Gaixo terminalaren zaintza

Egiaz informatzea, lagun egitea, mina arintzea eta zaintzailea zaintzea: horra hor, biztanleria etengabe zahartuz joatearen ondorioz, ugaltzen ari zaizkigun paziente terminalen kasuetarako klabeak
1 apirila de 2007

Gaixo terminalaren zaintza

/imgs/20070401/img.salud.01.jpg Bizi itxaropenaren luzapen ikusgarria eta berorrek gizarte, ekonomia, eta areago, famili giroan izan duen eragina dira egun mendebaldeko gizarteek dituzten erronketako batzuk. Gaur-gaurkoz, bizi itxaropena 78,3 urtekoa da Europan eta 79,7 urtekoa Espainia. Espainia zen, duela 12 urte, pertsona zahar gehien zituen Europar Batasuneko herrialdeetako bat; Espainiaren aurretik Italia, Belgika, Erresuma Batua eta Grezia bakarrik agertzen ziren. Handik hamar urtera, Italia eta Alemania soilik zeuden espainiar bataz bestekoaren gainetik. Orain, 2050 urterako, Europako populazio zahartuena espainiarra izatea espero dute: populazioaren %36k, hots, hiru biztanletik batek 65 urte baino gehiago izango ditu.

Populazio zahartuetan endakatze prozesuak -arterioesklerosia, minbizia, etc.-ohikoagoak dira. Medikuntzaren aurrerapausoei eta bizi-baldintzak hobetzeari esker, gainera, dagoeneko kasu asko-askotan horiek ez dakarte heriotza; aitzitik, kroniko bilakatu dira. Bestela esateko, osasun alorreko arazoak bizia amaitu arte ditugu bidelagun.

/imgs/20070401/img.salud.02.jpg Horregatik, geroz eta ohikoagoa da behin ere sendatuko ez den gaixotasun progresiboa nozitzen duen pertsona zahar bat familian edukitzea, zaintza eta laguntza berezien premia duena: kontua da pertsona horri ahalik eta bizi-kalitaterik eta ongizate-gradurik hoberena eskaintzea. Gaixo terminalaren zaintza ez da eginkizun errazik. Bizitzaren azkeneko fasea oso etapa delikatua da: egoera hori bizi duenak, bere egokieraz hein batean edo bestean kontziente izaki, bere burua fisiko eta emozionalki isolaturik ikusten du. Aurrera etengabe doan endekapenak pazientearen izaera sozialean, trebezia fisikoetan, autonomian eta ohiko erreferentzietan aldaketak eragiten ditu eta egoeraren bestelakotze horrek gaixoari sortarazten dizkio artegatasuna, itxaropen gabezia, auto-estimuaren eta existentzia-zentzuaren galera. Horrelako pazienteak artatzea, beraz, arras eginkizun delikatua da.

