Gatazkari nola aurre egin

Helburua: bi alderdien gustuko konponbidea bilatzea

1 martxoa de 2004
Img listado psicologia

Helburua: bi alderdien gustuko konponbidea bilatzea

Berez gertatzen den zerbait da gatazka. Seme-alaben eta gurasoen artean, familiartekoen artean, nagusien eta mendekoen artean, lankideen artean, bazkideen, adiskideen, lagunen artean… beti izaten dira gatazkak. Nork ez du ezagun horrelakorik? Gizaki batzuk eta egoera batzuk gatazkatsuago omen dira baina… gatazka gure bizitzaren funtsa da. Noiznahi topatuko dugu. Dena den, arazo bilakatuko da baldin eta aztura edo ohiko kontua bilakatzen bada, jokamoldearen bereizgarri bada. Gatazkak gure bizitzako parte nabarmen bat betetzen badu, bera kudeatzean agertzen dugun trebeziak garrantzi handia izango du geure oreka pertsonalean ez ezik, gure bizitza kalitatean ere.

Gatazka, talkaren pareko, jatorriz

Adiskidantzako harremanetan, lagun zaharren arteko erlazioetan ere sortzen da inoiz istilurik. Lortu nahi ditugun helburuetara iristeko bidean besteen jokamoldean eragozpenik topatzen dugunean gertatzen da pertsonen arteko liskarra. Nork bere historia pertsonal, berariazko eta desberdina -beraz, nahi, iritzi eta premia desberdinak- duen heinean, bidezkoa da jokamolde desberdinak egokitzea eta, horrenbestez, eztabaida, gatazka eta interesen talkak jazotzea. Horrelako egoeretan geure premiak eta interesak lehenesten ditugu, besteek beraienak lehenesten dituzten modu berberean. Interes horien garrantzi edo indarra da gatazkaren intentsitatea baldintzatuko duena eta adiskidetzezko edo bestelako amaiera emango diona egoerari.

Nola sortzen dira pertsonen arteko gatazkak?

  • Pertzepzioa subjektiboa delako. Pertsona batetik bestera alde handia dago egoeren berri hautematean. Objektibo gertatzeko ahaleginak egiten baditugu ere, distortsioari nekez egin diezaiokegu alde.
  • Osatu gabeko informazioa jasotzeagatik. Batzuetan, egintzaren alderdi guztiak ezagutu gabe ematen dugu geure iritzia
  • Pertsonen arteko komunikazioan hutsuneak daudelako. Igorleak mezua baldintza egokietan bidaltzen ez duelako, kodea (hitzak, keinuak, etab.) egokia ez delako, hartzaileak mezua deszifratzerik ez duelako, edo ez dakielako, edo nahi ez duelako. Horrez gainera, hitzak ez dira ia behin ere nahikoa izaten pentsamenduak transmititzeko.
  • Izaeraz desberdinak garelako.
  • Besteak geure buruaren berdin egin nahi izateagatik. Pertsonak diren bezala onartzea, juzkatu gabe onartzea, zail gertatzen zaigulako maiz (“besteari bera izaten uzteko” zailtasuna).

Thomas Gordonek “Dozena zikina” obran, gatazkak sortarazten dituzten jarreretako batzuk agertu zituen:

