Gizarterako trebetasunak

Harremanetarako gaitasuna artea da

Denok ezagutzen dugu mundu guztiarentzat atsegina den norbait, beti tolerante agertzen dena eta pentsatzen duena inor mindu gabe esaten dakiena.
1 urtarrila de 2001
Img psicologia listado

Gainera, ia denok miresten dugun pertsona hori zentzuduna izaten da, konbentzitzen dakiena eta limurtzailea baina, horregatik, ez da agintekerian erortzen eta ez ditu besteen iritzi edo emozioak gutxiesten.

Harremanetarako gaitasuna artea da

Giza harremanetarako dohain berezia duten pertsona horiek inbidia ematen digute guztioi eta batzuetan euren modukoak izan nahi genuke, baina ez dakigu nola: motz geratu eta bigunegi jokatzen dugu, edo beste muturreraino joan eta gogorregi azaltzen gara. Zenbait pertsonak berezkoa du jendarterako gaitasuna eta inolako zailtasunik gabe baliatzen dute egunero. Baina horrek ez gaitu desanimatu behar, edozeinek ikas baitezake hobeto komunikatzen. Berriro ere, geure izateko modua guztiok hobe dezakegula esaten ari gara, geure nortasunari uko egin gabe; baina zalantzarik gabe, hori ere antzemango da besteekin erlazionatzeko eran egiten ditugun aldaketetan.

Abiapuntu gisa, esan dezagun gure buru-osasunak eta oreka pertsonalak zerikusi handia duela pertsonen arteko harremanak bizi izateko dugun moduarekin. Elkarbizitza eta besteekiko harremanean sentitzen duguna, atsegina edo amesgaiztoa izan liteke. Geure baitan izango da hori hein handi batean. Besteekin bizi izatea ikas daitekeen artea da, besteentzat atsegin izateko ez ezik, gizarteko integrazioa ongizate emozionalerako funtsezko faktorea delako ere. Harremanetarako trebeziak gizabanakoaren sentimendu, jarrera, desio eta eskubide jakin batzuk adierazten dituzten jokaera eta keinuak dira, beti besteekiko arazoak era egoki batean konponduz.

Trebezia horiek landu eta menperatzen baditugu, hobeto biziko gara familian, lagun artean eta maitasun harremanetan. Eta lagungarri izango zaizkigu lanpostua aurkitzeko, lanean nagusi eta lankideekin erlazionatzeko eta gure jarrera eta planteamenduak defendatzeko ere. Hona hemen harremanetarako trebezien zerrenda eta deskripzioa:

Hitzezkoa ez den lengoaia

Has gaitezen aurpegiko espresiotik. Aurpegiak oinarrizko sei emozioak adierazten ditu: beldurra, amorrua, mesprezua, poza, tristura eta ustekabea. Eta aurpegiko hiru gunek adierazten dituzte emozio horiek: bekokiak, bekain eta begiek eta aurpegiaren beheko aldeak.

  • Begirada. Begietara edo aurpegiaren goiko aldera begiratzeak lagundu egiten du kontaktua ezartzen eta begirada motaren arabera, emozio bat edo bestea adierazten da: solaskideari begiratzen dioten pertsonak hurbilagoak izaten dira; baina ez begirik kendu gabe eta era menperatzailean begiratzen bada. Gutxi begiratzeak herabetasuna adieraz dezake. Begiradak lagundu egiten dio elkarrizketari: entzuten gaudenean begiratu egiten badugu, animatu egingo dugu solaskidea komunikatzera. Aitzitik, hitz egiten ari garenean begietara begiratzeak sinesgarriago egiten du gure diskurtsoa.
  • Irribarreak. Hurbiltasuna adierazten du ia beti, tentsioak leundu eta komunikazioa errazago bihurtzen du. Baina irribarre egiten duenaren keinuak ironia edo eszeptizismoa adierazten badu, gutxiespena, axolagabekeria edo sinesgaiztasuna adieraz lezake.
  • Gorputzaren jarrera. Gorputzaren keinuek pertsona barrutik nola sentitzen den adierazten dute, jartzeko eta ibiltzeko eraren eta abarren arabera. Eszeptizismoa adieraz daiteke (sorbaldak jasota), agresibitatea (eskumuturrak estututa), axolagabetasuna (norbait hitz egiten ari zaigunean ia etzanda esertzen bagara). Hitz egiten ari diren pertsonen arteko distantzia fisikoak ere euren arteko hurbiltasun emozionala adierazten du. Bi gorputz elkarrengandik hurbil egoteak hurbiltasun afektiboa adierazten du. Bizkarra eman edo beste aldera begiratzea gaitzespen edo disgustuaren adierazgarri da. Gorputz uzkurtuak gainbehera adierazten du eta zabalduak alderantzizkoa.
  • Keinuak. Eskuekin eta buruarekin egiten diren keinuek lagundu eta indartu egiten dute hitzez edo isiltasunaren bidez komunikatzen dena.

