Seme-alabek etxetik alde egitea

"Habia hutsa", sindromea eta aukera

Oraingoan jorratuko dugun gaiak, "seme-alabek pertsona gisa aurrera egin eta etorkizun ona izan dezaten lortzea" bizitzaren zergati nagusi bihurtu duten gurasoei eragiten die batez ere
1 urtarrila de 2000

"Habia hutsa", sindromea eta aukera

Habia hutsaren sindromeaz ari gara, zenbait gurasori (batez ere zenbait amari) seme-alabek independentziaren eta etorkizunaren bila abiatzeko etxea uzten dutenean aurrez-aurre irekitzen zaien ausentziaren zulo ilunaz; gazteek beste familia bat sortzen dute, gurasoen begirada (batzuetan zorrotz eta posesiboegia) urruti dela.

Etxetik alde egitea bizilegea da eta guztiok, guraso eta seme-alabok, badakigu noizbait iritsiko dela. Hala ere, zenbait amak psikologoaren kontsultara joan behar izaten dute, hauen bizitzaren ardatzak, seme-alabek eta beren arazo amaigabeek, etxetik alde egin eta bizipen, interes eta bizi-pozik gabe uzten dituztenean sortzen zaien emozio krisiari aurre egin nahian. Ez zuten ikasi bizitzaz gozatzen, berez zoriontsu izaten, beren buruari arreta jartzen, dibertitzen, aisialdirako denbora hartu eta denbora hori atseginez hartzen. Amarengandik ikasitako sakrifizio-izpirituaren eraginez, guztiz aserik sentitzen ziren etxeko lanak egin, familiaren gestioa eraman, senarrari lagundu, seme-alabak hezi, edozein unetan aholkua eman eta animatu eta betez ere, unerik kritikoenetan inolako ordainik gabe haiei laguntzearekin. Gizarteak izendaturiko funtzioa betetzen zuten eta onarturik zuten munduko beren eginkizuna subsidiarioa zela eta sekula ez nagusia. Seguru asko etxekoandre horietako askok behin baino gehiagotan egingo zuen gogoeta gai horri buruz, eta ohartuko ziren bizimodu horrek ez zituela guztiz “betetzen”, baina aurrera egingo zuten: “gauza gehiegi dago egiteko neure buruari begira egoteko” esango zioten beren buruari. Eta orain, senarra ia erretiraturik dagoenean, seme-alabak arazoak (egunerokoenak behintzat) hartuta beste norabait alde egiten dutenean, denbora librea agertzen da, ugari agertu ere eta etxekoandre fin horietako batzuek aurkikuntza beldurgarria egiten dute, beharbada noizbait sumatu baina sekula bere buruari aitortu ez diotena: ez dakite denbora librea erabiltzen eta, okerrago dena, ez ditu ezerk asetzen eta motibatzen goizero ilusioz edo, gutxienez, gauzak egiteko gogoz jaikitzeko adina. Dagoeneko ez dira garrantzitsu edo -eurentzat gauza bera dena- balioko sentitzen. Eta hamarkada luzeetan zehar besteen zerbitzuan eta beren interesak albora utzita bizi izan diren ama horientzat erronka handia da egoera berria; eta sarritan ez dute izaten horri aurre egiteko behar den indarra eta animo-egoera.

