Ezkongabetasuna ez da porrota

Gogoz kontra bakarrik bizi diren pertsonek errutinako bizimoduari eta auto-errukitzeari alde egin behar diote, bizipen berriei ateak zabalduz
1 martxoa de 2007

Ezkongabetasuna ez da porrota

/imgs/20070301/img.psicologia.01.jpg Egungo gaztetxo eta nerabeek sinesten ez badute ere, beren aitona-amonen belaunaldian, are gurasoenean ere, ezkongabe edo bikotea osatuz bizi ez ziren pertsonak ez zituen ondoegi famatzen gizarteak: hainbat gorabeheraren ondorioz, bizitzan suerte onik ez zuten izan eta, hainbestez, ezkontzerik lortu gabeak ziren. Egoera hori tarteko, “susmopekoak” ziren etxean, lagunen aurrean, lantokian, nonahi. Aresti arte matrimonioa zen egoera zibilik ohikoena eta arau horretan sartzen ez zirenek mespretxuzko tratamendua izaten zuten: mutiltzar eta neskatzarrak, alegia.

Hitzaren etimologiak berak karga erakusten du: -tzar atzizkia negatiboa da gehienetan eta mutil eta neska hitzek pertsona horiek “heldutasunera” iritsi gabeak direla adierazten dute. Erdaratiko “soltero” hitz herritartu eta ezaguna latinezko solitarium (bakarti, babesgabe) terminotik dator. Berba peioratibo horiek, dena den, ezkondu nahi ez dutenak hainbat hizkuntzatan adierazteko egun baliatzen diren terminoekin zerikusirik ez dute.

Geroz eta onartuagoak

Espainiako belaunaldi berriek geroz eta gehiago hobesten eta balioztatzen duten ezkongabe bizitzeko aukera hori bizi-aztura berriekin loturik dator. Ikerlan batzuen arabera, 30 eta 45 urte artekoak diren hiru milioi espainiar ezkongabeek adin horretako gainerako gizakiek baino dezente diru gehiago eduki eta irabazteaz gainera, haboro gastatzen dute kulturan, bidaietan, liburuetan, ikuskizunetan?

Egungo gizarteak, ezkongabea pertsona aspertu eta motibaziorik gabekotzat jo ordez, deusi uko egiten ez dion, ederki baino hobeto bizi den eta planak egiteari uzten ez dion zorionekotzat hartzen du. Horren adibide garbia protagonizatzen du egungo emakume ezkongabeak: egunetik egunera handituz doan independentzia ekonomikoari esker, ez du bere bizitza beste inorenarekin nahitaez lotu behar.

Era guztietako tipoak

Kontsiderazio soziologiko eta psikologikoetatik haratago, inorekin bizi nahi ez duten pertsonen (geroz eta ugariagoak) jarrera eta bakardade-gradua determinatzea da kontu nagusia. Horretarako, argi dezagun lehen-lehenik, bakardadea ez dela nahitaez egoera negatiboa. Nork eta nola bizi duen: horrek adieraziko du egoera eta egokieraren positibo edo negatibotasuna. Ezkongabeen tipologia, gainera, ugari-ugaria da; ikus dezagun:

