Herabetasuna

Gai ez izateko beldurrari nola aurre egin

1 azaroa de 1999
Img psicologia listado

Masailak gorritzea, eskuetan eta bekokian izerdi hotza, bihotz taupada gero eta azkarragoak, eztarriko korapiloa, masailezurra estututa, hesteetako haize gogaikarriak, ikara, zenbait tik eta kontrola ezinezko beste hainbat eta hainbat sintoma azaldu ohi zaie pertsonarik lotsatienei beste norbaiten aurrean daudenean.

Gai ez izateko beldurrari nola aurre egin

Pertsona herabeak ezkutatu egin nahi izaten ditu adierazpen psikosomatiko horiek guztiak. Eta kontrolatzea lortzen ez duela be gibistako denean, okerrago jartzen zaizkio gauzak.

Lagunartean edo bilera batean kokatu eta egoki jokatzen ez baldin badaki, hasiera batean gorritu egingo da pertsona. Baina hori ez da txarrena: atentzioa ematen duela ohartzean, gorritasuna areagotu egingo da; horrez gain norbaitek gorri jartzen ari dela esaten badio, tragedia gisa bizi izango du bilera.

Herabetasuna kontaktu sozialarekin erlazionaturik izan ohi da beti. Horregatik, pertsona herabeak hainbat egoeratan sufritu egingo du besteekiko harremanean: igogailuan norbaitekin bakarka topo egitean, jendaurrean galderak egin behar dituenean, jatetxean erreklamazio bat egiterakoan, jantzidendan jantzi bat itzultzean, bikoteko harremanak hastean….

Alabaina, herabetasun maila jakin bat erakargarri ere gerta daiteke, besteengan samurtasuna sortaraziko baitu lotsatiari darion ahuldadeak eta babes-beharrak. Horregatik izaten da zenbait pertsona lotsati hainbat emakumerentzat hain erakargarri, zaindu eta babestu beharreko pertsona gisa ikusi eta ama-instintua garatzeko aukera paregabea iruditzen baitzaie. Hala ere, kasurik gehienetan tortura bihurtzen da herabetasuna; pertsonari normaltasunez erlazionatzeko eragozpenak jartzen dizkion arazo patologiko bihurtzen da. Noiz esan dezakegu herabetasuna “kezkagarri” bihurtu dela?

Zeinu kezkagarriak

Noiz kontsidera daiteke herabetasuna patologiko eta, beraz, noiz egin behar zaio eraso? Alarma seinalea sufrimendua da: besteekiko harremanaren beldurrak angustia eta desestabilizazioa sortu eta pertsonari laneko harremanetan, lagunartean eta familian arazoak sortzen badizkio, neurriak hartu beharra dago: ongizate emozionala eta orokorrean, bizitza kalitatea, gehiegi minduko dira.

Argi utzi beharra dago ez dela gauza bera lotsatia izatea eta barnerakoia izatea. Pertsona barnerakoia isila izaten da eta gehienbat barrura begira bizi izaten da. Hitzetan urria izan ohi da. Baina ez da nahitaez lotsatia izango. Zenbait pertsona barnerakoi, bere munduan bizi eta kanpora asko ez irtetea aukeratu dutelako izaten dira horrelakoak. Baliteke oso komunikatzaile onak izatea ere. Eta zenbait pertsona lotsatik ahalegin izugarriak egiten ditu hobetzeko eta itxura batean behintzat, oso harreman onak izaten dituzte. Pertsona lotsatia oso sentibera izan ohi da eta gaizki jokatzeko beldurrez, besteekiko harremanak saihestu egiten ditu. Ez du konfiantza askorik bere buruarekin eta ezta besteekin ere. Herabetasuna bere izakeraren ezaugarri gisa onarturik, zenbait pertsona herabek egoerari gain hartzea lortzen dute, baina beste zenbaiti sufrimendu handia sorrarazten dio bere izakerak. Askok eta askok ezin izaten du jasan bere buruari ezarritako isolamendua, itxuraz ahulen direnekiko kontenplazio gutxirekin jokatzen duen gizarteak areagotu baino egiten ez duena. Eta zer egiten dute bizirik irauteko? Kasu batzuetan, jokaera konpentsatzaileak baliatzen dituzte: agresibitatea, despotismoa, arinkeria; edo txiste erraza edo nagusitasun faltsuaren bidez besteen arreta bereganatzen saiatzea. Ezagutu beharreko defentsa mekanismoak dira, pertsona lotsatiak ezkutatu eta identifikatzea zailago egiten baitu mozorro horrek.

Zenbait lotsatik egiten duena

  • Errealitatea ukatu: errealitate desatseginaren aurrean babestu egiten dute beren burua eta ihes egiteko joerak hartzen dituzte, gaixotzea adibidez.
  • Fantasia: desio frustratuak irudimenaren bidez asetzea.
  • Proiekzioa:besteei botatzen diete euren zailtasun guztien errua.
  • Errepresioa: pentsamendu arriskutsu eta mingarriei ez diete sartzen uzten.
  • Desplazamendua: ahulago somatzen dituzten pertsonengan hustutzen dituzte sentimendu pilatuak.
  • Isolamendu emozionala: pasibotasunera ihes egitea, minetik babesteko.
  • Erregresioa: garapen pertsonal oinarrizkoago batean kokatzen dira, heldutasun gutxiagoko erantzunekin.
  • Sinpatia: norbere balio-sentimendua indartzeko besteen maitasuna lortzen saiatzen dira, hutsegiteak gora-behera.

