Gizarte trebetasunak

"Ez" esaten ikastea

"Ez" esan nahi dugunean "bai" esaten badugu, gure "baietza" debaluatzen dugu
1 abendua de 2003

"Ez" esaten ikastea

Besteekin eraginkortasunez komunikatzea, zehatz eta enpatiaz, eta solaskideengan kutsu positiboa uztea gizarteko bizitzan dugun zeregin funtsezkoenetakoak dira. Prozesua konplexua da eta, bertan, ikasitako trebetasunak eta berezko talentuak artikulatu behar ditugu (hitzen eta keinuen hizkuntza menderatu, oportunitatearen dohaina, emozioen kudeaketa egokia, xarma pertsonala…). Gainera, bestea onartzeko eta ulertzeko behar den tolerantzia eta gure iritzi eta nahiak adierazteko gaitasuna uztartu behar ditugu. Pertsona askorentzat bi gauza daude oso zailak egiten, edo arazoak ekartzen dizkiete: bata mesedeak eskatzea da eta, bestea, “ez” esatea. Azken alderdi horri helduta, ezezko erantzunak emateak esfortzua egitea esan nahi du, izan ere, kosta ahala kosta, besteentzat gogoko izan nahi dugu, tolerante, ulerbera, atsegin eta prestu agertu nahi dugu. Beste arazo batzuk ere gehitzen dira ezetz esateko orduan, hots, lotsa eta autoestimurik eza.

Dena haurtzarotik dator

Haurtxoek ikasten dituzten lehendabiziko jarrera nagusien artean ezetz esatea dago, gurasoen aurrean errebelatzea. Aurka egitea da umeak bere burua berresteko duen modurik onena. Bere buruaren eta kanpokoaren arten dagoen diferentzia nabarmentzeko modu bat da, defentsa moduko bat ingurutik atzematen duten eskakizun etengabearen ondorioz bizitzen duten inbasio sentsazioaren aurrean. Urteak igaro ahala ezetzaren estrategia murriztuz doa, baina adoleszentzian berriro ere indartzen da, ia-ia portaeraren ardatz bihurtzeraino.

Gaztea erantzukizun eta autonomi maila handiagoak barneratzen dituen heinean, ordea, zailago egiten zaio ezetz esatea. Beste planteamendu batzuk indartzen hasten dira, hala nola beharrezko ez diren arazoak saihestea, inguruan giro ona sortzea, besteen gustuko izatea, eztabaida gogorrak ekiditea… Arazoa joera hori gehiegi indartzen denean agertzen da, hau da, lotsa, erosotasuna edo pragmatismoa dela medio, ohitura bihurtzen denean.

Gauza bat da gure solaskideak nahigabetu nahi ez izatea, beren proposamen, iritzi edota planteamenduekin bat egiten dugulako, eta beste gauza bat da hori sistematikoki egitea, beti eta edozein egoeratan gaudela. Gai garrantzitsuetan ez gaudela ados adierazten ez badugu, edo gure interesetarako desegokia edo kaltegarria dela uste duguna egiten badugu, besteen beharrak, iritziak edo nahiak geureen aurrean jartzen ditugu. Horrek, aurreikusten daitekeen kalte praktikoaz gainera, autoestimuaren gaineko arazoak ere ekar diezazkiguke, eta gure buruaz transmititzen dugun irudia iritzi eta irizpide eskaseko pertsonak garela izan daiteke.

Jarrera adeitsu horren atzean uste bat egon daiteke, eta hori da desegokitzat ditugun edo ez dagozkigula pentsatzen dugun eginkizunak ez onartzeak pertsona egoista garela adieraz dezakeela (edo gure burua egoistatzat hartzen dugula). Askok uste dute horixe dela esan diezaieketen gauzarik txarrena, eta oso barneratuta dute eskuzabaltasuna, errukia, enpatia eta leialtasuna ezaugarri positiboak direla, eta pertsonen berezko egoismoaren kontrakoak direla -zeina hein batean logikoa ere baden.

Nondik nora ezetz esateko beldurrez?