Familia, oso izaki bizia

Familia edozein bizidun bezalakoa da: dinamikoa eta aldakorra. Eta gizabanakoa bezala, hainbat garai izaten du bere bilakaeran zehar. Familiaren bilakaera-ziklo eta bizitza-aldiez hitz egin ohi da (“Intervención familiar”, K. Eia Asen eta Peter Tomson. Paidós argit., 1.997). Familiak aldian behingo krisi horiek zergatik jasaten dituen ulertzeko, ezinbestekoa da ziklo horien berri izatea, normalak eta ekidin ezinak baitira. Gurasoek bizi izaten dituzten une erabakigarri horietako bat, zentzu eta esanahia dituena, seme-alaben emantzipazioarena da, hain zuzen: guraso askorentzat garai berria eta oso berezia izaten da; hasiera batean seme-alaben falta, hutsunea eta bakardadea sumatzen dira eta gisa honetako esaldiak sortzen dira: “ezohiko isiltasuna dago”, “etxea hutsik dago” eta zuzenekoena, “zerbait falta da”. Seme-alabak falta dira, jakina. Hanka egin dute, lurralde berria markatu eta “hegan doaz”. Habia huts edo uzkurduraren garai horretan familia urritu egiten da eta gurasoak bakarrik geratzen dira berriro, garai batean bezala, baina beste era bateko harremanarekin: bizi izandako esperientziak eta denbora ez dira alferrik pasa. Neke fisikoa eta burukoa, sexu aldetik egokitu ezina, depresioa, laneko estresa, eta alkohol eta nikotinarekiko menpekotasuna dira guraso askok seme-alabarik etxean ez izatearen ondorioz izan ditzaketen arriskuetako batzuk.

Aita-amei eragiten die, baina biek ez dute modu berean bizi izaten seme-alabek alde egitea. “Talka” horrek eragin handiagoa izaten du beti amarengan eta bereziki etxetik kanpo lanik egin ez duen etxekoandrea bada. Elkarbizitzako ordu asko dira eta seme-alaben inguruan eta beren bilakaera-garai, ordutegi eta beharrizan, egoera emozional, arrakasta eta porroten inguruan eraikita. Gainera, seme-alabek etxetik irtetea ez da errekonozimendu kontua bakarrik (dagoeneko ez da “haurra” edo “nire txikia”), baita haurrak pertsona heldu eta desberdin bihurtu izana emozionalki onartzea, emantzipazioarekin zilbor-hestea behin betiko hautsi dutela ulertzea, izaki autonomo gisa bizi izateko eskubidea eta gogoa asetzeko. Seme-alabek alde egiteak sortzen duen hutsune fisiko eta emozionalaren aurrean, bere bizitza berregituratu eta antolatzeko ardatz berriren bat bilatu behar du amak. Eta, jakina, amatasuna oso ikuspegi ezberdinetik bereganatu.

Besteak beste, uste baino lehen amona bihurtuko delako. Bakardadean eta adore gabezian ez erortzeko, erantzun praktiko eta positiboak eskatzen ditu etapa berri honek. Etxetik alde egiteak berez krisia sortzen badu, alde egiteko duten zergatiaren eragina ere ezin da ahaztu: harreman onaren oroitzapena ala elkarbizitza nekezaren ondoriozko irteeraren gazi-gozoa geratzen den. Dena dela, eta gorabehera horiek guztiek ere gurasoek seme-alaben aldegitea ulertzeko eran eragina duen arren, une horrek (dagoeneko etxean seme-alabarik ez dagoen uneak) aldaketa markatzen du familia osoaren bizitzan. Zenbaitetan, egoera delikatu horrek arazo larriago bat azaleratu ohi du: aita-amen arteko harreman ezegonkorra, gatazkatsua, finkatu gabea edo harremanik eza, seme-alaben bizipenenganako arretak une horretara arte estali eta ezkutatu duena. Eta horrela, etxetik joaten direnean, bakarrik aurkitzen dira berriro senarra eta emaztea. Beren arazoekin. Baina, dena esan behar bada, bikoteko harreman orekatu batean, “habia hutsa” noiz iritsiko zain izaten da hainbat guraso, askatasun handiagoko garaia iragartzen duelako eta albora utzitako zaletasunei berriz ekin edo helburu berriak markatzeko aukera izaten delako. Bikote askorentzat askapen garaia izaten da, batez ere seme-alabek etxetik alde egiteko denbora asko behar izan badute, ohitura eta interesetan belaunaldien artean izaten den ezberdintasunak haserrealdiak edo, gutxienez, harmonia gutxiko elkarbizitza eragiten baitu.

