Hegazkinean ibiltzea

Arazoak nola saihestu eta arazoen aurrean zer egin

1 apirila de 2001

Arazoak nola saihestu eta arazoen aurrean zer egin

Txartela…

  • Txartela jasotzean: erreparatu hegaldia onartzeko jarritako ordu-mugari eta egiaztatu agertzen diren datuak zuzenak direla. Eta ezarritako epearen barruan baieztatu zure erreserba, bidai agentzian hala ohartarazi badizute.
  • Utzi zure telefono zenbakia bidai agentzia edo aire konpainiari, hegaldiari buruzko edozein aldaketa jakinaraz diezazuten.
  • Hegazkineko txartela izenduna izaten da (titularrak bakarrik erabil dezake). Galtzen baduzu, jakinarazi saldu zizuten bulegoan, bikoiztua eman edo zenbatekoa itzul diezazuten (grabamen txiki bat kenduta). Tramiteak erraztu egingo dituzu erosteko unean serie zenbakia eta emate-lekua eta ordua idazten badituzu.
  • Gorde txartela hegaldia amaitu arte, edozein unetan eska diezazukete eta. Gainera, aurkeztu egin beharko duzu erreklamaziorik egin nahi izanez gero.

Ekipajea…

  • Ekipajea fakturatzean, eska ezazu txartela.
  • Turista klasean 20 kilo bakarrik eraman daiteke pertsonako; lehen klasean, 30 kilo.
  • Galduz gero, edo ekipajea ematean atzeratzen bada, jakinarazi berehala konpainiari eta aurkeztu salaketa. Estatu espainoleko hegaldietako kalte-ordainak kilogramo bakoitzeko 2.700 pezetakoak izaten dira gehienez eta galdutako maletagatik edo fakturaturiko ekipajea edo eskukoa kaltetzeagatik 54.000 pezetako muga dago. Fakturaturiko ekipajea entregatzen atzerapena baldin badago, txartelaren prezioaren parekoa izango da ordaina. Nazioarteko hegaldietan, galdetu konpainiari.
  • Gerora erreklamaziorik egin behar izanda ere, aitortu aldean daramatzazun balioko objektuak eta aztertu asegurua egiteko aukera ere.

Bidaia…

  • Estatu espainoleko bidaia erregularretan, hegaldiaren ordua baino 30 minutu aurretik egon behar duzu enbarkatzeko lekuan eta nazioarteko hegaldietan 90 minutu aurretik.
  • Konpainiek ez dute erantzuten atzerapenak edo hegaldiak bertan behera geratzen direneko kalte edo galerengatik. Baina halakorik gertatuz gero, dirua itzultzea eta ostatua eta mantenua ordaintzea eska dezakezu.
  • Hegaldia eten eta eskala egin beharra baldin badago, konpainia derrigortuta dago ahalik eta azkarren joan behar zenuen lekura eramatera, non eta bidaia zati horri dagokion zenbatekoa itzultzea eskatzen ez duzun. Gainera, eskubidea duzu halabeharrez egindako egonaldiaren ondoriozko gastuen ordaina jasotzeko, mantenu eta ostatuarenak, alegia.

Erreklamazioak…

  • Arazorik gertatuz gero (ekipajea galdu, hegaldia bertan behera geratu edo overbooking-a…), lehenik saiatu garraio zerbitzua eskaini dizunarekin konpontzen. Akordiorik lortu ezean, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren aurrean erreklama dezakezu.
  • Arazoa aireportuak eragin baldin badu, Espainiako Aireportuen eta Aireko Nabigazioaren Erakunde Publikoaren (AENA) aurrean erreklama dezakezu.
Overbooking...
  • Overbooking-a (hegazkinaren plaza kopurua baino gehiago saldu delako bidaiari batzuk lurrean uztea) ez dago debekatuta, baina Europako Batasunak arauturik dauka.
  • Overbooking-a jasaten baduzu, konpainiaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea duzu. Egin beharreko kilometro kopuruaren araberakoa izaten da eta EB osorako berbera: 3.500 kilometro arteko hegaldietan, 150 euro (25.000 pezeta inguru), eta distantzia horretatik gorakoetan 300 euro (50.000 pezeta inguru). Konpentsazio horiek erdira jaitsi litezke hurrengo hegaldiak hurrenez hurren bi eta lau orduren barruan eskaintzen badira.
  • Kalte-ordaina jasotzea gorabehera, konpainia behartuta dago hurrengo eskura duen hegaldian lekua eskaintzera. Hala ere, txartelaren zenbatekoa berreskuratzea aukera dezakezu.
  • Konpentsazio horiez gainera, eskubidea duzu konpainiari joan behar zenuen lekura telefono dei bat egin edo faxa bidaltzearen gastua ordaintzea eskatzeko, baita janaria eta edaria ere, itxaron behar duzun denboraren arabera eta hotela, gau bat edo gehiago eman beharra gertatzen bada.