  • Agintzea, zuzentzea, hertsatzea, inposatzea: horrek gainontzekoengan beldurra, erresistentzia, asaldura edo defentsazko jarrerak sortarazten ditu. Gizakiak maiz zokoraturik sentitzen dira beren premia pertsonalen aurrean ezikusiarena egiten dugunean eta, areago, apalduta sentitzen dira jokaera horiek jende aurrean gertatzen direnean.
  • Kargu hartzea, amenazo egitea: agian besteak obeditu egingo du horrelakoen aurrean, baina izuturik dagoelako; ez bestela.
  • Sermoia botatzea, obligazioa sortaraztea: “sermolariaren” asmoa, bestea errudun, behartu eta loturik sentitzea izaten da. Pertsonak mezu horren presioa sentitu eta, sarri, kontra egiten dio.
  • Aholkatzea, konponbideak erakustea: jendea beti aholkua hartzeko prest dagoela dioen hori ez da egia. Aholku edo ohartarazpena “agintaritza” edo antzeko zerbaiten pareko den neurrian, horrelakoak jasotzean oso litekeena da bestea mendeko edo desegoki sentitzea, berak sortu beharko lukeen pentsamendua eragiten ez duelako.
  • Logikaz konbentzitzea, arrazoiak ematea, dogmaka aritzea: konbentzitzen saiatzean besteak are eta sutsuago defendatuko du berea. Logika geure alde edukitzeak ez du beti ondorioztatzen besteek errazago men egitea.
  • Juzkatzea, kritikatzea, zentsuratzea: beste ezerk baino areago, honek pertsonari deseroso, desegoki edota ergel sentiarazten dio.
  • Barregarri uztea, lotsaraztea: sekulako kaltea egiten dute horrelakoek, besteak bere buruaz duen irudia suntsitu egiten dutelako.
  • Interpretatzea, aztertzea, diagnostikatzea: egiaz zer sentitzen ari den, zein dituen benetako motiboak edo zergatik dabilen horrela besteari esatea amenazozko jokaera izan daiteke. Besteekin psikoanalistaren eginkizunak betetzea arriskutsua ez ezik, frustrazio bide gerta daiteke haientzat. Interpretazioek komunikazioa eragotzi egiten dute, besteari bere buruaz adierazpen gehiago ateratzeko gogoa galarazten diolako.
  • Itauntzea, galdeketa egitea, aztertzea: azterketa edo galdeketa nozitzen duen pertsonaren erantzuna errudunen aulkian eserita sentitzearen pareko izaten da maiz. Gizaki askok galdegilea muturluzetzat jotzen dute. Normal hitz egitera animatuta besteak emango lukeen informazio ematea erabat eragozten du galdezka aritze horrek.
  • Desbideratzea, arreta galaraztea, bromak egitea: alderdi pertsonalak ukitzean serio-serio ari ohi gara. Jasotzen dugun ihardespena bromazkoa izateak geure burua mindu edo arbuiaturik senti dezakegu. Horren ondorioa, berriz, isiltasuna eta blokeoa izaten da.

Nolako ondoreak ditu gatazkak?

Aldeko zein kontrako eraginak sortaraz ditzake gatazkak.

  • Gatazka bere horretan luzaro irauten duenean presioa metatu egiten da eta hori biolentzi iturri izan daiteke.
  • Frustrazioa sortarazten duen heinean etsaigoa eta bestearen kontrako sentimenduak sortaraz ditzake.
  • Antsietatea eta beste hamaikatxo sintoma psikosomatiko agertu eta areagotzearen kausa izan daiteke (buruko mina, insomnioa, etab.).
  • Gatazkak norberaren defentsak sustatu eta, hortaz, egoera berriei aurre egiteko gizakiaren gaitasuna hobetzen du.
  • Gizakiengan errealismoa finkatzen laguntzen duenez -bizitzan zehar errealitatea setatia dela ohartuz goazen eta talkek nor bere tokian utziz doazen neurrian-, azkenean nork bere mugen berri eta besterenganako errespetua finkatuko ditu, zehatz-mehatz finkatu ere.
  • Gatazkak talde biren artekoak direnean, talde bakoitzaren barne kohesioa indartu egiten da.
Nola kudeatu gatazka?

