Psikoanalisia

Gure iraganaren "kutxa beltza" aztertu

1 martxoa de 2003
Img psicologia listado 130

Gure iraganaren "kutxa beltza" aztertu

Laguntza bila psikologo batengana jotzen duenak sintomak deskribatu ohi dizkio (depresioa, antsietatea, larritasuna, beldurra…), eta normalena bere arazoen kausak eta horietarako konponbideak zein diren ez jakitea da.

Psikoanalisiaren berezitasuna da pazienteari gatazka inkontzienteak azalerazten dizkiola, berak ezagutzen ez dituenak eta bere kabuz aurkitu ezin dituenak, baina bizitza hondatzen ari zaizkionak. Psikoanalisiak indibiduoari oreka emozionalari eta ongizateari kalte egiten ari zaizkion arazoak konpontzeko bere bizitzan egin behar dituen aldaketak bilatzen laguntzen dio. Haatik, metodo terapeutikoa izateaz gainera, buruko prozesu inkontzienteak ikertzearen bitartez, psikoanalisia giza jokamoldea azaltzen duen teoria da. Psikoanalisiaren teknikak Sigmund Freud psikoneurologo ospetsuak garatu zituen, bera ohartu baitzen prozesu psikiko inkontzienteak eta kontzienteak ez zaizkiela lege berberei jarraitzen.

Eragile bat: konfiantza

Bada eragile bat terapia honen arrakasta edo porrota ekarriko duena: pertsonak prest egon behar du bere barne mundua aztertzeko eta inondik inora ezagutzen ez duen pertsona bati bere oroitzapenak, konplexuak, etsipenak eta sentimendurik barreneko eta pertsonalenak kontatzeko. Psikoanalistaganako konfiantza ezinbestekoa denez, komeni zaigu hori aukeratzeko behar beste denbora hartzea. Informa gaitezen horren sona profesionalaz eta metodoez. Baina behin dibanean gaudelarik, errezeloak ahaztu behar ditugu, eta gogoa ireki behar diogu gure inkontzientea aztertuko duen terapia bati, izan ere, pragmatismoagatik edo gugan duten garrantzia eman ez geniolako, erreprimiturik dauzkagun iraganeko traumak, hutsegiteak eta obsesioak azalera ditzake.

Psikoanalistak entzun egingo digu, eta sistema hau erabiltzea komeni den baloratuko du. Saioak eskuarki ordu batekoak izaten dira, astean behin, eta bezeroak bururatzen zaion guztia esaten du. Espezialistak (inkontzienteko datuak pazientearen kontzientziara aterarazteko behar bezalako gaitasun tekniko eta pertsonala duelarik) informazio horiek idatzi eta lan plan bat eratzen du. Bezeroak, arazoa sortzen duten arrazoi ezkutuak ezagutu eta gero, errekuperazio prozesuan parte hartzen du. Beste teoria batzuek, esaterako, konduktistak, ez dute gure iraganaren “kutxa beltzean” sinesten, eta emaitza terapeutikoak orainaldian eta kontzientean oinarrituta bilatzen dituzte.

Inkontzientea eta sintomak

Psikoanalisia inkontzientearen inguruan hedatu den jakinduria da. Freudek, egin zituen ikerketen ondorioz, zera ondorioztatu zuen: pertsona bat eduki inkontziente horiek onartzeko gauza baldin bada, ongizate psikologikoari kalte egiten dioten sintomak desager daitezke. Baina hori lortzea oso zaila zela ohartu zen, pazienteak erresistentzia ugari aurkezten zuelako eta, beraz, galga horiei aurre egiteko sistema bat sortu beharra zegoen. Psikoanalisiarentzat, sintoma zerbait behar bezala ez dabilela erakusten duen datua da. Sintoma horietan eta terapeutak emandako interpretazioetan oinarrituta, gizabanakoa bere burua aurkitzen hasten da, bere buruarekin moldatzen, eta bere nortasuna hobeto antolatzeko behar dituen klabeak aurkitzen. Teoria psikoanalistaren arabera, inkontzientea aurkitzean sintomak arindu egiten dira, eta pertsonarengan aldaketa sakona egiteko aukera sortzen da, bere bizimoduak beharrak, helburuak, nahiak edo lehentasunak asetzen ez dituela ohartzen baita; horrenbestez, bere bizitza horietatik hurbilago egon dadin, hartu beharreko erabakiak hartzen lagunduko dio.

