Autoestimua

Gure seme-alabei laguntzea, beren burua maite dezaten

1 uztaila de 2004

Gure seme-alabei laguntzea, beren burua maite dezaten

Ingurunearen menpeko gara bizidunok hazteko, baina, halaz ere, kontrako giroan ere garatu egiten gara. Horrenbestez, beren buruarekiko konfiantza nolako elkarreraginek hobetzen, deuseztatzen edo kaltetzen duten, eta nolako jarduerek gutxiesten duten errespetua ezagutzeko ahaleginak egin behar ditugu, gure seme-alaben autoestimua sustatu nahi badugu. Premisa batean finko oinarritu behar dugu: neska-mutilen autoestimua prestakuntza, hein handi batean, bere bizitzan garrantzizkoak diren helduekin dituzten harremanen arabera aldatzen da -gurasoekin batez ere-. Haiexek izango dira txikien konfiantzaren zaindari eta autoerrespetuaren sustatzaileak. Bi ezaugarri horiek sustatuko duten balioztapen pertsonalak eramango du haurra bere burua maitatzera -eta, hedapenez, ingurukoak maitatzera-.

Haurren autoestimua sustatzeko lau baldintza

  • Haurrak pentsatzen eta sentitzen duena erabat onartzen zaiola ikusten badu, bere izaerari ematen zaion balioa hautemango du. Ez zaigu gustatzen gure seme-alabak agertzea inbidiatsu, jeloskor, temati, kasketatsu, egoskor, mainontzi… Areago, baliteke haurrak guk nahi ez bezalako ezaugarriak izatea eta, agian, guk izaten irakatsitako moduan ikasten ari ez izatea. Haurra den bezala onartzea, ordea, kosta ahala kosta onartuta ere, semea edo alaba bere buruaren jabe dela, gu ez bezalakoa dela eta balio handiko gizakia dela onartzea da.
  • Hark zehazki eta finko mugaturiko inguruan badihardu, axola digula hautemango du. Muga horiek zuzen, arrazoizko eta negoziatzeko modukoak izan behar dute: ez du balio mugarik gabeko askatasunak, harreman horretan zerbaitek mugarik ez izatea axolagabekeriaren pareko izan daitekeelako. Gurasoek seme-alaben desira eta premiak entzunik, beraiekin famili giroko arauak negoziatzeko prest agertzen direnean, agintaritza praktikan jartzen ari dira, autoritarismorik gabe. Agintariak entzun, arreta jarri eta negoziatzeaz gainera, arauak ez betetzea zigortu ere egiten du: horrela jardutea ezinbestekoa da umeak bere izaera moldatu eta autoestimua finkatuko badu.
  • Gizakia den aldetik, bere duintasuna errespetaturik hautematen badu, bere konfiantza finkatu egingo da. Besteetan bezala, elkar errespetatzen ere ikasi egin behar izaten da baina, horretan ere, haurrei guk irakatsi behar diegu. Horrelaxe dihardugu haien erabakiak onartzen dizkiegunean, bere nahiak aditzen ditugunean, bere premiaz kezkatzen garenean eta etxean ezarritako arauak beraiekin negoziatzera esertzen garenean. Haienganako errespetua agertzeak ez du esan nahi haiek nahi dutena egiten utzi behar zaiela. Samurkeria kaltegarria da: ahalegina, diziplina eta autokontrola desegin egiten du eta, ondorioz, nork bere buruan duen konfiantza ere bai. Gure erantzukizuna irakastea da, haiena ikastea den modu berean, baina umea izango da munduan kokatuko dena, gure arauen arabera edo arauz kanpo. Haren aukeraketak zuzentzen ahalegintzeak berak bere buruarekin eta bere bizitzarekin duen ardura ezestea adieraziko luke. Erantzukizuna praktikan jarri gabe autoestimurik izatea ez da posible.
  • Gurasoen autoestimuaren maila garaia baldin bada, oso litekeena da seme-alabekin beste horrenbeste gertatzea, baina beti-beti ez da gauza bera jazotzen. Gurasoek beren burua zenbat eta gehiago baloratu -gehiegikeriarik gabe- seme-alabei beren burua maitatzeko garrantzia hainbat eta errazkiago transmiti diezaiekete. Ongi finkaturiko autoestimua lagungarri izango du gurasoak seme-alabak hezteko, aita eta ama ikasteko eredu garrantzizko eta ezinbestekoak baitira haurrak ibilbideari ekin behar dionean.