Okerreko moduak

  • Muturreko konponbideetara jotzea (errepresioak, adibidez, arazoa konpondu ordez estali egiten du), sentimendu bizi bat ehorztea gizaki bizi bat ehorztearen pareko dela ahantzita.
  • Gauzen edo kontuen gaineko gatazkak kontu pertsonal bihurtzea.
  • Okerreko defentsa bideak erabiltzea: gatazka bera ukatzea, gehiegi arrazionalizatzea edota beste inorengana helaraztea.
  • Elkarrizketarako aukerak zeharo suntsitzen dituzten jarrera dogmatiko eta zurrunak hartzea.
  • “Dena edo ezer ez” jokoan negoziatzea, tarteko bideak bilatu ordez.
  • Bere burua aldatzeko aukerak ezinezkoak bihurtzerainoko etiketa jartzea besteari.
  • Dialogoz mozorroturiko bakarrizketa baliatzea: pertsona horrek, besteei aditu ordez, bere buruari aditzen dio.
  • Aldez aurretik arazoa behar bezala identifikatu gabe, gatazkari konponbidea ematen saiatzea.
  • Nahasmendua eta polemika nahastea. Eztabaidatzea argiaren bila jardutea da; polemikan ibiltzea, aldiz, irabazle nor gertatzen den borrokan aritzea da.
  • Gatazka egoerak gehiegikeriaz dramatizatzea, ez dagoen tokian hondamendia ikustea: horren ondorioz, batzuetan emozioen jopu bihurtzen gara eta erreakzio biziegiak gertatzeko arriskua pizten da.

Pare bat hitzetan, “nik irabazi / zuk galdu” metodoa erabiltzen denean pertsona azkenean bere setakerian biltzen da, ez du galdu nahi izaten, bere argudio eta gogoak ez legezkotzat hartuak ikusten ditu: galtzailea mendeko sentitzean eta bere eskakizunak aintzat joak izan ez direla ikustean erresuminak azaleratzen dira. Derrotak errebantxa eskatzen du, galtzaileak isiltasuna ez baitu gogoko. Irabazleak berea lortu duen arren, ez du galtzailea konbentzitu bere helburuen alde borroka dadin. Irabazi baizik ez du egin.

Gatazkak kudeatzeko modu zuzenak.

  • Jarrerak
    • Gatazka giza izaeraren parte bat dela onartzea: garapenera begira suspergarria da, aurrerakuntza eta aldaketak gertatzeko lagungarria eta, gainera, bera aldean daukagula ikasi behar dugu bizitzen.
    • Gatazkei saihets egin ordez, buru egitea.
    • Gatazkak jendearen borondate txarraren erruari ez leporatzea. Pertsonen arteko aldeak onartzea eta egoerazko gatazkak gatazka pertsonal ez bihurtzea.
    • Elkarrizketan ikastea, enpatia lantzea, bestea aditu eta aintzat hartzea.
    • Eztabaida eta polemika bereiztea. Elkarrizketan diharduenak konbentzituta gertatzeko arriskua eta, era berean, iritziz aldatzeko beharra onartzen du.
    • “Irabaztea / irabaztea” gatazkarentzat irtenbide hobea da “irabaztea / galtzea” baino.
    • Agresibitatea bideratzea muturreko jarrerei (hertsatzea edo lehertzea) alde eginez. Lasaialdiak gertatzeko aukerak ematea, nork bere sentimenduak adieraz ditzan erraztea.
  • Teknikak
    • Arazoak aztertzea.
    • Hainbat galdera egin ondoren, arazoaren diagnostikoa egitea
    • Aukera guztiak arakatzea, gauzak hobetzeko asmo zintzoarekin.
    • “Zu” motako adierazpenen (“Ez didazu jaramonik egiten”, “Nagusia zarela uste duzu”, “Zuk beti zeurea”) ordez, “Ni” motakoak baliatzea (“Bazterturik sentitzen naiz”, “Tristezia sortzen didate honelako egoerek”)
    • Kasu berezietan, gatazkan diharduten alderdiek arazoz kanpoko pertsonen bitartekaritza eskatzea.
    • Eztabaidak lasaitasunez garatzeko, erlaxazio teknikak praktikatzea.

Laburbilduz, “Denek irabazi” metodoari esker irtenbideak eta aukerak bi alderdiek proposatuko dituzte. Kontua ez da pertsona bat gogobetetzea bestea goserik utzita. Bi alderdiek ahaleginak egin behar dituzte bien gustuko konponbideak bilatzeko. Ondo kudeatutako gatazka lagungarria da: negoziatzeko trebezia zorrozten eta hobetzen laguntzeaz gainera, pertsonen arteko harremana sendotu egiten du.