Alderdi nagusiak

  • /imgs/20070401/img.salud.03.jpgGaixotasunaz egia esan behar zaio. Kasu askotan, informazio zuzena ematea, egoki eta komenigarria ez ezik, beharrezkoa ere izan daiteke. Gaixo guztiek ez dute modu berean erreakzionatzen, ordea: maiz, osasun alorreko profesionalak berak ere ez daki seguru, pazienteak galdera egiten dionean, egia jakiteko asmo finko eta zintzoa duen. Pixkanaka joatea, naturaltasunez, eta ezker eskuaz baliatzea jasangarriago gertatuko zaio eriari. “Heriotza ona” zer den galdeturik, inkestetan jende gehienak identifikatzen du sintoma higuingarririk ezarekin, baretasunarekin, bat-batekoa izatearekin, pazientea lo dagoela. Ezaugarri horiek, ordea, ez dira den-denetan agertzen. Ohikoagoa da prozesu luze samar baten ostean jazotzen dena, bere min, egonezin eta gainerakoak lagun dituela. Mina arintzeko zaintzetan espezialista direnen iritziz, heriotza baketsua dator pazienteak egia dakienean, onartzen duenean, sintomen kontrol egokia, senitartekoen laguntza eta aldamenean konfiantzako norbait daukanean.
  • Aldamenean norbait izatea, funtsezkoa. Pazienteari emango zaion arretak, abegiak eta elkarrizketak mina, antsietatea eta depresioa kontrolatzen lagunduko diote. Enpatia -hots, sufritzen ari denaren buruan jartzea eta berarekin, bere emozioekin eta bere sentimenduekin identifikatzea- paziente terminala ongi zaintzeko oinarria da. Gaixoak hitz egiteko arazoak dituenean komunikazio-formarik funtsezkoenetako -baina ez errazenetako- batera jo behar izaten da: ukipen fisikora. Ukimena da jaio ondoren lehenik garatzen den eta atzenik galtzen den zentzumenetako bat. Haren eskua hartzea, bizkarra ukitzea, aurpegia laztantzea, bekokia lehortzea edo ohean erosoago ezartzea funtsezkoak dira pazientearen mina eta antsietatea arintzeko eta segurtasuna emateko.
  • Gorputz higienea eta larruazala zaintzea. Gorputz higiene ona, kanpo itxura zaintzea, xahutasuna- oinarrizko zaintzak izateaz gainera, auto-estimazioari eta oreka emozionalari heltzen laguntzen dute. Harik eta garrantzi handiagoa dute gaixoak esfinterrak kontrolatzeko zailtasunak dituenean. Lotsagatik, nazka edo higuinagatik, hastapenean arbuioa sentitzen dute zaintzaile askok baina hasierako erantzun hori gainditu beharra dago, gaixoak atzeman ez dezan eta bere sufrimendua larriagoa izan ez dadin. Artapen fisikoak finezia, ardura eta errespetuz eman behar dira. Mugitzeko gai baldin badira, hobe izaten da dutxatzen laguntzea: dutxak, gainera, erlaxazio-sentsazioa biziarazten dio. Ondoren, larruazala artatsuki lehortu behar da, igurzteari saihets eginez, eta krema hidratatzailea zeharo xurgatu arte aplikatu, igurzte eta sostengatzearen ondoriozko erosioak errazkiago ager daitezkeen alderdietan masaje bizi edo bortitzik eman gabe. Atal horiek -orpoak, alderdi sakroa, ipurmasailak, mokorra, ukalondoak eta, areago, alderdi okzipitala- hagitz sentiberak direnez, kargak edo igurzteak eraginiko presioak (baita oheko arroparen tolesturek ere) zauriak sortaraz ditzake. Larruazala hezerik ez edukitzea ahalegindu behar da inkontinentziaren aurkako dispositiboak edo hesi babeslea osatzen duten produktuak baliatuz, hezetasunak larruazala beratu egiten baitu, zaurien garapenaren mesedetan. Prozesu horretan junturak baliatu behar dira, bortxatu gabe.
  • Elikadura egokia. Hona egokiera horretan dagoen gaixoarentzako urrezko erregela: gutxi eta maiz jan dezan, gustukoa duena, apeta duenean. Ez zaie hertsatu behar, beren egoera hobetuko dela esanez. Horregatik errespetatu behar dira pazientearen adierazpenak, nahi duenaz eta nahi ez duenaz ari denean. Janaria hainbat hartualditan -egunean bospaseitan- eta kopuru txikitan banatzea egokiagoa da, orokorki. Elikabidearen proteina edukia indartu beharra dago, hidratazio egokiari eutsiz. Otorduetan giro atsegin eta harmoniatsuan jardutea ezinbestekoa da.
  • Mina arintzea. Mina arindu edo, areago, kentzea zeinahi gaixori zor zaion eskubidea da; paziente terminalaren kasuan, berriz, funtsezkoa da, hiltze baketsua izango badu. Horrelakoetan, Osasunaren Mundu Erakundearen mailakako analgesia aplikatuko du sendagileak, minaren aurreko beldurra heriotzak probokatzen duena baino ikaragarriagoa baita, datuek diotenez.
  • Zaintzailea zaintzea. Paziente terminala zaintzea eginkizun latza, estres eta frustrazioa sortarazten dituena, bai ikuspegi fisikorik, baira psikologikotik ere. Horrelako pazienteak zaindu behar dituztenak egin beharko duten lanaz oinarrizko prestakuntza hartzea funtsezkoa da. Zaintzaile informalak, hainbat balio eta trebezia garatzeaz gainera, laguntza handia behar du, ezaugarri horiek dituen gaixoa bere ardurapean izatea den karga emozionala herrenka ibili gabe eramateko. Prozesuaren hastapenetik mina arintzeko zaintzeaz arduratzen diren elkarteetakoren batekin kontaktuan izatea biziki baliagarria izan daiteke.
Norberaren prozesua kontrolatzea

Ez ahantzi inola ere gaixo terminalari bere prozesua bi baliabide edo lanabesen bidez kontrolatzeko eskubidea zor zaiola. Hona biak:

  • /imgs/20070401/img.salud.04.jpgBizi-testamentua: honi esker, gaixotasun larririk gertatzekotan, pazienteak bere prozesuaren amaiera kontrolatu ahal izango du; dokumentu horrek bizitza mantentzeko neurriak hartze, mantentze eta kentzea erregulatzen ditu.
  • Lege-botere iraunkorrak: pazientearen ordezkariek, adimen aldetik gauza ez izatekotan, gaixoaren osasun-tratamenduari buruzko erabakiak hartu ahal izan ditzaten.

Legezko bi lanabes hauek populazioak oraino arras ezagunak ez dituen arren, berebiziko garrantzia dute bizitzako azken etapara begira.