Etxez etxeko laguntza: non etxean baino hobeki?

Etxean jasotzen duten laguntzari esker, zahartzaroa arintzen zaie adineko askori, baina langile tituludunak eta esperientziadunak kontratatzea komeni da
1 apirila de 2010
Img salud 2 listado 177

Etxez etxeko laguntza: non etxean baino hobeki?

Bakardadea, tristura, diru falta, arazo fisikoak eta gaixotasunak… Hitz horiekin lotzen dugu maiz zahartzaroa, eta horrek garbi erakusten du zer ikuspegi daukagun: beldurtu egiten gaitu eta kosta egiten zaigu onartzea. Behin 70-75 urteak pasatu ondoren, aje guztiak batera etortzen direla iruditzen zaigu, ondoezik jarriko garela, besteren mendeko bihurtuko garela eta etxea utzi beharko dugula edo etxekoek gu utziko gaituztela, baina beti ez da hala izaten. Orduan ere posible da bizitza-kalitate ona edukitzea, baina, horretarako, besteak beste, inguru atsegin eta gustukoan bizi behar du pertsonak. Ohitura jakinetan errotzen garen animaliak gara gizakiak, eta goizero logela ezagunean esnatzea gustatzen zaigu, betiko auzoan bizitzea, gure ondasun eta oroitzapen kuttunenak inguruan ditugula. Adineko pertsonei ondorio emozional aski kaltegarriak ekartzen ahal dizkie ohiko ingurua utzi beharrak, eta, ahal dela, erabaki horiek saihestea komeni da, edo ahal bezainbat atzeratzea.

Familiako kideek batzuetan ez dute nahi izaten adineko pertsona bat bakarrik bizi dadin, kezka izaten baitute zerbait gertatuko ote zaion (erori, istripuren bat…). Adinekoek, berriz, euren etxean jarraitu nahi izaten dute askotan, eta hor sortzen dira eztabaidak eta arazoak. Egoera horretan, oso aukera ona izan daiteke etxez etxeko laguntza zerbitzuetara jotzea, bai adinekoentzat berentzat eta bai haien ardura duten senitartekoentzat. Profesionalek adinekoei ematen dieten laguntza hori ezinbeste bihurtzen da askotan eta askotan, egunero-egunero izaten baitira zereginak, eta familiak ezin izaten du beti erantzun: etxeko lanak egin, norberaren higiene eta garbiketa-lanetan lagundu, edo ondoan egon, hitz egiteko eta lagun egiteko. Populazio-hazkundearen inguruan egiten diren proiekzioek erakusten dutenez, hamar urtean asko handituko da 65 urtetik gorakoen kopurua (% 25 baino gehiago), eta, ondorioz, behar handiak sortuko dira arlo horretan.

Erakunde publiko eta pribatuek urte asko daramatzate gisa horretako zerbitzuak eskaintzen, zerbitzu espezializatuak, baina zenbait etxetan, dirua aurreztu nahi-eta, norbanakoak kontratatzen dituzte horretarako, titulazio egokirik ez dutenak eta, batzuetan, oinarrizko ezagutzarik ere ez. EROSKI CONSUMER aldizkariko osasun-adituen esanetan, akats handia izan liteke irizpide ekonomikoa lehenetsi eta zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna bigarren mailan jartzea. Merkea garesti ordaintzen da batzuetan, eta gai honetan ere halaxe gerta daiteke. Jakin egin behar da nora jo dezakegun etxez etxeko laguntza publikoa eskatzeko eta, beharrezko balitz, zer egin daitekeen laguntza-zerbitzu pribatu ez oso garestia eta eraginkorra kontratatzeko; urrats egokiak eginez gero, ongi zainduta egongo dira adinekoak. EROSKI CONSUMER aldizkariak gida praktiko bat jartzen du kontsumitzaileen eskura, Zer egin adinekoak hobeki zaintzeko izeneko gida, hain zuzen (http://mayores.consumer.es), eta hainbat gairi buruzko informazioa eskaintzen du, modu erraz eta ordenatuan: zergatik zahartzen garen, nola planifikatu behar den adinekoen zaintza, zer alarma-seinaleri erreparatu behar dieten senitartekoek, laguntza non eta nola eskatu behar duten…

