Kolesterol ona eta kolesterol txarra, aingerua eta deabrua

Bihotz-hodiak osasuntsu edukitzeko, ahalik eta gehien metatu behar da kolesterol ona (HDL) eta ahalik eta gutxien txarra (LDL)
1 abendua de 2012
Img salud listado 862

Kolesterol ona eta kolesterol txarra, aingerua eta deabrua

Kolesterola zaindu egin behar da osasuntsu egoteko. Ez zaio utzi behar oso gora joan dadin, baina beste pauso bat ere eman behar da: kolesterol ona ahalik eta gehien metatu behar da eta txarra ahalik eta gutxien, gure bihotz-hodien osasunarentzat erabateko eragina dute-eta batak eta besteak: mesede handia egiten digu lehenbizikoak eta kalte nabarmena bigarrenak.

Eguberriak datozen honetan, gogoan hartu behar dugu orain arte esandakoa, garai horretan janak eta edanak tarte handia hartzen baitute -neurriz kanpokoa askotan-, eta jaki goxo horietako batzuk ez dira batere onak izaten gure bihotzaren osasunarentzat. Kolesterolaren erruz, hain zuzen ere. Gehiegizko baieztapena irudituko zaio agian baten bati, eta galdera hau sortuko zaio: hain txarra al da, bada, kolesterola? Erantzuna ezezkoa da. Kolesterolak bi zati edo atal ditu: partikula batzuk dentsitate handiko lipoproteinak dira (“high density lipoproteins” edo HDL) eta beste batzuk dentsitate txikikoak (“low density lipoproteins” edo LDL). Organismoari zer-nola eragiten dioten aztertu ondoren, adituak ohartu dira HDL izeneko kolesterola ugari ageri duten pertsonak babestuagoak daudela bihotz-hodietako eritasunetatik, HDL maila apalak dituztenak baino. Aitzitik, LDL kolesterola maila handietan daukatenek arrisku gehiago dute bihotz-hodietako eritasunak pairatzeko. Arrazoi horrexegatik esaten zaio HDLari “kolesterol ona” eta LDLari “txarra”. Esan daiteke, beraz, gure osasunaren alde ari den aingerua dela bat eta infernuko errekara eraman nahi gaituen deabrua bestea.

Kolesterol txarra (kLDL) herdoildu egiten da eta arterien paretei itsasten zaie; han metatu, eta ateroma-plakak eratzen ditu, zeinak hautsi egin baitaitezke eta tronbo bat sortu. Tronbo hori aske geratzen da eta odolean barrena joan ohi da, harik eta arteria bat buxatu eta infartu bat eragiten duen arte, bihotzekoa edo burukoa (iktusa). Kolesterol onak, berriz, (kHDL) eragotzi egiten du elikagaien kLDLa gibelera hel dadin eta, beraz, herdoildu eta arterietan meta dadin.

Maila egokiak

Bihotz-hodietako eritasunetatik babesteko, funtsezkoa da ahalik eta kolesterol gutxien izatea (kolesterol osoaz ari gara); pertsona heldu batek, adibidez, ez lituzke eduki behar 200 miligramo baino gehiago odol dezilitro bakoitzeko (mg/dl), eta bihotz-hodietako eritasun bat izanez gero edo izateko arriskua dakarren faktoreren bat, ahalik eta mailarik apalenean eutsi behar dio kolesterolari.

Horretaz gain, ordea, kolesterol ona (HDL) ahalik eta kopuru handienetan edukitzea lortu behar da eta kolesterol txarra (LDL) ahalik eta txikienetan. Gehienean, emakumeak egoera hobean egon ohi dira gizonezkoak baino, HDL maila handiagoa izaten baitute berez: 40-45 mg/dl izaten dute HDLa eta gizonek 35-40 mg/dl. LDLari dagokionez, heldu batek ez ditu izan behar 130 miligramo baino gehiago odol dezilitro bakoitzeko, izan emakume edo gizon.

Arautzeko estrategiak

Espainiako Estatuan, herritarren % 46k kolesterol altua dute. Gibelak sortzen du gorputzeko kolesterolaren % 80, eta dietarekin gainerako % 20-25 soilik egokitu edo molda daiteke, honako estrategia hauek erabilita, adibidez:

  • Kolesterol ona ariketa fisikoaren bidez handitu, zeren elikagai gutxitan ageri baita berez: batez ere, omega 3 eta 6 ugari duten elikagaietan (arraina), fruitu lehorretan (intxaurra) eta sagarrean.
  • Kolesterol txarra xurgatzea eragotzi zuntz ugari daukaten elikagaiak janda: berdurak, lekaleak, osoko zerealak eta fruta. Horrela lortzen da kolesterol txarraren eraginak neutralizatzea, gainerakoan zaila baita kolesterol ona elikaduraren bidez ugaritzea.
  • Kolesterol txarra duten elikagaiak saihestu, gantz saturatu ugari dituztenak: gurina, haragi gorriak, arrautza gorringoa, hestebeteak, gazta edo elikagai prozesatuak, zeren ugaritu egiten baitute odoleko kolesterola. Dena den, adituek diotenez, kolesterola ez da areagotzen kolesterol txar ugari hartzeagatik, ezpada norberak guztira hartzen duen gantzaren ondorioz. Horrek esan nahi du gantza mugatu egin behar dela eguneroko dietan.
Kolesterol ?ona? igotzeko eta ?txarra? murrizteko aholkuak
  1. Egunean ordu erdiz ibili, arin samar, gelditu gabe.
  2. Dieta askotarikoa eta orekatua egin.
  3. Ez dago elikagai onik edo txarrik; zenbat hartzen den eta nola konbinatzen den, hori da gakoa.
  4. Saihestu gantz saturatuak, areagotu egiten baitute odoleko kolesterola.
  5. Kontrolatu egin behar da gantza, ez baitu izan behar dietako kaloria guztien % 25-30 baino gehiago.
  6. Eguneko kaloriak mugatu egin behar dira: jarduera normala (sedentario samarra) duten gizonek 2.000-2.200 hartu behar dituzte, eta emakumeek 1.800-2.000.
  7. Ez da komeni alkohola eta gozoak (azkar xurgatzeko azukreak) hartzea, zeren areagotu egiten baitituzte triglizeridoak, eta lipido horrek igoarazi egiten du kolesterol txarra.
  8. Oroitu landare-jatorriko elikagaiek ere, prozesatuak badaude, eduki ditzaketela gantz kaltegarriak.

Iturriak: Gemma Navarro, Santa Creu i Sant Pau Ospitaleko Dietetika eta Elikadura Saileko burua (Bartzelona) eta Leandro Plaza, FEC Bihotzaren Espainiako Fundazioko presidentea