Etxean medikamentuak gordetzea

Aldizka botikina ikuskatu

1 urtarrila de 2004
Img consejos listado 133

Aldizka botikina ikuskatu

Sendagaiak inolako ordenarik gabe pilatzeak arazo bat baino gehiago ekar dezake. Etxeko botikina modu egokian mantentzeko ez zaie soilik kontserbatzeko baldintzei begiratu behar, eta medikamentu kantitateari eta iraungipen datari ere egin behar zaie kontu. Eta, jakina, umeen eskumenetik kanpo eduki behar dira, ez baitira batere kontziente botikak hartzeak izan dezakeen arriskuari buruz.

Botikina ikuskatu

  • Saiatu sendagai asko ez gordetzen, horiek kontrolatzea zailagoa izango baita.
  • Ikuskatu zure botikina aldizka -onena hiruzpalau hilean behin egitea da-, eta kendu iraungi diren edo jada behar ez dituzun botikak. Usaina edo kolorea aldatu dutenak ere kendu -baita erabiltzeko data oraindik bete gabe dagoenean ere-, eta berdin egin prospekturik gabe daudenekin. Iraungita dauden medikamentuek denboraren poderioz indarra gal dezakete eta toxikapen eta pozoidura latzak eragin ditzakete.
  • Idatzi kaxan zein egunetan erosi duzun eta zertan erabiltzekoa den.
  • Automedikatzeko aukera saihesteko, ez erabili medikuak agindutako tratamenduetatik soberan geratu zaizun sendagairik.
  • Balio ez duten botikak ez bota zakarrontzira. Eraman itzazu farmaziara edo birziklatzeko planta batera.

Erne haurrekin…

  • Ez utzi botikarik umeen eskura. Ahal dela, gorde itzazu giltzapean, neurri guztiak beharrezkoak baitira umeen jakin minari dagokionez. Ez hartu botikarik haurren aurrean, eta ez esan gozoki zaporea dutela, horiekiko duten interesa areagotu egingo zaie eta.
  • Bitamina eta mineral osagarriak, eztarrirako gozokiak eta antzekoak ere umeengandik urruti gorde behar dira.
  • Izan ezazu beti larrialdi toxikologikoetarako telefonoa eskura, batez ere ume txikiekin bizi baldin bazara. Eta ez itxaron horren beharrik izan arte telefono zenbakia bilatzeko eta larrialdietarako telefonoen zerrendan idazteko.
  • Haurren toxikatze gehienak (%30) nahigabe hartutako botiken ondorioz gertatzen dira.

Non eta nola gorde

  • Sendagaiak eta hornidura medikoak leku garbi, lehor eta freskoan gorde, argitik babestuta eta arratoi eta labezomorroetatik urruti. Botika batzuk, hala nola xarabeak, hozkailuan gorde behar dira. Botikak beren jatorrizko ontzi edo kaxan gorde.
  • Ez gorde sendagaiak bainugelan edo sukaldean, leku horietan hezetasuna eta tenperatura etengabe aldatzen direnez medizinen indarra deuseztatu, degradatu edo murriztu baitaiteke.
  • Irakur ezazu arretaz prospektua. Botika gorde beharreko tenperatura giro tenperatura baino baxuagoa baldin bada Q ikurra erabiltzen da, eta kontserbatzeko baldintzak prospektuan agertzen dira, honela idazkunen bidez: “gorde hozkailuan bere kaxaren barruan”, edo “ez izoztu”.
  • Gorde beti sendagaiak eta material sanitarioa beren jatorrizko ontzi eta kaxetan eta beren prospektuekin. Horrela, jarraibideei behar bezala jarraitu ahal izango diezu beti eta, nahigabeko erreakzioren bat gertatuz gero, esaterako, alergiaren eta toxikatzeren bat, produktua identifikatu ahal izateko datuak izango dituzu.
  • Bidaiatzen baduzu eta sendagaiak eraman behar badituzu, egin kontu horiek jasan ditzaketen tenperatura aldaketei eta saiatu eskuko poltsan eramaten.