Etxean eta bakarrik, baina laguntzarekin

Etxez etxeko laguntza-zerbitzuek, eguneroko etxeko lanak egiten laguntzeaz gain, bakardadeari eta gizarte-bazterketari ihes egiteko bitartekoak ere eskaintzen dituzte. Eguneroko erosketak egitea, medikutara joatea edo beste zernahi zeregini aurre egitea gogor samarra gerta daiteke bakar-bakarrik egin behar dituenarentzat, eta are gehiago 75 urte baino gehiago baditu eta osasun pattala; norbait ondoan edukita, asko arintzen da zama. Etxez etxeko laguntzak era askotako zerbitzuak biltzen ditu, eta, zeinek eskaintzen duen gorabehera (erakunde publikoek, pribatuek edo norbanakoek), komeni da jakitea zer aukera dagoen. Adinekoari laguntza pertsonala ematea izan daiteke aukera bat (higiene-gaietan, elikadurarekin eta botikekin, otorduekin), eta adinekoak ezgaitasun edo gaixotasunen bat edukiz gero, laguntza berezia ere jaso dezake (adinekoa ohean dela, ohea egitea; zer botika eta noiz hartu behar duen zaintzea; pixoihalak aldatzea…). Horretaz gain, etxeko lanak egiten laguntzeko aukera ere hor dago (etxea garbitzeko eta txukun edukitzeko), eta paseoan, irakurraldietan edo askaritan norbaitekin egoteko modua ere eskaintzen dute. Etxez etxeko laguntza orduka ematen dute: egunean pare bat orduko laguntza izan daiteke, edo egun guztikoa, asteko zazpi egunetan. Erakunde publikoek eskaintzen duten laguntza jasotzeko zortea edo aukera edukiz gero, Udalak edo zerbitzua emateko ardura duen erakundeak bideratuko du, eta hark esango du zenbat orduz izango duen eta zein ordutegitan (eskatzailearen egoera zein den aztertu ondoren finkatzen dute hori).

Laguntza motak eta nola eskatu

Nola eskatu laguntza

Enpresa pribatu baten edo norbanako baten zerbitzuak kontratatu aurretik, adinekoa bizi den udalerriko gizarte-zerbitzuetara joatea komeni da. Administrazio publikoen eskumenekoa da etxez etxeko laguntza ematea, eta, oro har, udal langileen bidez ematen dute zerbitzua, edo, bestela, enpresa pribatuekin egiten dituzte hitzarmenak, edo bestelako erakunde batzuekin (Caritas, Gurutze Gorria).

Gizarte zerbitzuek aholku eta gauza jakingarri asko esango dizkiote erabiltzaileari, eta laguntzak zer epetan eta nola eskatu behar diren ere jakinaraziko diote, zer baldintza bete behar dituzten eta zer urrats egin. Zerbitzu publikoen onuradun izateak berme eta lasaitasun handia ematen du, etxean sartzen den pertsonaren atzean, azken batean, Udala edo beste erakunde publikoren bat egoten da eta. Gainera, aukerarik merkeena ere horixe izaten da; doakoa izan daiteke, edo, asko jota, kostu osoaren zati txiki bat ordainaraziko diote hartzaileari.

Baina adineko guztiek ez dute edukitzen aukerarik laguntza mota hori jasotzeko, gizarte-zerbitzuek baldintza jakin batzuk jartzen baitituzte horretarako. Eskarien araberako sailkapena egiteko, honako irizpide hauek hartzen dituzte aintzat, nagusiki: adinekoak zenbateko autonomia duen bere kabuz moldatzeko, senitartekoek zenbaterainoko aukera duten laguntzeko eta zer ahaidetasun maila duten, eta eskatzaileak zer gaitasun ekonomiko daukan. Erakunde publikoek ezezkoa emanez gero, zerbitzu pribatu espezializatuek zer eskaintzen duten aztertzeko unea izaten da.