Pertsona batzuek sufritu egiten dute zerbait egiteari uko egin behar diotenean, bai besteen itxaropenak zapuztu nahi ez dituztelako, bai “neurria” emango ez ote duten beldur direlako, ez dakitelako ezezkoa argudiatzen, edo alferkeria eta erosotasun hutsagatik. Funtsean, baloratuak eta maitatuak ez izateko beldurra da. Baloratzen, arreta ematen eta kontuan hartzen gaituztela jakiteko beharra dugu, baina horrek -sendotasunik gabeko autoestimu batek sortzen duen ilusioagatik- beti edozer gauza egiteko prest egotera eraman gaitzake eta, ondorioz, ez gara soilik besteen mendeko izango, baizik eta erakusten dugun irudi horren mendeko ere; horren arrazoia “ez” esateko eskubidea gauzatzeari uko egitea da. Mendekotasun horrek gure bilakaera pertsonala oztopatzen du, gure autoestimua leherrarazten du eta erantzukizuna askatasunez gauzatzea galarazten du, izan ere, askatasun horri esker izango ditugu besteekin harreman osasuntsuak eta orekatuak, zeinetan “bai” egoki iruditzen zaigunean “bai” esango dugun, eta “ez” esateko aukerari bizirik eutsiko dugun.

Baietzaren indarra

“Ez” lehor bat esatea zakarregia izan daiteke; “ez” esan eta gero “bai” esatea komeni da, baita gure solaskidearen kontrako jarrera adierazteko bada ere, alternatibak proposatuz, gure argudioak konbentzituta eta tinko aurkeztuz eta defendituz, baina betiere inori min eman gabe eta gutxietsi gabe. Eta hori erruduntasunik sentitu gabe aurretiaz “ez” esateko gai bagara bakarrik lortu ahal izango dugu.

“Ez” esan nahi dugunean eta, aitzitik, “bai” esaten badugu, gure “baietza” debaluatzen ari gara, izan ere, errutina hutsagatik, berez duen balioa kendu diogu. Eta gure “baietza” debaluatzea da sentitzen, pentsatzen eta iritzi propioak dituen pertsonak garen heinean dugun sinesgarritasuna bera debaluatzea. Besteen aurrean eta gure buruaren aurrean debaluatzea esan nahi du.

Toleranteak eta ulerberak izateko aukera emango digun oreka bilatu behar dugu, baina beti-beti gure ñabardurak eta desadostasunak adierazteko espazioa egokituz. Beti amore ematen badugu, gure buruari kalte egiten ari gatzaizkio. “Ez” esateko gaitasunik ez badugu, besteei berdin gerta dakiekeela uste izango dugu. Eta zer edo zer eskatzen edo esaten dugun bakoitzean baietz erantzuten digutenean zalantza izango dugu erantzuna egiazkoa ote den eta, are gehiago, gure solaskidearentzat garrantzitsuak ote garen.

Gu geu izan

Gure beharrekin konektatzeko, nahi eta behar dugunari erreparatu, une eta egoera bakoitzean nola gauden jakiteari lehentasuna emateko, “ez” esaten jakitea nahitaezko zaigu. Batzuetan, “ez” esatea behar-beharrezkoa da gure buruz ezagutzeko eta munduaren aurrean garen bezala agertzeko. Zintzotasun enpatikotik (solaskidearen egoerara hurbilduz), egiazko harremanak finkatuko ditugu, non elkarrizketa egiazkoagoa izango den, arinagoa eta konstruktiboagoa. Eta norekin aritu garen badakigula esan ahal izango dugu, baita aritu garen pertsona hori nola dagoen ere. Harreman hutsal gehiegi dago, formalegiak, adeitasunez eta manera onez mozorrotuta. Gauza bat da taldekoitasuna eta beste bat, guztiz desberdina, kosta ahala kosta “ondo geratu” nahiaren hipokrisia.

  • Ez gaitezen errudun sentitu “ez” esaten dugulako.
  • Gure beha, iritzi eta nahiei lehentasuna ematea (modu egokian) ez da egoismo agerraldia, erantzukizunaren, autoestimuaren eta heldutasunaren erakuslea baizik.
  • Bidezko eta beharrezko deritzogunean “ez” esatea modurik onena da egiazki garen bezala garelako zein neurritan baloratzen eta maite gaituzten jakiteko.
  • Egiazta dezagun gure ezezkoek ez dituztela besteekiko harremanak hausten, are gehiago, ikus dezagun zintzotasun, errespetu, erantzukizun eta egiazkotasunezko konpromisoan islatzen direla (besteekiko eta gure buruarekiko).
  • Konfiantza sendotzea nahi badugu, elkarrizketa eta elkarrekintza ezin dira baieztapen eta amore emate faltsuetan oinarritu.
  • “Ez” esateko eskubidea gauzatzen badugu, besteek berdin egiten dutela pentsatuko dugu, eta komunikazio fidagarri, egiazko eta errazagoa ezarriko dugu.