Zer egin asertiboago izateko

Hitz berberen bidez, intonazio desberdina erabiliz gero muturreko sentimenduak adieraz daitezke: ironia, gorrotoa, asaldura, ustekabea edo interesik eza. Hitz egiterakoan tonu hila erabiltzea lur jota dagoenaren edo depresioaren seinale izaten da. Denbora guztian tonu bera duen elkarrizketa monotono eta aspergarri gertatzen da eta interes gutxi pizten du. Elkarrizketan zehar ahotsaren modulazioak erabiltzen dituen pertsonak hobeto lortzen du mezua helaraztea eta hobeto komunikatzen du. Tonua, gehienetan oso gutxi zaintzen dugun arren, gure hitzen edukia bezain garrantzitsua izaten da askotan. Ahotsaren bolumen altuak segurtasuna eta egoera menperatzea adierazten du, baina ahotsa gehiegi altxatzen denean kontrako jarrera eragin dezake eta agresibitatea erakutsi. Bolumen apalak, berriz, ahulezia edo norbere buruarengan konfiantzarik eza adierazten du, baita konfidentzialtasuna eta hurbiltasuna ere.

Hitz jarioa eta erritmoa. Errepikapenak, esamoldeak edo hitz eta esaldi betegarriak edo duda-muda adierazten dutenak erabiltzeak segurtasunik eza, monotonia eta nahasmena eragin diezaiokete entzuten dagoenari. Harremanetako jokaeraren elementu horiek guztiak gizarterako tresnak dira eta, ongi erabilita, harremanetan eraginkorrago izaten laguntzen digute. Gizarte-trebeziak jokaera ikasiak izaten dira eta, horrenbestez, hobetu egin ditzakegu. Erraztu egiten dute beste pertsona batzuekiko harremana eta geu izaten laguntzen digute, geure eskubide eta berezitasunak aldarrikatzen lagundu, beste inorenak ukatu gabe. Komunikazioa eta beste pertsonekin ditugun arazoak konpontzen laguntzen digute eta horixe da onena. Besteekin bizi izaten jakitearen gakoa motz geratu edo mugak ez gainditzea da. Bi muturren arteko oreka da, asertibitate gisa ezagutzen dena: norbera izan eta sinesgarri gertatu, baina beste inorentzat eragozpen izan gabe, edo ez behar baino gehiago, behintzat. Konbentzitzen dakien pertsona, komunikazioan eraginkorra eta solaskideentzat atsegina dena, asertibotzat jo daiteke. Ikus dezagun zer den motz geratzea edo pasatzea.

Motz geratzea. Jarrera pasiboak. Sentitzen dena eta nork bere iritzia askatasunez adierazi ezina. Etengabe barkamena eskatzea. Nork bere beharrenganako errespeturik eza da. Pertsona pasiboa gatazkak saihesten saiatzen da, kosta ahala kosta. Horrela jokatzen duenak ez du ezer egiten bere arazoak uler daitezen eta azkenean bazterturik eta erreta sentitzen da, pilaturiko frustrazioen eraginez. Ingurukoentzat ere ez da erraza izaten pertsona pasiboak zer nahi duen asmatzea eta azkenean pertsona gogaikarritzat hartzen dute.

