Aiton-amona bihurtzea

Ipotxak erraldoien bizkarrean

1 maiatza de 2004

Ipotxak erraldoien bizkarrean

Bizitzako etapa berri batean sartzen gaituen bizipenetako bat aitontzea edo amontzea da: une berezi horretarako ez ohi gaude denok prest eta, gainera, denok ez gara iristen modu berean. Bakarren batek zaharkitze eta atzerako buelta sentitzen du bere baitan; beste batzuek, ordea, lotan geratu ziren ilusioak suspertzeko aukera ikusten dute estatus berrian.

Aiton-amonak garela onartzea

Kontua da geure burua estatus berrian aintzat hartzea; horretan hainbat faktorek izango dute eragina:

  • Familian dugun eginkizun berria barneratu eta onartzeko modua.
  • Bilobak izateko nahia eta beldurraren arteko barne gatazka. Aiton-amona izateko desira eta -amatasun edo aitatasuna gogoratuz- seme-alabekin gozatzeko aukera elkarrekin lotuak daude. Beldurra, berriz, orduan baino zaharrago garela konturatzean iristen da.

Osasun egoera, mugikortasuna, ikusmen eta entzumenak ez dira antzinako haiek.

Aurreko zikloak nola bizi izan diren. Bizi izan bezala zahartzen garela esan ohi da: aiton-amona izateko modu hori haurtzaroa nola bizi genuen, seme-alaba eta biloba nola izan ginen. Gure aiton-amonekin izaniko harremana gogoan, haren parekoa edo hobea lortzea da kontua. Esan gabe doa arestiko kontuek ere garrantzi bizia dutela: helduaroa ere nola bizi izan dugun, aita-ama nola garen eta izan garen.

Egun nola bizi dugun bizi zikloa. Aresti arte aiton-amona bilakatzea zahartzaroan sartzea zen, berez. Egun, bizi itxaropena eta kalitatea hobetzearen ondorioz eta egokitu zaigun gizarte horren eztenkadei esker, ez da zahar izatearen baliokide. Aiton-amona asko bete-betean bizi dira lanean, gizartean, familian, eta bilobak izate horrek ez ditu alferrikako atso-agure.

Nola lagundu senitarteek aiton-amonek beren eginkizuna betetzen

  • Haien independentziaren alde jardunez. Zaharrek beren gauzak egiteko beta hartu nahi izaten dute, gainerako senideei huskeria iruditzen bazaie ere. Espazioa ere behar dute. Beren etxean gustura bizi badira, ez da zertan beste batera aldarazi. Gauza bat maitasunez inbitatzea da, eta beste bat seme-alabek beren iritzia ezartzea.
  • Bilobekin aiton-amona gisa jardun daitezen onartzea. Zaharrentzat, seme-alabekin egin ez zutena egiteko “bigarren aukera” da hori. Inoiz edo behin bilobei gutiziaren bat ematen badiete itsuarenak egitea ona da.
  • Heldutzat tratatu behar ditugu. Batzuetan, edadean aurrera eginez umetu egiten direlakoan, txotxatzen hasi direlakoan, umeak balira bezala tratatzen ditugu. Aiton-amonen hezitzaile bihurtzeari uko egin behar zaio.
  • Haien akatsak errespetatzea, haiek gureak errespetatu dituzten modu berean. Familian elkarrekin bizitzea askoz ere errazagoa izaten da familiartekoen jokamoldeen aurrean malgu jardunez.
  • Esker onekoak izan eta bilobei ere izan daitezen irakastea. Ez dugu ahantzi behar “erraldoien bizkarrera igotako ipotxak” garela eta haiek baino gehiago bagara, haiek baino prestakuntza hobea badugu edo haiek baino gehiago badaukagu, hein handi batean, beraiei esker izan da.
  • Entzun eta pentsaera errespetatu egin behar zaie, etxeko gazteenarekin bat ez badator arren. Ez da egia zeinahi lehenaldi orainaldia baino hobea izan zela, ezta gaur egungoa ezin hobetuzkoa dela ere.

Ipotxak erraldoien bizkarrean

Esker oneko bizipen asko ezagutzeko aukera bikaina da aiton-amona izatea. Norbere familian biltzen diren hiru belaunaldietako familiartekoak elkarrekin bizitzeko plegu berriak ikas daitezke. Badago bestelako bizimoduak, bestelako jakintzak, bestelako ikuspegiak ezagutzeko bilobek ematen duten aukeraz baliatzea, bizitzeko era berritara eta aldaketetara zabalik bagaude. Horregatik sekulako garrantzia du, egungo bizimodu biziak baimentzen digun bitartean, zeinahi aitzakia dela medio, familiartekoak biltzea eta elkar ikusteko, aditzeko, sentitzeko atseginaz gozatzea. Aiton-amonei eskain dakiekeen omenaldirik onena, mahaira seme-alabekin eta bilobekin esertzea da. Horrelako paradetan, izan ere, ahalegin eta zailtasun gorriz jositako bizipen pertsonalen emaitzak ederki azaleratzen dira. Ederra da gure zaharrei bizitzea merezi izan duela senti dezaten aukera ematea.

Aiton-amonek zaindu beharreko jarrerak
  • Ahal dela, nork bere independentziari eustea. Adinak adin, aiton-amonek bere bizi espazioaz gozatzeko eskubidea eta premia dute, beren adiskide eta zaletasunekin gozatu behar dute eta, hala nahi badute, harreman afektibo berriak eraiki dezakete. Ez dute zertan amore eman “etengabeko kanguru” jokatzeaz.
  • Seme-alabek bilobei ezartzen dizkieten hezkuntza ildoak errespetatzea, horiekin erabat ados ez bagaude ere.
  • Biloben aurrean gurasoen indarra ez deuseztatzea, aparte desadostasunak adieraz daitezkeen arren. Aiton-amonen iritziak gurasoentzat erreferentzia baliagarria badira ere, gurasoak dira haurrak hezi behar dituztenak.
  • Aiton-amona izatea, seme-alabekin akaso bizitzerik izan ez genuen pribilegiozko harremana bilobekin finkatzeko aukera izan daiteke. Beraiekin atseginez bizitzeko aukera da, beraiei eskerrona agertuz (pasa gabe) eta gurasoek hori onartuko lieketen galdetuz. Bilobak tirano bihur ez daitezen ere mugak jarri behar izaten dira.
  • Zeinahi une aprobetxatzea bizipenak eta oroitzapenak transmititzeko, astunegi gertatzeko beldurrik gabe. Adineko pertsonek iragana eta eskarmentua dute ondare eta altxor, behin eta birritan errepikatzen badituzten arren -izan ere, zaharrek ez dute kontatzen zenbat aldiz esaten duten gauza bera-, horixe da gazteen buruan geratuko den oroitzapena. Oroitzapenak transmititzeko agertu zen maitasuna, ilusioa eta nostalgia bereziki geratuko dira umeen gogoan.
  • Gurasoek ematen duten heziketa aiton-amonek osatu egin dezakete, ordezkatu ez. Horixe da egungo arriskua, gaurko bizimoduak eta gorabeherek aginduta, aitona edo amona baita biloben kontu egin behar izaten duena.