Kontenplaziorako uda

Ingurunea berriro aurkitzea: eginkizun atsegin eta osasungarria

La guztiok izaten gara oporrak noiz iritsiko irrikaz, sarritan tentsio-iturri izan arren
1 uztaila de 2000
Img interiormente listado

Ingurunea berriro aurkitzea: eginkizun atsegin eta osasungarria

Bestelako zerbait proposatu behar dugu orrialde hauetatik: opor egunetan ordu banaka batzuk kontenplazioan ematea. Hitza bera, hasteko, ez zaigu agian erakargarri egingo eta gure bizitzeko moduarekin kontraesanean dagoela irudituko zaigu: ezer ez egitearekin, ilargian egotearekin edo monjeen bizitza espiritual eta barnerakoiarekin lotzen dugu.

Honela definitzen du hiztegiak kontenplatzea: “burua gauza material edo izpiritual batean arreta osoz eta gogotsu jartzea”. Hona hemen proposamena: opor hauetan oreka emozionala berreskuratzeko ariketak egitea. Presaka bizi gara eta eraginkortasunez eta emaitza onekin lan egiteaz oso kezkatuta, ekonomikoki aurrera egiteko edo, gutxienez, gure gastuak ordaindu eta atseden hartzeko aukera emango diguten diru-sarrera batzuk lortzeko, gero lanean jarraitu ahal izateko. Amaierarik gabeko zurrunbiloa da eta gure gizarte honek, ez daukagunaren atzetik ibiltzera eta desioa gure bizitzako ardatz bihurtzera bultzatzen gaitu etengabe (batzuetan ohartu gabe).

Daukagunaren eta eduki nahi genukeenaren arteko distantzia horrek frustrazioa eragin dezakeen tentsioa sortzen du eta horixe da gogo-gabetze etengabearen eta gure oreka jaten duten hainbat neurosiren jatorria; izan ere, ia ez dugu astirik hartzen benetan gogoko duguna egiteko (ibilaldi bat, elkarrizketa lasai bat, presarik gabeko gogoeta sakona, hodeiertzera begira goxo-goxo denbora ematea…), daukaguna dastatu eta gozatzeko, hortxe daukagulako dirurik eta esfortzurik eskatzen ez duena hori gozatzeko: gauzak, paisaiak eta gure inguruko gizakiak. Baina zoritxarrez, lortzen ditugun gauzak ere, lortu ahala sarritan ez zaizkigu interesatzen, gure bildumako gauza bihurtzen baitira, eta irentsi edo erabat gozatu barik bazterrera uzten ditugu. Eta pertsonekin ere jarrera horixe bera izaten dugu zoritxarrez sarritan: ohituraren eta errutinaren eraginez, pertsonarik maiteenak ere ez dira estimulagarri, ez dute gugan sorpresarik eragiten eta elementu inerte bihurtzen dira, inguruan ditugun gainerako gauza guztiekin batera. Eta falta ditugunean baino ez gara jabetzen familiako eta lagunen garrantziaz. Honetan ez gara aldatzen, urteak joan arren.

Kontenplazioa, moteltze atsegina

Gure bizitzari ematen diogun abiadura zorabiagarri da zentzugabe horrek izan dezake bere kontrapuntua ere, denbora moteldu eta kontenplatzera gelditzeko gai bagara. Eta oporrak aukera paregabea dira ariketa osasungarri horretan saiatzeko. Kontenplazioa gauzak eta pertsonak lehen aldiz ikusi edo sentituko bagenitu bezala aurkitzea da, kanpoko munduaz ohartzea, gauzekin eta izakiekin harreman sentsorial sakonean sartzea, orain eta hemen: ikusten, entzuten, ukitzen, usaintzen, dastatzen duguna… baina barne-bizitzara ere aplika daiteke kontenplazioa. Nire larrupean sentitzen dudana, giharretako tentsioak, mugimenduak, sentimendu eta emozioen adierazpen fisikoa, ondoez edo atsegin sentsazioak… Bizitza berriz aurkitzeko oporrak aprobetxatzea da inora eramaten ez gaituen tentsio eta esfortzuz beteriko eguneroko bidaia horretan galdutako denbora guztia berreskuratzeko modurik onena. Izan ere, zoriona eta oreka pertsonala norbere baitan daude eta lan egin behar da horiek aurkitu eta elikatzeko; eta horretarako paregabeko laguntza dugu inguruan: paisaiak, gauzak, animaliak eta, jakina, garrantzitsuena: pertsonak.