Desioa eta errepresioa

Psikoanalisiak garrantzi handia ematen dio pertsona bakoitzak bere desioak asetzeko daukan moduari. Desioa gure egintzak abiarazteko behar den kinada da. Asetzen baldin bada, ongizatea ekartzen du. Baina gauzatzen ez bada, daitekeena da trauma agertzea. Psikoanalisiak dioenaren arabera, gure inkontzienteak ez ditu ase gabeko desioen ondorioz sortzen diren frustrazioak ezagutzen, horrela izango ez balitz angustia etengabea izango litzateke eta. Freudek “errepresioa” deitu zion babes hesi horri. Errepresio horrek arrakasta lortuz gero, ez dugu traumaren jatorria gogoratuko, eta ez dugu sortzen dituen sintometatik defendatzeko aukerarik izango. Psikoanalisiak egiten duena, hain zuzen, hori da: pazienteari, bere traumak erakusteaz gainera, errepresioaren eta traumei azaleraztea galarazten dien beste defentsa mekanismo batzuen atzean zer dagoen azaltzen dio. Ondoren, jada modu kontziente batean, jokamolde jakin batzuk garatu beharko ditu, kontsultara joatera bultzatu zuten sintomak (fobiak, antsietatea, depresioa…) ezabatzeko bidea emango diotenak.

Noiz jo psikoanalistarengana

  • Psikoanalista ez da psikiatra edo psikologo konbentzionalaren porrotaren ondoren dagoen azken aukera. Egonezin emozionalak bizimodu normal bat garatzen galarazten digunean, zuzenean joan gaitezke psikoanalistarengana.
  • Beste edozein sistema terapeutiko bezala, psikoanalisia soilik horretara jotzen duenari mesede egiten badio izango da ona.
  • Nahitaezkoa al da arazoa konpontzeko gure egonezinaren arrazoi sakonak ezagutzea? Edo, hobe al da lehenengo hobeto sentitu eta gero kausak bilatzea? Eztabaida zaharra da hori. Batzuek praktikoena sintoma larriak konpontzea dela uste dute, eta ondoren, baikorrago eta orekatuago gaudenean, psikoanalisiaren bitartez kausak bilatzea.
  • Psikoanalisian kalte egiten ari zaizkigun egitura psikologiko inkontzienteak aurkitzen eta lantzen dira. Hortik aurrera, nortasuna berreratzeko prozesu bat hasten da. Pazientea da bere prozesuaren protagonista, eta bere egoera terapeutikoaren jabe bihurtu behar du.
  • Psikoanalisiak arriskuak dauzka bere baitan, izan ere, etxe berri bat egiteko beste bat botatzen dugunean bezala gertatzen da, hau da, erdizka botatzen badugu, hondakin piloa baino ez dugu izango, eta hortik ezinezkoa da ezer berririk jasotzea. Horregatik, oso garrantzitsua da prozesua oso serio hartzea. Erdizka geratzea kalterako gerta dakiguke. Eta gure burua lekuz kanpo aurkitzen badugu, onena terapia bertan behera uztea da.
  • Gizakiak modu autonomoan funtzionatzeko nahia du. Psikoanalisia arazo bat bideratzeko momentuko baliabide bat da, ez da ohitura bat.
  • Saioetan oso material sentiberarekin egiten da lan: zokoratutako oroitzapenak, itxuraz baino gainditu ez diren dramak, obsesioak eta konplexuak, famili harreman etsigarriak, haurtzaroko traumak… Mentaliza gaitezen egoera gogor eta mingarriak gerta daitezkeelako.
  • Gure iraganari buruzko informazioak (erreprimituta geneuzkanak) azalerazteak gure burua arinago ikusten, barne lasaitasuna lortzen eta gure bizitzako hainbat pasarte eta oraingo arazoak ulertzen lagun diezaguke.
  • Psikoanalistari hizkera garbia eta ulerterraza exijitu behar diogu, eta terapiako metodoei eta edukiei buruzko informazioa eskatu.
  • Errezelorik eta beldurrik gabe jardun dezagun, izan gaitezen zintzo eta egiati. Benetako gauzak kontatu behar dizkiogu beste norbaiti zein gure buruari.
  • Ez dezagun pazientzia gal. Batzuetan prozesua oso motela da. Lehenengo saioetan asko aurreratzen da, eta batzuetan disfrutatu ere egiten da, trauma ezkutuak baina onartzeko modukoak deskubritzen direlako. Aitzitik, hori ez da nahikoa: arazoak konpontzeko gehiago sakondu beharra dago eta, beharbada, aipatu ere egin nahi ez genituzkeen oroitzapenak edo traumak berreskuratu eta horiei aurre egin beharko diegu.