Aukera aprobetxatu

Gurasoek beren ezkon-bizitzaren ebaluazioa egiteko une egokia izaten da, “habia hutsa” bete eta ezkontidearekin eta etxetik alde egin duten seme-alabekin beste era bateko harremana, pertsona helduen artekoa, garatzeko momentua.

Ziklo aldaketa guztietan bezala, zailtasunak sortzen ditu, bide horretan egokitzapen eta moldaketako mekanismo berriak eratu beharra baitago. Baina izan gaitezen errealistak: garai berri horretako arrakasta edo porrotean eragin zuzena izango du aurrekoetan gertatutakoak. Virginia Satir-ek “ikaskuntzako zerrenda” bat proposatzen du, bizitzako ziklo bakoitza arrakastaz burutzeko ezinbesteko den gaitasun pertsonalari buruz. Hona hemen zerrenda:

  • Desberdintzea: “zu” eta “ni” bereiztea.
  • Harremanak: nork bere buruarekin eta besteekin harremanak izaten jakitea.
  • Autonomia: nor bere buruaren jabe izan eta besteengandik ezberdina izatea.
  • Autoestimua: balio pertsonalaren sentimendua.
  • Boterea: nork bere indarra jokabidean hasi eta zuzentzeko erabiltzea.
  • Produktibitatea: gaitasuna adieraztea.
  • Maitatzeko gaitasuna: errukiorra izan, besteak onartu eta maitasuna eman eta jasotzea.
Bete dezakegun habia

Seme-alabek etxetik alde egiteak sortzen duen penak ezkutatu egiten ditu garai honetan gurasoek bizi ohi dituzten bestelako sentimendu baikorrak. Hona hemen garai berri honi adorez eta baikor ekiteko hainbat iradokizun:

  • Uler dezagun “habia hutsak” eguneroko bizitzan seme-alabak geurekin ez izatea esan nahi duela, baina baita lekua gurasoentzat bakarrik eta bete-betean biontzat izatea ere.
  • Seme-alabak joan dira eta ez da gehiago sortuko, baina… biziberrituriko bikote baten sormenak eta indarrak bestelako fruituak eman ditzake, seme-alabak bezain atsegingarriak edo atseginagoak.
  • Bila dezagun bikote-kidearekin berriro aurkitzea, eta biontzako zainketa, elkarrizketa eta maitasun- eta sexu-harreman atsegingarriz bete harremana.
  • Minaren aurrean, izan gaitezen egiazale: galeraren dolua naturaltasunez bizi behar da. Adieraz ditzagun hitzez eta isiltasun eta disimulu kaltegarririk gabe mina, bakardadea eta ibilbide berriaren aurrean dugun beldurra.
  • Ikus ditzagun gertatu berri zaigunaren eta aurrean dugun garai berriaren alderdi onak.
  • Orain beste aukera batzuetarako espazio irekiak ditugu. Berreskura ditzagun albora lagatako zaletasunak eta, gogorik izanez gero, ekin zaletasun eta gustu berriei.
  • Bereiz ditzagun garai honetan gertatzen zaiguna eta aldi berean sor daitekeen beste zerbaiten sintomak: menopausia, erretiroa, heriotzari beldurra… Gauza bakoitzari berea.
  • Berrantola dezagun denbora eta egunero ordu batzuk eskaini ariketa fisikoari, irteera eta bestelako entretenimenduei.
  • Denbora libre gehiago dugu: elkar gaitezen adiskideekin, bestelako kontuei (batez ere seme-alabei) arreta handiagoa jarri beharra izan dugulako albora utzita izango ditugu eta.
  • Ilusioa, barrea, umore ona lagun izan ditzagula habia osagabe horretan, oraindik ere zutik eta bizi-bizirik baitago, geuk ematen diogun bizitasun guztiarekin.