Kontenplaziorako estrategiak

Opor hauetan kontenplazioa praktikatzeko ariketa xume batzuk aurkezten dizkizugu, oreka emozionala eta buruko osasuna berreskura ditzagun:

  • Nork bere gorputzari entzun. Etzan zaitez lurrean, kanpoan nahiz etxe barruan. Bizkarra lurrean etzanda, tolestu zangoak, oinak lurrean jarrita eta belaunak bata bestea ukitzen. Itxi begiak eta konektatu zure gorputzarekin… Eroso zaude? Saiatu erosoago jartzen, jarrera aldatuta edo… Orain erreparatu zure arnasari… Erreparatu arnasaren elementu guztiei… Sentitu nola mugitzen den airea sudurrean, ahoan… eztarrian behera, eta biriketan. Ohar zaitez orain nola etortzen zaizkizun pentsamendu eta irudiak eta arnasako sentsazio fisikoekin nola nahasten diren. Ez saiatu pentsamenduak gelditzen eta jarri arreta arnasketan… Arreta galtzen hasten zarenean, itzuli berriro arnasketako sentsazio fisikoetara… Erreparatu zure gorputzari. Zein gorputz atalez jabetzen gara? eta zeintzuez ez gara hainbeste jabetzen? Mugimendu bat, sentimendu bat, irudi bat… zure arreta daukazun lekuan sor daitezke. Ez jarri trabarik aldaketa horri. Utzi zure gorputzari nahi duena egiten eta utzi gertatu behar duena gertatzen. Jarraitu horrela beste bost-hamar minutuz eta erreparatu zer gertatzen den arreta jartzen duzun unetik aurrera.
  • Ingurukoa entzun. Begiratu zure ingurura eta ohar zaitez inguruko guztiaz. Jarri harremanetan gauza bakoitzarekin eta utzi horiei “hitz egiten”, bere buruaz eta zurekin duen harremanaz. Har itzazu minutu batzuk inguruko gauzei hitz egiten uzteko. Entzun mezu horiek. Gauza horiek zugan duten eraginaz ohartuko zara, aurrez ohartu ez bazara ere. Eta zure ingurunea eroso eta atseginago egingo zaizu. Gure gauzak, arropak, altzariak, eguneroko hiriko paisaiak, guk deskubritu eta kontenplatzeko zain daude. Eta guretzat eta beste pertsona batzuentzat izan duten esanahi guztiaz ohar gaitezen zain daude.
  • Pertsonak berriz aurkitu. Jar zaitez hurbileko pertsona baten aurrean bere baimenarekin, eta begiratu aurpegira minutu batzuez, pertsona horren itxura fisiko osoaz ohartzeko ahalegina eginez. Ohar zaitez bere aurpegieraz, formez, azalaz eta ukituaz, ahoaz, ileaz, keinuez… Galdetu zeure buruari pertsona horri buruz benetan zer dakizun. Ezagutzen duzun ala ezagutzen duzula uste duzun, besterik gabe. Bere zaletasunak, pentsamenduak, trebeziak, dohainak, akatsak ezagutzen dituzun. Jo atzera eta, zure oroitzapenetara begiratuta, gogoratu nola agertu zen zure bizitzan eta topaketa horrek zure izateko moduan eta bizitzan zer eragin izan duen. Egin kontu azken aldiz ikusten duzula eta pentsatu zer esan nahiko zeniokeen. Azter ezazu esateko dituzun gauza garrantzitsu horiek esatea beste une baterako uztea merezi duen, akaso ez baita sekula iritsiko une hori.