Neurriak gainditzea.Jokaera oldarkor eta desegokiak erabiltzen dira eta norbere eskubideak defendatzearren besterenak zapaldu. Jokaera oldarkor horien barruan izan daiteke bestea kontuan ez hartzea, irainak, mehatxuak eta zapalkuntza edo baita eraso fisikoak ere. Ironia eta mesprezuzko sarkasmoa ere ez dira falta izaten. Menperatzeko joera izaten da, besteari bere burua defendatzeko eta berdintasunez erantzuteko gaitasuna ukatzekoa. Ondorioak negatiboak izaten dira beti epe luzera, baita erasotzailearentzat ere, menpekoak lortu arren lagunik gabe geratuko baita azkenean.

Jokaera asertiboa izaten da gizarterako eraginkorrena, sentimendu, desio eta eskubideak argi eta garbi adieraztea esan nahi baitu, baina inori eraso egin barik. Norbere buruarenganako eta besteenganako errespetua adierazten du. Baina argitu dezagun asertiboa izateak ez duela esan nahi beste inorekin gatazkarik ez izatea, arazoak sortzen direnean gestionatzen jakitea baizik.

Zer egin asertiboago izateko

  • Norbere burua behar adina baloratu. Nork bere buruaz uste ona eduki, geure balore eta ezaugarriak ezagutu eta indartuz.
  • Alferrik edo huskeriengatik ez haserretu. Haserre gaudenean gaizki sentitzen gara eta, gainera, ahultasun irudia ematen dugu. Lasaitasuna berreskuratu, arazoa testuinguruan kokatu, baretu eta lasai-lasai norbere iritzia ematea da biderik zuzenena.
  • Mehatxuak saihestu. Jaramon egin eta balora gaitzaten, eraginkorragoa izaten da gure iritzi, jarrera edo eskubideak defendatzeko emango ditugun urratsez gogoeta egitea eta gero argudioak zuzen ematea; zuzen baina tinko, egoerak hala eskatzen badu.
  • Ez dezagun protokolo hutsez barkamenik eskatu;hobe da beharrezko denean bakarrik eskatzea.
  • Ez diezaiegun besteei sekula entzungor egin. Saia gaitezen besteagatik eta esaten duenagatik interesa azalduz entzuten. Ez dezagun inor zapaldu, arrazoi dugula uste izan arren. Eta utz diezaiogun besteari beti irteera duina, elkarrizketari aterik itxi gabe. Izan gaitezen, azken batean, asertiboak. Inork ez du etsairik behar eta guztiok atsegin dugu estimatzen eta errespetatzen gaituen jendea inguruan izatea, unea iristean defendatu eta laguntzeko prest izango dena.
  • Onar ditzagun erruak eta hutsegiteak. Estimatuago eta maiteago izango gaituzte.

Oreka pertsonala lortzeko trebeziak

Oinarrizko trebeziak:

  • Besteari entzutea. Esaten ari zaizkidana ulertzeko gaitasuna lantzea.
  • Elkarrizketa bat hasten eta jarraitzen jakitea.
  • Galderak egiten ikastea.
  • Eskerrak ematen jakitea.
  • Egoki jantzita agertzea.
  • Besteen aurrean geure burua eta gainerakoak aurkezten jakitea.
  • Konplimendua egiten jakitea, era atseginean eta zurikeriarik gabe.

Trebezia landuagoak:

  • Laguntza eskatzen ikastea.
  • Jarraibideak eman eta jarraitzeko trebatzea.
  • Barkamena eskatzen jakitea.
  • Besteak konbentzitzen ikastea, horretan jakitea.

Sentimenduekin lotutako trebeziak:

  • Geure sentimendu eta emozioak ezagutu eta horiek adierazten jakitea.
  • Besteen sentimendu eta emozioak ulertu, baloratu eta errespetatzea.
  • Solaskidearen haserrearen aurrean erreakzionatzen eta egoera ongi eramaten jakitea.
  • Beldur egoerak konpontzea.

Agresibitatea baino, aukeran, hobe da:

  • Baimena eskatzea.
  • Gauzak, sentsazioak eta sentimenduak konpartitzea.
  • Besteei laguntzea.
  • Negoziatzen, adosten eta adostasunera iristen ikastea.
  • Egoera zailetan norbere burua kontrolatzea.
  • Mehatxaturik ikusten ditugunean geure eskubideak defendatzea.
  • Txantxen aurrean komeni den bezala jokatzea.
  • Borrokak -dialektikoak eta bestelakoak- saihestea.