Haserretu gabe eztabaidatzea

Eztabaidak ez du sekula gerra izan behar

Moden garaian bizi gara eta "modan dagoenaren" menpeko morrontza honek eragina du giza-harremanetan eta, nola ez, baita gai horri buruzko hitzetan ere.
1 ekaina de 1999

Eztabaidak ez du sekula gerra izan behar

Gaur jorratu nahi dugun gaiaz aritzeko, badira bi hitz gaurkotasun handikoak: enpatia, edo bestearen lekuan jartzeko gaitasuna, eta asertibitatea, hau da, gure iritziak -besteek onartzen ez dituztenak barne- argi eta garbi adieraztea, inor mindu gabe eta besteak iraindu edo kaltetu gabe gainera.

Merezi du noski pertsona asertibo eta enpatikoagoak izateko lan neketsuan ahalegina egitea. Izan ere, nahi baino sarriago honelakoak pentsatzen ditugu gehienok ohetik altxatzean: “Atzo ere pasatu egin nintzen, eroaren moduan eztabaidatu, neure onetik irten eta kontrolik gabe aritu nintzen. Eta gainera, eztabaidako gaia ez zen hain garrantzitsua; edo ez behintzat garrasika hartu nuenarekin dudan adiskidetasuna bezain garrantzitsua”. Batzuetan, apur bat edan genuela, nekatuta geundela edo laneko estresaren, umeekin eta lagunarekin ditugun arazoen eraginez edo beste edozein gauzagatik urduri geundela esaten dugu. Baina egiazale bagara, geure buruari errieta egingo diogu azkenean: ia sekula ez du haserretzea merezi. Pentsatzen duguna modu on eta orekatuan esan dezakegu, inor eraso eta molestatu gabe. Eta hori guztia, jakina, guretzat funtsezko denari uko egin gabe. Baina sarritan gauzak esateko moduak, nerbioek, keinuek, une bakoitzeko asaldurak, bestearen izakera konplikatuak eta abarrek galbidera eramaten gaituzte. Gauza asko dira, bai, baina gehienak kontrolatu eta ebitatu egin daitezke eta eztabaidetan (batzuetan ebitaezin direnez) nahi ez dugun lekura iristea itzuri egin dezakegu.

“Ez nauzu konbentzituko”

Konstatazio garrantzitsu bat lehenik: oso zaila da besteak konbentzitzea. Bigarrenik, gehienetan ez da hain garrantzitsua izaten hori lortzea. Garrantzitsua da, ordea, eztabaidan gure ideiak eta jarrerak adierazi eta defendatu ahal izatea, entzun eta ulertu dezatela. Batzuetan komeni izaten da diskutitzea, barruak esaten baitigu gure iritzia entzunaraztea eta kotrastatzea garrantzitsua dela. Edozein gizakik du agertzeko eta besteen aurrean munduan zein leku betetzen duen erakusteko beharra. Izan ere, espresatzeko gai dena baino ez da benetan esistitzen eta (noizean behin behintzat) geure esistentzia sendotzea komeni izaten da. Besteekiko harremana gidatuko duen oinarrizko premisa batetik abiatu behar dugu: geure arrazoiak izateak ez du esan nahi arrazoia dugunik. Adierazpen askatasuna baliatzeak besteak ere bere iritziak adierazi, defendatu eta entzunarazteko eskubidea duela ulertzera eraman behar gaitu.

Zergatik haserretzen gara?

Pentsatzen jarri eta piska bat “atzera begiratzen” badugu, gehienetan haserrearen zergatia ez da izaten esan duguna, esateko modua baizik: ahotsaren intonazioa eta bolumenak, dikzioko abiadurak, hiztunaren gorputzaren jarrerak, aurpegiaren espresioak eta era guztietako keinuek, elkarrizketa arrunta bere onetik ateratzea eragin dezakete. Aspalditik hitz egiten da lengoaia ez berbalaren garrantziaz: gure gorputzak adierazten duena (beldurra, sorpresa, sumindura, urduritasuna, umore ona, kezka, tristura, interesa, mina, prepotentzia, haserrea, amorrua, agresibitatea eta abar ere) lengoaia ez berbalaren bidez transmititzen dira. Eta beraz, oso garrantzitsua da komunikazio mota biak egokitu eta koherente azaltzea. Gauza bat esan eta beste bat sentitzen dugunean (antzezle onak ez bagara behintzat) gorputzak salatu egiten gaitu. Horregatik (eta beste arrazoi askogatik), hobe dugu egiazale izatea. Egin dezagun ahalegin bat iritzien konfrontazioaren alde: ez dezagun eztabaida besterik gabe baztertu. “Ez dut konbentzituko” esaten dute koldarrek edo zinikoek, edo “zergatik saiatuko naiz nire iritzia azaltzen, berdin dio eta”. Zergatik? Gizartean bizi garelako eta pertsona egiten gaituzten funtzioetako bat komunikazioa delako. Askatasunez eta konbentzimenduz gure usteak adierazteak, bizirik gaudela, sentitzen dugula eta ezberdinak garela erakusten du, eztabaidaren bat edo beste sortu arren. Gainera, gure ideiak zabal adieraztean besteek pentsatzen eta sentitzen dutena axola zaigula erakusten dugu. Eta hori oso da garrantzitsua.