Ingurune egokia

Nerabezaroa pasatakoan eskuarki, autoestimurik eza arazotzat agertzen bada ere, ezaugarri hori berreskuratu, zaindu eta indartu egin daitekeela ere frogatuta dagoenez, interesgarria da hezkuntza eta prestakuntza prozesua nola garatzen den ezagutzea. Hori lortzeko, maitasuna, onarpena eta errespetua diren hiru hankaren gainean zutituriko segurtasun ingurunea eraiki beharra dago. Begi bistakoa badirudi ere, nahitaezkoa dugu ondo ulertzea.

  • Umea maitatzea, bera denagatik, bere existentziagatik eta maitatua izateko eskubidea zor zaiolako, bere pentsamoldea, jokamoldea edo sentimenak gustukoak izan edo ez.
  • Umea onartzea, den bezala onartzea alegia, ez guk adierazitako bideetatik dabilen eta gure itxaropenak betetzen dituen arabera.
  • Umea errespetatzea, bizitza nondik nora egin nahi duen erabakitzean. Eta, erabaki horiek okerrak iruditzen zaizkigunean, oker zergatik ikusten ditugun azaltzea berari, berak bidezkotzat jotzen duena praktikan jartzea galarazi gabe. Akatsa ikaskuntzaren funtsezko partea da.

Aita eta ama harmonian

  • Baliteke seme-alaben hezkuntzan eragina duen konturen batean aita eta ama bat ez etortzea, baina hori ez da eragozpena; areago, desadostasun horiek agerian uztea komenigarri izaten da. Umearen segurantzian eragin kaltegarria gurasoek azken erabakietan bat ez etortzeak izango du. Garrantzia ez zaio eman behar iritzi desberdinak izateari, erabakiak aho batez ez hartzeari baizik.
  • Gertakari edo arau baten aurrean gurasoek iritzia aldatzea eta seme-alabei horrela, bere arrazoi eta guzti azaltzea ere ez da arazoa: horrek, sinesgarritasun galerarik ondorioztatu ordez, malgutasuna eta egokitzeko erraztasuna adierazten du. Hezkuntza prozesuan zurruntasuna eta mugiezintasuna ez dira bidezko, aldatzeko arriskua onartzea irakaskuntzaren ezinbesteko osagaia baita.

Laburbilduz…

Seme-alabengan autoestimu handia ahalbidetzeko gurasoek duten konpromisoa hurrengo baldintzak betetzean gauzatzen da:

  • Seme-alaba beste gizaki bat da, independentea eta gu ez bezalakoa dela aintzat izan behar da.
  • Koherentzian oinarrituriko segurtasuna eskaintzea -irakasten denaren eta egiten denaren arteko loturan-.
  • Bere burua behatu eta ulertua senti dezan lortzea: gizaki bakar eta ordezkaezin dela sentiaraztea.
  • Ahozko adierazpenez ere maitatzea, bera delako pozik sentitzen garela erakutsiz. Norbaitek bere burua maitatua sentitzeko funtsezkoa da ukimena: bera ukitzea, laztantzea, musukatzea, ninia denean ez ezik, lotsaren lotsaz agerpen horri muzin egiten dionean ere bai.
  • Den bezala onartzea: horrela bakarrik ikasiko du bere burua onartzen.
  • Den bezala errespetatzea.
  • Muga zuzen, arrazoizko eta negoziatzeko modukoak jartzea.
  • Bere jokamolde eta etekinari dagokienez, arau eta itxaropen handiak erakustea. “Orok balio” du ez da bidezko, baina “zuk ez duzu balio” ere ez.
  • Bere jokabideari zuzenduriko lausengu eta kritikak egitea -inondik ez bere pertsonari-. Azaleko eta motz badirudi ere, hizkera biziki zaintzea, arras kaltegarria gerta baitakioke.
  • Erabakiak har ditzan, saiakuntzak egin ditzan, arriskuak onar ditzan, horietaz jabe dadin motibatzea. Akatsak egiteko aukera ez kentzea. Gehiegizko babesa ez ematea.