Lotsati arrakastatsuak?

Herabetasuna larria ez denean, etekina ateratzeko moduko elementu ere bihur daiteke. Pertsona lotsatiek izan ohi duten zuhurtziari esker, errazago kontrolatzen dituzte bulkada zitalak eta hainbesterako kalkuarekin jokatzen ez dutenek baino onarpen handiagoa izaten dute gizartean. Lotsatiak, gainera, barnerakoiak izaten dira gehienetan eta barne-sormena sakontzeko erabiltzen dute erraztasun hori, irudimena eta fantasia garatuz. Hori dela eta, artista, pentsalari eta idazle asko dago lotsatien artean. Euren herabetasunagatik ezagun egin dira James Dean, Woody Allen, Montesquieu, Rousseau, Stendhal eta Proust.

Bestalde, lan arloan komunikazio gaitasuna asko baloratzen den arren, esparru horretan ere balia daitezke herabetasunaren abantailak. Zenbait pertsona herabek lanean aurkitu ohi du babeslekua eta perfekzionista azaltzeko eta konzentrazio eta arretarik handiena eskatzen duten lanetan eraginkor izateko joera izaten dute.

Lotsati jaio ala bihurtu?

Joera organizistako zenbait egileren ustez, herabetasunaren adierazpen psikosomatikoen jatorria barne-jariapeneko guruinetan dago, hipofisian edo giltzurrungainekoetan. Herabetasuna herentziazkoa dela ere esaten dute. Psikoanalisten iritziz, berriz, arazo ezkutu eta askoz sakonago baten iceberg-punta baino ez da herabetasuna. Tesi honen arabera, instintuen -bereziki sexu-instintuaren- errepresioaren ondorioz, eta praktikan jartzeko ezintasuna dela eta, hainbat fantasia sortzen da eta pertsona herabeak hainbat handinahi eta grina gauzatu nahian ikusiko du bere burua, baina azkenean ez du ezer egingo. Errepresio hori gorputzean agertu egingo da azkenean eta artikuluaren hasieran deskribatu den pertsona lotsatiaren sintomatologia psikosomatiko aberatsa (gorritzea, izerdia, ikarak…) agertuko da.

Psikologo konduktistentzat (beste korronte bat, aurreko biez gain), herabetasuna ez da herentziazkoa, ikasi egiten da gurasoen ereduaren eta heziketa prozesuan parte hartzen dutenen zenbait jarreraren eraginez. Teoria hauen arabera, beraz, umetako esperientziak erabakigarriak izango dira herabetasuna azaltzeko: behar adina baloratu ez edo arretarik sentitu ez duten haurrak, euren lorpenen aurrean hezitzaileen behar adinako balorazioa jaso ez dutenak, edo tratu txarren esperientzia edo sexu-gehiegikeriak jasan dituztenak. Herabetasuna agertzeko garai garrantzitsua nerabezaroa izaten da; mutiko-gizonak edo neska-emakumeak sentsazio ezezagunak sentitzen ditu, eta ez daki gizartean edo beste sexukoen aurrean moldatzen eta horrek inhibizio edo lotsazko blokeoa eragiten dio. Eta, aurrez esan den bezala, norbere burua blokeatuta ikusteak areagotu egiten du gizartearekiko kontakturako beldurra. Edozein modutan, badirudi herabetasuna agertzerakoan eragin handia duela historia pertsonalak; herabetasuna ikasia da gehiago, sortzetikoa baino.

Nola gainditu?

Martha Davis eta beste egile batzuek, “Técnicas de autocontrol emocional” (Ed. Martínez Roca) liburuan, hainbat urrats aipatzen dute pertsona lotsatiaren pertsonalitatea sendotzeko:

  • Pentsamendua gelditzea. Harrapatzen gaituzten pentsamendu txarretan kontzentratu eta denboraldi labur baten ondoren, burua gelditu eta hustu. Adi egon behar da pentsamendu mota honen aurrean, identifikatu eta adoretsu baztertu.
  • Ideia irrazionalak baztertu. Horretarako ideia arrazionalak sorrarazi beharko dira: “ez du nigan eraginik”, “denok huts egiten dugu noizbait”, “eztabaida bi lagunen kontua da”, “gure pentsamenduen arabera izaten dira sentimenduak ere”, edo “zer da gerta daitekeen gauzarik txarrena?”.
  • Beldurrari aurre egiteko teknikak garatu. Egoera zailak jasatera eramaten gaituzten erabakiak sendotzeko erlaxazio teknikak erabili.
  • Entrenamendu asertiboa. Jokaera asertiboa izan ohi dugu geure interesak defendatu eta geure iritziak askatasun osoz baina beste inor mindu gabe adierazten ditugunean.
  • Beste autore batek, Weimberg-ek dio aurka egin ezean indartu egiten den ohitura dela herabetasuna. Beldurrik gabe aurre egitea omen da onena, ihesik egin gabe. Begiraden pisuari eustea, taldean geratzea. Solaskideari begietara begiratzea, gero eta tinkoago. “Kontua ez da hitz egiteko adorea aurkitzea, adorea aurkitzeko hitz egitea baizik”. Norbere baloreen zerrenda egin behar da, norbere gaitasunez jabetzeko. Eta gaitasun horiek bere neurrian baloratu gero.