Hemorroideak

Gaitz hedatua, baina sendatzen zaila

Hemorroide edo odoluzkiak osasun arloko gaitzik ohikoenetakoa dira eta ia gehienok izan ditugu noiz edo noiz. Gaitz arintzat jotzen den arren, oso gogaikarria eta mingarria izan daiteke
1 martxoa de 2001
Img salud listado 103

Gaitz hedatua, baina sendatzen zaila

Ondesteko anpuluan dauden eta uzkiraino iristen diren zainak, zain hemorroidalak dilatatzea besterik ez da, oinarri-oinarrian. Zain horiek, beheko gorputz atalak bezala, dilatatu egin daitezke hainbat arrazoi tarteko eta galdu egiten dute odola itzultzeko gaitasuna. Horrela, oso minberak izan daitezkeen barize-korapilo eta noduluak sortzen dira. Hemorroideak barruan sortzen badira, barruko gisa ezagutzen dira eta kanpora irteten direnean, kanpoko gisa

Agertzea errazten duten faktoreak

Zainik gehienek balbula txiki batzuk izaten dituzte, odolak grabitatearen eraginez beherantz korri ez dezan. Baina zain hemorroidalek ez dute horrelako balbularik eta, beraz, odolak zailtasun handiagoa du zain-sisteman gora egiteko. Barruko presioa handitzen denean, odolak astiroago zirkulatzeko joera izaten du, pilatu egiten da eta zain horietako hormak dilatatzea eragiten du. Horregatik, sabel aldeko presioa areagotzen duten egoera guztiek errazago egiten dute gaitz hau agertzea: haurdunaldiak sarri eragiten ditu, zangoetako barizeak bezala. Baita loditasunak ere, batez ere gorputz-enborreko loditasunak (sabelalde lodiak) eta ordu luzez zutik egotera behartzen duten lanek edo denbora gehienean eserita egotea eragiten dutenek ere areagotu egiten dute gune horretako kongestioa. Halaber, espeziedun hainbat jakik, jaki minek eta alkoholdun edariek erraztu egiten dute zainak dilatatzea. Idorreriak ere maiz eragin ohi ditu hemorroideak.


Hemorroideen tratamendua higiene eta elikadurako neurriekin hasten da:

  • Baztertu dietatik substantzia narritagarri eta baso-zabaltzaileak: jaki minak, espezieak, alkohola, gatz larregia, txokolatea eta azido edo kafe larregia.
  • Saiatu ongi libratzen, idorreriarik ez izateko.
  • Kanpokoak badira (edo barrukoak izan arren kanpora atera badira), komuneko paper leuna erabili edo, hobeto, bidetean garbitu ur korronte hotza (baso-uzkurtzailea da, hau da, odol-basoak uzkurtu egiten ditu) eta xaboi azidoa erabiliz.
  • Ez erabili sabelaldea estutzen duten jantzirik, barne presioa areagotu eta zailago egiten baitute odolaren itzulera.
  • Saihestu pisu larregia.
  • Ez praktikatu txirrindularitza, zaldiketa eta antzeko kirolik eta ez egin autoan bidaia luzerik.
  • Ariketa fisikoa sarritan egitea komeni da, zirkulazioa eta zainetako tonua hobetu egoten baititu.
  • Lanagatik denbora asko eserita edo zutik geldirik egon behar baduzu, mugitu noizean behin.
  • Barruko hemorroideen kasuan, ruscusa, rutina, diosmina edo indigaztaina eta beste hainbat produktu har daiteke, ahotik, baina ez dira oso eraginkorrak izaten.
  • Pomada erako beste hainbat produktu ere aurki daiteke salgai eta kanikula edo supositorio eran hartzen dira. Aipatu produktuetako batzuk izateaz gain, kortikoideak ere izaten dituzte proportzio txikian, anestesiko lokal eta gai emolienteekin batera (gogorruneak biguntzen dituzte) eta inflamazioa moteldu eta molestiak arindu egiten dituzte nabarmen. Normalean egunean bi edo hiru bider aplikatzen dira.

Guneko tratamenduak zein orokorrak arindu egiten dute gaitza, baina ez dute erabat sendatzen. Askotan gaitzarekin bizi izatera eta minik gabe eta kontrolpean edukitzera ohitu behar izaten da. Horretarako ezinbestekoa da higiene eta elikadurako neurri egokiak betetzea. Prolapsoak eragin, odoldu eta tronboak sarri izaten dituzten hemorroide oso handi eta minberen kasuan, tratamendu erasokorragoetara jo beharra dago: eskleroterapia (hemorroide multzoaren oinarrian eraztun elastiko bat jarriz egiten den lotura), hemorroideetako krioterapia, izpi infragorriak edo hemorroidektomia (zain hemorroidalak erauztea). Zenbaitetan behin betiko senda daiteke gaitza, baina denborarekin berriro agertu ohi dira sarri odoluzkiak, geratzen diren zainak berriro handitu baitaitezke

Hemorragia, sintoma nagusia

Barruko hemorroideen sintoma nagusia hemorragia izaten da. Normalean txikia izaten da, kolore gorri bizikoa, eta libratzearen amaieran agertu ohi da odola. Dilatazio garrantzitsuak baldin badaude, hemorragia handiagoa izaten da. Barruko hemorroide horiek kanpora ateratzen direnean errazago odoltzen dira (medikuntzan prolapsatu esan ohi zaio). Une horietan, barruko arroparen ukitu hutsak edo ahalegin txiki batek hemorragia eragin dezake. Prolapsoa ahaleginak egitean gerta liteke, libratzerakoan, kolpetik eztul egitean edo esfortzu handietan, adibidez. Hasieran berez konpontzen da, baina apurka-apurka, sarriago gertatzen da eta eskuz txikitu behar izaten dira. Tamaina handitzen jarraitzen badute, kanpora ateratzen dira gehienetan. Orduan ezinezko izaten da eskuz txikitzea. Egoera horretan, oso erraz odoltzeaz gain, muki-erako jario minbera agertu ohi da. Denbora askoan eserita egotean, gaizki toleratzen dira izerditzea eta esfortzuak.

Zain dilatatuen tronbosiak eragiten du konplikaziorik garrantzitsuena eta benetako mina. Barruko odola solido bihurtzen da (tronboa osatzen da), eta koadroa oso mingarria izan liteke, berehalako arreta behar izateraino. Hemorroide atake gisa ezagutzen duguna da eta medikuaren kontsultara eramaten gaitu. Hemorroide arinak dituzten pertsonak ez dira medikuarenera joaten eta euren kasa tratatzen dituzte. Sarritan, hesteetako beste gaitz batzuk ezkutatu ohi dituzte odoluzkiek. Horregatik, odol jarioak daudenean edo uzki aldean beste sintoma batzuk daudenean, gomendagarria izaten da medikuarengana joatea, antzeko sintomak izaten dituen bestelako gaitzik ez dagoela segurtatzeko. Horixe da hemorroideak direla seguru jakin eta tratamendu egokia jartzeko bide bakarra.