Pribatuetan, hobe enpresa espezializatuak

Adineko pertsonen zaintza enpresa pribatuen esku utziz gero, administrazioaren baimena daukaten enpresak izatea komeni da. Konpainia bat baino gehiago aztertu behar dira, eta prezioa eta kalitatea alderatu. Lehen baldintza gisa, eskatu behar da enpresako langileak, oro har, eta norberari jarriko dioten zaintzailea ere bai, prestatuta egon daitezela zerbitzu hori emateko; horretarako, titulazio jakina behar du (Erizain-Laguntzailea, Klinika-Laguntzailea edo Geriatria-Laguntzailea), eta gure senitartekoaren egoera berean edo antzekoan egon direnekin lan egina izan behar du; esperientziaduna, alegia. Eskatu egin behar da zaintzailearen gaitasunen berri ematen duen titulua .

Enpresaren batek erakusten ez badu, edo luzamenduetan hasten bada, hobe da ez fidatzea. Etxez etxeko laguntza enpresa pribatu batekin hitzartuz gero, kontratua egin behar da: horrek formalizatu egiten du bi aldeen arteko harremana, eta gaizki ulertuak eta ezusteko txarrak eragotzi. Zer zerbitzu mota izango den agertuko da kontratuan, zer ordutegi izango duen eta zer prezio (tarifak aldatu egiten dira ordu kopuruaren eta zerbitzu motaren arabera). Hona adibide bat: astean lau orduko laguntza jasotzeagatik, zaintza pertsonala emanez eta etxeko lanak eginez, 12 eta 20 euro ordaindu behar izaten da ordua, EROSKI CONSUMER-ek egiaztatu ahal izan duenez. Hilean, beraz, dirutza polita egiten du: 1.000 eurotik 1750 euro bitartean.

Telelaguntza: beste aukera bat

Teknologia berriek ere badute zeresana adineko pertsonek behar izaten duten laguntza emateko orduan. Telelaguntzari esker, eguneko 24 orduetan ematen ahal zaie zerbitzua adinekoei. Zenbait gailu erabiltzen dituzte horretarako (eskumuturrekoa, giltzatako moduko bat edo sakelako telefonoa baino hargailu txikiagoa lepoan zintzilikatuta), eta erabiltzaileak horien bidez komunikatzen dira telefono-zentral batekin, laguntza eskatzeko.

Gailu horiek aski erraz erabiltzen dira: botoi bat sakatu eta zentralarekin harremanetan jartzen dira adinekoak (botoi handi-handia izaten da, ergonomikoagoa baita). Erorikoren bat izan dutelako deitu ohi dute, edo etxean istripuren bat eduki dutelako, edo solasalditxo bat egin nahi dutelako bakar-bakarrik sentitzen direnean.

Enpresek, gainera, kontrol-deiak egiten dizkiote erabiltzaileari, dena ongi doala egiaztatzeko; agenda-zerbitzua ere ematen dute, eta oroitarazi egiten dute medikuarekin hitzordua duela, edo norbaiten urtebetetzea heldu dela… Telelaguntza zerbitzua bide publikotik eska daiteke edo pribatutik.

Etxez etxeko laguntzarik onena kontratatzeko

  • Udaleko gizarte-zerbitzuetara jo. Han lagunduko gaituzte, eta laguntza eskatzeko zer egin behar dugun ere esango digute.
  • Nahiz eta zerbitzu publikoa izan, gerta daiteke eskatzaileak zatiren bat ordaindu behar izatea (norberaren egoera ekonomikoaren araberakoa izaten da hori).
  • Ziurtatu egin behar dugu guri egokitu zaigun zaintzailea esperientziaduna dela eta adineko bati etxean laguntzeko behar den prestakuntza duela.
  • Ez fidatu ordainagiririk ematen ez duten enpresekin eta langileak tituludunak diren edo ez egiaztatzeko dokumenturik ematen ez dutenekin.
  • Kontratua eskatu behar dugu etxez etxeko laguntza zerbitzuak hitzartzerakoan, eta egiaztatu egin behar dugu han ageri direla ordutegiak, zerbitzu mota eta prezioa.
  • Osasun- eta gizarte-lanetan esperientziarik ez duen zaintzaile batek ez du gaitasunik injekzioak jartzeko, sendaketak egiteko edo zundak erabiltzeko.
  • Adineko pertsonak bakarrik moldatu nahi badu eta zaintzailerik nahi ez badu, telelaguntza zerbitzuak erabiltzea izan daiteke beste aukera bat.