  • Determinatuak. Harro daude beren egoeraz. Beren energiak lanbidera, jarduera humanitarioetara, erlijiora, zientziara bideratzen dituzte. Zenbaitetan, determinazio hori maitasunean porrotaren ondorio da, bestetan bikoteko bizitza eta askatasuna elkarren kontrakoak direla etsi-etsian sinesten dutelako, etab.
  • Perfekzionista zorrotzak. Honelako ezkongabeek ez dute beraiekin bizitzeko gauza izango den eta, aldi berean, pertsonalki garatzea aukera emango dien kide “perfekturik”.
  • Abenturazalea. Bidaia exotikoak, kirol alternatiboak eta antzeko abenturak bizitzea guztiz erakargarri jotzen du. Abenturak partekatzeko gauza den heinean irauten du beste norbaitekin elkarbizitzan. Unean uneko nobedadearen bila bizi da etengabe.
  • Bere burua aski duena, laguntza(ile)rik behar ez duena. Bizitzaren erakarpenez bakardadean gozatzeko erabat independenteak da. Areago, arazorik sor diezaiokeen laguna traba gisa jotzen du.
  • Etsi omen duena. Zoriontsu den galdetzen zaionean beti baietz erantzuten duen ezkongabea da hau, solaskidea beste inor behar ez duela konbentzitzen ahalegintzen dena. Sakonean, ordea, porrot eginiko harremanen ondoren edo gaizki ordaindutako maitasunen ostean bizi duen mingostasuna aitortuko dizu, tiraka egiten badiozu.
  • “Lorez lore” dabilena. Konpromisoa hartzeak eta betirako fideltasun osoak ikaratu egiten dute. Ez du bere burua estekatu nahi, “izaeraz” ez-leialtzat jotzen duelako, pertsona bakar batentzat bizitzeko ezgauza. Harremanak behin eta berriro hautsita ere, ez dira horregatik gaizki sentitzen.
  • Egozentrikoa. Honen ustez, bikotekidearekin iraunkorki bizitzeak esan nahi du dirua, denbora, eta besteren buruhauste eta arazoak partekatzea; eta ez dago prest horretarako, noski.
  • Lotsatia. Bakardadean bizi da, ingurune sozialetan bere burua agertzea gogor egiten baitzaio. Onartua ez izatea trantze latza izan litekeenez, hobe omen du arriskutan ez jartzea.
  • Minberatua. Barne sufrikarioan bizi du bakardadea, ezkongabetasuna gaitz gisa pairatuz, isilean, berarekin norbait maiteminduko zain. Adiera honetan bizimodu polita duten pertsonak bekaizkeria eta oldarkortasunez ikusten dituzte minberatuek, horregatik kritikatzen ditu maiz.

Garapen pertsonalerako aukera

Auzian dagoena, berriz, nork bere bakardadea nola bizi duen: gogoan izan dezagun, adibidez, beste norbaitekin -are ezkonduta ere- bizi diren pertsona batzuk ere bakar-bakarrik sentitzen direla. Horregatik, ezkongabe bizitzea aukeratu bada eta ez bada ere, garrantzizkoena da bakartasuna nortasuna garatzeko aukera gisa bizi ahal izateko jarrerak prestatu eta lantzearen parekoa da.

Bakarrik bizi diren pertsonek abantaila nabari bat dute: beren jokabideak kontrol gutxiago jasaten ditu baina, era berean, jokatzeko modu hori (hobera eboluziona dezan, noski) kontrastatzeko aukera gutxiago dute. Horregatik funtsezkoa dute beren bizi-jarrerak erne-erne ibiltzea, bizi duten bakartasuna atsekabe-iturri bilaka ez dakien.

Nola landu irekitzeko jarrerak
  • /imgs/20070301/img.psicologia.01.jpgErrutinari saihets egitea. Beti gauza bera egiteak errutinan amiltzeko bidean eraman gaitzake: horri betidanik “ezkongabeen arrarotasunak” deitu izan zaio. Bizitzan bizipen berriak sartzeko ateak zabaltzea garrantzi handikoa da.
  • Kezkatu gabe, arduratzea. Iritsi aurretik ez da zailtasunik sortu behar. Agertzen direnean, ordea, konpondu egin behar dira.
  • Aukerak ez ohi datoz etxeraino. Bila joan behar.
  • Egoeren alderdi onuragarria bilatu behar da. Gorabehera guztiek dituzte alderdi on edo mesedegarriak. Horietarako jarrera irekia erakutsi behar da.
  • Auto-errukitzea ez da konfiantzazko laguna. Geure burua urrikalarazten diguten sentimenduen aurrean ere erne ibili behar dugu. Irrealak ez ezik, antzuak ere izaten dira horrelakoak.
  • Ikuskor bihurtzera arriskatzea. Egungo gizartean, bazterturik egoteak ikuskor bihurtzea galarazten digu. Agerira azaltzeko saiakerak esker onekoak gertatu ohi dira.
  • Eskuzabal izaten saiatzea. Denbora, bertuteak eta antzeko ondasunen “jabetza pribatu esklusiboa” alboratu eta ezaugarri horiek besteen eskura jartzeak ez gaitu txirotuko. Alderantziz, eskarmentuak dioenez, esker on-onekoa omen da. Partekatzera arriskatu beharko.
  • Entzutea eta aditzea ez da gauza bera. Bizitza ikusi eta ondorioak ateratzeko bestelako moduak aditu eta ulertu nahi izateak ez digu egonkortasunik galaraziko, aberastu egingo gaitu.