Testuinguruaren garrantzia

Gure elkarrizketak emozio eta sentsazioz beteak izaten dira, komunikazioa bizidunen artean gertatzen baita eta horiek maitasuna eta gorrotoa sentitzen baitute: gozatu eta sufritu egiten dute, barre eta negar, eta garai onak eta txarrak izaten dituzte. Ez da makinen arteko harremana, izaki sentibera, ezberdin eta aldakorren artekoa baizik. Bereziki elkarrizketan gai “delikatuak” ukitzen direnean, sinismen intimoak esaterako (batzuentzat erlijioa edo politika eta beste batzuentzat familia, drogen erabilera, lana, futbola, seme-alaben heziketa, garbiketagatiko obsesioa…) edo mila modutako gai polemikoak. “Arima ukitzen diguten” eztabaida horietan, zaila izaten da emozioak kontrolatzea. Eta sarritan ezinezkoa enpatia eta asertibitatez jokatzea. Baina zerbait egin beharra dago momentuko sentimendu eta bulkadak gaina hartzea ebitatzeko eta sentimenduak modu agresiboan sortu eta guztia -eztabaidan zehar defendatzen saiatu garen jarrera barne- aurrean eraman ez dezaten. Baina kontua ez da sentimenduak eta hitzezkoa ez den lengoaia ezkutatzea. Aitzitik, gure ideiak indartzea eta besteenak gutxietsi edo inoren sentsibilitatea mindu gabe erabiltzen jakitea baizik. Bai: erraza da esatea, baina zaila errealitatean hori egitea.

Sekula ez etsai

Beste batzuk gure iritziarekin edo gauzak ikusiteko moduarekin bat ez datozenean, aurkari edo etsai gisa ikustera irits gaitezke, bai eta irabazi egin behar diogula edo irabazi egingo digula uste izatera heldu ere. Eskema horrekin gerrarako jarrera hartzen dugu eta bi aukera baino ez zaizkigu geratuko: defentsan jartzea edo erasora jotzea. Era horretako dualitate sinplistek murriztu egiten digute eremua, ideien eztabaida pobretu egiten dute eta aldendu komunean ditugun puntuak. Gainera, ñabardurak desagertarazi egiten dira eta besteak egiten edo esaten duenaren mendean jartzen gaituzte. Erantzunak agresibitatez bete ohi dira. Baina eztabaida geure oreka pertsonaletik abiatuta planteatzen badugu, hobeto kokatuko ditugu eztabaida-gaiaren inguruko gure jarrerak, sentimenduak eta pentsamenduak; jarrera horretatik hitz egingo dugu, geure gaitasunak eta mugak onartuta. Norbere lekua utzi gabe eta bestearen lekua harrapatu nahi izan gabe, bestearen iritziak edo sentitzeko modua aldatzeko asmorik gabe, geure baitatik irteteak eztabaida emankorra eragingo du eta horrela, hondatu ez baina aberastu egingo da solaskidearekin dugun harremana.

Eztabaidatzea ez da hain zaila
  • Besteenganako errespetua ezinbestekoa da, baina baita geure buruarekiko errespetua ere: hitz egitean sentitzen duena ahaztu eta bere sentimenduei jaramonik egiten ez dienak ez du bere burua errespetatzen.
  • “Ez dut alda nazazun nahi” jarrera bezala hartzeak, “ez zaitut aldatu nahi” jarrera hartzea dakar ezinbestean. Puntu horretatik abiatuta, harreman aberasgarria eta errealitatean oinarritua sortuko dugu.
  • Harreman aberasgarri eta atseginak izateko hauexek dira ohiturarik txarrenak: amorerik ez ematea, gauzak muturretaraino eramatea, manikeismoa, biszeraltasuna, dramatismoa, alde negatiboak azpimarratzea eta, batez ere, beti irabazi eta arrazoia eduki nahi izatea.
  • Haserretu gabe eztabaidan aritzeak une txarrak ebitatuko dizkigu (eztabaidak ez nau neure onetik aterako eta ez dit sufriaraziko, emozioak modu kontrolatu eta lasaian bizi izango ditut) eta pertsonen arteko harremana bultzatu egiten du. Azken batean, elkarrekin bizi behar dugu. Elkarrekin bizi izateko premia dugu, iritzi, sentimendu eta bizitzaren aurreko jarrera ezberdinetan ere. Garrantzitsuagoa da batzen gaituena bereizten gaituena baino.
  • Fatalismoak ez du balio. Pertsona bezala asko dugu hobetu eta aldatzeko. Argiak gara eta hazitzeko eta egon eta izateko modu berriak ikasteko gai gara. Ez dute balio “bakoitza den bezalakoa da” edo “izaera kontua da” bezalako jarrerek.
  • Erabil dezagun pentsatzeko gaitasuna eta hezi gaitezen errealitatea interpretatzeko dugun moduan. Eztabaida iritziak alderatzea da, ez gerra. Besteak eraso egiten badit eta niri min egin beharra badu, emozionalki gaizki dagoen seinale. Denok jokatzen dugu zirkunstantzien arabera; saia gaitezen, beraz, bestearenak ere ulertzen. Eta baita geu baldintzatzen gaituztenak ulertzea ere.
  • Erabil ditzagun gure gorputzaren baliabideak: eztabaidetan ez dezagun gorputza albora utzi: emozioak prozesatzen lagunduko digu. Har dezagun arnasa sakon eztabaidaren aurretik, eztabaidan zehar eta ondoren. Lasai ditzagun muskuluak eta burua. Horrek guztiak lagundu egiten du gorputza gure lagun eta emozio proportzionatuen eragile izan dadin.