zailak izaten dira, komenentzia eta erosotasun aldetik.
  • Haurrekin bidaian joateko ordurik onenak goizeko lehenak edo arratsaldeko azkenak izaten dira.

Zorabioak nola saihestu

  • Zorabioa 2 urtetik gorako haurrek izaten dute eta ohikoagoa izaten da itsasoko eta errepideko joan-etorrietan airekoan baino.
  • Prebentzio-neurri gisa zorabioaren aurkako pastilla edo txikleak erabil daitezke. Haurrari horrelako produkturik eman aurretik galdetu pediatrari edo eskatu informazioa efektu sekundarioei buruz. Botika mota horrek erreflexuak gutxitu eta logura ematen du.
  • Saiatu umeek aurreko kristaletik ikusten denari begira joan daitezen. Horrela gutxitu egingo da zorabio-arriskua.
  • Eduki entretenituta, kantatuz, hitz eginez… Ez dezatela irakurri. Haurrak gustura badoaz zailagoa da zorabiatzea, jolasean jarrita izango baitute arreta (aurkako norabidean datozen auto zuriak eta gorriak kontatzen, adibidez).
  • Eduki autoa ongi aireztatuta eta ez erre ibilbidean zehar. Bi ordutik behin, egin geldialdi bat.
  • Haurrak ez dezala gehiegi jan irten aurretik. Hobe da janari lehorrak eta karbono-hidratotan aberatsak ematea eta ez dezala edari gasdunik edo esnerik hartu.
  • Bidaian zehar noizean behin gailetak, txikleak edo gozokiak jan ditzake haurrak.
  • Itsasontzian joan behar baduzue, haurrak egon daitezela ontziaren grabitate-zentrotik ahalik eta hurbilen eta ez kubiertan, itsasoko uhinak ikusteak zorabioa eragin baitezake.
  • Hegazkineko bidaietan sarri-sarri edan behar dute likidoa, hezetasunik ezak deshidratazioa eragin diezaieke eta. Jaistean belarriko arazorik izan ez dezaten, edateko zerbait edo gozokiren bat ematea komeni izaten da. Tragatzeak belarriak irekitzen laguntzen du. Hegaldia hasi aurretik, jarri haurrei suero fisiologiko apur bat sudurrean, irekita izan dezaten.
  • Ahal bada, jarri haur txikiak hegazkinaren hegaletako jarlekuetan, mugimenduak gutxiago nabaritzen baitira.
  • Haurrak botaka egiten badu, autoan, itsasontzian zein hegazkinean, edanarazi sarri-sarri ur azukredun kopuru txikiak. Gonbito bakoitzaren ondoren, garbitu haurrari ahoa ur bikarbonatatutan bustiriko zapi batekin.
  • Lo hartzen badu, ez ahaztu gonbito-larriz esna daitekeela eta beharbada ez duzula erreakzionatzeko astirik ere izango. Prest egotea eta poltsak beti eskura izatea komeni da.

Autoz bazoazte, arreta berezia jarri

  • Lau eta hamabi urte bitarteko haurrek beti beren pisu eta adinerako egokiak diren gailuen bidez loturik joan behar dutela: saski, aulki edo kuxin altxatzaileetan eserita.
  • Erabili hiru lotura-puntuko segurtasun-uhalak. Bi puntukoak arriskutsu izan daitezke, sabelaldeari baino ez baitiote eusten eta urdailean edo/eta bizkarrezurraren beheko aldean lesioak eragin ditzakete.
  • Ez saiatu aulki edo sistema egokia erabili ordez haurra autoaren segurtasun-uhalarekin lotzen; umeak altuera egokirik ez badu oso arriskutsua izan daiteke. Sabelaldeko eta zerbikaletako lesioak eragin diezazkioke.
  • Lau urtetik beherako haurrek autoaren norantzaren kontrako aldera eserita joan behar dute. Horrela, txokearen fase nagusian ez da hain mugimendu bortitzik sortuko.
  • Ez sekula jarri haurraren aulkitxoa aurreko jarlekuan autoak airbag sistema badu eta desaktibatu ezin baduzu. Autoaren kolpe batek, arina izan arren, aire poltsa ireki eta haurra jo lezake.
  • Aulkia erabili aurretik irakurri arretaz fabrikatzailearen oharrak. Ongi jarri ezean baliorik gabe gera daiteke segurtasun sistema edo haurrari kalteak eragin.
  • Bidaiarako jarleku bat uzten badizute, egiaztatu ez duela istripurik izan. Itxura batean akatsik izan ez arren, baliteke egitura kalteturik eduki eta oso segurua ez izatea.
  • Egiaztatu erosten dituzun gainerako segurtasun-elementu guztiak Trafikoko Zuzendaritza Orokorrak homologatuak direla. Jarleku edo arnes desegokiek haurra ito edo “submarino efektua” izenez ezagutzen dena eragin dezakete (pelbisetik pasatzen den uhal-zatia gorantz mugitu eta haurrak azpitik irten dezake).
  • Sekula ez eraman haurrak besoetan. Kolperik izanez gero, inertziaren indarrez 18 kiloko haurrak tona bateko pisua izango luke. 5 km/h abiaduran harturiko kolpe soil batekin ere oso zaila da besoetan doan haurrari eustea.
  • Ez utzi haurrari burua leihotik aterata joaten, ezta gonbitoak saihesteko ere.
  • Blokeatu ate-leihoetako itxitura eta segurtasun-sistemak, haurrak barrutik ireki ez ditzan.